EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018025

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 11koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Auzitegi Klinikako zerbitzuburu lanpostu bat berariazko merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko deialdia egiten baita.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-01-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201800615
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Legeko 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuko 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, berariazko merezimendu-lehiaketa iragartzen da, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Auzitegi Klinikako zerbitzuburu lanpostua betetzeko.
Deialdi honetan, kontuan hartu da gizonen eta emakumeen arteko tratu berdinaren eta aukera-berdintasunaren printzipioa, enplegu publikora iristeko orduan, honako hauekin bat: Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua; Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa; Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Legea; Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea; eta Gobernu Kontseiluaren 2013ko abenduaren 30eko Erabakia, zeinaren bidez VI. plana onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen eta gizonen berdintasunerako, X. legealdian.
Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Bizkaiko Zuzendariordetzan Auzitegi Klinikako zerbitzuburu lanpostua, eskakizun bereziko lanpostu hutsa, berariazko merezimendu-lehiaketa bidez betetzea.
2. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Baldintza orokorrak:
a) Destinoa edozein lurralde-eremutan daukaten eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen dituzten Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek parte hartu dezakete. Lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte jarraitu behar da baldintzak eta betekizunak betetzen.
b) Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu honako hauek: interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden karrerako funtzionarioek, egoera horretan egoteko gutxieneko aldiak dirauen bitartean; lan-etenaldi irmoan daudenek, etenaldi horrek dirauen artean; eta nahitaezko lekualdatze bidez zehatutakoek, zehapena ezarri zaien herri berean bada destinoa, betiere urtebete edo hiru urte igaro arte, falta larria edo oso larria bada, hurrenez hurren.
c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.
d) Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askez bereziturik dagoen lanpostua betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostua jabetzan hartu zutenetik urtebetez gutxienez bete badute betiere (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikulua).
2.– Berariazko eskakizunak:
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean honako betekizun hauek izan beharko dira:
a) Betekizun hauetako bat:
– Traumatologia-aditu izateko prestakuntza edo Traumatologiako espezialista titulua, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren artean indarrean dagoen prestakuntza-hitzarmenarekin edo Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioaren ereduaren araberako espezialitate medikoen Programetako/Planetako katalogoarekin bat etorriz, hurrenez hurren.
– Psikiatria-aditu izateko prestakuntza edo Psikiatriako espezialista titulua, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren artean indarrean dagoen prestakuntza-hitzarmenarekin edo Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioaren ereduaren araberako espezialitate medikoen Programetako/Planetako katalogoarekin bat etorriz, hurrenez hurren.
b) 4 urteko esperientzia auzitegi-mediku gisa.
c) Kudeaketa-sistemetako eta -tresnetako nahiz etengabeko hobekuntzako ezagupenak eta esperientzia.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
1.– Lehiaketan parte hartzeko eskabideak agindu honen II. eranskin gisa argitaratutako ereduari jarraituz beteko dira («Parte hartzeko eskabidea»). Hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
2.– Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduko zaizkio eskaerak, eta aurkeztu ahal izango dira bai Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko sarrera-erregistroan, bai Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Saileko Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoari jarraituz ere bidali ahal izango dira eskabideak.
Postetxeetan aurkezten direnak bi modutara bidal daitezke:
a) Posta arruntaren bitartez. Kasu horretan, aurkezteko epea amaitu aurretik iritsi beharko dute eskabideek Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko erregistrora edo Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailaren erregistrora.
b) Posta ziurtatuz. Eskabideak gutun-azal irekien barruan aurkeztu beharko dira postetxean, postako funtzionarioak, bidali baino lehen, eguna eta zigilua jar diezaien. Postetxeko zigilua duen eskabidea bidali beharko da; eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ez da baldintza hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta eskabidea postaz bidali eta gero egiaztatu ahal izan.
3.– Agiri hauek aurkeztu beharko dira eskaerarekin batera:
– Auzitegi-medikuen kidegoko karrerako funtzionario izendapenaren fotokopia konpultsatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioa ez bada bakarrik.
– Jabetzan betetako azken lanpostuaz jabetzeko eginbidearen fotokopia konpultsatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioa ez bada bakarrik.
– Kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua. Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofizioz emango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioei dagozkien ziurtagiriak. Emandako zerbitzuak agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunera arte zenbatuko dira.
– Honako titulu hauetako baten fotokopia konpultsatua: traumatologia-aditu izateko prestakuntzaren tituluarena, Psikiatria-aditu izateko prestakuntzaren tituluarena, Traumatologiako mediku espezialistaren tituluarena edo Psikiatriako mediku espezialistaren tituluarena.
– Alegatutako merezimenduak justifikatzen dituen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Lehiaketan parte hartzen duenak, eszedentzian badago –baldin eta ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren funtzionarioa–, eszedentzia emateko ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztuko du.
4.– Eskariak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaera loteslea izango da, hau da, eskaria ezin izango da aldatu. Norbaitek bere eskabidea zuzendu nahi badu, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango du, eskabideak aurkezteko epean, eta azken eskabideak aurrekoa automatikoki ezeztatuko du. Eskabideak onartzeko epea amaitu aurretik soilik egin ahal izango zaio uko lehiaketan parte hartzeari.
4. artikulua.– Faseak eta baremoa.
Berariazko lehiaketa honek bi fase ditu:
1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak egiaztatu eta baloratzea. Kontzeptu horretan 72 puntu emango dira gehienez.
a) Antzinatasuna: kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako egiazko zerbitzuengatik bi puntu emango dira urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzioz zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da. Kontzeptu horretan 60 puntu emango dira gehienez.
b) Euskara jakitea: plazan jarduteko eskatzen den baino euskararen jakite-maila altuagoa egiaztatzeak 12 puntura arteko balioa izango du, baina bakarrik ondorio hauetarako. Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta Autonomia Erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
Hizkuntza-eskakizuna esleitu gabe duten lanpostuak:
2. hizkuntza-eskakizuna: 6 puntu.
3. hizkuntza-eskakizuna: 8 puntu.
4. hizkuntza-eskakizuna: 12 puntu.
2.– Bigarren fasea: merezimendu espezifikoak egiaztatu eta baloratzea. Kontzeptu horretan 43 puntu emango dira gehienez. Atal honetan kontuan hartuko dira lanpostuarekin lotutako titulu akademiko ofizialak, auzitegi-medikuen kidegoan sartzeko eskatzen direnez bestelakoak.
a) Erakunde sanitarioetan kudeaketa-lanetan edo zerbitzu-zuzendaritzetan erantzukizuna duten lanpostuetan aritu izana. 0,25 puntu, zerbitzu-hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.
b) Traumatologia edo psikiatriako eginkizunak dituzten lanpostuak betetzeagatik, lanpostuen zerrendan ezarritakoarekin bat etorriz: 0,25 puntu, zerbitzu-hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.
c) Lanpostuaren eginkizunen berezko arlo edo diziplinetan prestakuntza espezifikoa izateagatik: 0,2 puntu, jasotako 10 prestakuntza-orduko, eta gehienez ere 4 puntu.
Atal honetako merezimendu gisa baloratuko dira hobekuntza-ikastaroak, baldin eta unibertsitateak edo institutu edo eskola ofizialek deituak eta antolatuak izan badira, bai eta beste erakunde batzuek deitu eta antolatutakoak ere, betiere herri-administrazioren batek homologatu baditu.
d) Eskatutako lanpostuarekin lotutako argitalpenengatik: 4 puntu gehienez ere; puntu 1 argitaratutako lan bakoitzarengatik.
e) Memoria: gehienez ere 20 puntu lor daitezke hemen. Bete beharreko lanpostuaren eginkizunei buruzkoa izango da memoria, lanpostuen zerrendan azaltzen den informazioarekin bat etorriz, eta, batez ere, ezagutza espezifikoak ataleko edukia izango da kontuan. Bi zati izango ditu memoriak; batean, deitutako lanpostuaren eginkizunen azterketa egingo da, eta, bestean, antolaketa eta/edo eginkizunak hobetzeko azterlana edo proiektua egingo da. Memoriak 15 orrialde izango ditu gutxienez, eta, gehienez, 30 orrialde (DIN A4), lerro artean tarte bikoitza utziz; eta hiru ale aurkeztuko dira, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Era berean, komenigarria dela iritziz gero, memoria Balorazio Batzordearen aurrean aurkeztuko da, eta nahi diren galderak egin edo adierazpenak eskatu ahal izango dira.
3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean baloratuko dira merezimenduak. Agirien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, eskakizun hori bete ezean, ez dira aintzat hartuko.
5. artikulua.– Balorazio Batzordea.
Merezimenduak Lan eta Justiziako sailburuaren agindu bidez izendatutako Balorazio Batzordeak ebaluatuko ditu.
Administrazioaren ordezkari diren lau kidek osatuko dute, eta haietarik bat gutxienez Justizia Administrazioko funtzionario izango da. Administrazioak aukeratutako langileen artean izendatuko dira lehendakaria eta idazkaria. Dagokion alorrean ordezkari gehien duten sindikatuek bi ordezkari izango dituzte batzorde horretan.
Deitutako lanpostuaren kidegoan sartzeko eskatzen den titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko kideek.
Batzordea osatzeko, gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 eta 23. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
Justizia Administrazioaren Zuzendaritzak aztertu egingo du parte-hartzaileek betekizun espezifikoak betetzen dituzten ala ez, eta Balorazio Batzordeari laguntza emango dio merezimenduak baloratzerakoan, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuak aintzat hartuta, eta parte-hartzaileek, eskariak aurkezteko epean, aurkezten duten dokumentazioaren arabera.
6. artikulua.– Esleipenak.
1.– Lanpostuak esleitzeko hurrenkera alegatutako merezimenduak baloratu ondoren lorturiko guztizko puntuaziotik ateratzen dena izango da.
2.– Guztizko puntuazioa batuta berdinketa gertatuz gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta, hala eta guztiz ere, berdinketa badago, kidegoan sartzeko hautatze-prozesuan lortutako hurrenkera hartuko da kontuan. Berdinketak iraunez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, dena delako kidego, aukera edo eskala eta kokapen-mailan emakumeak % 40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da plazarako beste hautagai batek neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu, betiere sexuagatiko diskriminaziorik eragin gabe (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 a artikulua).
7. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Deialdi honen behin-behineko ebazpena Justizia Administrazioko zuzendariak emango du, eta aldi berean argitaratuko da bai Justiziako Langileen Atarian eta bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EATeko iragarki-oholetan.
2.– Behin-behineko ebazpenean adieraziko dira: esleipendunaren jatorrizko lanpostua eta udalerria, merezimendu alegatuen balorazioan izandako puntuazioa, eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
3.– Onartutako eta baztertutako langileen behin-behineko ebazpenaren aurka alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epean.
4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da ados dagoela eta onartzen dituela bildutako datuak, merezimendu alegatuen balorazioan emandako puntuazioa eta behin-behinean emandako lanpostua.
5.– Behin-behinean emandako destinoak ez du eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.
8. artikulua.– Behin betiko ebazpena.
1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Lan eta Justiziako sailburuaren agindu bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
2.– Lehiaketa honen ebazpena hiru hilabeteko epean emango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik kontatzen hasita, 1451/2005 Errege Dekretuko 51.3 artikuluarekin bat etorriz.
3.– Ebazpenean destinoa esleitzen zaion funtzionarioaren jatorrizko lanpostua adierazi beharko da.
4.– Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Komunitate Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa. Azken kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Plazaren jabetza hartzearekin batera zerbitzu aktibora itzultzea lortzen bada, epea hogei egunekoa izango da.
Jabetza hartzeko epe hori lanpostua uzten den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen, eta lanpostua lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan utzi beharko da. Ebazpenak zerbitzu aktiboko egoerara itzultzea badakar, ebazpena argitaratzen denetik hasiko da zenbatzen jabetzeko epea.
Funtzionarioa baliatzen ari den oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta lizentziak edo baimenak eteteko edo baliogabetzeko adinako salbuespenezko zirkunstantziak badaude (behar bezala justifikatuta).
Lanpostuaz jabetu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibo gisa hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.
9. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.
1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.
2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa honen bidez lanpostu bat lortu duen funtzionarioak uko egin ahal izango dio, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, deialdi publiko bidez behin betiko beste destino bat lortu badu; hala gertatuz gero, interesdunak horren berri eman beharko dio erakunde deitzaileari. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, esleitutako lehen destinoa hartu beharko du jabetzan funtzionarioak.
10. artikulua.– Eskubide osagarria.
Deialdi honek zehazki aurreikusten ez dituen kontu guztietan, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa beteko da, eta, osagarri moduan, funtzio publikoari buruzko legedi orokorra aplikatuko da.
11. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lan eta Justiziako sailburuari hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen espresurik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 11.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.