EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-02-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2018023

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita euskal kirol-federazioen 2018ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzetarako deialdia.

Xedapenaren data: 2018-01-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201800575
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2000/12/30rean argitaratutako 2000/12/26ko 200000287 DEKRETUA

Abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren xedea kirol-federazioen finantzabidea arautzea da, haien urteroko kirol-programetarako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emanez (2000ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.).
287/2000 Dekretu horren 3. artikuluak xedatzen duenez, urtez urte egingo da aipatutako dekretuak arautzen dituen laguntzak jasotzeko deialdia, Kulturako sailburuaren –egun, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren– agindu baten bidez, eta agindu horretan gorabehera hauek zehaztuko dira: deitutako laguntzak finantzatzeko diru-hornidura; eskabideak aurkezteko epeak eta tokia; erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa; laguntzen zenbatekoa egiteko ponderazio-irizpideak, eta emandako laguntza justifikatzeko epea eta horretarako aurkeztu behar diren dokumentuak.
Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, diruz laguntzekoa den programa hau landu eta aplikatzeko orduan.
Beraz, 287/2000 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, agindu honen bitartez gorabehera horiek zehaztuko dira, 2018. urtean laguntza-deialdia aplikatu ahal izateko.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren bidez araututako diru-laguntzetarako deialdian parte hartu nahi duenak hilabeteko epea izango du eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Dekretu horren bidez, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen da.
2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Erakundeek diru-laguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Erakunde interesdunek euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez gauzatu ahal izango dituzte eskabideari lotutako izapide guztiak, helbide hauetan:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/kirol-federazioak/y22-izapide/eu/
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/federaciones-deportivas/y22-izapide/es
Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira:
http://www.euskadi.eus/misgestiones
http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
4.– Eskabideak aurkezteak berez dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi honetako oinarrietan zehaztutako baldintzak.
3. artikulua.– Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabideekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Eskabide-inprimakia (I. eranskina).
b) Erakundearen 2018ko ekitaldiko aurrekontua, Batzar Nagusiak onartua, VI. eranskineko kontabilitate-ereduaren arabera. Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiak izendatu duen organoak aurrekontua aurkez dezake. Aurrekontua Batzar Nagusiak berretsiko du.
c) Entitate onuradunak eskatu dituen edo ustez jasoko dituen beste laguntza batzuen ziurtagiria, tokian tokiko federazioaren idazkariak emana, honako hauek zehaztuta: laguntzok emango dituen erakunde publiko zein pribatuaren izena; diru-laguntzarako eskabideen egoera (ezetsiak, erantzunaren zain, emanak), eta diru-zenbatekoak. Horrelakorik eskatu ez bada, deialdira aurkeztutako programetarako bestelako laguntzarik eskatu edo jaso ez dela adierazten duen dokumentua.
d) Kirol-programa azaltzen duen memoria (II. eranskina), honako hauek adierazita:
– Federazioak antolatu asmo dituen kirol-lehiaketa ofizialak. Lehiaketen gutxi gorabeherako kopurua, espezialitate edo diziplinen eta kategorien arabera. Parte hartuko duten kirolari eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben ehunekoa adierazi beharko da, federazioan afiliatuta dauden klub guztien aldean.
– Kirol-prestakuntzako jarduerak. Egingo diren jardueren zerrenda, eta zenbat partaide arituko den eta zenbat ordu, gutxi gorabehera.
– Zuzendari teknikorik dagoen. Haren titulazioa, dedikazioa ordutan eta federazioarekin duen lotura.
– Federazioak antolatutako jarduerak, parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan (jolas, aisia eta osasunerako kirola).
– Kirol-selekzioen jarduerak.
– Kirol-mota bertokoa den.
e) 2017ko abenduaren 31n federazioak afiliatuen artean zituen goi-mailako kirolarien zerrenda (Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak).
f) Federazioak euskara zenbateraino erabiltzen duen adierazten duen memoria (IV. eranskina). Honako hauek aipatuko dira:
– Zenbat prestakuntza-ikastaro ematen diren euskaraz.
– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.
– Euskarazko web orririk duen.
– Jendeari euskaraz kasu egiten zaion.
– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzen den.
– Federazioko kideekin euskara erabiltzen den.
– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzen den.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorrita (V. eranskina).
h) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzailea ez dagoela sartuta laguntzak itzultzeko prozedura batean edo zehapen-prozedura batean, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozedura batean.
i) Lehiaketa ofizialen egutegia, federazioko idazkariak sinatua eta lehendakariak ontzat emana, Batzar Nagusiak zein egunetan onartu duen adieraziz. Dokumentazioa bidaltzen den momentuan onartuta ez badago Batzar Nagusira bidaliko den behin-behineko egutegia bidal daiteke. Batzar Nagusiak onartzen duenean behin betiko egutegia bidaliko da.
j) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta lehendakariak sinatua, Federazioak zer ekintzak bultzatzen dituen emakumeen parte-hartze sustatzeko, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak baztertzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko, eta Zuzendaritza Batzordearen osaera adierazi, sexuaren arabera bereizita.
k) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta lehendakariak ontzat emana, 2017ko abenduaren 31n federazioan afiliatutako kirolarien kopurua eta Kirol-lizentzia plataforma erabilia adierazten duena.
l) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta lehendakariak sinatua, federazioaren ondoren dokumentazioa adierazteko:
1.– Balantzea 2017ko abenduaren 31n
2.– Altxortegi garbia 2017ko abenduaren 31n.
3.– Finantza-erakundeekiko zorrak 2017ko abenduaren 31n.
4.– Azken bi ekitaldietako mozkin eta galeren kontua.
m) Kudeaketa Aurreratuaren Diploma, Euskalit-en 3K Programakoa: diploma horrek aintzat hartzen ditu Euskalit-en kanpoko kontrastearen zerbitzua jaso eta kudeaketa aurreratua edo haren baliokidea osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak.
n) Emandako dokumentazio guztiak hizkuntza inklusibo eta ez-sexista izan beharko du. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.
4. artikulua.– Diru-zuzkidura.
2018ko ekitaldirako, agindu honetan arautzen diren laguntzak finantzatzeko bideratu den aurrekontu-zuzkidura bi milioi laurehun eta berrogeita bost mila (2.445.000) eurokoa da.
5. artikulua.– Laguntzak kuantifikatzeko irizpideak.
Segidan zehazten diren zenbatekoen batuketak esango du agindu honen deialdian parte hartuko duten federazioei zenbateko diru-laguntza emango zaien:
1.– Federazio bakoitzak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2016ko abenduaren 20ko Aginduaren babesean 2017ko kirol-programak finantzatzeko eskuratu zuen diru-laguntzaren erdia (% 50). Agindu horren bidez, Euskal kirol-federazioen 2017ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautu zen.
2.– Aurreko puntuaren arabera federazio eskatzaile bakoitzarentzako diru-kopurua zehaztu ondoren, horien guztien batuketa agindu honen 4. artikuluan zehaztutako kopuruari kenduko zaio eta gelditzen dena irizpide hauen arabera banatuko da:
a) Kirol-programa (puntuen % 60).
Honako hauek hartuko dira kontuan kirol-programaren interesa balioesteko:
– Federazioak antolatu asmo dituen kirol-lehiaketa ofizialak.
– Kirol-prestakuntzako jarduerak.
– Zuzendari teknikorik dagoen.
– Federazioak antolatutako jarduerak, parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan (jolas, aisia eta osasunerako kirola).
– Kirol-selekzioen jarduerak.
– Kirol-mota bertokoa den.
b) Lizentzia federatua duten kirolarien kopurua eta Kirol-lizentziak plataforma erabilia (puntuen % 5).
c) Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu bana emango zaie euskaraz osoki egindako honako ekintza hauei, eta puntu erdia euskaraz partez egindako ekintza bakoitzari: guztizko zazpi puntuak lortzen dituenari beste hiru emango zaizkio, eta horrela gehieneko hamarrak lortuko ditu.
– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.
– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.
– Euskarazko web orria izatea.
– Jendeari euskaraz kasu egitea.
– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzea.
– Federazioko kideekin euskara erabiltzea.
– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.
d) Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:
% 0,00 - % 49,99: 0 puntu.
% 50,00 - % 74,99: 2 puntu.
% 75etik gora: 5 puntu.
e) Goi-mailako kirolarien kopurua, Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:
f) «Kudeaketa Aurreratuko Diploma», Euskalit-en 3K Programakoa: diploma horrek aintzat hartzen ditu Euskalit-en kanpoko kontrastearen zerbitzua jaso eta kudeaketa aurreratua edo haren baliokidea osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak (puntuen % 5).
g) Federazioak emakumeen parte-hartze sustatzeko, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak baztertzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko bultzatzen dituen ekintzak (puntuen % 10).
3.– Aurreko paragrafoan zehaztutako balorazioa egin ondoren, federazio bakoitzari dagokion gainontzeko diru-zenbatekoa honela kalkulatuko da: federazio bakoitzak lortutako puntuazioak federazio guztien puntuazioarekiko erakusten duen ehunekoa aplikatuko zaio artikulu honen 2. puntuan aipatzen den guztirako kopuruari.
6. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko prozedura.
1.– Diru-laguntzaren onuradun izateko betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta agindu honen 3. artikuluan eskatzen den dokumentazio guztia eta diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu ondoren, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak ebazpena emango du onuradun bakoitzak jasoko duen lehenengo aurrerapena zenbatekoa izango den zehazteko eta ordainketa egiteko, abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako ordainketa-arautegian xedatzen denarekin bat etorriz (dekretu horren bidez, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak arautzen dira).
2.– Bigarren ordainketa aurreratua Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariaren ebazpen bidez egingo da, betiere aurreko urtean jasotako diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onetsi ondoren. Bigarren zati hori aipatutako urteko diru-laguntzaren % 25 izango da.
3.– Diru-laguntzaren gainerakoa, alegia, eskaera egin den urterako onartutako diru-laguntzaren guztia osatu artekoa, aurreratutako ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.
7. artikulua.– Laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legearen 30. eta 31. artikuluetan ezarritakoa aintzat hartuz, diru-laguntzaren bat jaso duten federazioek diru hori agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako helburuetarako erabili dela egiaztatu behar dute 2019ko otsailaren 15a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztuz:
a) 2018. aurrekontuaren likidazioa, Batzar Nagusiak onartua, VII. eranskineko ereduaren arabera.
b) Burututako kirol-proiektuari buruzko memoria zehatza. Horrekin batera, eskabidean zehaztutako jarduerak burutu direla erakusten duen dokumentazioa aurkeztu behar da.
c) Helburu bererako beste diru-laguntzaren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkeztu zen unean horren berri ez bazuten, horien zerrenda aurkeztu behar dute federazioek.
d) Gastuaren justifikazioa.
a) b) eta c) ataleko dokumentazioa telematikoki egin behar da. Gastua justifikatzeko, jatorrizko fakturak eta ordainketaren ziurtagiriak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan aurkeztu behar dira. Fakturen zenbatekoa emandako diru-laguntzaren bestekoa izan behar da, ebazpenean ezarritako baldintzen arabera. EAEko erregistro osagarrietan ere aurkeztu ahal izango dira (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
e) Eskabidea egiterakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa aurkeztu duten federazioei dagokienez, konpromiso hori betetzen dela egiaztatzen duten agirien aleak.
2.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du eta, hala badagokio, dagoeneko ordaindu den baina itzuli egin behar den zenbatekoa adieraziko du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorrita.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak jakinarazten du emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak Kultura Saileko fitxategi batean sartuko direla, «Kiroletako Laguntzak eta Diru-laguntzak» izenekoan. 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago fitxategi hori, eta haren xedea da diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatu ahal izatea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorriz, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), betiere laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.–Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 24a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.