EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017022

AGINDUA, 2017ko abenduaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2017ko irailaren 12ko Aginduaren babesean aurkeztutako laguntza-eskabideak ebazten dituena. Aipatu aginduak arauak ezartzen ditu diru-laguntzak emateko 2017an egiten edo hasten diren kirol lehiaketa ofizial hauetan parte hartzeko: kategoria absolutuan nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, eta kategoria absolutuko emakumezkoen liga nazionaletan.

Xedapenaren data: 2017-12-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201800559
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/09/19an argitaratutako 2017/09/12ko AGINDUA [201704526]

AURREKARIAK
1.– 2017ko irailaren 19an EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2017ko irailaren 12ko Agindua, arauak ezartzen dituena diru-laguntzak emateko 2017an egiten edo hasten diren kirol-lehiaketa ofizial hauetan parte hartzeko: nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan.
2.– 2017ko irailaren 12ko Aginduaren 10.1 artikuluarekin bat etorriz, Balorazio Batzordeak diru-laguntza eskabideen gaineko agindu-proposamen bat egin zuen 2017ko abenduaren 12ko bilkuran, bai eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinarazi ere, hura ikusita, aurkeztutako diru-laguntza eskabideen gaineko erabakia har zezan.
Horrela bada, balorazio-batzordeak egindako agindu-proposamena ikusita eta Aginduaren 13. artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– I. eranskinean jakinarazten diren entitateei dagozkien diru-laguntzak ematea.
Bigarrena.– II. eranskineko eskabideak ez onartzea bertan agertzen den arrazoia dela eta.
Hirugarrena.– 2017ko irailaren 12ko Aginduan arautako diru-laguntzen onuradunek testu horren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.
Laugarrena.– Diru-laguntza bi ordainketetan pagatuko da; lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamarrari dagokiona, esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste hogeita hamarrari dagokiona, 2018ko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2018ko martxoaren 31 baino lehenago burutu beharko baita.
Hori horrela izateko, emandako diru-laguntza onartu egin beharko da. Diru-laguntza ematen zaiela jakinarazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek ez badiote diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.
Bostgarrena.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek 2018ko martxoaren 31 baino lehen ondoren zehazten diren agiriak aurkeztuko dituzte http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak-en bitartez:
a) Jarduerari buruzko txostena. Bertan, gutxienez, 2017ko irailaren 12ko Aginduan baloratzen diren alderdiak azaldu beharko dira.
b) Lehiaketa diru-laguntza eskaera aurkeztu eta gero egin bada, epailearen aktak eta lehiaketaren behin betiko programa.
c) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak.
d) Jarduera gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen dokumentazioa.
e) Ekitaldiaren kostu-kontuen behin betiko balantzea, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita; bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean haien eraginkortasunaren berri ez baldin bazegoen.
Emandako diru-laguntzaren kopuruaren adinako jatorrizko fakturak eta ordainketaren ziurtagiriak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan aurkeztuko dira.
Seigarrena.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko.
Zazpigarrena.– Ondorengo hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2017ko irailaren 12ko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) 2017ko irailaren 12ko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren kitapen aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.
d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
Zortzigarrena.– Interesatu guztiei agindu honen berri emango zaie banan-banan, hargatik eragotzi gabe EHAAn ere argitaratzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala adierazten baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 30a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.