EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018022

EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 19koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gorlizko (Bizkaia) Ageo kaleko 2. eta 4. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2018-01-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201800557
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko irailaren 12an, Gorlizko Udalak Gorlizko (Bizkaia) Ageo kaleko 2. eta 4. lurzatietako hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko (hemendik aurrera, plan berezia) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura hasteko eskaera osatu zuen. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuena. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2017ko irailaren 21ean kontsulta-izapidea egin zitzaien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta egoki zeritzeten eta zegokion ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko oinarritzat balio zezaketen oharrak bidaltzeko ere eskatu zitzaien. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari (biak Eusko Jaurlaritzarenak) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari. Era berean, Gorlizko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzaren txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Gorlizko (Bizkaia) Ageo kaleko 2. eta 4. lurzatien hiri-antolamenduko plan berezia ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean (ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du), ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei, ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, tokiaren kudeaketarekin loturarik eduki gabe.
Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Gorlizko Ageo kaleko 2. eta 4. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-ebaluazioko espedientean dauden agiri teknikoak eta txostenak aztertuta (hemendik aurrera, plan berezia), eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plan aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gorlizko (Bizkaia) Ageo kaleko 2. eta 4. lurzatien hiri-antolamenduko plan berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, eduki honekin:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduerak.
Plan bereziaren xedea da antolamendu xehatua definitzea fisikoki baturik dauden bi lurzatik osatutako eremu jarraituan, Ageo kalean. Proposamenari jarraikiz, 2 eraikin eraitsiko dira, eta dauden 2 eraikinen ordez etxebizitza libreko bloke kolektibo bakar bat jartzea proposatzen da.
Lursailek hiri-lurzoruaren oraingo izaerari eutsiko diote, bloke kolektiboko tipologiako bizitegi-erabilerara zuzenduta. Proposatutako eraikin-profila honako hau da: sestraren gaineko BS+3-atikoa eta sestraren azpiko aprobetxamendua.
Plan bereziaren eremua Gorlizko hiri-sarearen barruan dago, bideez eta eraikinez inguratuta. Aztertu beharreko eremua honako muga hauek ditu: iparraldean, Ageo kalea; hegoaldean, Andra Mari kaleko 7a; ekialdean, Ageo kaleko 4BIS zenbakiko bizitegi-eraikina, eta, azkenik, Artzel plaza. 1.763,36 m
B.– Plan bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Plan bereziaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Plan bereziak proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparru bat zer neurritan ezartzen duen: plan bereziak fisikoki baturik dauden bizitegi erabilerara zuzendutako hiri-lurzoruko bi lurzatiren antolamendu xehatua definitzen du, eta dauden 2 eraikinen ordez etxebizitza libreko bloke kolektibo bakar bat ezartzea proposatzen du. Aurkeztutako agiriak ikusita, plan bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer-nolako eragina duen plan honek beste plan edo programa batzuetan: plan bereziak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plan bereziaren pertinentzia, zehazki, garapen jasangarria sustatzeko xederako ingurumen-kontsiderazioak integra daitezen: planteatutako eraikin berriei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak eraikuntza jasangarriago bat izateko zenbait neurri ezartzen ditu, zehatzago esanda, energia berriztagarriko instalazioei, Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezarritako efizientzia energetikoari, baliabideen kontsumoari eta hondakinen kudeaketari buruz.
d) Ez da hauteman plan edo programarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarririk: betiere aztertzen ari garen eremuan egin beharreko esku-hartze eta jarduerak, besteak beste, segurtasunaren, osasunaren, ingurumenaren, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta kultur ondarearen zaintzan indarrean dauden araudiak jarraituz egiten badira.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasoko duen eremuaren ezaugarriak:
Planteatutako jarduerak ikusita, eta eremua hiri-lurzoru kontsolidatu batean dagoenez eta eragindako kokapenaren inguruan naturagune garrantzitsurik edota ingurumeneko balio eta urrakortasun handiko eremurik ez dagoenez, ez da aurreikusten plan berezi honek ingurumenaren arloko eragin negatibo nabarmenik sortuko duenik.
3.– Babesteko eta zuzentzeko neurriak indarrean den araudiarekin bat etorriz gauzatuko dira, baita ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz eta, aurrekoaren aurkakoa ez den bitartean, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta plan berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz. Aplikatu beharreko neurrien artean proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, eta honako hauekin lotuta egon beharko dira: lanetako jardunbide egokien eskuliburua, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorrera eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa (ebazpen honen I. eranskinean plan bereziaren xede den proiektuko lanak gauzatzeko babes- eta zuzenketa-neurrietako batzuk biltzen dira).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida»n jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurreztea eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat eginez, ez dela ingurumen-eragin handirik aurreikusten Gorlizko (Bizkaia) Ageo kaleko 2. eta 4. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziaren aldetik. Hortaz, ez zaio ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.
Hirugarrena.– Gorlizko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
I. ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.
Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak zein garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzekoa) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte.
– Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: Gorlizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.