EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018022

1/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Addameer Prisoner Support and Human Rights Association elkarteen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Palestinako lurralde okupatuan dauden preso politiko eta atxilotuen eskubideen babesa sendotzeko programa bat finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800001
Xedapenaren data: 2018-01-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201800552
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/05/27an argitaratutako 2016/05/09ko 201600033 EBAZPENA

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Addameer Prisoner Support and Human Rights Association elkarteen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, Palestinako lurralde okupatuan dauden preso politiko eta atxilotuen eskubideen babesa sendotzeko programa bat finantzatzeko. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 16ko 1/2018 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA ADDAMEER PRISONER SUPPORT AND HUMAN RIGHTS ASSOCIATION ELKARTEAREN ARTEKO HITZARMENA, PALESTINAR LURRALDE OKUPATUKO PRESO POLITIKO ETA ATXILOTU PALESTINARREN ESKUBIDEEN BABESA INDARTZEA XEDE DUEN PROGRAMA FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 20a.
BILDU DIRA:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera–, zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2.e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1.e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Sahar Francis andrea, zuzendari nagusi gisa, Addameer Prisoner Support and Human Rights (aurrerantzean Addameer) erakundearen izenean eta hura ordezkatuz jarduteko ahalmen nahikoarekin.
ADIERAZTEN DUTE
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
2014-2017 aldirako III. Gida Planak zeharkako ikuspegiei buruzko II. puntuan adierazten du Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzako jardun guztiek giza eskubideak gauzatzea sustatu behar dutela. Bestalde, lehentasunezko sektoreei buruzko III. puntuan (Eskubide Unibertsalak) adierazten da eskubide zibilak eta politikoak defendatzea eta sustatzea lehentasunezko eginkizunak direla, bereziki kontuan izanik eskubideen sustapena, defentsa, bermea eta exijigarritasuna bultzatzen dituzten ekintzak; giza eskubideen aldeko erakundeei biktimei laguntzeko zereginetan laguntzera bideratutako ekimenak ere sektore honetan daude bilduta.
Bigarrena.– Addameer irabazi-asmorik gabeko elkartea da, RA-227/SS erregistro-zenbakia duena eta Palestinako Agintaritza Nazionalaren Barne Ministerioan 2001-09-02an erregistratu zena.
1992an sortu zenetik, Addameer Palestinar lurralde okupatuetan giza eskubideak defendatzen dituen erakunde nagusi bihurtu da. Lege-laguntza izan da erakundearen ardatz nagusia, doako laguntza juridikoa eman baitzaie Palestinako preso nahiz atxilotuei eta haien ahaideei Palestinako eta Israeleko espetxeetan eta atxiloketa-zentroetan. Biztanleria palestinarraren giza eskubideak defendatzen, sustatzen eta babesten duen lan-esperientzia zabala dela medio giza eskubideak nazioartean defendatzen dituzten erakunde ospetsuen nazioarteko aintzatespena lortu du.
Hitzarmen honek Addameer erakundeak lurralde horretan giza eskubideak defendatzeko eta haien urratzeak salatzeko agente gisa duen ahalmena indartuko du. Horretarako, hitzarmenak erakundeari laguntza emango dio funtsezko bi lan-ildotan: lege-laguntza eta lege-ordezkaritza espezializatua preso eta atxilotuei; eta preso eta atxilotu palestinarren giza eskubideen urraketa-egoera nazioartean hedatzea eta salatzea.
Hirugarrena.– 2015. urteaz geroztik GLEA Addameer erakundeari laguntzen ari zaio, Israeleko atxiloketa-zentroetan eta Palestinako espetxeetan preso politiko palestinarren defentsa juridikorako egiten duen lanean (ZUZ-2015BA/0005 hitzarmenaren bitartez).
Palestinako Lurralde Okupatuan egoera soziopolitikoa ez hobetzeaz gain, 2016. urteaz geroztik indarkeria eta biztanle palestinarren giza eskubideen urraketa handituz joan dira (batez ere atxiloketa administratiboen kopurua, baita adingabeen artean ere, eta etxebizitzak eraisteko politika bati edo exekuzio estrajudizialei dagokienez).
Egun dagoen testuinguru soziopolitikoaz gain, palestinar gizarteak Estatu israeldarrak sortutako lege- eta erakunde-arloko egitura konplexu bati aurre egin behar dio. Egoera horren aurrean, Addameer erakundeak herritar palestinarren eskubideen defentsaren aldeko apustua egiten du neutralismo zorrotza eta legearen aurreko berdintasun-printzipioa oinarritzat hartuz. Horretarako hainbat esku-hartzerako programa ditu: lege-laguntza (preso politikoen defentsa juridikoa), ikerketa/azterlanen dokumentazioa (txostenak eta kasu-bilketa), eragin politikoa eta herritar palestinarren prestakuntza/kontzientziazioa.
Lan horrek ezinbesteko izaten jarraitzen du, batez ere testuinguru honetan giza eskubideen urraketa modu kezkagarrian handitzen ari delako, eta horregatik planteatu den estrategiak giza eskubideen urraketak eta preso politikoen kalteberatasuna murrizten eta haien familien sufrimendua arintzen lagundu nahi du.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea Palestinako preso politikoen eta atxilotuen eskubideen babesa indartzea da.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
1.– Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1. emaitza.– Nazioarteko estandarren araberako doako lege-laguntza eta aholkularitza juridikoa bermatzea preso eta atxilotu palestinarrei eta haien ahaideei.
2. emaitza.– Palestinako gizarte zibilaren sentsibilizazioa eta ezagutzak indartzea preso politiko palestinarren giza eskubideei eta defentsa-mekanismoei dagokienez.
3. emaitza.– Addameer elkartearen nazioarteko sarea indartzea preso eta atxilotu palestinarren eskubideen urraketak hedatzeko eta salatzeko, batez ere Euskal Herrian.
2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, 2017ko azaroaren 1etik zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrehun eta hamazazpi mila zazpiehun eta berrogeita hamahiru euro eta berrogeita hamasei zentimo da (217.753,56); kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Addameer elkarteak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak eta erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, eta guztira hogeita hamazazpi mila zazpiehun eta berrogeita hamahiru euro eta berrogeita hamasei zentimoko (37.753,56) ekarpena egingo du.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ehun eta laurogei mila euroko (180.000,00) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Addameer elkarteari:
% 40, hau da, hirurogeita hamabi mila (72.000,00) euro, hitzarmena sinatu ondoren.
Beste % 30 osagarri bat, hau da, berrogeita hamalau mila (54.000,00) euro, diru-laguntzaren % 32ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Gainerako % 30a, hau da, berrogeita hamalau mila (54.000,00) euro, diru-laguntzaren % 56ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.
Addameer elkarteak PS02PALS 047106015350333000001 zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko berariazko kontu gisa (eurotan). Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.
1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak Addameer elkartearen jabetzakoak izango dira.
2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala Addameer elkartearena izango da.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Addameer elkarteko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Addameer elkarteak baimen-eskaera bidali beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara, proiektuaren aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.
1.– Sinatu eta hurrengo egunetik hasiko da indarrean hitzarmena eta 2021eko ekainaren 30era arte luzatuko da.
2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.
3.– Era berean, Hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena modu alde bakarrean, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.
4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da gehienez lau urtez, hitzarmena amaitu baino hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
Addameer Prisoner Support and Human Rights Elkarteko zuzendari nagusia,
Sahar Francis.