EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018022

ERABAKIA, 2018ko urtarrilaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez zenbait irizpide onartzen baitira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoan lanpostu batzuk jasotzeaz eta hautaketa-prozesua garatzeaz.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2018-01-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201800551
Maila: Akordioa
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/05/17an argitaratutako 2016/04/25eko AKORDIOA [201602055]
  • Ikus 2016/10/05ean argitaratutako 2016/09/12ko AKORDIOA [201604208]
  • Ikus 2017/08/01ean argitaratutako 2017/07/03ko AKORDIOA [201703864]
  • Ikus 2017/12/05ean argitaratutako 2017/11/09ko AKORDIOA [201705883]

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2016ko apirilaren 25eko Erabakiaren bidez, 2016. urterako lan-eskaintza publikoa onartu zen (2016ko maiatzaren 17ko EHAA, 92. zk.), eta, horretarako, kontuan hartu zen Estatuaren 2016. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legeak ekitaldi horretarako lan-eskaintza publikoaren arloan oinarrizko arau gisa ezarritako langileen berritze-tasaren % 100eko mugaren aplikazioa. Hori dela eta, txanda libreko 929 lanpostutarako eta barne-sustapeneko 271 lanpostutarako deialdia egin zen.
Erabaki horretan aipatzen zen, orobat, hautaketa-prozesuen ekonomia-, eraginkortasun- eta efizientzia-arrazoiak zirela-eta, 2016ko lan-eskaintza publikoa prozesu zabalago baten barruan sartu behar zela, 2017. urteko lan-eskaintza publikoa ere barruan hartuko zuen prozesuan hain zuzen.
Gerora, 2016ko apirilaren 25eko Erabaki hura Administrazio Kontseiluaren 2016ko irailaren 12ko Erabakiak aldatu zuen (2016ko urriaren 5eko EHAA, 190. zk.), 2016ko lan-eskaintza publikoan txanda libreko 912 lanpostu eta barne-sustapeneko 288 lanpostu eskaini baitzituen.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2017ko uztailaren 3ko Erabakiaren bidez (2017ko abuztuaren 1eko EHAA, 145. zk.), Osakidetzaren 2017. urterako lan-eskaintza publikoa onartu zen, non txanda irekiko 2.104 lanpostu eskaini baitziren; horietatik 962 langileen berritze-tasari dagozkio, eta 1.142, berriz, tasa gehigarriari, Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Gainera, barne-sustapeneko 31 lanpostu eskaini ziren.
2017ko lan-eskaintza prozesu orokor batean sartzen zen, barne hartzen baitzuen 2016ko eskaintza, biak batera exekutatu zitezen.
Esandako guztiagatik, eta ikusirik errakuntza bat dagoela eskainitako lanpostuen kopuruan, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak beste erabaki bat hartu zuen, hots, 2017ko azaroaren 9ko Erabakia (2017ko abenduaren 5eko EHAA, 232. zk.). Erabaki horrekin, 2017ko uztailaren 3ko Erabakia aldatu zen, 2016ko lan-eskaintza publikoko lanpostuei dagokienez. Ondorioz, 2016-2017ko lan-eskaintza publiko bateratua honela geratzen da:
1.– 2016ko lan-eskaintza publikoa txanda irekiko 912 lanpostuk eta barne-sustapeneko 288k osatzen dute.
2.– 2017ko lan-eskaintzan, txanda irekiko 2.104 lanpostu jasoko dira; horietatik, 962 langileen berritze-tasari dagozkio, eta 1.142, berriz, tasa gehigarriari, Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Gainera, barne-sustapeneko 31 lanpostu eskainiko dira.
3.– Guztira, 3.335 lanpostuko eskaintzari eustea, 2016ko eta 2017ko lan-eskaintza publikoei dagozkienak. Horietatik 3.016 txanda irekian eskainiko dira, eta 319, berriz, barne-sustapeneko prozesuetan, adierazitako banaketari jarraituz.
2017an zehar, Osasuneko Sektoreko Mahaiak negoziazio-prozesuari ekin zion, Ente Publikoan beste lan-eskaintza publiko bat egitea onar zedin. Hainbat bilera egin dira prozesua zehazteko, eta SATSE, SME eta UGT sindikatuekin aurreakordio bat lortu da, 2017ko ekainaren 23ko data duen aurreakordioa. Aurreakordio horren arabera, Osakidetzak legealdi honetan bi lan-eskaintza publiko egiteko konpromisoa hartzen du.
Aurreakordio horretan aurreikusita dago probak 2018ko lehenengo seihilekoan egingo direla, 2018ko lehenengo hiruhilekoan deialdien oinarriak argitaratu eta gero. Oposizio-fasea eta lehiaketa-fasea egokitzeko, gai hauek negoziatu beharko dira: deialdiaren irizpide orokorrak, deitutako lanpostuen zerrenda eta deialdien oinarriak.
Erakundeko profesionalak hautatzean ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko asmoz, eta prozesuari albait gardentasunik handiena eman nahirik (prozesua diseinatzeko eta zehazteko lanetan sindikatuek parte hartu baitute), erabaki da Osakidetzaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoetan oposizio-lehiaketarako deialdia egitea, honetako lege-xedapen hauek betez: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikulua; Osasun-zerbitzuetako Estatutupeko Langileen Esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 20. artikulua, langileak publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioei atxikiz hautatzeko; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, haren 37.1 artikuluaren c) atalean jasota baitaude, negoziazio kolektiboan eztabaidatzeko gaien artean, giza baliabideez hornitzeko irizpide orokorrak.
Lehenago aipatutako negoziaketaren ondorioz, 2018ko urtarrilaren 16an akordio bat lortu zen Osasuneko Sektoreko Mahaian, SATSE, SME eta UGT sindikatuekin. Akordio horren arabera zenbait irizpide ezarri ziren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoan lanpostu batzuk jasotzeaz, destinoak esleitzeaz eta hautaketa-prozesua garatzeaz.
Hori dela eta, eta adierazitakoarekin bat etorriz, zuzendari nagusiak hala proposatuta, eta Ente Publikoaren Estatutuen 8.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, honako hau erabaki du Osakidetzako Administrazio Kontseiluak:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Erabaki honen bidez, zenbait irizpide ezartzen dira, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoan lanpostu batzuk jasotzeaz eta hautaketa-prozesua garatzeaz.
Bigarrena.– Guztira, 3.335 lanposturako deialdia egingo da, erabaki honen I. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz, hor zehazten baita kategoria, espezialitate eta sarrera-modalitatearen arabera eskainitako plazen kopurua, txanda librekoak eta barne-sustapenekoak elkarren artean bereizita.
Hirugarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoan jaso beharreko lanpostuak zehazteko irizpideak hurrenkera honen arabera ezarrita daude:
3.1.– Barne-sustapeneko deialdian.
Atal honetan zehaztutako hurrenkerari jarraikiz hautatuko dira barne-sustapeneko txandan eskaini beharreko lanpostuak, lanpostu-kopurua 319koa izan arte:
1.– Titularrik gabeko plaza hutsak, aldi baterako barne-sustapen bidez hartuak (2018ko urtarrilaren 15eko datuen arabera). Aldi baterako barne-sustapenean antzinatasun handiena zeinek duen kontuan hartuta jasoko dira lanpostuak hautaketa-prozesuan.
2.– Behar izanez gero, titularrik gabeko lanpostu hutsak, baldin eta lanpostu horietan inork ez badihardu 2018ko urtarrilaren 15ean.
3.– Behar izanez gero, titularrik gabeko lanpostu hutsak, baldin eta lanpostu horietan bitarteko langileren batek badihardu 2018ko urtarrilaren 15ean; hautaketaren orduan kontuan hartuko da zeinek duen antzinatasun handiena. Antzinatasun hori zehazteko, bitarteko langileak aldi baterako izendapenaren egunetik edo hasierako bitarteko-izendapenaren egunetik duen lotura hartuko da kontuan, jarraipenik ez badu lanpostu funtzional berean, zerbitzu-erakunde berean edo, hala badagokio, zentro berean.
Aipatutako irizpideak adierazitako datan eragindako lanpostuei aplikatuko zaizkie, aurrerago egin litezkeen aldaketak kontuan hartu gabe.
3.2.– Txanda irekiko deialdian.
Barne-sustapeneko txandan eskaini beharreko lanpostuak zein diren zehaztu ondoren, txanda librean eskaini beharreko lanpostuak hautatuko dira, atal honetan zehaztutako hurrenkerari jarraikiz, lanpostu-kopurua 3.016koa izan arte:
1.– Esleitu gabe geratzen diren lanpostuak, eta esleipendunek, 2017ko lekualdatze-lehiaketa bukaturik, hutsik utzitako lanpostuak.
2.– Titularrik gabeko lanpostu hutsak, baldin eta lanpostu horietan inork ez badihardu 2018ko urtarrilaren 15ean.
3.– Behar izanez gero, titularrik gabeko lanpostu hutsak, baldin eta lanpostu horietan bitarteko langileren batek badihardu 2018ko urtarrilaren 15ean; hautaketaren orduan kontuan hartuko da zeinek duen antzinatasun handiena. Antzinatasun hori zehazteko, bitarteko langileak aldi baterako izendapenaren egunetik edo hasierako bitarteko-izendapenaren egunetik duen lotura hartuko da kontuan, eta jarraipenik ez badu lanpostu funtzional berean, zerbitzu-erakunde berean edo, hala badagokio, zentro berean.
Ondorio horietarako, titularrik gabeko lanpostuen % 50 jasoko dira, baldin eta Lehen Mailako Atentzioko Unitateko burutzetan ari badira. Burutza horietan antzinatasun handiena zeinek duen kontuan hartuta jasoko dira lanpostuak hautaketa-prozesuan. Lehen Mailako Atentzioko Unitateko burutzetako lanpostu titularrik gabekoen gainerako % 50a hurrengo lekualdatze-lehiaketan eskainiko dira.
4.– Behar izanez gero, plaza hutsak, zerbitzu-eginkizun bidez hartuak (2018ko urtarrilaren 15eko datuen arabera). Zerbitzu-eginkizunean antzinatasun handiena zeinek duen kontuan hartuta jasoko dira lanpostuak hautaketa-prozesuan.
Aipatutako irizpideak adierazitako datan eragindako lanpostuei aplikatuko zaizkie, ezertan eragotzi gabe aurrerago egin litezkeen aldaketak.
Azkenean, 2014-2015eko lan-eskaintza publikoko barne-sustapenean hartu gabe geratu ziren lanpostuak 2018-2019ko lan-eskaintza publikoko barne-sustapenekoei erantsiko zaizkie.
Laugarrena.– Lan-eskaintza publiko hau Osasuneko Sektoreko Mahaiaren 2017ko ekainaren 23ko Aurreakordioaren 1.1 epigrafeari jarraikiz egingo da.
Aurreakordio horretan ezarritakoaren arabera, Medikuntzako mediku espezialistentzat deitutako lanpostu funtzionaletan, mediku kategoriako oposizio-fasea honako hau izango da: proba bakar batean bi ariketa egin beharko dira, bat teorikoa eta bestea praktikoa, eta biak eskainitako lanpostuaren funtzio espezifikoei buruzkoak izango dira. Probaren azken puntuazioa bi ariketen batezbesteko haztatua litzateke; ariketa teorikoak % 65eko balioa izango du, eta ariketa praktikoak, ordea, % 35ekoa. Lehenago aipatutakoa ez zaie aplikatuko Medikuntzako mediku espezialistentzako hautaketa-prozesuei. Prozesu horretan, dagozkien oinarri espezifikoen arabera, oposizio-fasean ariketa bakar bat egongo da.
Ondorio horietarako, batezbesteko haztatua formula honen arabera lortuko da:
Oposizio-fasea gainditutzat jotzeko, bi ariketen batezbesteko haztatuaren emaitza gutxienez 50 punturena izango da, 100etik.
Bosgarrena.– Parte hartzeko baldintzak betetzen dituenak 2016-2017ko eta 2017-2018ko lan-eskaintzetan parte hartu nahi badu, honako aukera hauetako bat baliatu ahal izango du:
A aukera.– 2018-2019ko lan-eskaintza publikorako gordetzea 2016-2017ko hautaketa-prozesuko oposizio-fasean lortutako nota. Horretarako, aukera hau baliatzen duenak honako baldintza hauek guztiak bete beharko ditu:
a) 2016-2017ko lan-eskaintza publikoaren oposizio-fasea gaindituta edukitzea.
b) 2018-2019ko lan-eskaintza publikoan izena emanda egotea eta hari dagozkion tasak ordainduta edukitzea.
c) 2018-2019ko lan-eskaintza publikoaren eskabidean berariaz adieraztea gorde egin nahi duela 2016-2017ko lan-eskaintza publikoan ateratako nota.
Hala bada, 2018-2019ko lan-eskaintza publikoaren oposizio-faseko probak egiten dituztenei B aukera aplikatuko zaie: hautaketa-prozesu horietako oposizio-fasean lortutako notarik altuena zuzenean esleituko zaie, baldin eta prozesu horiek gaindituta badauzkate.
B aukera.– 2016-2017 eta 2018-2019 lan-eskaintza publikoetako oposizio-faseetako probak egitea. Ondoren, zuzenean esleituko zaio, 2018-2019ko lan-eskaintza publikorako, hautaketa-prozesu horietako hautaketa-fasean lortutako notarik altuena. Aukera hori baliatu ahal izateko, beharrezkoa izango da 2016-2017 eta 2018-2019 lan-eskaintza publikoetako hautaketa-prozesuak gaindituta edukitzea.
Hala ere, B aukera hautatu duen pertsonak 2018-2019ko lan-eskaintza publikoaren oposizio-faseko azterketa egiten ez badu, A aukeran ezarritako nota gordetzeko irizpideak aplikatuko zaizkio, baldin eta 2016-2017ko lan-eskaintza publikoaren oposizio-fasea gaindituta badauka.
Nolanahi ere, aukera horiek hurrengo deialdian baino ezin izango dira aplikatu, hots, 2018-2019ko lan-eskaintza publikoan, baldin eta gai-zerrenda, ariketak eta kalifikatzeko modua antzekoak badira.
Seigarrena.– Deialdi honetan, Osakidetzak proba bat egingo du oposizio-fasea gainditu duten hautagaien hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, baldin eta Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz ez badute hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko behar den ziurtagiririk.
Zazpigarrena.– 2016-2017ko lan-eskaintza publikoa bukatzen denerako, aldi baterako kontrataziorako poltsa berriak eratuko dira, Osasuneko Sektoreko Mahaiaren 2017ko ekainaren 23ko Aurreakordioaren 1.4 puntuari jarraikiz (puntu hori zerrendak sortzeko irizpideei buruzkoa da).
Zortzigarrena.– Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emango du, eta hor zehaztuko dira Ente Publikoaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoaren hautaketa-prozesuaren irizpideak.
Bederatzigarrena.– Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari ematen zaio Ente Publikoaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoaren hautaketa-prozesuak kudeatzeko ardura. Ardura horretan berariaz sartuta daude lan-eskaintza publikoa gidatuko duten oinarriak prestatu, izapidetu eta ematea, deitu beharreko lanpostuak zehaztea, epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, hautaketa-probak antolatzea, deialdiak ebaztea eta destinoak esleitzea.
Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Vitoria-Gasteizko epaitegietan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 25a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.
ERANSKINA
ERABAKIA, 2018ko urtarrilaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko administrazio kontseiluarena, zeinaren bidez zenbait irizpide onartzen baitira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoan lanpostu batzuk jasotzeaz eta hautaketa-prozesua garatzeaz