EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2018018

10/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Justizia Ministerioarekin sinatutako lan-hitzarmena argitaratzea, Ministroen Kontseiluaren 2017ko abuztuaren 25eko Erabakiko finantza-konpromisoak formalizatzeko dena; erabaki horren bidez, Justizia Administrazioa eraberritzeko programaren kreditu-banaketa onartu zen.

Xedapenaren zenbakia: 201800010
Xedapenaren data: 2018-01-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201800418
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Justizia Ministerioarekin sinatutako lan-hitzarmena (eranskina), Ministroen Kontseiluaren 2017ko abuztuaren 25eko Erabakiko finantza-konpromisoak formalizatzeko dena; erabaki horren bidez, Justizia Administrazioa eraberritzeko programaren kreditu-banaketa onartu zen.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 18a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 18KO 10/2018 EBAZPENARENA
HITZARMENA, JUSTIZIA MINISTERIOAREKIN SINATUTAKOA, JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA ERABERRITZEKO PROGRAMAREN KREDITU-BANAKETA ONARTU ZUEN MINISTROEN KONTSEILUAREN 2017KO ABUZTUAREN 25EKO ERABAKIKO FINANTZA-KONPROMISOAK FORMALIZATZEKO
Madril, 2017ko abenduaren 20a.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Justiziako ministroa, Rafael Catalá Polo jauna, azaroaren 3ko 417/2016 Errege Dekretuak hala izendatuta, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 61. artikuluan aitortzen zaizkion eskumenak baliatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lan eta Justiziako sailburua, María Jesús Carmen San José López andrea, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta haren ordezkari gisa, Lan eta Justiziako sailburua izendatzekoa den Lehendakariaren azaroaren 26ko 36/2016 Dekretuaren bidez izendatuta, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan esleitutako eskumenei eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 3. artikuluari jarraituta.
AZALTZEN DUTE:
I.– Estatuak eskuduntza esklusiboa du Justizia Administrazioaren alorrean, Espainiako Konstituzioaren 149.1.5 artikuluak ezartzen duenez.
II.– Azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuak –Justizia Administrazioa baliabide materialez eta ekonomikoz hornitzeko Estatu Administrazioak betetzen dituen eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa– eranskinaren B atalean arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkiola erkidego horretan egoitza duten organo judizialentzat ondare higigarria, higiezina eta tresneria eskuratu eta kudeatzeko eginkizunak. Eranskin horren beraren E ataleko 1. puntuan arautzen da erkidego horri eskualdatzen zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunei atxikitako ondasun, eskubide eta betebeharrak.
III.– Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 13. artikuluak dio Justizia Administrazioari dagokionez, justizia militarra kanpo utzirik, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak gauzatuko dituela bere lurraldean Aginte Judizialaren eta Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoetan Gobernuari aitortu, gorde eta ematen zaizkion eskumenak. Halaber, Estatutuaren 35.3 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio bere lurralde-esparruaren baitan Justizia Administrazioko langileak kontratatzeko eta administrazio horrek jarduteko behar dituen baliabide material eta ekonomikoak hornitzeko eskumena, Botere Judizialaren Lege Organikoak eskumen hori Gobernuari esleitzen dion baldintza berberetan.
Horrenbestez, Estatutuaren artikulu horiek arautzen dutenari erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkio bulego judizialak eta jurisdikzio-organoei laguntzeko organoak eta zerbitzuak antolatu, hornitu eta kudeatzeko eskumenak, eta azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide pertsonal, material eta ekonomikoei dagozkien eginkizunak eta zerbitzuak. Justizia Administrazioaren esparruan transferitutako eskumen horien erabilera Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
IV.– Estatuak 2015. eta 2016. urteetarako zeuzkan aurrekontu orokorretan urteko 6.000.000 euroko aurrekontu-hornidura zegoen justizia-arloan eskumenak zituzten autonomia-erkidegoentzat, eta lehen aipatutako kredituen banaketa eta banatzeko irizpideak Justizia Administrazioaren konferentzia sektorialetan erabaki ziren, eta Ministroen Kontseiluak geroago onartu zituen 2015eko maiatzaren 22an eta 2016ko ekainaren 3an, hori guztia Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programaren barruan, bai justizia zerbitzu publiko moduan sustatzeko material gehiago eta hobeak izatearen bidez, bai teknologia berrien garapena bultzatzeko.
Elkarlan horren emaitza ona izan zenez, eta jarduera-ildo horren beraren barruan, Estatuko 2017rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 3/2017 Legeak Justizia Administrazioaren arloan bereganatutako transferentziak dituzten autonomia-erkidegoentzako diru-laguntza bat jaso zuen 13.02.112A.450 «Autonomia-erkidegoak. Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programa» aurrekontu-aplikazioan, Justizia Administrazioan erreforma-programak egiteko, eta 6.000.000 euroz hornituta (sei milioi euro), Prozesu Kudeaketa Komunaren Sistema eta Fiskaltza Digitala ezartzen eta garatzen laguntzeko, horretarako kalitate handiagoko zerbitzu publikoa lortzeko hobekuntzak eginez erkidego bakoitzeko kasuan kasuko lurralde-esparruan.
V.– Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion aurrekontu-kreditua eskualdatzeko –behin Konferentzia Sektorialaren osoko bilkurak irizpide objektiboak eta ondoriozko banaketa erabaki ondoren, bai eta Ministroen Kontseiluaren Erabaki bidez autonomia-erkidegoen arteko behin betiko banaketa onartu ondoren ere, Ogasun eta Funtzio Publikorako Ministerioak aldeko irizpena eman eta gero–, hitzarmen bat izenpetu beharko da, hitzarmenaren bidez kreditu horri lotutako finantza-konpromisoak formalizatzeko.
VI.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 3. artikuluan, administrazio publikoek jardutean eta harremanak izatean bete behar dituzten printzipio orokorrak zerrendatzen ditu, eta horien artean lankidetza, laguntza eta koordinazioa aipatzen ditu, bai eta efizientzia eta herritarrei zerbitzu eraginkorra ematea ere; gainera, VI. artikuluan, autonomia-erkidegoetako administrazioetako organo egokiekin bakoitzak dauzkan eskumenen barruan hitzarmenak egiteko aukera jasotzen du.
VII.– Justizia Administrazioko Konferentzia Sektorialaren osoko bilkurak kredituaren banaketa eta banatzeko irizpideak erabaki zituen 2017ko uztailaren 26an, Aurrekontu eta Gastuetarako Estatu Idazkaritzak 2017ko uztailaren 25ean aldeko irizpena eman ondoren, eta behin betiko banaketa Ministroen Kontseiluak 2017ko abuztuaren 25ean hartutako erabaki bidez onartu zen; erabaki hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2017ko irailaren 8an, abuztuaren 25eko JUS/842/2017 Aginduaren bidez.
VIII.– Azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 86. artikuluko 2. zenbakian kredituen lurralde-banaketa egiteko araututako prozedura betetzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion kredituaren transferentzia egiteko, aldeek hitzarmen hau izenpetzeko interesa adierazten dute, haren bidez formalizatzeko finantza-konpromisoak, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehena. Hitzarmenaren xedea.
Justizia Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programari dagokion sei milioi euroko (6.000.000,00 euro) kredituari lotuta dauzkaten finantza-konpromisoak formalizatzea da hitzarmen honen xedea.
Bigarrena.– Aldeen konpromisoak.
I.– Justizia Ministerioak konpromisoa hartzen du Justizia Aurrekontuetako IV. kapituluko (–Transferentzia Arruntak–13 02 112A 450 aurrekontu aplikazioa: Autonomia-erkidegoak. Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programa) berrehun eta larogeita hemeretzi mila bederatziehun eta berrogeita hamazortzi euro (299.958,00 euro) Euskal Autonomia Erkidegoari ordaintzeko, Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialak 2017ko uztailaren 26ko osoko bilkuran erabaki eta Ministroen Kontseiluak 2017ko abuztuaren 25ean onartutako Erabakiaren bidez ezarritakoaren arabera. Diru-zenbateko horren librantza Aurrekontuen Lege Orokorraren 86.2. artikuluko bosgarren arauak agintzen duena beteta egingo da.
II.– Euskal Autonomia Erkidegoak honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du:
a) 2017an erostea organo judizialetan bezala fiskaltzakoetan ere izapide elektronikoan oinarritutako prozesu-kudeaketarako sistema eraginkorki ezartzeko behar diren egoitzako edo lanpostuko azpiegitura-elementuak. Elementu horiek, besteak beste, eskanerrak, pantailak, ordenagailu eramangarriak, mahai gainekoak, funtzio anitzeko ekipoak eta ikustaldiko aretoetako material teknologikoa dira, eta espediente judizialetako informazio digitalaren tratamendu digitalerako, atzipenerako eta/edo bistaratze-zereginetarako baliatu ahal izango dira.
b) Justizia Ministerioari jakinaraztea 2018ko martxoaren 31 baino lehen nola bete dituen hitzarmen honen bidez hartutako finantza-konpromisoak, Aurrekontuen Lege Orokorraren 86.2. artikuluko zazpigarren arauak agintzen duen moduan.
Hirugarrena.– Finantzazioa.
Justizia Ministerioak hitzarmen honetatik eratorritako kreditu-transferentzia egingo du, berrehun eta larogeita hemeretzi mila eta bederatziehun eta berrogeita hamazortzi eurokoa (299.958,00 euro), 2017rako dituen aurrekontuetako IV. Kapituluaren kontura (–Transferentzia Arruntak– 13 02 112A 450 aurrekontu aplikazioa: Autonomia-erkidegoak. Justizia Administrazioa Eraberritzeko Programa), Aurrekontuen Lege Orokorraren 86.2 artikuluko bosgarren arauak agintzen duen moduan.
Laugarrena.– Jarraipena eta ebaluazioa.
Hitzarmen honetako bigarren klausulan jasotakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, 2018ko martxoaren 31 baino lehen, txosten bat aurkeztu behar du egitekoak nola bete dituen zuritzeko, eta zehazki, txosten horretan azalduko du nola egin duen transferitutako kredituaren finantza-gauzapena, Aurrekontuen Lege Orokorraren 86.2 artikuluko zazpigarren arauak xedatzen dituen eskakizunak beteta.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta ondorioak.
Hitzarmen hau eraginkorra izango da Estatutako sektore publikoko lankidetza-organo eta -tresnen estatuko erregistro elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Hitzarmena aldeen betebeharrak bete arte egongo da indarrean, eta betiere 2018ko martxoaren 31 arte.
Seigarrena.– Hitzarmena azkentzea eta aldeek betebeharrak ez betetzea.
Xedetzat dituen jarduketak betetzen direnean edo suntsitzeko arrazoia dagoenean azkenduko da hitzarmena.
Suntsitzeko arrazoiak hauek dira:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.
b) Alde sinatzaile guztiek aho batez erabakitzea hitzarmena baliogabetzea.
c) Sinatzaileetakoren batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak.
Kasu horretan, aldeetako edozeinek egin ahalko dio erreklamazioa ez-betetzea egin duen aldeari, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Hitzarmenaren betearazpenari buruzko jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko mekanismoaren arduradunari eta gainerako alde sinatzaileei jakinaraziko zaie errekerimendu hori.
Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura zuzendu zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoi bat dagoela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Arrazoi horren ondorioz hitzarmena baliorik gabe geratzen bada, sortutako kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da, hala aurreikusi bada.
d) Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.
e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren izaera eta auziak ebazteko modua.
Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-esparrutik kanpo geratzen da, 4.1.c) artikuluan xedatuari jarraikiz. Hala ere, arau horrek xedatzen dituen printzipioak sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko baliatuko dira, lege horren beraren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Aurrekoa baztertu gabe, hitzarmen honen aplikazioan sor daitezkeen zalantzak eta eztabaidak argitzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea kontuan hartuko da, hitzarmenen araubide juridikoa arautzen duelako.
Administratiboa denez, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena izango da aldeen artean sor daitezkeen auziak erabakitzeko eskuduna, hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 1. eta 2. artikuluetan xedatuaren arabera.
Eta, aurrez adierazitako guztiarekin bat, alde izenpetzaileek hitzarmen honen bi ale izenpetzen dituzte goiburuan adierazitako lekuan eta egunean, legez dagozkien ahalak erabilita eta ordezkatzen dituzten erakundeak lotuta.
Justiziako ministroa,
RAFAEL CATALÁ POLO.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.