EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2018018

3/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Comunitá di Sant'Egidio-ACAP Elkartearen artean hitzarmena sinatuta, Mozanbiquen erregistro zibilaren sistema nazionala indartzeko programa bat finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201800003
Xedapenaren data: 2018-01-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201800416
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Comunitá di Sant'Egidio-ACAP Elkartearen artean hitzarmena sinatuta, Mozanbiquen erregistro zibilaren sistema nazionala indartzeko programa bat finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 16KO 3/2018 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA COMUNITÀ DI SANT’EGIDIO-ACAP ELKARTEAREN ARTEKO HITZARMENA, MOZAMBIKEN ERREGISTRO ZIBILEKO SISTEMA NAZIONALA INDARTZEA XEDE DUEN PROGRAMA FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 29a.
BILDU DIRA:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera– zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2 e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1 e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Cesare Giacomo Zucconi jauna, Comunità di Sant’Egidio-ACAP (hemendik aurrera, Comunità di Sant'Egidio) Elkarteko presidentea den heinean, elkartearen izenean eta hura ordezkatuz jarduteko behar adinako boterea duela.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
2014-2017 aldirako III. Gida Planak zeharkako ikuspegiei buruzko III.3 kapituluan jasotzen duenez, garapenerako lankidetzak lagungarri izan behar du betebeharren titularrak diren pertsonen gaitasunak hobetzeko, beren erantzukizunak bete ditzaten, baita eskubideen titularren gaitasunak hobetzeko ere, eskubide horiek erreklama ditzaten. Gainera, lehentasunezko sektoreei buruzko III.4 puntuan dioenez, estrukturalki kalteberak diren taldeei lehentasunezko arreta ematearen alde egiten da, baita giza eskubideen defentsako instantzia publiko eta pribatuak indartzeko estrategiak babestearen alde ere. Betebeharren titularren zein eskubideen titularren gaitasunak indartu nahi dira ekimen honen bitartez, haurrei, hau da, kolektibo kalteberenetako bati, izen bat eta identitate bat edukitzeko eskubidea bermatzeaz gainera.
Hemen azpimarratzekoa da, halaber, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak jarduteko lehentasun sektorialei dagokienez egiten dituen aurreikuspenak. Hala, 5.2.e) artikuluaren arabera, haurrak dira, estrukturalki kalteberak izaki, garapenerako lankidetzaren ekimenen bitartez lehentasunezko arreta jaso behar duen taldeetako bat.
Bigarrena.– Comunità di Sant’Egidio nazioarteko erakunde bat da, Afrikako hainbat herrialdetan Birth Registration for All Versus Oblivion (Bravo) izeneko erregistro zibilerako programa bat garatzen ari dena Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 7. artikulua bete dadila bermatzen laguntzeko. Inskribatu gabe dauden adingabeen kopuru handia izan da programa hori sortzea eragin duen arrazoi nagusia, hori dela-eta oso kalteberak direlako abusuen aurrean, babes-mekanismoetara iristeko zailtasunak areagotzeaz gainera. Erregistro Zibilean inskribatzeak berekin dakar Estatuak eskaintzen dituen beste eskubide eta zerbitzu batzuk eskuratzea, hala nola izen bat, identitate bat eta nazionalitate bat edukitzeko eskubidea, hezkuntza eta osasuna jasotzeko eskubidea, eskubide politiko eta zibilak baliatzeko eta babesa izateko eskubidea, etab. Erregistroan inskribatuz gero beren eskubideak bermatzeko eska dezakete, herritarrak diren heinean dagozkien betebeharrak betetzeaz gainera.
Programa estrategia arrakastatsua izan dela esan dezakegu, emaitza positiboak lortu direlako Erregistro Zibilean inskribatutako adingabeen kopurua igo baita Afrikako hainbat herrialdetan.
Hirugarrena.– Mozambiken, jaiotza Erregistro Zibilean ez inskribatzea da milaka adingaberi (0 urtetik 5 urtera bitarteko adingabeen % 52, gutxi gorabehera) eragiten dien arazo nagusietako bat. Horrek agerian uzten du adingabe horien eskubideak urratu egiten direla (Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jasota daude, Mozambikek 1994an berretsi zuen), baina eskubide horiek bermatzerakoan erakunde publikoek duten ahulezia ere jartzen du mahai gainean. Gainera, 2014. urteaz geroztik herrialdeak krisi politiko eta sozial sakona bizi du, herrialdearen erdialdean eta iparraldean bereziki, eta, horrenbestez, eskualde horietako landaguneetan inskribatu gabeko adingabeak bereziki kalteberak dira.
Hori dela-eta, proposatutako estrategiak Sofala eta Nampula probintzietan eragiten du, baita Maputo eta Maputo-hiria (herrialdeko biztanlegune nagusia den heinean) probintzietan ere, eta eskumeneko administrazio publikoari lagundu nahi dio adingabe orok Erregistro Zibilean inskribatzeko eskubidea bermatzen, eta inskribatzeak, jaiotzeko unean bereziki, duen garrantziaren inguruan sentsibilizatzen.
Aurrekoak kontuan izanda, bi aldeek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Mozambikeko erregistro zibileko sistema nazionala indartzea du xede hitzarmen honek, lau probintziatako haurrek izena, identitatea eta nazionalitatea edukitzeko duten eskubidea emateko erregistro zibilean inskribatuz.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
1.– Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1. emaitza. 24 hilabetez, hautatutako 6 osasun-zentro publikoek (Maputoko Ospitale Orokorra – Maputo-hiria probintzia; Matola B osasun-zentroa – Maputo probintzia; Manga Chingussurako osasun-zentroa – Sofala probintzia; Rex osasun-zentroa, 25 de setembro osasun-zentroa eta Mecuburiko osasun-zentroa – Nampula probintzia) jaiotzak inskribatzeko doako zerbitzu publikoa izango dute eskura.
2. emaitza. Bi probintziatan, Nampulan eta Sofalan, inskribatze berantiarra egin daiteke, doan.
3. emaitza. Familien sentsibilizazio-talde batek inskribatze-jardueretan jardungo du beti, jaioberrien zein berantiarren kasuan.
4. emaitza. Proiektuan zehar erregistro zibilean egindako inskribatzeen digitalizazioa.
2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, hitzarmena sinatzen denetik aurrera.
Laugarrena.– Alderdi sinatzaileen aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrehun eta hogeita hemezortzi mila seiehun eta hogeita hamazazpi euro eta hamalau zentimo da (238.637,14), eta kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Comunità di Sant’Egidio erakundeak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian bildutakoei dagokienez ere, guztira berrogeita hamar mila seiehun eta hogeita bi euro eta laurogeita sei zentimoko (50.622,86) ekarpena eginez.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ehun eta laurogeita zortzi mila eta hamalau euro eta hogeita zortzi zentimoko (188.014,28) ekarpena egingo du. Comunità di Sant’Egidio erakundeari honela ordainduko zaio zenbateko hori:
Hirurogeita hamabost mila berrehun eta bost (75.205) euro hitzarmena sinatu ondoren.
Hirurogeita hamazazpi mila seiehun eta berrogeita sei euro eta hemezortzi zentimo (77.646,18) osagarri, diru-laguntzaren % 32ko (60.165) euro edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko zaio.
Gainerakoa, hogeita hamabost mila ehun eta hirurogeita hiru euro eta hamar zentimo (35.163,10), diru-laguntzaren % 65 (122.209) euro edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko zaio.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.
Comunità di Sant’Egidio erakundeak UniCredit-eko IT 87 J 02008 05319 000010933893 zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko berariazko kontu gisa (eurotan). Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.
1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak Comunità Sant’Egidio erakundearen eta Mozambikeko Gobernuaren jabetza izango dira.
2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala Comunità Sant’Egidio erakundearen eta Mozambikeko Gobernuaren jabetza izango da.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Comunità di Sant’Egidio erakundeko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Comunità di Sant’Egidio erakundeak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.
1.– Sinatu eta hurrengo egunetik hasiko da indarrean hitzarmena eta 2021eko abuztuaren 31ra arte luzatuko da.
2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.
3.– Era berean, Hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena modu alde bakarrean, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.
4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da gehienez lau urtez, hitzarmena amaitu baino hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
Comunità di Sant’Egidio-ACAP elkarteko presidentea,
CESARE GIACOMO ZUCCONI.