EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2018017

EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Andoaingo N.U.02 «Leitzarango Landa Parkea» eremuko Antolamenduko Plan Bereziaren 1. aldaketari buruz.

Xedapenaren data: 2018-01-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201800395
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Andoaingo Udalak, 2017ko abuztuaren 1ean, eskabide bat aurkeztu zuen ingurumen-ebaluazioa estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren izapideak egiten hasteko, honako plan honi dagokionez: Andoaingo Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Planaren) 1. aldaketa, N.U.02 «Leitzarango Landa Parkea» eremuarena. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko urriaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zitzaien eskaera: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien eta Naturguneen Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta Gipuzkoako Ekologistak Martxani. Era berean, Andoaingo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluan honako hau zehazten da, besteak beste: planak eta programak, proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen dutenak izanik, Ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eremuan ez badaude, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Aztertuta geratu dira N.U. 02 «Leitzarango Landa Parkea» eremuko 15. Antolamenduko Plan Bereziaren 1. aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea N.U.02 «Leitzarango Landa Parkea» eremuko Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerrantzean, Planaren) 1. aldaketari buruz, Andoaingo Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Leitzarango Landa Parkea antolatzeko, Antolamenduko Plan Berezi bat egin zen, 2016ko abenduaren 20an onartu zena, eta, haren bidez, eremu horretan ezarri beharreko erabilera eta jarduketak arautu eta antolatzen dira, honako hauek bermatze aldera: balio naturalen babesa eta leheneratzea (bereziki, Leitzaran ibaiaren ertzak leheneratzea eta haien balioa nabarmentzea), eta eremuko landa-ezaugarrien babesa, egungo nekazaritza-jarduerak eta bizitegi-erabilerak sendotuz eta aire zabalean egoteko tokiak, komunitate-ekipamenduak eta parkeko eremuak lotzeko oinezkoentzako ibilbideak egokituz.
Plan bereziaren 1. aldaketa bat dator irizpide horiekin, erabilera berriak onartzen baitu. Hona hemen erabilerok, labur azalduta:
Nekazaritza-ustiaketa ez-profesionaletarako eraikuntza lagungarriak arautzen dituen araudia aldatzea.
Baimena ematen da lanabesak gordetzeko etxola txikiak eraikitzeko, bai eta ukuilu txikiak egiteko ere. Zehazki, partzela bakoitzeko, etxola bat eraiki ahal izango da, gehienez 8 m
Egungo ustiategietan, bizitegi-erabilera duen eraikinak berak abeltzaintza-erabilerak ere hartzen baditu, baimena ematen da abeltzaintza-erabilerok bereizteko eta bizitegi-erabilera duen eraikinetik beste eraikin independente batera aldatzeko, baldintza higieniko-sanitarioak eta/edo bizigarritasun-baldintzak hobetze aldera.
Araudia aldatzen da, jolas- eta kirol-jarduerak, «turismo aktiboari» lotuak, ezartzeko aukera emate aldera.
Planak dakarren aldaketa nagusia da. Helburu dauka jolas- eta kirol-jarduerak ezartzeko aukera ematea (via ferrata erakoak edo turismo aktiboari edo abenturakoari lotutako beste mota bateko jarduerak), hain zuzen ere egungo Plan bereziak halako erabilerak ezartzea baimentzen duen eremuetatik kanpo (hau da, Olazar eta Otietako aisialdi eta olgetarako guneetatik eta Otietako komunitate-ekipamenduko gunetik kanpo).
Ildo horretatik, «Baso eremuan» eta baso-masa autoktonoen babes-eremuan baimenduko dira halako jarduerak. Baimen hori emango da, baldin eta garatzen diren jarduerak bateragarriak badira eremuotako berezko ezaugarriekin eta izaerarekin, hau da: ez badute eragin kaltegarririk baso-masetan, eta ez bada aurreikusten lur-mugimendurik edo lursailen berezko orografiaren gaineko eraginik, ingurunean eragin negatiborik duenik. Jarduera horiek, halaber, zuzenean lotuta egon behar dute Otietako ekipamendu-eremuko instalazioetan eta eraikinetan garatzen diren erabilerekin. Ez da baimenik emango jarduera turistiko berrietarako eraikinak eta/edo aparkalekuak eraikitzeko.
Gainera, baso-masa autoktonoen babes-eremuei buruzko araudia aldatzen da. Egungo Plan bereziaren arabera, eremu hori 10 m-ko banda bat da, zuhaitzen edo zuhaitz-multzoen kanpoko mugan dauden zuhaitz-puntetatik edo zuhaitz-multzoetatik hasten dena, edo, zuhaitzak ez diren bestelako landaredien kasuan, eraginpeko eremuaren kanpoko mugatik hasten dena. Planaren aldaketaren ondorioz, 10 m-ko banda hori desagertzen da, eta zuhaiztien eremuetara mugatzen da babesa.
Gehieneko lerrokaduraren aldaketa, Leitzarango Bisitarien Etxearen eraikina handitzeko.
Planaren bitartez, baimena ematen da etxe hori zabaltzeko, zabalera 3 m-tik 5 m-ra handituz.
Bestelako aldaketak.
Nekazaritza- eta abeltzaintza-eremuak antolatzeko kategoriak Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialera egokitzen dira, eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari eta Donostiako Lurralde Plan Partzialari buruzko arau-erreferentziak eguneratzen dira.
Gainera, bazter uzten dira lehengo Erreka amuarrain-mintegiko instalazioak ingurumen aldetik berroneratzeko erreferentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko leheneratu baitu eremu hori.
B.– Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende dauden proiektuei baimena emateko. Aitzitik, Planak ingurumen-balio nabaria duen eremu bat babesteko eta kontserbatzeko baldintzak ezartzen ditu.
b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan: bateragarria da lurraldeko eta sektoreko beste plan konkurrente batzuekin.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren zehaztapenek eremuko ingurumen-balio bereziak babestu eta kontserbatzen dituzte; hortaz, ingurumen-alderdiak egoki integratuta daude, bereziki garapen jasangarria sustatze aldera.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: ez da aurkitu Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere eraginpeko eremuan gauzatzen diren esku-hartze eta jarduerek Plana erregulatzen duen araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta, besteak beste, natura, ingurumena eta paisaia babesteko eta kontserbatzeko arloan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira. Alde horretatik, Planak ezartzen duenez, proiektu edo erabilerek, onartuak izango badira, baldintza hauek bete behar dituzte:
– Bateragarriak izan behar dute eremuetako berezko ezaugarriekin eta izaerarekin, hau da: ez dute eragin kaltegarririk izan behar baso-masetan, eta ez dute sorrarazi behar lur-mugimendurik edo lursailen berezko orografiaren gaineko eraginik, ingurunean eragin negatiborik duenik.
– KBE Kontserbazio Bereziko Eremuan nabarmen eragin dezakeen edozein proiektu behar bezala ebaluatu beharko da.
– KBEren eremuan edozein jarduera gauzatzeko, eremuko organo kudeatzailearen baimena beharko da, bai eta kasuan-kasu beharrezkoak izan daitezkeen gainerako baimen sektorialak ere.
– Hauek izango dira baimendutako erabilera bakarrak: urriaren 16ko 215/2012 Dekretuan bildutako erabilera eta jarduerei –orokor nahiz partikularrei– buruzko gidalerro eta erregulazioetan zehazten direnak. Dekretu horren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu ziren eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuario, eta haiek kontserbatzeko neurriak onartu ziren.
e) Plana egokitzat jotzen da erkidegoko edo nazio-mailako legedia ezartzeko, egungo Plan bereziaren kontserbazio- eta babes-helburu nagusiak biltzen baititu, eta, besteak beste, honako hauek:
– Eremuaren balio naturalak babestu eta leheneratzea.
– Eremuaren landa-ezaugarriak zaindu, leheneratu eta sustatzea.
– Narriatutako errealitateak zuzendu edo ezabatzea.
– Eraikinak eta babestutako elementuak zaintzea.
2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Planaren eremua partez bat dator babestutako bi naturgune hauekin:
– Leitzaran ibaia (ES2120013) Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE). Hala izendatu zen urriaren 16ko 215/2012 Dekretuaren bidez, eta haren araudia martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan jasotzen da.
– Leitzaran ibaiaren biotopo babestua, irailaren 29ko 416/1995 Dekretuaren bidez hala izendatua. Eremuak puntualki bat egiten du harekin, hegoaldeko muturrean, eta partez bat egiten du hura babesteko eremu periferikoarekin.
Bestalde, Leitzaran ibaia «Interes bereziko gunea» da mehatxatutako bi espezierentzat, zeinek Gipuzkoan onartutako kudeaketa-plana baitute: bisoi europarra eta Pirinioetako desmana. Gainera, faunaren ikuspegitik, interes handiko eremua da ibai-inguruneari lotutako espezieentzat; nabarmentzekoa da, alde horretatik, ur-zozoek eta martin arrantzaleek, KBEko funtsezko elementuak eurak, habiak egiten dituztela eremu horretan.
Turismo aktiboko jarduerak ezartzeak eragina izan dezake Leitzaran ibaiaren ertzeko basoan edo beste baso-masa batzuetan, edo ibai-inguruneari lotutako beste fauna-espezie batzuetan.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Hauek izango dira baimendutako erabilera bakarrak: EAEko ibai eta estuario guztietarako gidalerro, erregulazio eta jarduketetan zehaztutakoak, eta urriaren 16ko 215/2012 Dekretuan bildutako helburu eta jarduketa partikularrak. Dekretu horren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu ziren eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuario, eta haiek kontserbatzeko neurriak onartu ziren.
– KBEren organo kudeatzaileak onartu beharko ditu Leitzaran Landa Parkearen eremuan gauzatu litezkeen turismo aktiboko jarduerak.
– Garatzen diren jarduerek bateragarriak izan behar dute eremuotako berezko ezaugarriekin eta izaerarekin, hau da: ez dute eragin kaltegarririk izan behar baso-masetan, eta ez dute sorrarazi behar lur-mugimendurik edo lursailen berezko orografiaren gaineko eraginik, ingurunean eragin negatiborik duenik.
– Via ferrata egokitzeko lanak ez dira bat etorriko ur-zozoek eta martin arrantzaleek habiak egiten dituzten sasoiarekin, bi espezieak Leitzaran ibaia KBEko funtsezko elementuak baitira.
– Idazten diren proiektuetan, baldin eta bisoi europarraren Interes Bereziko Eremuei eragiten badiete, espezie horrentzat onartutako Kudeaketa Planean ezarritako jarraibideak jaso beharko dira, eta, besteak beste, honako hauek: ibaiertzak landareztatzea habitat horretako berezko espezieak erabiliz, eta bisoiaren ugalketa-sasoian, apiril eta abuztu artean, jarduerak mugatzea; areago, jardueretarako debekualdiak ere ezarri ahal izango dira.
– Halaber, irailaren 29ko 416/1995 Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Dekretu horren bidez, Leitzaran Ibaia Biotopo Babestua izendatzen da.
Neurri horiek nahiz ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritakoak Plan honetako hirigintza-arauen araudi partikularrean bildu beharko dira.
Hala, neurri horiek hartuta, ez dirudi eragin nabarmena jasango dutenik ES2120013 Leitzaran ibaia KBEko eta biotopo babestuko espezieek, habitatek edo kontserbazio-helburuek, ez zuzenean, ez zeharka, betiere ziurtatzen bada aipatutako arauak beteko direla.
Bigarrena.– Aintzat hartuta txosten honetako aurreko ataletan adierazitakoa eta espedientean jasotako txostenak, eta, zehazki, kontuan hartuta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideak, ondorioztatzen da ezen, ingurumen-dokumentuan bildutako babes-neurrien eta neurri zuzentzaileen multzoak, txosten honetako aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezarritakoek murrizten dituztela ingurumen-eragin kaltegarriak, honako plan honen aldaketak izan litzakeenak: Andoaingo N.U.02 Leitzarango Landa Parkea eremuko Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketak. Hori dela eta, ez da aurreikusten aldaketa horrek eragin negatibo esanguratsurik izango duenik ingurumenean; beraz, ez da beharrezkotzat jotzen planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Andoaingo Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.