EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017015

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 22koa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariarena, 2018. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-12-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201800334
Maila: Ebazpena
Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Trafikoari, Motordun ibilgailuen zirkulazioari eta Bide segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan azaltzen denez, trafiko arloko agintaritzari eratxiki zaio trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, zirkulazio segurua eta arina bermatzeko beharrezkoa denean. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, besteak beste, 37 eta 39. artikuluetan neurri horietako batzuk zehazten ditu eta horiek hartzeko prozedura arautzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea, arau hauek ezartzen dutenaren arabera: urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoari trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko estatu-legeriaren betearazpena transferitzen dionak, bere eranskinaren B.1.g) atalean; eta apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, 17.3 d) artikuluan.
Ebazpen honen bidez trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri nahi dira, hainbat ibilgailu edo ibilgailu-multzotarako, bide-segurtasunari, mugikortasunari eta zirkulazioaren arintasunari eragiten dioten egun zehatzetan. Egun horiek aukeratu dira hainbat faktore kontuan hartuz, esaterako EAEko jaiegunen egutegia, asteburuak, oporren hasierako edo amaierako aldiak, zubiak edo zirkulazioaren gainean eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zirkulazio-murrizketak.
2018. urterako EAEn, hemen zerrendatzen diren zirkulazio-murrizketak ezarri dira:
1.– Kirol-probak, txirrindularien lasterketak eta bestelako ekitaldiak.
Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak 55. artikuluan eta II. eranskinean xedatzen duenaren arabera, Trafikoko Lurralde arduradunek ez dute inolako kirol-probarik edo bestelako ekitaldirik baimenduko (lehiaketa izan ala ez izan), ezta horien aldeko txostenik emango ere, baldin eta kirol-proba edo ekitaldi horiek egiteko, ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan, hiriarteko bide publikoetan, galtzadak eta bazterbideak bete behar badituzte.
Salbuespen gisa, baimendu ahal izango dira nazioarte mailakoak eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (TNB) edo nazioz gaindiko antzeko erakundeek antolatzen dituztenak; era berean, baimendu ahal izango dira bi baldintza hauek betetzen dituztenak: irteerako edo itzulerako operazioengatik ibilgailu-intentsitate handia duten bideei ez eragitea eta, probara bertaratzeko nahiko agente egotea.
2.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.
2.1.– Salgai Arriskutsuen Errepidezko Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera, arriskuaz ohartarazteko arauzko panel laranjak eduki behar dituzten ibilgailuek zirkulatzea debekatuta dago EAEko bide publiko guztietan, zirkulazioaren edozein noranzkotan, ondoko egun eta orduetan:
– Igande eta jai-egunetan 08:00etatik 24:00etara.
– Jai-egunen bezperetan, larunbatak ez badira, 16:00etatik 24:00etara.
Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuei, 7.500 kg-tik gorako BGM badute, atal honetan ezarritako murrizketez gain, ebazpen honetan hirugarren murrizketaren barruan jasotzen direnak ere aplikatuko zaizkie, hau da, salgaiak garraiatzen dituzten eta 7.500 kg-tik gorako BGM duten ibilgailuei dagozkienak.
2.2.– Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbu daude ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, bertan xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Aurreko puntuan ezarritako debekuak ez dira aplikatuko salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten denean, eta salbuespenaren arrazoia zama mota, kopuru edo garraio mota direnean.
2.3.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak, Espainiar lurraldeko errepideetan zehar salgai arriskutsuen garraioak arautzen dituenak, 5. artikuluan ezartzen duenaren arabera eta Salgai Arriskutsuen Errepidezko Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, ondoko ibilbide hauek erabili beharko dituzte:
a) Banaketarako joan-etorriak: salgai arriskutsuak erabiltzaileei edo kontsumitzaileei banatzeko egiten diren joan-etorrietan, ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari zein trafikoaren arintasunari begira. Errepide arruntetan zehar ahalik eta distantziarik laburrena egingo da salgaia eman behar den lekuraino.
Biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, nahitaez erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zama-lanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak emateko lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.
b) Bestelako joan-etorriak: joan-etorriaren jatorria eta helmuga Salgai Arriskutsuen Ibilbideen Sarearen –SAIS– barruan badaude (ebazpen honen V. eranskinean dago), salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek nahitaez erabili beharko dituzte euren ibilbidean.
Joan-etorriaren jatorria edo helmuga (edo biak) SAISetik kanpo badaude, sare horretan hurbilen dagoen sarreratik sartzen uzten duten errepide arruntetatik egin beharko dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan egiten den ibilbidea ahalik eta laburrena izatea bermatze aldera. Arrazoi berbera dela bide, salgaien helmugatik hurbilen dagoen irteera erabiliko da SAISetik irteteko.
SAISetik kanpo dauden ibilbide-zatietan, ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari zein trafikoaren arintasunari begira, eta biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, nahitaez erabili beharko dira. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zama-lanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak eman behar diren lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.
Hemen aipatu diren bideez bestelakoetan ibiltzeko, baimen berezia beharko da, ebazpen honen 3. atalean xedatutakoarekin bat etorriz emango dena.
SAISetik irten daiteke gidariaren ohiko bizilekura edo handik egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko edo egitetik, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzeko lanetarako, edo garraio-enpresa dagoen lekura sartzeko, betiere ADRn zehaztutako aparkatze-baldintzak betetzen badira. SAIS uzten den kasu hauetan, gidariaren helmuga den tokitik hurbilen dagoen irteeratik irtengo da.
2.4.– Aurreko puntuan xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta, zama mota, kopuru edo garraio mota dela-eta, salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten bada.
3.– Salgaien garraiorako ibilgailuak, haien baimendutako gehieneko masa (BGM) edo ibilgailu-taldearen baimendutako gehieneko masa (ITBGM) 7.500 kg.tik gorakoa denean.
3.1.– Debekatuta dago 7.500 kg baino gehiagoko BGMko ibilgailuek zirkulatzea, EAEko bide publikoetan, II. eranskinean jasotzen diren egun eta orduetan.
3.2.– Aurreko debekua ez zaio aplikatuko ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioari.
4.– Zirkulazio baimen osagarria behar duten ibilgailuak (euren ezaugarri teknikoengatik edo garraiatzen duten zamaren ezaugarriengatik) eta zirkulazio baimen osagarria behar ez duten ibilgailu bereziak.
4.1.– Debekaturik izango dute bide publikoetatik zirkulatzea, ondoren adieraziko diren egun eta orduetan, zirkulatzeko baimen osagarria behar duten ibilgailuek, ezaugarri teknikoak edo garraiatutako zama direla-eta, legez ezarritako gehieneko masak edo neurriak gainditzeagatik (abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikulua):
– Igandeetan eta EAE osoan jai diren egunetan: 00:00etatik 24:00etara.
– Larunbatetan eta EAE osoan jai diren egunen bezperetan: 13:00etatik 24:00etara.
4.2.– Obra eta zerbitzuetako edo nekazaritza-makineriako ibilgailu bereziei, zirkulazio baimen osagarria izanda edo izan gabe, ebazpen honen II. eranskinean jasotako murrizketak aplikatuko zaizkie.
4.3.– Hala ere, murrizketok ez zaizkie aplikatuko IV. eranskinean aipatzen diren gaiak garraiatzen edo eginkizunak burutzen dituzten ibilgailuei.
5.– Murrizketa osagarriak.
5.1.– Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ezustekoen kasuan edo aparteko gorabeherak izan direnean, zirkulazioa seguruagoa edo arinagoa izan dadin beharrezkoa denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketok behar den denbora guztirako, eta, horretarako, beharrezko erabakiak hartuko dituzte.
5.2.– Gainera, aurkako meteorologia fenomenoak gertatzen direnenean (elurra, izotza, ikuspen eskasa behe-lainoa dela-eta, edo haize bortitza...) 3.500 kilo baino gehiagoko BGM duten kamioiak, autobusak, autobus artikulatuak eta ibilgailu-taldeak bideko eskuineko erreitik joan behar dira nahitaez. Ezin izango dituzte aurreratu ezta aurrea hartu ere abiadura txikiagoan zirkulatzen duten ibilgailuak, aurreko paragrafoan aipatutako 37. eta 39. artikuluetan adierazitakoaren arabera.
Bigarrena.– Salbuespenak.
Zerbitzu bat nahitaez egin beharra dagoela behar bezala justifikatuta dagoenean, aldi baterako edo bidaia bakarra egiteko baimen bereziak eman ahal izango dira, ebazpen honetan murriztutako egunetan eta aldietan zirkulatzeko, Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluak xedatutakoaren arabera.
Baimen berezi horietan matrikula, ibilgailuaren ezaugarri nagusiak, garraiatutako salgaia, eragindako bideak eta garraioaren baldintzak agertuko dira.
Hirugarrena.– Baimen bereziak.
Trafikoko lurralde-bulegoetako arduradunei dagokie, Trafikoko zuzendariak eskuordeturik, lehenengo eta bigarren xedapenetan aurreikusitako baimen bereziak ematearekin zerikusia duten ahalmenez baliatzea.
Laugarrena.– Zehapenak eta kautelazko neurriak.
Ebazpen honetan dauden neurri arautzaileak ez betetzea zehatu egingo da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.
Era berean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen diren agenteek ibilgailua nahitaez ibilgetzeko neurri osagarria ezar dezakete, zirkulazioa arriskutsua denean edo zirkulazioari oztopo larriak sortzen badizkio. Gainera, beharrezkoa balitz errepidetik kendu edota gordailuan utziko dute, debekua amaitu arte edo berriz abiatzeko baimena eman arte, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren arabera.
Bosgarrena.– Zirkulazioaren murrizketak kentzea.
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak 1. ataleko hirugarren murrizketaren barruan jasota dauden ibilgailuen zirkulazioa baimendu dezake, ebazpen honetan ezarritako murrizketei dagozkien denboraldietan. Neurri hori salbuespenez hartuko da, zirkulazioaren baldintzak aintzakotzat hartuta, eta, ondorioz, jarraibide egokiak emango zaizkio Ertzaintzari.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta indarraldia.
Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi egun baliodunetara jarriko da indarrean eta 2018. urte osoko indarraldia izango du. Dena den, indarraldia luzatuko da 2019. urterako trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarriko dituen ebazpena indarrean sartu arte, I. eta II. eranskinetako data zehatzei dagozkien murrizketak izan ezik.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 22a.
Trafikoko zuzendaria,
SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.
I. ERANSKINA
KIROL PROBAK, TXIRRINDULARIEN LASTERKETAK ETA BESTELAKO EKITALDIAK
Hauteskunde-prozesuak, erreferendumak, plebiszituak edo bestelako herri-kontsultak dauden egunetan, 00:00etatik 24:00etara, eta egun hauetan:
Urtarrilaren 5a: 00:00etatik 24:00etara.
Urtarrilaren 6a: 15:00etatik 24:00etara.
Martxoaren 28a: 15:00etatik 24:00etara.
Martxoaren 29a: 00:00etatik 15:00etara.
Apirilaren 2a: 00:00etatik 24:00etara.
Apirilaren 27a: 15:00etatik 24:00etara.
Apirilaren 28a: 00:00etatik 15:00etara.
Maiatzaren 1a: 15:00etatik 24:00etara.
Maiatzaren 8a: 00:00etatik 24:00etara. (Gipuzkoan bakarrik).
Maiatzaren 10a: 00:00etatik 24:00etara. (Gipuzkoan bakarrik).
Ekainaren 30a: 15:00etatik 24:00etara.
Uztailaren 1a: 00:00etatik 15:00etara.
Uztailaren 20a: 15:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan).
Uztailaren 21a: 00:00etatik 15:00etara. (Araban eta Gipuzkoan).
Uztailaren 22a: 00:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan).
Uztailaren 27a: 15:00etatik 24:00etara.
Uztailaren 28a: 00:00etatik 15:00etara.
Uztailaren 31: 00:00etatik 24:00etara.
Abuztuaren 1a: 00:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan).
Abuztuaren 15a: 00:00etatik 24:00etara.
Abuztuaren 17a: 00:00etatik 24:00etara. (Gipuzkoan bakarrik).
Abuztuaren 18a: 00:00etatik 24:00etara. (Gipuzkoan bakarrik).
Abuztuaren 19a: 15:00etatik 24:00etara. (Gipuzkoan bakarrik).
Abuztuaren 24a: 15:00etatik 24:00etara.
Abuztuaren 25a: 00:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan).
Abuztuaren 26a: 00:00etatik 24:00etara. (Araban eta Gipuzkoan).
Abuztuaren 26a: 15:00etatik 24:00etara. (Bizkaian bakarrik).
Abuztuaren 31: 00:00etatik 24:00etara.
Irailaren 1a: 00:00etatik 24:00etara. (Araban bakarrik).
Irailaren 2a: 00:00etatik 24:00etara. (Araban bakarrik).
Urriaren 11: 15:00etatik 24:00etara.
Urriaren 12a: 00:00etatik 15:00etara.
Urriaren 14a: 15:00etatik 24:00etara.
Urriaren 31: 15:00etatik 24:00etara.
Azaroaren 1a: 00:00etatik 15:00etara.
Azaroaren 4a: 15:00etatik 24:00etara.
Abenduaren 5a: 15:00etatik 24:00etara.
Abenduaren 6a: 00:00etatik 15:00etara.
Abenduaren 9a: 15:00etatik 24:00etara
Abenduaren 24a: 00:00etatik 24:00etara.
Abenduaren 25a: 00:00etatik 24:00etara.
Abenduaren 31: 00:00etatik 24:00etara.
2019ko urtarrilaren 1a: 00:00etatik 24:00etara.