EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018015

EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 9koa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez DBA Bilbao Port SL enpresari administrazio-baimena ematen baitzaio erregai likidoak eta produktu kimikoak biltegiratzeko instalazio baterako (Zierbenako udal-mugartea, Bilboko Portua, 3, Sollana lurmuturra).

Xedapenaren data: 2018-01-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201800327
Maila: Ebazpena
Erreferentzia-zenbakia: CL-E-2017/01.
Joaquín García Molina jaunak (NAN: 76441581T), DBA Bilbao Port SL enpresaren izenean eta hura ordezkatuz, administrazio-baimen baterako eskabidea aurkeztu zuen, petrolio-produktu likidoak eta produktu kimikoak biltegiratzeko instalazio bat eraikitzeko Zierbenako udal-mugartean (Bilboko Portua, 3, Sollana lurmuturra).
AURREKARIAK
1.– Eskabide hori 2017ko azaroaren 15ean aurkeztu zen, eta horrekin batera, industriaren eta segurtasunaren arloko araudia betetzearen dokumentazioa aurkeztu zen. Halaber erantsi zen Ingurumeneko sailburuordearen maiatzaren 10eko Ebazpena, biodiesela ekoizteko jarduerarako ingurumen-baimen integratua aldatu eta gauzatzen duena. Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko urriaren 16ko Ebazpena ere erantsi zen; ebazpen horren bidez, Zierbenako udalerriko instalazioetan biodiesela ekoizteko jarduerarako ingurumen-baimen integratuaren prozedurari amaiera ematea erabaki zen, Biocombustibles de Zierbena SA enpresak eskatuta (gaur egun, DBA Bilbao Port SL da titularra). Egokitzapen-obrak egiteko Zierbenako Udalak emandako hirigintza-lizentzia ere erantsi zen.
2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko urriaren 16ko Ebazpenean, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratuaren prozedurari amaiera ematea erabaki baitzen Biocombustibles de Zierbena SA enpresak eskatuta (gaur egun, DBA Bilbao Port SL da titularra), azkenbigarren kontuan-hartuzkoan ezarrita geratu zen ezen, nahiz eta DBA Bilbao Port SL enpresak utzi egin dion biodiesela ekoizteko jarduerari, bere instalazioetan ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean sartutako jarduera bat egiten jarraitzen duela.
3.– 2017ko azaroaren 23an, lurralde-ordezkaritza honek idazki bat bidali zion DBA Bilbao Port SL enpresari, dokumentu batzuk eskatzeko, espedientearen tramitazioan zerbait argitze aldera, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
4.– 2017ko abenduaren 11n, Ignacio Jesús Martinez de Lejarza Fernández jaunak, DBA Bilbao Port SL enpresaren administratzaile solidario gisa, dokumentazio hau aurkeztu zuen:
a) Petrolio-produktuak eta produktu kimikoak biltegiratzeko instalazio bat eraikitzeko proiektua, Tresca Ingeniería SAk izenpetua eta Francisco Carro de Lorenzo industria-ingeniari teknikoak sinatua, 2017-10-25ean, haren erantzukizunpeko adierazpenaren arabera (2017-10-25).
b) Biltegiratze-instalazioaren xedearen egiaztapena: petrolio-produktuen handizkako operadoreei zerbitzu ematea, Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionalaren zerrendaren arabera (2017ko abenduaren 4an emana); hain zuzen ere, Ancais SL eta Elcano Energía SL enpresei (Grupo Hafesakoak, DBA Bilbao Port SL enpresa bezala), petrolio-produktuen beste operadore batzuen artean horiek izango baitira baimen honen xede diren instalazioen erabiltzaileak eta gordailugileak.
c) Petrolio-produktuak eta produktu kimikoak biltegiratzeko instalaziorako baimenaren eskatzailearen egiaztapena: Ignacio Jesus Martinez de Lejarza Fernández jauna, DBA Bilbao Port. enpresaren ordezkari eta administratzaile solidario gisa, Bilboko notario Carlos Ramos Villanueva jaunaren eskrituraren arabera (77. zk., 2017-01-05), zeinak Joaquín García Molina jauna ordezkatzen baitu.
5.– Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, egiaztatuta geratu da administrazio-baimen honen xede den petrolio-produktuak eta produktu kimikoak biltegiratzeko instalazioa ezarriko den partzelaren kokapena: Sollana instalazioa, Zierbena (Bizkaia), Bilboko portua, 3. zk.; UTM koordenatuen arabera, X: 492898 m e Y: 4800536 m; alboetako azpiegiturak: Ekialdea: urbanizatu gabeko lurra; Iparraldea: portuko barne bidea, partzelara sartzeko; Hegoaldea: Toro y Betolaza enpresa, eta Mendebaldea: portuko barne bidea, partzelara sartzeko.
Ebazpen honen oinarri diren
OINARRI JURIDIKOAK
1.– 34/1998 Legea, urriaren 7koa, Hidrokarburoen Sektoreari buruzkoa (BOE, 1998.10.08); lege horren 40. artikuluan ezartzen denez, petrolio-produktuak biltegiratzeko instalazioen eraikuntza eta ustiapena, baldin eta helburu operadoreei zerbitzua ematea badute, administrazio-baimena lortu beharko da aldez aurretik.
2.– 379/2001 Errege Dekretua, apirilaren 6koa, produktu kimikoak biltegiratzeko erregelamendua eta horren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena (BOE, 2001.05.10), otsailaren 5eko 105/2010 Errege Dekretuaz aldatua (BOE, 2010.03.18), eta, zehazki, MIE-APQ 1 Jarraibide Tekniko Osagarria («Likido Sukoien eta Erregaien Biltegiratzea»), tramitazioak, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta instalazioen baldintza teknikoak ezartzen dituztenak.
3.– 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa (EHAA, 1998.03.27); 48. artikuluan ezartzen duenez, lege horren I. eranskinaren B idatzi-zatiko proiektuei ebaluazio-prozedura indibidualizatu bat ezarriko zaie, eta horren amaieran, ingurumen-inpaktuaren adierazpen bat egingo da. Adierazpen hori Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen Sailburuordetzaren maiatzaren 2ko Ebazpenaren bidez eman zena; ebazpen horretan, aldeko irizpena eman zen, eta bete beharreko baldintza batzuk ezarri ziren (ebazpenean bertan azaltzen dira).
4.– Espedientea tramitatzerakoan, egiaztatuta geratu da bete egiten direla aipatu legedian agintzen diren betebehar eta baldintza guztiak.
5.– Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskumena duen organoa, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (EHAA, 2006-12-26), Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin lotuta (EHAA, 2017-04-21).
Aipatutako legeak eta orokorrean aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
DBA Bilbao Port SL enpresari baimena ematea Zierbenako portuan duen bioerregaien instalazioa egokitzeko, petrolio-produktuak eta produktu kimikoak biltegiratzeko instalazioak eraiki eta ezarri ahal izateko, kokapen berean, eta produktuen karga eta deskargarako lurpeko konexio-hoditeriak instalatzeko, portuan dagoen ponpatze-ekipoarekin, Zierbenako udal-mugartean (Sollana lurmuturrean). Hauek dira ezaugarri nagusiak:
● Produktu sukoiak eta erregaiak biltegiratzeko ahalmena: 54.850 m
● Produktu korrosiboak biltegiratzeko ahalmena: 200 m
● Biltegiratutako produktuak: produktu kimikoak eta hidrokarburo likidoak.
● Itsasontzien kargategiak: biltegiratze-parketik kanpora; elikatze-ildo bikoitz batez batzen da biltegiratze-parkearekin.
● Produktuen irteera: zisterna-kamioien kargalekua.
● Erregaien ponpatze-estazioa: bi ponpa ditu, eta erreserba uzten da hirugarren baterako, ontzi-aldaketarako eta produktuak banatzeko.
● Erregaien barne ildoak: ponpatze-estazioa tanga bakoitzarekin lotzen dute.
Baimena hau baldintza hauek kontuan hartuta ematen da:
A.– Baimentzen diren instalazioak «Bilboko Portuan, Zierbenan (Bizkaia), Bioerregaien instalazioa Produktu Kimikoak Biltegiratzeko instalazio baterako egokitzeko Proiektua»ren edukia eta irizpide, arau eta erregelamenduak betez egin beharko dira. Proiektu hori 2017ko urriaren 25ekoa da, eta industria-ingeniari tekniko Francisco Carro de Lorenzo jaunak izenpetu du, Leongo Industria adarreko Ingeniari Graduatuen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialean 1219 elkargokide-zenbakia duena eta 2017-12-28an VD1702217 zenbakiarekin oniritzia emandakoa.
B.– Halaber, instalazioen eraikuntzan Zierbenako Udalak ezarritako baldintzak bete beharko dira, Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko abenduaren 16an egindako ohiko bilkuran hartutako Erabakiaren jakinarazpenaren arabera (eskaera: 2016ko azaroak 27. Espedientea: LO-2016-175), bai eta Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko urriaren 16ko Ebazpena ere.
C.– Baimena eskuratzeak ez du salbuesten eskatzailea lanak egiteko behar dituen udal- eta probintzia-baimen eta lizentziak eta lanak egiteko behar dituen gainerako baimen eta lizentziak eskuratzeko betebeharretik, eta ez du salbuesten haiek eskuratzeko obligaziotik.
D.– Instalazioak urtebete igaro baino lehen jarri beharko dira martxan, baimen hau azkeneko aldiz argitaratzen den egunetik aurrera.
E.– Instalazioak martxan jartzeko, dagozkion obra-zuzendaritzako eta egindako proben ziurtagiriak aurkeztu beharko dira Lurralde Bulegoan, bai eta instalatutako ekipoen eta tangen fabrikazio-ziurtagiria eta proben ziurtagiriak ere.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.
Bilbao, 2018ko urtarrilaren 9a.
Bizkaiko lurralde-ordezkaria,
ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.