EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2018014

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2018ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVII. edizioaren deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2018-01-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201800288
Maila: Agindua
Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak emandako definizioaren arabera, eskolako kirola da eskola-umeek nahitaezko eskola-aldian baina eskola-orduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera.
Legearen II. tituluak xedatzen duenez, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eskumena da eskolako kirolaren oinarriak eta printzipio orokorrak finkatzea, bai eta kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzekoa ere. Bertako 45. artikuluak dioenez, bestalde, autonomia mailako lehiaketa ofizialak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea Eusko Jaurlaritzaren zeregina da.
Testuinguru horretan, beharrezkoa da agindu baten bidez Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVII. edizioaren deialdia egitea, Eskolarteko Jokoetan sortzen diren gorabeherei soluziobidea bilatzeko.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVII. edizioan gutxienez hiru lurralde historikoetatik bitan, eskola-kirolaren programen barruan, lurralde-mailako lehiaketa izaten duten kirol modalitate guztiak deituko dira. Lurralde bakoitzetik gutxieneko partaidetza 6 kirolari edo taldekoa izango da.
Kirol modalitateren batean Eusko Jaurlaritzak aurrez baimenik eman badu 2017-2018 ikasturtean zehar eskola-lizentzia duen autonomia mailako lehiaketaren bat egiteko, lehiaketa hori ez da Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan sartuko.
2. artikulua.– 2018ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Historikoetako kirolariek, teknikariek eta talde eta/edo selekzio ordezkariek parte hartuko dute.
3. artikulua.– Kirolariek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Hiru Foru Aldundietako batek emandako eskola-lizentzia izatea.
b) Ordezkatzen duten ikastetxe edo klubean inskribatuta egotea. Selekzioak onartzen dituzten kirol modalitateetan, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak onartutako araudi teknikoan ezartzen diren irizpide espezifikoak erabiliko dira selekzio horiek osatzeko.
c) Kirolariek ikasturtean zehar Foru Aldundien eskola-kiroleko programetan izandako baldintza beretan parte hartuko dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek erabakitako parte hartzeko irizpideak errespetatu beharko dituzte.
d) Kirol Joko hauetan parte hartzen duten kirolariek 11 urte beteak izan behar dituzte, eta 14 urte gehienez, Jokoak egiten diren urtean.
Oro har, parte hartzeko kategoria haur-kategoria deritzona izango da (2004an eta 2005ean jaiotako eskola-umeak).
2.– Salbuespenez, beste adin batzuetako kirolarien parte hartzea ere onartuko da, betiere gorabehera hori dagokion modalitatearen araudi teknikoan jasotzen bada (kimu-kategoria, 2006 eta 2007 urteetan jaiotako kirolariak).
3.– Edozein eskola-ume kirolarik aukera izango du kirol modalitate batean baino gehiagotan batera parte hartzeko. Aldi berean bi lehiaketatan parte hartzea suertatzen bazaio, baten edo bestearen artean aukeratu beharko du.
4. artikulua.– 1.– 2018ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVII. edizioa Gipuzkoako Lurralde Historikoan jokatuko da, batik bat, Arrasaten. Errendimenduari ekiteko ibilbideko futbol txapelketako partida batzuk bakarrik jokatuko dira lurralde horretatik at (kimu-kategoriako bigarren urtekoak Araban eta haur-kategoriako bigarren urtekoak Bizkaian).
2.– Deialdiko neguko modalitate bakarra, Krosa, 2017ko martxoaren 11ean ospatuko da. Judoa apirilaren 22an ospatuko da eta eskubaloi txapelketaren lehen itzulia maiatzaren 5 eta 6an. Beste lehiaketa guztiak bi asteburutan jarraian, 2018ko maiatzaren 26 eta 27an eta ekainaren 2 eta 3an. Kirol modalitate bakoitzaren behin betiko programa gutxienez 15 egun aurretik jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen Sailak hiru foru aldundiei eta inplikatutako euskal kirol federazioei.
5. artikulua.– Foru aldundiek Jokoak hasi baino 4 egun lehenago aurkeztu behar dituzte beren lurralde historikoetako inskripzioak Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan.
6. artikulua.– Lehiaketak hasi baino lehen, kirolari bakoitzak bere 2017-2018 ikasturteko eskolako kirol-lizentzia aurkeztu beharko du, tokian tokiko foru aldundiak emana, eta foru aldundiak Eusko Jaurlaritzari bidalitako parte hartzaileen zerrendan agertu behar du.
7. artikulua.– Kirol modalitate bakoitzaren garapena Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak hiru Foru Aldundiekin batera adostutako araudi teknikoan jasota egongo da, eta dagozkion ondorioetarako halaxe zabalduko da, parte hartzaileek, behin inskribatuz gero, hari men egin beharko diotelarik.
8. artikulua.– Alderdi teknikoari dagokionez, euskal kirol federazioak izango dira kirol modalitate bakoitzak egoki funtzionatzeko beharrezkoa den laguntza emango dutenak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ikuskatuta eta ontzat emanda.
Hona laguntza teknikotzat zer ulertzen den: jardueraren inguruko alderdi tekniko guztiak zuzendu, koordinatu eta haiek jarraipena egiteko behar diren egiteko guztiak bete.
Halaber, lehiaketen aktak egingo dituzte. Akta horiek ekintzaren bukaeran sinatu beharko dituzte lehiatu diren taldeetako teknikariek, ordezkariek eta kapitainek.
9. artikulua.– Lehiaketak jokatzen diren instalazioetan beti egongo dira, lehiaketak irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren ordezkari bat eta instalazioan jokatutako kirol horren federazioko kide bat.
10. artikulua.– 1.– Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak izendatuko du Eskolarteko Kirol Jokoetarako epaile bakarra, eta beraren funtzioak hauek izango dira:
a) Parte hartzaileen gaineko diziplina-ahalmena erabiltzea. Lehiaketan epaileek izandako jokamoldeari buruzko erreklamazioak ebatziko ditu.
b) Diziplinakoak ez diren erreklamazio guztiak ebatziko ditu.
2.– Behin kirol jardunaldia bukatu eta gero, epaile bakarrak bidezko ebazpena emango du eta bi ordu baino lehen jakinaraziko du, betiere Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari men eginez eta pertsona interesdun guztiei entzuteko aukera bermatuz.
11. artikulua.– Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira. Horretarako, inprimaki-eredu bat jarriko da pertsona interesdunen esku Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXVII. edizioaren Idazkaritza Teknikoan, nahiz eta bestelako idazkirik ere onartuko den, baldin eta ebazteko ezinbestekoak diren elementuak baditu.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 10a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.