EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2017013

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 19koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinaren bidez ematen baitira Hezkuntzako sailburuaren 2017ko ekainaren 30eko Aginduan araututako diru-laguntzak. Agindu horren bidez iragartzen da Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzen deialdia, 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-12-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201800266
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/07/26an argitaratutako 2017/06/30reko AGINDUA [201703769]

2017ko uztailaren 26an argitaratu zen Hezkuntzako sailburuaren 2017ko ekainaren 30eko Agindua, zeinaren bidez iragartzen baita Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzen deialdia, 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.
Agindu horren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta jarduera guztietan diru-laguntzak emateko eta kudeatzeko prozedura bete ostean, zeina oinarri arautzaileetan eta indarreko araudian ezarrita baitago, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, organo izapidegile gisa, eta espedientea eta aipatutako 12. artikuluaren arabera izendatutako Balorazio Batzordearen – kide anitzeko organoa – txostena ikusirik, Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi zion, hautaketa-prozesuaren ostean onartu ziren eskabide guztien artetik, diru-laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko ebazpen-proposamena, 2017ko urriaren 31ko aktan jasota dagoen modura.
Proposamena Lanbide Heziketako sailburuordeari helarazi eta gero, aipatutako aginduaren 13. artikuluan xedatzen den moduan, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio aurkeztutako eskabideei buruzko Ebazpena ematea eta erakunde interesdunei jakinaraztea, xede horretarako ezarritako bitarteko elektronikoak erabilita. Horretarako gehieneko epea sei hilabetekoa da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, honako hauek zehaztu behar dira: diru-laguntza emango zaien eskatzaileen zerrenda, diru-laguntzaren zenbatekoarekin batera, eta ezetsi egin diren eskabideak, ezesteko arrazoiak adierazita.
Adierazitakoagatik, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Diru-laguntzak ematea I. eranskinean ageri diren onuradunei, Hezkuntzako sailburuaren 2017ko ekainaren 30eko Aginduaren 10. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, eta Balorazio Batzordeak hala proposatuta, 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak garatzeko irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzeko. Zenbatekoak eranskinean zehazten dira.
2. artikulua.– Diru-laguntzak ukatzea II. eranskinean ageri diren onuradunei, Hezkuntzako sailburuaren 2017ko ekainaren 30eko Aginduaren 10. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, eta Balorazio Batzordeak hala proposatuta, 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak garatzeko irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzeko.
3. artikulua.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Gainerako baldintzetarako, kontuan hartuko da Hezkuntzako sailburuaren 2017ko ekainaren 30eko Aginduan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau interesdunei jakinarazten zaien egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 19a.
Lanbide Heziketako sailburuordea,
JORGE ARÉVALO TURRILLAS.