EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2017013

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko azaroaren 30eko bilkuran hartua Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzko txostena, 2016koa, behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-11-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201800261
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko azaroaren 30ean egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzko txostena, 2016koa, behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 30ean.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
UNIBASQ-EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATE AGENTZIA, 2016
Laburdurak.
1/2014 Legea: 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituena.
13/2012 Legea: 13/2018 Legea, ekainaren 28koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoa.
3/2004 Legea: 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal unibertsitate sistemari buruzkoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAEHONALTB: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
EAETB: 1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko aurrekontu araubidearen gaietan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartu eta EAEren Fundazio eta Partzuergoei ezargarria zaien aurrekontuko araubidea arautzen duena.
UPV/EHU: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
EUS: Euskal Unibertsitate Sistema.
II: Irakasleak eta ikertzaileak.
KBA: Kontrataziorako barne aginpideak.
SPKLTB : 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 1/1988 Legean eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onartutako Lanerako Planean ezarritakoari jarraikiz, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (aurrerantzean, Unibasq) 2016ko ekitaldiari dagozkion Urteko Kontuak fiskalizatu ditu.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: aurrekontu, langileria eta ondasun eta zerbitzu kontratuetan ezargarria den arautegia bete dela egiaztatzea.
– Kontularitzakoak: urteko kontuak ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datozela egiaztatzea. Unibasq auditatua izan da; honenbestez, gure lana auditoreen lan paperak berrikustera mugatu da eta hala behar izan denean, egoki iritzitako proba osagarriak egin ditugu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efikaziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi dela ere, azaleratutako hutsak «Barne kontrolerako sistemari eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea ebaluatu eta akreditatzeko Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publiko modura sortu zuen 3/2004 Legeak. Gerora, 13/2012 Legeak arautu zuen eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia izena hartu zuen. Unibertsitate-gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia dago, egun Hezkuntza Saila denari. Estatutuak 204/2013 Dekretu bidez apirilaren 16an onartu ziren.
Unibasq EAEko erakundeen entea da, izaera publikoa duena eta bere helburua, modu deszentralizatuan, eskumeneko dituen jarduerak gauzatzea da; horiek, nagusiki, zuzenbide pribatuak arautzen ditu. Helburua da:
– Euskal Unibertsitate Sistemaren esparruan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea.
– Goi mailako hezkuntzaren Europako eremuaren testuinguruan, EAEz kanpo ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko jardueretan jardun dezake, beste agentzia, unibertsitate edo hezkuntzako agintari batzuekin dagozkion erabakiak izenpetu ondoren.
– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako beste jarduera eta agente batzuen ebaluazioan esku hartu ahal izango du. Gainera, agentzia honek egiteko horiek berak EAEz kanpo bete ahal izango ditu ikerketaren Europako eremuaren testuinguruan, beste agentzia, unibertsitate edo hezkuntzako agintari batzuekin dagozkion erabakiak izenpetu ondoren.
– Kooperazio, lankidetza, ebaluazio, akreditazio eta ziurtatze prozesuetan aitortza eta informazio trukea erkidego, estatu edo atzerriko beste agentzia batzuekin, goi mailako hezkuntzan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko egitekoak eskuordetuak dituztenekin.
Unibasq-ek kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko jarduera honako programa hauen bitartez garatzen du:
Irakasle eta ikertzaileen ebaluazioa (II):
– Irakasle eta ikertzaileak akreditatzea Unibertsitateko Euskal Sistemako unibertsitate pribatuko lan kontratu eta irakasle-doktore plazetara sarbidea izateko.
– UPV/EHUko Irakasle eta ikertzaileak ebaluatzea erkidegoko ordainsari osagarriak eta ikerketako osagarriak (sei urtekoak) eskuratzeko.
– Ikerketa jarduerak ebaluatzea.
Titulazioak ebaluatzea:
– Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko tituluen proposamenak ebaluatu, Eusko Jaurlaritzak baimendu ahal izateko aldez aurreko txostena jaulkitzeko.
– Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko tituluak ezarri eta akreditazioak berritu izanaren jarraipena.
– Euskal Herriko ikastetxeetako goi mailako irakaskuntza artistikoen ebaluazioa.
– UPV/EHUko berezko tituluen proposamenen gaineko kanpoko ebaluazioa.
Erakunde mailako ebaluazioa:
– Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen kalitateko barne bermeen sistemak ebaluatu eta egiaztatzea.
– Unibertsitateei laguntza eman bere irakasleriaren irakaslana ebaluatzeko berezko prozedurak diseinatzeko.
Unibasq-ek ebaluazio, akreditazio eta ziurtatze egitekoak ebaluazio-batzordeen bitartez gauzatzen ditu. Zientzia eta teknikako atal hauek ospe handiko akademikoek osatzen dituzte eta, batzuetan, baita ikasleek eta profesional ospetsuek ere. Ebaluazioak egiteko Unibasq-en Aholku Batzordeak onartutako ebaluaziorako irizpide eta protokoloak baliatzen dira; batzordea Unibasq-eko zuzendariak eta unibertsitate edo ebaluazioaren esparruan ospe handiko diren 10 pertsonek osatzen dute.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Aldi baterako lau lan kontratazioak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bete izana bermatu gabe gauzatu dira.
Epaitegi honen ustetan, aurreko paragrafoan adierazitakoa alde batera, Unibasq-ek zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Unibasq-en 2016ko ekitaldiaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Langileria.
– Gobernu Kontseiluak 2015eko urriaren 14an izendatutako zuzendaritzaren ondokoa UPV/EHUko langilea da eta Unibasq-ek 61.500 euro ordaintzen dizkio 2009an izenpetutako hitzarmen baten indarrez. Zuzendaritzaren ondokoa kargu publikoen katalogoan barne hartu behar litzateke, 1/2014 Legea aplikagarri izan dakion (4. artikulua).
III.2.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
– Unibasq-en Kontrataziorako Barne Aginpideek, 2014an onartu zirenek, edukiaren atal handi batean Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legeari egiten diote erreferentzia, SPKLTBk 2011n indargabetu zutenari. Berebat, 2016an indarrean zeuden arautze harmonizatuari lotutako atalaseei dagokienez ez zaizkie kontratazio kopuruei egokitzen.
– Unibasq-ek 2016an bidaia zerbitzuak kontratatu ditu (hoteletan ostatu hartzea eta hegazkin-txartelak) guztira 61.050 euroren zenbatekoan (BEZa barne) esleipen zuzenaren moldea baliatuta; ordea, Kontrataziorako Barne Aginpideen 2.3 artikuluari jarraikiz, prozedura negoziatua, irekia edo murriztua baliatu behar zatekeen horretarako eta hautatutako prozedura zehatzaren berri Baldintza ekonomiko administratiboen Agirian eman.
– Unibasq-ek esleitzen dituen kontratuak EAEko Kontratuen Erregistroan jaso behar dira, EAEren sektore publikoko kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 52 eta 55 artikuluetan adierazitakoaren arabera. Alabaina, Unibasq-ek ez du datuak Erregistrora bidaltzeko inongo bitartekorik abiarazi.
III.3.– Beste alderdi batzuk.
– 2016ko ekitaldian Unibasq-ek 61.309 euro 30 eguneko gehieneko epea gaindituta ordaindu ditu (ordainketa guztien gainean % 15,3), merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legearen 4.1 artikuluak agintzen duena.
– Gobernu Kontseilura joateagatiko ordainsariak -duten karguagatik Kontseiluan ez dauden kideena- (6.900 euro) eta ebaluazio batzordeetako kideek egiten dituzten txosten eta bestelako ebaluazio egitekoengatiko ordainsariak (175.301 euro) Unibasq-eko zuzendariak onartzen ditu; ordea, estatutuek aholku batzordeko eta ebaluazio batzordeetako kideen asistentzia-sariak finkatzeko eskumena soilik aitortzen diote.
Gobernu kontseiluak zuzendariaren alde berariazko ordezkotza formalizatu behar luke Gobernu Kontseilura joateagatiko ordainsariei -karguagatik bertan ez dauden kideena- eta ebaluazio batzordeetako kideek egiten dituzten txosten eta bestelako ebaluazio egitekoengatiko ordainsariei dagokienez.
– Uniqualek izenpetutako zenbait hitzarmenen xedapenak (13/2012 Legearen aurretik Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea ebaluatu eta akreditatzeko Agentziaren izena) baliatzen jarraitzen dute 2016ko ekitaldian. Unibasq-ek berrikusi egin behar lituzke Uniqual-ek izenpetu eta oraindik ere aplikatzen diren hitzarmenak, onartu edo desegiteko. Gainera, hitzarmen hauetako bat, 2009an UPV/EHUrekin izenpetu zena, ez daiteke luzatutzat jo ez delako ez aldez aurreko ebaluazioa egin ez bertan finkatutako urteko finantza protokoloa ere.
– Unibasq-ek finantza-erakundeekin dituen kontu-korronteetan funtsak baliatzeko baimendutako sinadura zuzendariak bakarrik du. Baimen hori pertsona gehiagori ematea eta sinadurak mankomunatuak izan daitezela gomendatzen dugu.
– 2016ko abenduaren 31n ondasun eta eskubideen ondasun-zerrenda ez du Gobernu Kontseiluak onartu (estatutuen 22. artikulua).
IV.– Urteko Kontuak.
A.– Egoeraren Balantzeak 2016 eta 2015eko abenduaren 31n.
B.– 2016 eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako urteko ekitaldiei dagozkien Galera eta Irabazien Kontuak.
C.– 2016 eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako urteko ekitaldiei dagozkien Ondare Garbian Aldaketen Egoerak.
D.– 2016 eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako urteko ekitaldiei dagozkien Eskudiruzko Fluxuen Egoerak.
UNIBASQ-EUSKAL UNIBERTSITATEAREN KALITATE AGENTZIAREN 2016. URTEARI DAGOKION FISKALIZAZIOARI AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK.
I.– Sarrera.
Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren 2016. urteko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko, erreferentziazko gaiaren inguruan Agentziak nahi izan dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkezten dira txosten honetan.
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
«Aldi baterako lau lan kontratazioak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bete izana bermatu gabe gauzatu dira.»
Alegazioa.
Unibasqek kontrataziorako prozedura bat dauka, eta bertan Unibasqen langile lan-kontratudunak bildu, hautatu eta kontratatzeko kontuan izan behar diren jarraibideak ezartzen dira. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenean adierazitako espedienteak izapidetzerakoan izapide horiek bete ziren. Unibasqek, deitu dituen hautespen-prozesuetan, hautagaiak lortzeko HAEEren lan-poltsetara jo du, baita beste hainbat erakundetara ere, adibidez Lanbide, Profesionalen Elkargoak eta enpleguko web-atariak.
Lehen kontratazioa Ebaluazio Teknikari bati buruzkoa da. Lanpostua betetzen zuen pertsonak 2016an zehar enpresan baja hartu ondoren hutsik geratu zen lanpostua beteko du pertsona horrek. Estaltzeko prozedura mugikortasun funtzionaleko eskaintza bat izan da, pertsona horrek lanpostuaren betekizunak betetzen zituelako, hau da, lizentziaduna eta euskarako 3. hizkuntza-eskakizuna.
Bigarren kontratazioa Ebaluazio Teknikari bati buruzkoa da. Kontratu-modalitatearen aldaketa bat da, Unibasqek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sinatutako Programa Kontratuari lotzeko helburuarekin. Kontratatutako pertsona 2015eko amaieraz geroztik lanpostu hori betetzen ari den pertsona bera da, Eusko Jaurlaritzatik kontratazioa egiteko baimena jaso ondoren. Kasu horretan, HAEEko lizentziadunen lan-poltsetatik zetozen hautagaiekin hautespen-prozesu bat egin zen.
Hirugarren kontratazioa Administrari Laguntzaile bati buruzkoa da. Kontratazio horren xedea, iraupen ezezaguna duen seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia bat estaltzea izan da. Kontratatutako pertsona lanpostu hori amatasun-bajagatik estaltzen ari den pertsona bera da; lanpostu hori 2015ean lortu zuen HAEEko administrari laguntzaileen lan-poltsetatik zetozen hautagaiekin egindako hautespen-prozesu baten bitartez.
Laugarren kontratazioa lanaldi partzialeko Finantza Arduradunari buruzkoa da. Lanpostua betetzen zuen pertsonak 2016an zehar utzi ondoren hutsik geratu zen lanpostua beteko du pertsona horrek. Unibasqek HAEEra, Lanbidera eta Infojobs enpleguko web-atarira jo zuen, eta azken horren bitartez aurkitu zen eskatutako profilera egokitzen zen hautagaia.
Nolanahi ere, eta Unibasqen beti oso garrantzitsutzat jo denez kontratazioa gardentasuna bermatzen duten prozedurei jarraikiz egitea, izapidetu den azken espedientean hautespen-prozesua arautzen duten oinarri batzuk idaztearen komenigarritasuna ezarri da, eta arau horiek Unibasqen webgunean argitaratu dira (http://www.unibasq.org/es/que-es-unibasq/empleo).
Honen ondorioz, egokiagotzat har zitekeen hurrengo erredakzioa: «Denboraldi baterako lau lan kontratuak, hautagaiak lortzeko asmoarekin, HAEEren lan-poltsetara jo du, baita beste hainbat erakundetara ere, adibidez Lanbide, Profesionalen Elkargoak eta enpleguko web-atariak. Dena den, prozesu horrek ez ditu eskaintzen publizitate, berdintasun eta merezimendu printzipio orokorrak betetzearen berme handienak.»
III.– Barne-kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko oharrak.
III.1.– Langileak.
«Gobernu Kontseiluak 2015eko urriaren 14an izendatutako zuzendaritzaren ondokoa UPV/EHUko langilea da eta Unibasq-ek 61.500 euro ordaintzen dizkio 2009an izenpetutako hitzarmen baten indarrez. Zuzendaritzaren ondokoa kargu publikoen katalogoan barne hartu behar litzateke, 1/2014 Legea aplikagarri izan dakion (4. artikulua).»
Alegazioa.
Eusko Jaurlaritzari gomendioaren berri emango zaio. Izan ere, organo eskuduna baita katalogo horren gaurkotzerako.
III.2.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.
«Unibasq-en Kontrataziorako Barne Aginpideek, 2014an onartu zirenek, edukiaren atal handi batean Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legeari egiten diote erreferentzia, SPKLTBk 2011n indargabetu zutenari. Berebat, 2016an indarrean zeuden arautze harmonizatuari lotutako atalaseei dagokienez ez zaizkie kontratazio kopuruei egokitzen.»
Alegazioa.
Unibasqek KBJ horiek eguneratzeko konpromisoa hartzen du.
«Unibasq-ek 2016an bidaia zerbitzuak kontratatu ditu (hoteletan ostatu hartzea eta hegazkin-txartelak) guztira 61.050 euroren zenbatekoan (BEZa barne) esleipen zuzenaren moldea baliatuta; ordea, Kontrataziorako Barne Aginpideen 2.3 atalari jarraikiz, prozedura negoziatua, irekia edo murriztua baliatu behar zatekeen horretarako eta hautatutako prozedura zehatzaren berri Baldintza ekonomiko administratiboen Agirian eman.»
Alegazioa.
Agentziaren jarduerarako efikazia-galera ez dakarren bidaia-zerbitzuen kontratazioa egiteko espediente bat izapidetzeko balizko alternatibak aztertzen ari da Unibasq.
«Unibasq-ek esleitzen dituen kontratuak EAEko Kontratuen Erregistroan jaso behar dira, EAEren sektore publikoko kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 52 eta 55 artikuluetan adierazitakoaren arabera. Alabaina, Unibasq-ek ez du datuak Erregistrora bidaltzeko inongo bitartekorik abiarazi.»
Alegazioa.
Unibasqek ez du kontratu bakar bat ere lizitatu edo esleitu 2016an, eta beraz ez da kontratazioaren alorreko inolako prozedurarik gauzatu. (2016ko auditoria-txostena) Aipatu egoera gertatzen den unean, EAEko Kontratuen Erregistroan inskribatzeko izapideak egingo dira.
Bestalde, Unibasq agentziaren webgune berria garatzen ari da, eta bertan gardentasun-atari bat edukiko du, non Unibasqek eragin ekonomikoa edo aurrekontu-eragina duten administrazio-kudeaketako egintza garrantzitsuen berri emango duen.
III.3.– Beste alderdi batzuk.
«2016ko ekitaldian Unibasq-ek 61.309 euro 30 eguneko gehieneko epea gaindituta ordaindu ditu (ordainketa guztien gainean % 15,3), merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legearen 4.1 artikuluak agintzen duena.»
Alegazioa.
Agentziaren jardueren izaera dela medio, ebaluazio-lanak programa bakoitzaren dagozkion faseak amaitzerakoan ordaintzen dira, baina gastua sortzen den heinean kontabilizatzen da, gainditutako batez besteko aldia 7 egunetik gorakoa izan gabe.
Unibasqen, ekitaldiaren itxieran ordaintzeko dagoen eta ezarritako legezko epea gainditzen duen saldoa 561 euro da, gainditutako ordainketako batez besteko aldia egun 1 izanik. 2016ko auditatutako urteko kontuetan bilduta dagoen hornitzaileei ordainketak egiteko batez besteko aldia 17,89 egun dira.
«- Gobernu Kontseilura joateagatiko ordainsariak -duten karguagatik Kontseiluan ez dauden kideena- (6.900 euro) eta ebaluazio batzordeetako kideek egiten dituzten txosten eta bestelako ebaluazio egitekoengatiko ordainsariak (175.301 euro) Unibasq-eko zuzendariak onartzen ditu; ordea, estatutuek aholku batzordeko eta ebaluazio batzordeetako kideen asistentzia-sariak finkatzeko eskumena soilik aitortzen diote.
Gobernu kontseiluak zuzendariaren alde berariazko ordezkotza formalizatu behar luke Gobernu Kontseilura joateagatiko ordainsariei -karguagatik bertan ez dauden kideena- eta ebaluazio batzordeetako kideek egiten dituzten txosten eta bestelako ebaluazio egitekoengatiko ordainsariei dagokienez.»
Alegazioa.
Agentziaren jatorrizko estatutuek (138/2006 Dekretua, Uniqualen estatutuei buruzkoa) ezartzen zuten Uniqualen administrazio-kontseiluari zegokiola «Agentziako zuzendariaren eta Agentziak berak kontrataturiko gainerako langileen ordainsariak finkatzea, eta, hala bada, administrazio-kontseiluko kideen, adituen batzordeko kideen eta ebaluazio-batzordeetako kideen bertaratze-dietak ere». Estatutu horiek indargabetuta daude eta indarrean dagoen legeriak honako hau biltzen du:
Unibasqen estatutuek (204/2013 Dekretua) 13.5.q artikuluan ezartzen dute zuzendariari dagozkiola «Ekainaren 28ko 13/2012 Legeak, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoak, edo hori garatzeko araudiak ematen dion beste edozein eginkizun, bai eta Agentziako beste organo batzuei espresuki emanda ez dauden eta Agentzia zuzentzearekin lotuta dauden gainerako eginkizunak ere». Bestalde, estatutu horiek 10.s) artikuluan Gobernu Kontseiluari esleitzen diote «Ekainaren 28ko 13/2012 Legeak, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoak, edo hori garatzeko araudiak ematen dion beste edozein eginkizun, bai eta Agentziako beste organo batzuei espresuki emanda ez dauden eta Agentziaren gobernurako ildo estrategikoekin lotuta dauden gainerako eginkizunak ere».
Aurreko guztia dela medio, eta arlo horrek zuzendaritza-kudeaketarekin ildo estrategiko batekin baino zerikusi handiagoa duela kontuan izanik, ordainsariak agentziaren zuzendaritzak onartu ditu zuzenean. Nolanahi ere, Unibasqen hurrengo Gobernu Kontseiluan esanbidezko eskuordetzea formalizatuko da.
«2016ko abenduaren 31n ondasun eta eskubideen ondasun-zerrenda ez du Gobernu Kontseiluak onartu (estatutuen 22. artikulua).»
Alegazioa.
2017ko ekitaldi-itxierako urteko kontuetan horren berri emango da.