EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2017010

278/2017 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700278
Xedapenaren data: 2017-12-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201800177
Maila: Dekretua
Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak, 2017ko urriaren 25ean egindako bilkuran, erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen kapitalari 1.900.000 euro gehitzea.
Ondoren, Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak, 2017ko abenduaren 20an egindako bilkuran, erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen kapitalari 2.000.000 euro gehitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Orokorrak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak dioenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren helburu soziala hau da:
a) Enpresa-sustapenean laguntzea, kudeaketaren, ekonomiaren eta teknikaren arloetan eta interes enpresarialeko beste arlo batzuetan aholkularitza-zerbitzua emanez eta ikerketak eginez.
b) Enpresa berrien sorrera eta lanean ari direnen hedapena sustatzea, arreta berezia jarriz garapen teknologikoan eta esportazioan.
c) Enpresen arteko jarduera komunak eta lankidetza-esparrukoak sustatzea, horrela haien lehiakortasuna handitzen bada.
d) Enpresen onbideratze eta birmoldaketa prozesuetan inplikatutakoen ahaleginei era osagarrian laguntzea, betiere bideragarritasun-baldintza objektiboak biltzen badituzte.
e) Ikerketa eta garapeneko proiektuak sustatzea, izan prozesu berrietan zein produktu berrietan eta horri loturiko zerbitzuetan.
f) Sozietatearen helburuekin zerikusia duen bestelako edozein.
Horietaz gainera, sozietateak beste hau ere egin dezake bere helburuak betetzeko:
1.– Diru-laguntzak eta epe luzeko eta ertaineko kredituak ematea, are interes-tasa bereziko baldintzetan, bai eta abalak ematea ere Eusko Jaurlaritzak horretarako ematen dituen arauekin bat etorriz.
2.– Parte hartzea interes bereziko enpresen kapital sozialean, eta haien helburu sozialaren parte diren jarduerak garatzea, zeharka, zati batean edo osotasunean, beste sozietate batzuen akzioen edo partaidetzen titulartasunaren bidez, baldin eta sozietate horiek helburu bera badute edo haien helburua sozietatearen helburuaren parte edo antzekoa bada. Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik baimena eman behar du jarduketa horiek guztiak egiteko, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan egin beharko dira.
3.– Obligazioak edo antzeko tituluak jaulkitzea, erakundeek aurreztutako funts publikoen koefizientearekin konputagarriak izan daitezkeenak.
4.– Maileguak jasotzea finantza-entitate publiko eta pribatuetatik. Aurrezki-kutxek ematen dituzten maileguak araubide berezikoak izango dira, indarreko legeetatik eratorritako forman eta baldintzetan.
5.– Diru-laguntzak eta bermeak jasotzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusitik eta beste instituzio eta erakunde publiko batzuetatik, bai eta sektore publiko estataletik ere.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren (SPRI) Akziodunen Batzar Orokorrak, hala badagokio, erabakitzen duen kapital sozialaren gehikuntzan harpidetza egiteko –harpidetza hiru milioi eta bederatziehun mila (3.900.000) eurokoa izango da–. Baimena ematen da, halaber, batzar horretan adierazitako baldintzetan eta epeetan zenbateko hori ordaintzeko eta horren ondorioz sozietatearen estatutuak aldatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 99,14ko parte-hartze zuzena izango du Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietatean.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.