EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018009

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Hezkuntza Sailaren mendean dauden unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan, 2018ko ekainaren 30ean zuzendari postua hutsik geratuko den horietan, zuzendariak hautatzeko merezimendu-lehiaketa konbokatzen duena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-01-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201800141
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2009/02/18an argitaratutako 2009/02/03ko 200900022 DEKRETUA
  • Ikus 2012/05/30rean argitaratutako 2012/05/08ko 201200061 DEKRETUA
  • Ikus 2017/12/13an argitaratutako 2017/12/05eko 201700262 DEKRETUA

Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren bitartez, maiatzaren 8ko 61/2012, apirilaren 1eko 46/2014 eta abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuek xedatutako aldaketekin, hezkuntza arloan eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoetan arduraduna izendatzeko eta kargutik kentzeko prozedura arautzen da.
Dekretu horren 7. Artikuluan ezarritakoaren arabera, hezkuntza arloan eskumena duen sailak zehaztutako ikasturteetan, sailburuaren agindu bidez, merezimendu-lehiaketa deituko da, sail horren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko. Horretarako, ikastetxe horietako zuzendari-postuak hutsik geratu behar du ikasturte horretan.
Hezkuntza Sailaren mendean dauden unibertsitateaz kanpoko ikastetxe askotan, 2018ko ekainaren 30ean zuzendaritza-taldeen agintaritza amaitu egingo denez, egokitzat jotzen da ikastetxe horietarako zuzendariak hautatzeko prozesua eta ondoriozko izendapenak egitea, eta, halaber, dagokien ikastetxeetako gainerako pertsona bakarreko gobernu-organoak izendatzea ere. Hori guztia indarrean dagoen araudiaren arabera.
Horiek horrela, eta eman zaizkidan eskuduntzez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdia.
2018ko ekainaren 30ean amaituko da Hezkuntza Sailaren mende dauden Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko hainbat ikastetxe publikotako zuzendaritza-taldeen agintaldia. Hortaz, ikastetxe publiko horietako zuzendariak aukeratzeko prozesurako dei egiten da. Deialditik kanpo geratuko dira Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak eta Erreferentzia Nazionaleko Lanbide Heziketako Ikastetxeak.
2. artikulua.– Araudi aplikagarria.
Hautatze-prozesua Agindu honetan eta hezkuntza arloan eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoetan arduraduna izendatzeko eta kargutik kentzeko prozedura arautzen duen otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da. Dekretu hori maiatzaren 8ko 61/2012, apirilaren 1eko 46/2014 eta abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuek aldatu dute.
3. artikulua.– Hautagai izateko prestakuntza-ikastaroa gainditzeko betekizunerako salbuespena.
Abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartzeko ez da beharrezkoa hezkuntza arloko administrazioek zuzendaritza-eginkizunei buruz emandako prestakuntza-ikastaroa gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiria edukitzea.
4. artikulua.– Hautaketa-prozesuaren garapena.
Hautaketa-prozesua agindu honen I. eranskinean xedatutako egutegiaren eta prozeduraren arabera gauzatuko da.
5. artikulua.– Eskabideak.
Agindu honen II. eranskineko ereduari jarraituko zaio eskabideak aurkezteko. Eskabidean zehaztu beharko dira prozeduraren bigarren faserako alegatutako meritu guztiak. Eskabidean alegatutako eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte egindako merituak baino ez dira barematuko.
6. artikulua.– Alegatutako merituak egiaztatzeko dokumentazioa.
Agindu honen III. eranskinean daude zehaztuta eskatzaileek zein agiri aurkeztu behar dituzten merituak egiaztatzeko.
7. artikulua.– Konbokatutako ikastetxeak.
Agindu honen IV. eranskinean ageri diren ikastetxeetan deitzen da prozesua. Zuzendaria hautatzeko prozesua aurrera doala eta zuzendaria izendatu baino lehen, ikastetxeren bat Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu edo Erreferentzia Nazionaleko Lanbide Heziketako Ikastetxe izendatzen bada, ikastetxe hori zuzendaria aukeratzeko prozesutik kanpo geratuko da, eta ez dute ondoriorik izango ordura arte egindako izapideek.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 10a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
HAUTAKETA-PROZESURAKO EGUTEGIA ETA PROZEDURA
a) Eskabideak aurkeztea.
2018ko urtarrilaren 15etik 26ra bitartean, biak barne, agindu honen IV. eranskinean aipatzen diren ikastetxeetakoren bateko zuzendari-karguan aritu nahi duten pertsonek idatzizko eskabidea egin eta dagokien lurralde historikoko lurralde-ordezkariari igorri behar diote, agindu honen II. eranskineko ereduari jarraituz. Eskabidean zehaztu beharko dira prozeduraren bigarren faserako alegatutako merezimendu guztiak. Eskabidean alegatutako eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte egindako merezimenduak baino ez dira barematuko.
Hautagai bakoitzak bere burua, gehienez, hiru ikastetxetako zuzendari izateko aurkez dezake. Inor hautagai aurkezten bada bi edo hiru ikastetxetan, ikastetxe bakoitzeko eskabide bana aurkeztu beharko du.
Eskabidearekin batera, alegatzen diren merituak egiaztatzen dituzten dokumentuak bidali behar dituzte eta, horrez gain Zuzendaritza Proiektua, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 4. Artikuluaren 1. Atalaren e) eskakizunean edo 2. Atalaren d) eskakizunean ezarritakoa. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko, proiektuak jaso beharko ditu aipatutako Dekretuko eranskinean agertzen diren alderdiak, –abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuak emandako idazkeran–, baita ikastetxeko pertsona bakarreko gobernu-organoak osatuko dituzten proposaturiko pertsonak ere. Zuzendaritza-proiektuak (eranskin eta guzti), gehienez ere, DIN A4ko 15 orrialde izango ditu; alde bakarretik idatzita, «Arial» edo «Times New Roman» letra-tipoa eta 11 puntuko letra-tamaina –edo handiagoa– erabiliz, eta konprimatu gabe. Ez dira orrialde gisa zenbatuko azala, aurkibidea eta arau-erreferentziei eta bibliografiari buruzko orrialdeak.
b) Hautagaiek eskakizunak betetzen ote dituzten jakiteko informazioa eskatzea.
2018ko urtarrilaren 29.ª eta 31.ª bitartean, biak barne, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek prozesuan parte hartzeko otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 4. Artikuluak, –abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuak emandako idazkeran–, eskatzen dituen baldintzak –Agindu honen 3. Artikuluan xedatutako salbuespena kontutan hartuz– hautagaiak betetzen dituela egiaztatzeko eskatuko diete Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzuei. Baldintza horiek egiaztatze aldera, ikastetxe bati Lehen Hezkuntzako Ikastetxe osatugabea esango zaio baldin eta ez badu, gutxienez, unitate bat etapa horretako maila bakoitzeko; Bigarren Hezkuntzako Ikastetxea izateko, aldiz, honako irakaskuntza hauetatik gutxienez bat izan beharko du: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa edo Lanbide Heziketako Heziketa-zikloak.
c) Eskatutako informazio hori prestatzea.
Hurrengo urratsa da Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzuek datu horiek ematea. Horretarako epea 2018ko otsailaren 6an amaituko da.
d) Eskabideak onartzeko edo ezesteko behin-behineko ebazpenak.
Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, jaso dituen datuak kontuan harturik, prozesuan parte hartzeko aurkeztutako eskabideak onartzeko edo ezesteko behin-behineko erabakia hartuko du. Aipatutako erabakia hartzeko epea 2018ko otsailaren 12an amaituko da. Ebazpenetan, halaber, onartzen ez diren pertsonak kanpoan uzteko arrazoiak zehaztuko dira. Onartutako pertsonen kasuan, beste gauza bat ere zehaztu beharko da: ikasturte horretan zuzendarigaiak destinoa ikastetxe horretan duen edo ez. Halaber, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek auzian dauden ikastetxeetako zuzendariei ebazpenen berri emango diete, ikastetxeko iragarki-taulan jakitera eman dezaten.
e) Behin-behineko ebazpenak argitaratzea.
Aipatutako ebazpenak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan eta ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira. Aipatutako ebazpenak argitaratzeko epea 2018ko otsailaren 14an amaituko da. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratze horren bidez, interesdunak jakinaren gainean daudela joko da.
Interesdunek erreklamazioa jar dezakete aipatutako ebazpenen aurka dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren aurrean. Erreklamazio horiek aurkezteko epea 2018ko otsailaren 23an amaituko da.
f) Eskabideak onartzeko edo ezesteko behin betiko ebazpenak.
Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, erreklamazioei buruzko erabakia hartu, eta eskabideak onartzeko edo ezesteko behin betiko ebazpenak emango ditu. Aipatutako erabakia hartzeko epea 2018ko otsailaren 28an amaituko da. Ebazpenetan, halaber, onartzen ez diren pertsonak kanpoan uzteko arrazoiak zehaztuko dira. Onartutako pertsonen kasuan, beste gauza bat ere zehaztu beharko da: ea ikasturte horretan zuzendarigaiak destinoa ikastetxe horretan duen edo ez. Halaber, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek auzian dauden ikastetxeetako zuzendariei ebazpenen berri emango diete, ikastetxeko iragarki-taulan jakitera eman dezaten.
g) Behin betiko ebazpenak argitaratzea.
Aipatutako ebazpenak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan eta ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira. Aipatutako ebazpenak argitaratzeko epea 2018ko martxoaren 5ean amaituko da. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratze horren bidez, interesdunak jakinaren gainean daudela joko da.
Interesdunek gorako errekurtsoa jar dezakete aipatutako ebazpenen aurka Hezkuntzako Sailburuordearen aurrean, erabakiak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratu eta hilabeteko epearen barruan.
Hezkuntza-ikuskaritza, 2018ko martxoaren 6tik aurrera, eranskin honen p) paragrafoaren 3. Puntuan aipatzen diren derrigorrezko txostenak egiten hasiko da, hautagaitza bat aurkeztu edo onartu ez den ikastetxe horietan zuzendaria izendatzeko. Hezkuntza-ikuskaritzak 2018ko ekainaren 13a baino lehen bukatu behar izango ditu txosten horiek.
h) Hautagaien merituei buruzko informazioa eskatzea.
Ikastetxe batean hautagai bakar baten eskaera soilik onartu bada, ez da beharrezkoa izango hautagaiak bigarren faserako aurkeztutako merezimenduak balioestea; izan ere, halakoetan, bigarren fasea ebaluatzeak ez du pisurik hautaketa-prozesuaren azken emaitzan.
Hautagai bat baino gehiago onartu dituzten ikastetxeetan, 2018ko martxoaren 6a eta 8a bitartean, biak barne, kasuan kasuko gaiaren arabera, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Hezkuntza Saileko lurralde-zerbitzuei eskatuko diete hautagaiak lehiaketaren lehen faserako alegatzen dituen merituak zuzen daudela egiaztatzeko, gero, datu horiek dagokion aukeraketa-batzordeari emateko.
i) Eskatutako informazio hori prestatzea.
Hurrengo urratsa da Hezkuntza Sailaren lurralde-zerbitzuek datu horiek ematea. Horretarako epea 2018ko martxoaren 20an amaituko da.
j) Aukeraketa-batzordea eratzea.
Gutxienez hautagai bat onartu den ikastetxeetan aukeraketa-batzordea eratuko da. Horretarako:
1) 2018ko martxoaren 12.ª eta 14.ª bitartean, auzian dauden ikastetxe guztietan ohiz kanpoko klaustroa egingo da. Klaustroa zuzendariak edo otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 6. Artikuluan ezarritakoaren araberako zuzendariaren ordezkoak iragarriko du eta bera izango da burua.
Klaustro horretan, aukeraketa-batzordean klaustro horren ordezkaria izango den pertsona hautatuko da. Horretarako, bozketa sekretua egingo da, eta botoa emateko eskubidea duen pertsona bakoitzak pertsona bakar bati emango dio botoa. Izen bat baino gehiago dauzkaten botoek ez dute baliorik izango. Ikastetxeko zuzendari izateko aurkeztu diren irakasleek ohiz kanpoko klaustro horretan egoteko, parte hartzeko eta botoa emateko eskubidea dute. Zuzendari izateko eskabidea egin duten irakasleek jasotzen dituzten botoak baliogabeak izango dira.
Baliozko boto-kopururik handiena lortzen duen hautagaia izango da klaustroaren ordezkaria. Berdinketa izanez gero, bigarren bozketa egingo da eta, behar izanez gero, baita hirugarren bat ere. Bozketa horietan, berdindutako pertsonen alde baino ezingo da bozkatu. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketarik badago, zozketa publikoa egingo da.
Klaustroaren ordezkaria izango den laguna hautatu ondoren, haren ordezkoen zerrenda egingo da. Botoren bat jaso duten guztiek osatuko dute ordezkoen zerrenda. Boto gehien lortu dituena egongo da lehenengoa, eta azkena, berriz, boto gutxien jaso dituena. Ordezkoen zerrendan berdinketarik badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.
2) 2018ko martxoaren 12.ª eta 14.ª bitartean, auzian dauden ikastetxe guztietan, ikastetxeko irakasle ez diren baina ikastetxeko ordezkaritza-organo goreneko kide badirenen batzarra egingo da. Ordezkaritza-organo gorenean ikasleen ordezkaritza duten ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsotik gorako ikasleei baino ez zaie batzar horretara deituko. Zuzendariaren beraren edo otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 6. Artikuluan ezarritakoaren araberako zuzendariaren ordezkoaren ardura izango da batzarra konbokatzea eta batzarreko burua izatea.
Batzar horretan, ordezkaritza-organo gorenak aukeraketa-batzordean izango duen ordezkaria hautatuko da. Horretarako, bozketa sekretua egingo da, eta irakasleak ez diren baina ikastetxeko ordezkaritza-organo goreneko kide badirenek pertsona bana bozkatu ahal izango dute, ez gehiago. Izen bat baino gehiago dauzkaten botoek ez dute baliorik izango.
Baliozko boto-kopururik handiena lortzen duen hautagaia izango da ordezkaritza-organo gorenaren ordezkaria. Berdinketa izanez gero, bigarren bozketa egingo da eta, behar izanez gero, baita hirugarren bat ere. Bozketa horietan, berdindutako pertsonen alde baino ezingo da bozkatu. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketarik badago, zozketa publikoa egingo da.
Ordezkaritza-organo gorenaren ordezkaria izango den laguna hautatu ondoren, haren ordezkoen zerrenda egingo da. Botoren bat jaso duten guztiek osatuko dute ordezkoen zerrenda. Boto gehien lortu dituena egongo da lehenengoa, eta azkena, berriz, boto gutxien jaso dituena. Ordezkoen zerrendan berdinketarik badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.
3) Ikastetxeko zuzendariak edo otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 6. Artikuluan ezarritakoaren araberako zuzendariaren ordezkoak, 2018ko martxoaren 15ean, aipatu diren parte hartzeko organo bakoitzaren batzarretako aktaren kopia dagokion lurralde historikoko lurralde-ordezkariari igorriko dio.
4) Ikastetxe bakoitzari dagokion lurraldeko ikuskari buruak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari hezkuntza-ikuskariaren izena proposatuko dio, batzordeko buru izendatu dezan. Aipatutako proposamenak egiteko epea 2018ko martxoaren 15ean amaituko da. Halaber, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak dagokion ikastetxean ematen diren irakaskuntzetako bat ematen duten ikastetxe publikoetan (Hezkuntza Administrazioaren menpekoak) zuzendari diharduten bi pertsona izendatuko ditu aukeraketa-batzorden bakoitzean parte hartzeko. Eta horietako bat batzordeko lehendakariorde izendatuko du. Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 5. artikuluko 3. idatzi-zatian ezarritakoa betetzeko, proposamen eta izendapen horiek egitean bermatu behar da aukeraketa-batzordeko kideen artean Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ondo ezagutzen dituzten lagunak egongo direla.
5) Lurralde historikoetan osatu beharko diren aukeraketa-batzordeetako kide guztiak Hezkuntzako lurralde-ordezkariek izendatuko dituzte. Izendapen horiek egiteko epea 2018ko martxoaren 20an amaituko da.
6) Hezkuntzako lurralde-ordezkariek hautagaitza bat baino gehiago onartu duten ikastetxeetako batzorde bakoitzeko lehendakaritzari emango dizkiote onartutako hautagaien lehiaketaren bigarren faseko merezimenduak balioesteari buruzko datuak. Horrez gain, onartutako hautagai bakoitzak aurkeztu duen zuzendaritza-proiektuari buruzko dokumentazioa emango diote. Ikastetxeek hautagaitza bakarra badute, hautagai bakarrak aurkeztutako zuzendaritza-proiektuari buruzko dokumentazioa baino ez da aurkeztu beharko. Aipatutako datuak eta dokumentazioa emateko epea 2018ko martxoaren 22an amaituko da.
k) Zuzendaritza-proiektua balioestea.
1) 2018ko apirilaren 9.ª eta 20.ª bitartean, aukeraketa-batzordeek hautagaien zuzendaritza-proiektua balioetsiko dute. Lehenik eta behin, 2017-2018 ikasturtean behin-behineko edo behin betiko lanpostua ikastetxean izan duten eta karrerako funtzionario diren hautagaien zuzendaritza-proiektua balioetsiko dute. Aipatu proiektua balioesteko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren eranskinean –abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuak emandako idazkeran– merezimendu-lehiaketaren lehen faseko balioespenerako aurreikusten diren irizpideak hartu beharko dituzte oinarri.
Lehen fase honetan, hautagaiek 35 puntu lortu behar dituzte, gutxienez. Gutxienezko puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira. Ikastetxean behin-behineko edo behin betiko destinoa duten eta karrerako funtzionarioak diren hautagaietako batek gutxienezko puntu-kopurua lortzen badu, aukeraketa-batzordeak ez ditu balioetsiko ikastetxean destinoa ez duten hautagaien zuzendaritza-proiektuak, ezta lan-itunpeko irakasle diren hautagaienak ere.
Ikastetxean behin-behineko edo behin betiko destinoa duten eta karrerako funtzionarioak diren hautagairik ez badago, edota pertsona horietako bat berak ere ez badu gutxieneko puntu-kopurua lortu, aukeraketa-batzordeak destinoa beste ikastetxe batzuetan duten eta karrerako funtzionario diren hautagaien proiektuak balioetsiko ditu. Pertsona horietako batek aukeraketa-batzordeak eskatutako puntu-kopuru minimoa lortzen badu, aukeraketa-batzordeak ez ditu ikastetxeko lan-itunpeko irakasle diren izangaien zuzendaritza-proiektuak balioetsiko.
Azkenik, hautagaien artean funtzionariorik ez badago edo pertsona horietako inork ez badu lortu eskatzen den puntu-kopuru minimoa, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 4. Artikuluko 3. Idatz-zatian zehaztutako ikastetxeetako aukeraketa-batzordeak ikastetxean destinoa duten lan-itunpeko irakasleen hautagaitzen proiektuak balioetsiko ditu.
2) Aurreko puntuan zehaztu den denbora-tartearen barruko zeinahi unetan, aukeraketa-batzordeak hautagaiak elkarrizketatu ahal izango ditu –gutxienez 48 ordu aurretik hitzordua jarrita– zuzendaritza-proiektuan jasotako informazioa osatzeko, eta proiektua ikastetxerako eta eskatutako posturako egokia den aztertzeko.
3) Aukeraketa-batzordeko kide bakoitzak balioztatuko du zuzendaritza-proiektua, eta 0 eta 70 arteko puntuazioa emango. Pertsona bakoitzak emandako puntuazioak zenbaki osoa izan beharko du. Aukeraketa-batzordeak kalifikazioa ematearren egiten duen bileran elkartutako kideek emandako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da zuzendaritza-proiektuagatik lehiakide bakoitzak lortuko duen puntuaketa, eta bi zenbaki hamartarrekin kalkulatuko da. Emandako kalifikazioetan 20 puntu edo gehiagoko aldea dagoenean, automatikoki kenduko dira kalifikazio maximoa eta minimoa, eta gainerako kalifikazioen artean kalkulatuko da batez besteko puntuaketa.
l) Bigarren faseko merezimenduen balorazioa, hautagai bat baino gehiago duten ikastetxeetan.
Zuzendaritza-proiektuak balioestea bukatu ondoren, hautagai bat baino gehiago duten ikastetxeetan, aukeraketa-batzordeak, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak batzordeari emandako informazioa kontuan izanik, lehenengo fasean eskatutako gutxienezko puntuazioa lortu duten hautagai guztien bigarren faseko merezimenduak balioetsiko ditu. Horretarako otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren eranskinean –abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuak emandako idazkeran– ezarritako baremoa aplikatuko du. Merezimendu horiek balioesteko epea 2018ko apirilaren 18an amaituko da.
m) Hautagai bakoitzak eskuratutako puntuazioari buruzko ebazpena.
1) 2018ko apirilaren 20an, aukeraketa-batzordeek ikastetxeko iragarki-taulan eta Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratuko dute hautagaiek fase bakoitzean eta baremoko alderdi baloragarri bakoitzean eskuratutako puntuazioak jasoko dituen behin-behineko ebazpena.
2) Behin-behineko ebazpen horren kontra, interesdunek dagokion erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute dagokion hautapen-batzordearen aurrean, 2018ko apirilaren 23.ª eta 27.ª bitartean, biak barne.
3) Aurkeztutako erreklamazioak aztertuko dituzte hautapen-batzordeek, eta hautagaiek fase bakoitzean eta baremoko baloratzeko alderdi bakoitzean eskuratutako puntuazioak jasoko dituzten behin betiko ebazpena onartuko dute. Aipatutako ebazpena onartzeko eta ikastetxeko iragarki-taulan eta Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan jakitera emateko epea 2018ko maiatzaren 9an amaituko da.
n) Zuzendari-kargurako nor hautatu behar den proposatzea.
1) Hautagai bat baino gehiago duten ikastetxeetan, aukeraketa-batzordeek batu egingo dituzte zuzendaritza-proiektua balioetsi zaien eta balioespen horretan gutxieneko puntu kopurua jaso duten hautagaiek bi fasetan jaso dituzten puntuak. Bi faseetako puntuak baturik, punturik gehien lortu dituen hautagaiaren aukeraketa proposatuko dute. Ikastetxeek hautagai bakarra badute, aukeraketa-batzordeak izangai bakarraren aukeraketa proposatuko du, baldin eta haren zuzendaritza-proiektua baloratu ostean gutxieneko puntuazioa lortu badu.
2) Hautagaien guztizko puntuaketa batuta berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan ebazteko:
– Zuzendaritza-proiektuaren puntuaketa altuena.
– Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren eranskinean –abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuak emandako idazkeran– agertzen den hurrenkerari jarraituta, bigarren faseko merezimenduen baremoko ataletan izandako puntuaketa altuena.
– Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren eranskinean –abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuak emandako idazkeran– agertzen den hurrenkerari jarraituta, bigarren faseko merezimenduen baremoko azpiataletan izandako puntuaketa altuena.
– Aurreko irizpideak aplikatu ondoren oraindik berdinduta daudenen artean pertsona bat aukeratzeko, Batzordeko kideen arteko bozketa egingo da. Bozketan berdinketa gertatzen bada, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.
3) 2018ko maiatzaren 9an, batzordeko idazkariak akta idatziko du hautagai guztiek fase bakoitzean lortutako puntuaketak egiaztatzeko, eta norbaiten aukeraketa proposatzen badute, pertsona horren izena jasoko du, aurreko paragrafoetan ezarritako irizpideak kontuan hartuta. Akta batzordeko kide guztiek sinatuko dute.
4) 2018ko maiatzaren 9an bertan, batzordeko lehendakariak jendaurrean jarriko du akta hori ikastetxeko iragarki-taulan, eta dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igorriko dio.
ñ) Hezkuntzako lurralde-ordezkarien ebazpenak.
1) Aukeraketa-batzordeek egindako proposamenak ikusita eta, prozedura urratu ez bada behintzat, horiek erabakitakoari jarraiki, aukeratutako hautagaiak aitortzen dituzten ebazpenak egin eta jakitera emango ditu dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariak. Ebazpen horiek emateko eta jakinarazteko epea 2018ko maiatzaren 23an amaituko da.
2) Ebazpen horiek Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzaren egoitzako iragarki-taulan argitaratuko dira. Argitaratze horren bitartez pertsona interesatuei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da.
3) Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ebazpenaren berri emango dio eragiten dion ikastetxeko zuzendariari, bertako iragarki-taulan ere argitara emateko.
4) Ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote dagokien lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariari.
o) Hasierako Prestakuntza Programa.
1) Aukeraketa prozesuan hautetsiak izan diren lagunek, zuzendari izendatuak izate aldera, hasierako prestakuntza programa gainditu beharko dute. Betekizun horretatik salbuetsita daude honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten pertsonak:
– Urriaren 17ko 894/2017 Errege Dekretuan xedatutako zuzendaritza-eginkizunei buruzko prestakuntza-ikastaroa edo zuzendaritza-gaitasunak eguneratzeko ikastaroa gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiria edukitzea.
– 2018ko uztailaren 1ean zuzendari gisa bi urteko esperientzia egiaztatzea.
– Ikastetxe publikoen zuzendari izateko 2014ko urtarrilaren 3.ª baino lehenago emandako gaikuntza edo egiaztapena edukitzea.
Nolanahi ere, pertsona horiek, hala nahi izanez gero, prestakuntzako programa egin dezakete, salbuetsirik ez dauden lagunekin batera. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari ikastaroan onartu ditzan eskatu beharko diote.
2) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak dagokion ebazpena emango du eta ikasturte honetako zuzendarien hasierako prestakuntza-programa gauzatuko dela iragarriko du. Aipatutako ebazpena emateko epea 2018ko apirilaren 30ean amaituko da.
Ebazpen horretan, hasierako prestakuntza-programaren hainbat alderdi arautuko dira: antolakuntza, egutegia, edukiak eta ebaluazio-irizpideak. Ebazpenean, era berean, zehaztu beharko da ea zein epe dagoen programa egin beharrik ez duten pertsonek eskatu ahal izan dezaten horretan sartzea eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak eskabideak onartzea edo ukatzea ebazteko. Horretarako kontuan hartuko da zenbat plaza geratu diren libre programan, programa nahitaez egin behar duten pertsona hautatu guztiak onartu eta gero. Era berean, hutsik geratzen diren plazak eskabideak baino gutxiago badira, plaza hutsak esleitzeko irizpideak zehaztuko dira.
p) Zuzendariak izendatzea.
1) Hezkuntzako lurralde-ordezkariek dagozkien ikastetxeetako zuzendari izendatuko dituzte hasierako prestaketarako programa gainditu duten edo programa egin beharrik ez duten hautetsiak. Pertsona horiek lau urtez egongo dira karguan, 2018ko uztailaren 1etik aurrera.
2) Aukeraketa-batzordeak hautatu dituen baina, salbuetsita egon gabe, mintzagai dugun hasierako prestaketarako programa gainditu ez duten pertsonak ez dira zuzendari izendatuak izango.
3) Hautagaitzarik aurkeztu ez den ikastetxeetan, aukeraketa-batzordeak inor aukeratu ez duen kasuetan edota aukeratutako pertsonak ez badu Hasierako Prestakuntzako Programa gainditu, dagokion lurralde historikoko hezkuntzako lurralde-ordezkariak, salbuespen modura, karrerako funtzionario den irakasle bat izendatuko du zuzendari gehienez ere lau urterako, 2018ko uztailaren 1etik aurrera. Hezkuntzako Ikuskaritzak aurretiko txosten bat argitaratu beharko du horretarako.
Idatzi-zati honetan jasotako kasu guztietan, ikastetxean lan egiten duten irakasleen ehuneko berrogeita hamar gutxienez lan-itunpeko irakasle badira, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak zuzendari izendatu ahal izango du Hezkuntza Sailaren mende dauden lan-itunpeko irakasle finkoetako bat.
q) Ikastetxeetako pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoen izendapena.
1) Aurreko idatzi-zatian jasotako edozein kasutan (zuzendaria izendatzeko kasuistikaz ari gara), ikastetxeko zuzendari izendatu duten edo izendatuko duten pertsonak dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariari ikastetxeko pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko proposatuko dio. Proposatu aurretik, zuzendariak bertako klaustroari eta ordezkaritza-organo gorenari jakinaraziko dio. Izendapenaren datan lanpostua ikastetxean bertan duten irakasleak izan beharko dira.
2) Ikastetxeko pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak betetzeko proposatutako pertsonak izendatu, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak izendatuko ditu, proposatu dituen zuzendariaren agintaldi-epe berbererako.