EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2017007

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 20koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez irekitzen eta eguneratzen baitira Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoen lan-poltsetan sartuta dauden guztien datuak.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-12-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201800104
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/12/14an argitaratutako 2010/09/16ko AGINDUA [201006103]

Auzitegiko Medikuen Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan lanpostuak betetzeko, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzeko den Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Aginduaren 2.4.b) artikuluan (agindu hori 2010eko abenduaren 14ko EHAAn argitaratu zen, 238. zenbakian, eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez aldatu zen), lan-poltsak ireki eta eguneratzeko aukera aurreikusten da honako kasu honetan: batetik, azken oposizioko probaren baten bat gainditu baina plazarik lortu ez dutenak lehenengo poltsan sartzeko; eta, bestetik, zein kidegotara sartzeko eskatzen den hartaraxe sartzeko, urtean zehar deitu eta bukatu diren oposizioetako lehen azterketara aurkeztu eta suspenditu dutenak bigarren poltsan sartzeko. Edozein poltsa-irekierak oro har lan-poltsetan sartuta dauden guztien datuak eguneratzea ekarriko du.
2010eko irailaren 16ko Agindu horretan xedatutakoaren arabera, Justizia Administrazioko Zuzendaritza honek Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako lanpostu hutsak betetzeko sortutako lan-poltsak irekitzea eta bertan sartuta dauden guztien datuak eguneratzea ebatzi du, honako oinarri hauen arabera:
1.– Deialdiaren xedea.
1.1.– Deialdi honen xedea lan-poltsetan dauden guztien datuak irekitzea eta eguneratzea da.
Deialdian parte hartzen duten guztiei alegatzen dituzten merezimendu guztiak zenbatuko zaizkie, eta horiek egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dituzte, jadanik administrazioaren esku ez badaude.
Merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den arte zenbatuko dira.
1.2.– Justizia Administrazioko ondorengo funtzionarioen kidegoetako lan-poltsak irekiko eta eguneratuko dira: Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetza eta Laguntza Judiziala.
1.3.– Deialdi honetan, honako hauek har dezakete parte:
– Egungo poltsetan sartuta dauden guztiek, hau da, poltsetan sartzeko eskabidea egin zutenek eta alegatu gabeko beste merezimendu batzuk egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu behar dutenek edo egun sartuta dauden poltsetako datuak eguneratu behar dituztenek.
– Era berean, deialdian parte har dezakete azken oposizioko lehen ariketako kalifikazioan 0 puntu baino gehiago lortu dutenek, eta Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetza eta Laguntza Judiziala kidegoetan sartzeko azken oposizioan lehenengo ariketa edo lehenengo bi ariketak gainditu arren plaza lortu ez dutenek, puntuazio horri kasu bakoitzean kreditatzen dituzten merezimendu orokorrak batuz. Erreferentziazko oposizioa 2015. urtean egindako deialdikoa da.
Prozesua gainditu duten hautagaien behin betiko zerrenda BOEn argitaratuaz bukatuko da.
2.– Hautagaien betekizunak.
Poltsetan daudenek poltsetan sartzeko eskatutako baldintzei eutsi beharko diete.
Poltsetako hautagai berriek, berriz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Aginduan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (agindu hori Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez aldatu zen).
3.– Eskabideak aurkeztea.
3.1.– Deialdian parte hartzeko eskabideak ebazpen honen I. eranskineko ereduaren araberakoak izango dira, Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta 2018ko urtarrilaren 15etik 26ra bitartean aurkeztu beharko dira.
3.2.– Eskabideak hurrengo atalean adierazten diren administrazio-bulegoetan aurkeztu behar dira, edo, bestela, posta ziurtatuaren bidez bidali daitezke, gutun-azal irekian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutakoari jarraituz, edo lege horretan zehaztutako beste edozein eratan ere.
3.3.– Eskabide-ereduak honako administrazio-bulego hauetan eskuratu daitezke:
– Arabako EAT, Gasteiz hiribidea 18 – 01008 Vitoria-Gasteiz.
– Bizkaiko EAT, Buenos Aires kalea 6, 6 – 48001 Bilbao.
– Gipuzkoako EAT. Kalkutako Teresa plaza 1, 5 – 20012 Donostia.
– Lan eta Justizia Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
– Zuzenean:
● Bilbao: Kale Nagusia 85.
● Donostia: Andia kalea 13.
● Gasteiz: Ramiro Maeztu kalea 10, behea.
Halaber, helbide hauetan ere aurkeztu ahal izango dira: www.justizia.net eta Justiziako langileen atarian.
3.4.– Hautagaiek, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:
a) Justizia Administrazioan emandako zerbitzuak.
Eskabideak aurkezteko epearen amaiera arte egindako guztiak hartuko dira kontuan. Ez da beharrezkoa izango Euskal Autonomia Erkidegoan egindako zerbitzuen egiaztagiriak aurkeztea, ofizioz sartuko baitira. Dena dela, Autonomia Erkidego honetatik kanpo bitarteko funtzionario gisa egindako zerbitzuak egiaztatzeko, Justizia Ministerioko Langileen Unitateko buruak edo Justiziaren alorreko konpetentziak transferituta dituzten eta zerbitzuak egin diren Autonomia Erkidegoetako Langileen Unitateko buruak ematen duen Egindako Zerbitzuen Egiaztagiria (jatorrizko agiria) aurkeztuko da.
b) Titulazioak.
Poltsetan sartu nahi duten hautagai berriek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
– Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
– Kidego bakoitzean sartzeko eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua eta bereziki:
● Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegorako: Unibertsitateko diplomatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo baliokidea.
● Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegorako: Batxilergo titulua edo baliokidea.
● Laguntza Judizialeko Kidegorako: DBHko graduatu titulua edo baliokidea.
Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoari eta Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagokienez, poltsetarako hautagaiek egiaztatu beharko dute baliabide informatikoak erabiltzeko ezagutzak eta praktika dituztela.
Hautagai guztiek honako hauek aurkeztu ahal izango dituzte:
– Eskatzailea sartuta dagoen edo sartuta egon nahi duen lan-poltsako kidegora sartzeko beharrezkoak baino altuagoak diren eta oraindik aurkeztu ez diren beste titulazioen fotokopia konpultsatuak.
– Beste merezimendu batzuen fotokopia konpultsatuak.
c) Ez da egiaztagiririk beharko honako hauek ziurtatzeko:
– Sartzeko eskatzen duten funtzionarioen merezimendupeko kidegoetan sartzeko azken deialdiaren probetan parte hartu izana. Erreferentziazko oposizioa 2015. urtean egindako deialdikoa da.
– Aurreko hiru oposizioetan ariketak gainditu izana.
d) Euskara jakitea.
Aipatu ezagutzak egiaztatzeko, hizkuntza eskakizuna edo baliokideak lortu izanari buruzko fotokopia konpultsatua aurkeztuko beharko da.
4.– Baloraziorako prozedura.
4.1.– Kidego bakoitzeko lan-poltsako hautagaiak merezimendu orokorren araberako hurrenkeran jarriko dira.
Merezimendu orokorrak eta beren baremazioa Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Aginduaren 4 artikuluan jasota daude. Agindu haren bidez, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatu ziren Auzitegiko Medikuen Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan lanpostuak betetzeko. Agindu hura Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez aldatu zen.
4.2.– Berdinketarik badago, merezimendu horietan ezarritako hurrenkeraren arabera lortutako puntuazio handienak erabakiko du (2010eko irailaren 16ko Aginduaren 4.4 artikulua). Berdinketa apurtzerik lortzen ez bada, alfabetoaren araberako lehentasuna izango da kontuan, azken lan-eskaintza publikoari dagokion «H» letratik hasita.
5.– Behin-behineko poltsak.
Lan-poltsetan sartutakoen behin-behineko zerrendak eginda daudenean (datuak eguneratuta eta behar bezala ordenatuta eta sailkatuta, honako datu hauekin: izen-abizenak, puntuazioa eta hurrenkera zenbakia) Bilbo, Donostia eta Gasteizko EATetako iragarki-tauletan eta www.justizia.net web-orrian eta justiziako langileen atarian jarriko dira. Interesdunek 10 eguneko epea izango dute, behin-behineko ebazpenaren aipamena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita, Justizia Administrazioko Zuzendaritzan lan-poltsetako edozein daturi buruzko erreklamazioak aurkezteko.
6.– Behin betiko poltsak.
Alegazioak ebatzi ondoren, behin-behineko zerrendak jarri diren leku beretan jarriko dira behin betikoak, eta behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Behin betiko lan-poltsetan ezingo da aldaketarik egin; nolanahi ere, salbuespen izango dira 2010eko irailaren 16ko Aginduan jasotako kasuak (Auzitegiko Medikuen Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan lanpostuak betetzeko, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzeko den Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren agindua; agindu hori Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez aldatu zen).
7.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Deialdi honen ondorioz sortzen diren administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dira, Justiziako sailburuordeari errekurtsoa aurkeztuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legean ezarritako kasuetan eta moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 20a.
Justizia Administrazioko zuzendaria,
MARÍA ISABEL GABRIEL BELLIDO.