EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2017006

139/2017 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Zarauzko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Zarautz udalerriko OR Salberdin 10.2 sektorean zuzkidura-bizitokiak sustatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201700139
Xedapenaren data: 2017-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201800093
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Zarauzko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Zarautz udalerriko OR Salberdin 10.2 sektorean zuzkidura-bizitokiak sustatzeko. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 29KO 139/2017 EBAZPENARENA
Zarautzen, 2017ko abenduaren 21ean.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.
Eta bestetik, Xabier Txurruka Fernandez jauna, Zarauzko alkate-udalburua.
BERTARATU DIRA:
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 19an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Eta bigarrena, Zarauzko alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2017ko uztailaren 27an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.
Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Eskumen horiek baliatuz, 2008ko irailaren 24an, orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Zarauzko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, udalerri horretan etxebizitza babestuen sustapen bat egin ahal izateko 12.3 Kortazar Eremua eta 10.2. Salberdin Eremua izeneko guneetan.
Lankidetza-hitzarmen horren zazpigarren klausularen arabera, Zarauzko Udalak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, 10.2 OR Salberdin Eremuarekin lotuta eta haren garrantzi estrategikoa aintzat hartuz, konpromisoa hartu zuten lankidetza-hitzarmen hau garatuko duen Kooperazio Hitzarmenaren negoziazioari buruzko elkarrizketak edukitzeko. Hitzarmen horretan hainbat gai zehaztu ziren; beste batzuen artean, egingo diren sustapenak eta udal-eraikinek eskualdatuz gero izango dituzten titulua eta prezioa, baita ordaintzeko modua ere, edo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren beste parte-hartze bat eta administrazio bakoitzak bere jarduerak egiteko ezarriko dituen epeak.
Bestalde, lankidetza-hitzarmenaren zortzigarren klausularen arabera, tokiko agintaritzak konpromisoa hartu zuen ahal zen neurrian arloaren hirigintza-kudeaketaren ondoriozko udalaren lurzatia (ekipamendurakoa) eskuratzeko prozesua azkartu zedin, bertan aldi baterako alokairuan zuzkidura-bizitokien sustapen bat gauzatzeko.
Lurzati horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak lurzati hori aztertzeko konpromisoa hartu zuen, baita bizitoki horiek diseinatzeko, eraikitzeko eta kudeatzeko proposamena egitekoa ere.
Azkenik, adierazi denez, bi Administrazioek bizitoki horiek egin zitezkeela eta bizitokiok egitea komenigarria zela irizten bazioten, Zarauzko Udalak konpromisoa hartuko zuen aipatutako lurzatia emateko, horretarako egingo den doako lagapen-akordioaren bitartez, eta orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak akordio hori betearazteko konpromisoa hartuko zuen, Gobernu Kontseiluak onarpena izapidetu ondoren.
Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadido etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:
1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.
2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.
3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.
4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.
5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.
6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.
7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.
8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.
9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.
10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Zarauzko Udalak– elkarrekin esku hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.
Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatzi-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Hirugarrena.– Zarauzko Udalak, 2008ko otsailaren 13an, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu zuen. Bertan, Salberdin eremua finkatu gabeko hiri-lurzorua eta jarduera integratuko gunea zela adierazi zen. Halaber, haren antolamendu xehatua Hiri Antolamenduko Plan Berezi batean ezarri behar zela gaineratu zen.
Hala, Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Salberdin eta Hegoalde industrialde handiak birmoldatu nahi ditu, zeinak Zarauzko hirigune geografikoan dauden, eta hiriko egoitza-sarea osatu nahi du, hiriaren egitura-jarraitasuna hobetu dadin.
Plan Orokorrak Salberdin eremurako honako hirigintzako irizpide eta helburu hauek proposatzen ditu:
– Eremuaren kalifikazioa aldatzea, eta, hala, dentsitate altuko etxebizitza kolektiboaren tipologiako egoitza-kalifikazio globala ematea.
– Trenbidearen trazadura lurperatzea, eremutik pasatzen den tokian.
– Lursailak eskuratzea, hiri-parke handi eta esanguratsu bat eta gizarte- eta kultura-ekipamendu handi bat sortzeko (arte eszenikoen zentroa).
– Udalerrian dagoen eskari handiari erantzuna emateko babes ofizialeko araubideren batean dagoen etxebizitza-kopuru nabarmena eraikitzea, egikaritza-unitatearen bideragarritasun ekonomikoa eta eremuan dauden jarduera ekonomikoen eskualdaketa bermatuta.
– Igerain ubidetik datorren uraren ibilgua eta ertzak lehengoratzea.
2011ko apirilaren 27an, Zarauzko Udalak behin betiko onartu zuen 10-2 OR Salberdin Eremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia.
Plan Berezian ezarritakoari jarraikiz, Udalari laga zaizkio honako lurzati hauek: AD lurzatia, SG1 lurzatia, SG2 lurzatia, SG3 lurzatia, SL1 lurzatia, SL2 lurzatia, SL3 lurzatia, SL4 lurzatia, SL5 lurzatia, errodadura eta aparkalekuen bideak, oinezko-guneak eta bidegorria.
AD lurzatiak guztira 1.500 m
AD eta R7 lurzatiek soto komuna dute, eta, horren harira, agiriaren arabera, beharrezkoa da soto hori batera egitea. Hau da, urbanizazioa egiten den unean, sortzen den plazaren urbanizazioa ere gauzatu beharko da.
Laugarrena.–. Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 17. eta 81. artikuluek adierazten dutenez, plangintzak komunitate-ekipamendu gisa sailkatu ahal izango ditu lurrak, bereziki bizitegi-erabilera duten eremuetan zuzkidura-bizitokiak ezartzeko, aldi baterako alojamenduak eta premia larria duten kolektiboentzako alojamendu sozialak barne.
Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 24.1 artikuluek adierazten duenez, udal-plangintzan zuzkidura-bizitokitarako hornidura publiko modura kalifikaturik dauden lursailak bi eratara lor daitezke, halakoak ezartzeko ardura duen administrazioaren alde: jarduketa integratuetan sartuta edo haiei atxikita baldin badaude, derrigor eta doan lagaz; edo, jarduketa integratuetan sartu gabe eta haiei atxiki gabe badaude, nahitaez desjabetuz. Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan jasotako baldintzak betetzen badituzte, lursail horien gainean jasotzen diren eraikinak zuzkidura-bizitokitzat joko dira.
2017ko martxoaren 10ean, 2008ko irailaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenean aurreikusitako Jarraipen Batzordean, Zarauzko Udalak honako hau jakinarazi zuen, Salberdin Eremuaren kudeaketarekin lotuta: birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuak izapidetze-fasean daude, eta, lehenengoaren arabera, AD lurzatia (zuzkidura-bizitokiak) Udalari esleituko zaio, besteak beste.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila prest dago AD lurzatian zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari doan laga ondoren, eta kontuan hartuta organo horrek etxebizitzaren arloko bere eskumenez baliatuz zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko lurzorua behar duela etxebizitzak behar direla egiaztatu duten udalerrietan –tartean Zarautz– errenta-gaitasun urria izateagatik etxebizitzen merkatu librean aritu ezin diren familia horientzat.
Horren harira, batetik, Zarauzko Udalak sailari lagako dio zuzkidura-bizitokien sustapena egiteko lurzatia, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zuzkidura-bizitoki horiek eraikitzeko betebeharra hartuko du.
Bosgarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta, horren arabera, gainerako ondaretik banandua eta independentea izango den ondareak osatuko du lurzoru-ondare publikoa, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:
a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.
b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.
Helburu horiek betetzeko, Zarauzko Udalak doan lagako dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Zarauzko 10.2 OR Salberdin Eremuko AD lurzatia.
Etxebizitzen gaineko indarreko araudiak ez duenez aurreikusten aipatu Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak horretarako xedatutakoa beteko da.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 38. artikuluaren arabera, doan lagatako ondasunak eskuratzen direnean, haien titulartasuna dagokion sailak onartu beharko ditu, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berekin eta baldintza edo erabilera horrek gasturen bat badakar, eta organo eskudunak, kasu honetan bezala, doako lagapena onartzeko interes publikoko arrazoiak ikusi baditu.
Halaber, gogoratu behar da Presazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuak arautzen duela etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko administrazioaren Sailak zuzkidura-bizitokak sustatzea:
Etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak zuzkidurazko bizitokiak sustatzeko, helburu horretarako lurzatiak eman beharko ditu dagokion Udalak. Zuzkidurazko bizitokietarako lurzatien ematea birpartzelazioari buruzko erabakiaren bitartez formalizatu beharko da (etxebizitzaren arloan eskumena duen Sailak onartu ondoren), edota bidezko hitzarmena izenpetzearen eta ondoren Udalak lagapenari buruzko erabakia eta Eusko Jaurlaritzak onarpenari buruzko erabakia hartzearen bidez, hori guztia araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz.
Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Zarauzko udal-mugartean zuzkidura-bizitokien sustapena ahalbidetzea, 10-2 OR Salberdin eremuan.
Bigarrena.– Zarauzko Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu dutenez, 10.2 OR Salberdin eremuko AD lur-zatia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zuzkidura-bizitokien sustapenerako erabiltzea.
Zarauzko Udalak honako hau egiteko konpromisoa hartu du: lursail horren duen jabegotasuna ematea, horretarako egingo den doako lagapen-akordioaren bitartez.
Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketa burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du Jaurlaritzaren Kontseiluaren bidezko onarpena izapidetzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lurzatiaren titulartasuna onartuko du, soilik baldin eta ingurumen-organoak lurzoruaren kutsadura zuzendu eta prebenitzearen gaineko bere eskumenen esparruan igorritako ebazpena badago, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak zuzkidura-bizitokiei egozten dien etxebizitzaren egoitza-erabilera ezartzea ahalbidetzen duena.
Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa notario-eskrituran formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lurzatiaren titulartasuna eskuratu ondoren, azken horrek zuzkidura-bizitokiak egingo ditu bertan.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du, dagozkion aurrekontuko diru-izendapenak gauzatu ondoren, aipaturiko zuzkidura-bizitokien urbanizazio osagarria egiteko eta sustatzeko obra guztiak kontratatzeko ahalik eta azkarren. Konpromiso horrek barnean hartzen du dagokion proiektu teknikoak hark idaztea.
Eraikuntzaren diseinuak eta osaerak bermatu egin beharko dute inguruko eraikinekin osatzen den unitatea, batez ere R7 lurzatian eraikiko den eraikinarekin lotuta. Ondore horietarako, Udalarekin adostu beharko dira hainbat gai: fatxadaren diseinua, estalki-sistemak, erlaitza, forjaketen posizioa, zuloen erritmoak, materialak, eta abar.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zin egiten du zuzkidura-bizitokiekin lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-lanak 4 urteko epean amaituko dituela, doako lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik aurrera. Hala ere, dagozkion arrazoiak medio, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beti ere Hitzarmenaren indarraldia gainditu gabe.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, Lankidetza Hitzarmen honetan, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarrien baldintzapean egongo dira.
Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordaindu beharko ditu Zarauzko 10-2 OR Salberdin Eremuko AD lurzatia doan lagatzearen ziozko eskuraketari lotutako ondare-eragiketa Jabetza Erregistroan inskribatzearen eta eskriturak egitearen ondoriozko gastuak, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga salbu.
Halaber, hitzarmen honen hirugarren klausulan aipatzen diren proiektu teknikoak idaztearen ondoriozko gastuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordainduko ditu.
Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du zuzkidura-bizitokien sustapenean interesa duen udalerri bakarra Zarautz dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.
Hala ere Zarauzko Udalak Programa horretan barne hartutako etxebizitza zehatzen hautaketa-prozedura horretatik salbu egotea proposa dezake, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du horien esleipen berezitua egiteko, baldin eta udal jarduera urbanistikoen eraginpean dauden pertsonen faboretan egiten bada.
Esleitu ez dela-eta, bizitokiren bat soberan geratzen bada, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zehaztuko du zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako Aginduaren bidez.
Seigarrena.– Zarauzko Udalak 2017. urterako onartutako eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen zerga-ordenantzak ez du karga-tasa ezberdinik aurreikusten hitzarmen honekin sustatzen diren jarduera-motetarako, eta, halaber, ez du inolako onura espezifikorik aurreikusten halako kasuetarako.
Hala ere, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen zerga-ordenantzako eranskineko IV. zenbakian zerga-kuotetan aplikatu beharreko hobariak aurreikusten dira, eta, horren arabera, zerga-egitate bakoitzeko hobari bakarra aplikatuko da; zehazki, subjektu pasiboari onura gehien eragiten diona. Hitzarmen honetan aurreikusitako jardueran aplikatu litezkeen hobariak honako hauek dira:
– % 95era bitarteko hobaria interes berezikotzat edo udal-onuratzat hartutako eraikuntza, instalazio edo obretarako, halakotzat hartzea justifikatzeko moduko gizarte-zirkunstantziarik izanez gero.
– % 50era bitarteko hobaria araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzetarako eta % 35era bitarteko hobaria araubide tasatuko etxebizitzetarako, baldin eta egoitza-eraikuntza guztia babes publikoko etxebizitzetarako bada eta eraikitako garajeak etxebizitzei erantsita badaude.
– % 90era bitarteko hobaria, baldin eta eraikuntzan eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak sartzen badira, indarreko araudi teknikoaren arabera nahitaez ezarri beharreko kasuetan salbu. Hobari hori aplikatzeko, beroa ekoizteko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazio egokia duten biltzaileak egon beharko dira.
Zarauzko Udalak dagokion karga-tasari udal ordenantzan ezarritako % 95eko hobaria aplikatuko zaio. Hobari hori aplikatzen da, zehazki, interes berezikotzat edo udal-onuratzat hartutako eraikuntza, instalazio edo obretarako, halakotzat hartzea justifikatzeko moduko gizarte-zirkunstantziarik izanez gero.
Zazpigarrena.– Zarauzko Udalak ez dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, administrazio publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitean ukitu daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak ordezkatzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, nola ez, zin egiten du hondakinak horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatuko dituela, hau da, horiek baloratzeari emango diola lehentasuna (ezabatzeari bainoago), eta neurri egokiak hartuko dituela obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko, eta, edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran utziko dituela bermatzeko.
Zortzigarrena.– Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, zuzkidura-bizitoki hauen sustapena egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Kontuan hartuta 2008ko irailaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren babespean eratutako Jarraipen Batzorde bat egon badagoela, alderdiek zera erabaki dute: batzordea hori arduratuko dela hitzarmen berri honen jarraipen-lana egiteaz.
Bederatzigarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutakoak) 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzarmen honek ez du lege hori bete behar. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.
Hamargarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.
Hamaikagarrena.– Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.
Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenean atzera egin ahalko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, sortzen diren arrazoien ondorioz (adibidez, hirugarren pertsonek eskuraketaren xede diren ondasunak okupatzearen ondorioz), hori gauzatzea bideraezina bada.
Eraikina ez bada lau urteko epean eraikitzen edo eraiki arren ez bazaio zuzkidura-bizitokiaren erabilerari eusten hurrengo 30 urteetan, Udalak lagapena bertan behera utzi ahalko du, eta, ondorioz, dagozkion izapideak egin ondoren, lurzatia eta, hala badagokio, eraikuntza Udalari itzultzea erabakiko da.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Alkate-udalburua,
XABIER TXURRUKA FERNANDEZ.