EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2017006

AGINDUA, 2017ko azaroaren 21ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Osotu Lanbarri Fundazioaren eraketa.

Xedapenaren data: 2017-11-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201800091
Maila: Agindua
Ikusi da Fundación Osotu Lanbarri Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskriba dadin eskatzeko aurkeztutako espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, Güeñesko (Bizkaia) Fundación Osotu Lanbarri Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko; María del Mar Hernáez Olea andreak sortu zuen fundazio hori. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordearen 2017ko irailaren 28ko bileraren ondoren, bidalitako agirietan atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zien Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak interesdunei; 2017ko azaroaren 7an sartu ziren eskatutako agiriak.
Hirugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioak interes orokorreko helburu hauek ditu:
«1.– Ikasleen garapen integralari erantzuten dion hezkuntza sustatzea, bereziki ikasketa arautuen barnean.
2.– Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik batxilergorako itundutako ikastetxe pribatu baten kudeaketa bere dimentsio guztietan, OSOTU hezkuntza-proiektu osoaren filosofiarekin bat, zeinetan ikasle orok baititu dimentsio anitzeko ikasketarako giroak (kognitiboa, fisikoa, emozionala eta soziala).
3.– Kalitatean, bikaintasunean eta berrikuntzan oinarritutako «hezkuntza-kultura» berri bat sustatzea, zeinak bere ikuspegia zentratuko baitu ikaslegoaren azterketan eta helduaroan ikasle horiek lortu behar izango dituzten exijentzietan (erritmo ezberdinak, ikasketa-mota ezberdinak, dituzten indarguneak...), baita hori guztia gertatuko den testuinguru emozional, sozial eta fisikoaren azterketan ere.
4.– Curriculumean «adimen emozionala» sartzea indartzea, zeharka ikasgai guztietan eta oinarrizko hezkuntza osoan zehar –haur hezkuntza eta batxilergoa barne–, zentzumen anitzeko ikasketaren kontzeptua eta alfabetatze eta kudeaketa emozionalaren funtsezko garrantzia barne.
5.– IKTak barne hartzea ikasketan beste dimentsio bat ematen duen tresna gisa, baina ez paperaren ordezko gisa.
6.– Ikasketa kooperatiboa bultzatzea ikasketa-tresna bat bezala, soziala, kasu honetan. «Elkarbizitzen ikastea» eta «izaten ikastea» bezalako konpetentziak aintzat hartuz.
7.– Berariazko prestakuntza-programak sortzea hezkuntza-premia bereziko haurrentzat. Haur horiei eta haien familiei emandako arretaz kezkatuta dauden elkarteekin elkarbanatutako dinamikak proposatzea, jarduera horiek, ahal den heinean, jarduera nagusien barnean inskriba daitezela sustatuz eta erraztuz, egiazko integrazioa ahalbidetzeko oinarrizko arau gisa.
8.– Programa psikopedagogiko batzuk sortzea sustatzea, ikertzeaz gain, gizarteak oro har balia ditzakeen hezkuntza-ekintza berritzaileak sortuko dituena.
9.– Haurtzaroarekiko errespetua eta haurren eskubideen defentsa sustatzea.
10.– Sariak eta bekak sustatzea hezkuntza-eremuan.
11.– Eskolaz kanpoko jardueran bultzatu, garatu eta koordinatzea.
12.– Prestakuntza arautuaren osagarri diren eskola-jarduerak sustatzea. Balioetan sakontzea eta haurtzaro zoriontsua, autonomoa, erabakitze-, jardun-, ekimen-gaitasunduna bultzatzea ahalbidetzen duena, etorkizuneko herritar kritikoa eta gogoetatsua izan daitezen.
13.– Fundazioa osatzen duten erakundeen arteko lankidetza-programak elkarri erraztera bideratutako jarduerak koordinatu eta kontrolatzea (ikasleen praktikak, prestakuntza.ikastaroak, ikerketa-programetarako lakindetza-hitzarmenak...)».
Laugarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Lanbarri 10, Güeñes (Bizkaia). Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du, bereziki, bere jarduna.
Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da; hasieran, 7.500 euro ipiniko dira, eta gainerakoa bost urteko epean, eratzeko eskritura publikoa egilesten denetik aurrera.
Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatu, administratu eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren karguak, hala baitago xedatuta fundazioaren estatutuetan.
Zazpigarrena.– Hasierako patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, hauek izango dira lau urtez, eta hautagai izateko aukera izango dute berriro:
– Lehendakaria: Aitor Baltziskueta de Marcos.
– Lehendakariordea: Jon Macías Santiago.
– Bokala: Marcos González Notario.
– Idazkaria (ez-patronoa): Mario Barturen Lavilla.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluak ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Hartarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 7.etik 12.erako eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, egun honetan eta F-427 erregistro-zenbakiarekin, Güeñesko (Bizkaia) Fundación Osotu Lanbarri Fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek zazpigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere bat etorriz 2017ko otsailaren 27an Andrés María Urrutia Badiola notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin (protokolo-zk.: 299). Eskritura publiko hori notario beraren aurrean 2017ko azaroaren 2an egindako eskritura publikoaz zuzendu zen (Protokolo-zk.: 1.770).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 21a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.