EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018005

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Haur Hezkuntzako 1. zikloa emateko baimena duten «Haurreskolak Partzuergoaren» haur-eskolen zerrenda.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-01-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201800083
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2017/01/04an argitaratutako 2017/01/02ko AGINDUA indargabetzen du [201700044]

«Haurreskolak Partzuergoaren» haur-eskolen espedienteak ikusi dira, eta agindu honen eranskin gisa agertzen dira.
Arloko erakunde eskudunek aipatutako espedienteei buruzko txostena eman dute.
Arau hauek ikusi dira: azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua (azaroaren 19ko EHAA), 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri zituena –dekretu horrek, halaber, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen dekretuaren artikulu batzuen indarraldiari eutsi zion–; abenduaren 17ko 297/2002 Dekretua (abenduaren 31ko EHAA), 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituena; 2008ko apirilaren 10eko Agindua (maiatzaren 19ko EHAA), azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoa garatzen duena; bai eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– 2017-2018 ikasturtetik aurrera, jarraian zehazten den «Haurreskolak Partzuergoaren» haur-eskola irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena ematen da:
Kode-zenbakia: 48019471
Izen generikoa: Partzuergoko Haur Eskola
Izen espezifikoa: «Bilboko Haurreskola-Sánchez Marcos»
Titularra: Haurreskolak Partzuergoa
Helbidea: Recalde zumarkalea, 51D
Udalerria: Bilbao
Lurralde Historikoa: Bizkaia
Baimentzen diren irakaskuntzak:
– Haur Hezkuntzako 1. zikloa.
2. artikulua.– Baimena ematen da ondorengo haur-eskolen helbideak aldatzeko; hona zein izango duten aurrerantzean helbide berria: Berantevillako Haurreskola (Kod. 01006459), Dalmacio Sánchez kalea 14, Berantevilla; Arteako Haurreskola (Kod. 48017927), Herriko plaza 2A, Artea, eta Zallako Haurreskola (Kod. 48016716), Angelita Berroeta Ontañón kalea 1, Zalla (Aranguren).
3. artikulua.– Argitara ematen da agindu honen eranskinean Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa emateko baimena duten «Haurreskolak Partzuergoaren» haur-eskolen zerrenda.
4. artikulua.– Haur-eskolek indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen espazioak eta instalazioak izan behar dituzte, eta araudi horrek ezartzen dituen baldintzak bete.
5. artikulua.– Haur-eskola bakoitzean jardunean dagoen gehienezko unitate-kopurua ikastetxeak duen gela-kopuruaren araberakoa izango da, kontuan harturik unitateek gela bana izan behar dutela. Unitate horiek zero urtetik urtebetera, urtebetetik bi urtera edo bi urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzat izango dira, gelek adin-tarte bakoitzarentzat bete behar dituzten baldintza espezifikoen arabera.
6. artikulua.– Unitate bakoitzaren gehienezko edukiera abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren 4. artikuluak adin-tarteen arabera ezarritakoa izango da.
7. artikulua.– Eskolek behar beste irakasle kualifikatu izan beharko dituzte, hau da, jardunean dagoen unitate bakoitzak irakasle bat izan beharko du gutxienez; eta, horretaz gain, indarrean dauden arauak betetzera beharturik daude irakasleen tituluei eta hizkuntza-eskakizunei dagokienez.
8. artikulua.– Ikastetxeek Eraikingintzaren Kode Teknikoa bete beharko dute (martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartua), bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene, osasun, akustika, bizigarritasun, segurtasun eta irisgarritasun baldintzak ere. Instalazioen titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.
9. artikulua.– Haurreskolak Partzuergoa beharturik dago indarrean dauden legeak betetzera ikastetxe guztietan, eta agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar bada, dagokion berrikusketa eskatzera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten da Hezkuntzako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 2ko Agindua, Haur Hezkuntzako 1. zikloa emateko baimena duten «Haurreskolak Partzuergoaren» haur-eskolen zerrenda argitaratzeko dena.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 2a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.