EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017005

AGINDUA, 2017ko abenduaren 7koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Fundación Residencia de Ancianos Petra Lekuona – Petra Lekuona Zaharren Egoitza Fundazioaren estatutu sozialen aldaketak. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin dira aldaketa horiek, eta, zehazki, 1., 2., 7., 11., 13., 14., 15., 18., 19., 22., 23., 24., 29., 30., 32. eta 37. artikuluak aldatu dira.

Xedapenaren data: 2017-12-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201800081
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko urriaren 23an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erregistroan telematikoki sartu zen Fundación Residencia de Ancianos Petra Lekuona – Petra Lekuona Zaharren Egoitza Fundazioaren estatutuak aldatzeko eskritura publikoa, zeina 2017ko irailaren 29an egiletsi baitzen Donostiako notario Martin Gabarain Astorqui jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.490).
Bigarrena.– Eskritura publiko horrekin batera, Fundazioaren idazkari den Jesús María Ferro Múgica jaunak, lehendakariaren oniritziarekin, Patronatuak 2017ko ekainaren 22an egindako bileraren ziurtagiria aurkeztu du. Aipatutako bileran, aho batez onartu zen Fundazioaren estatutuetako artikulu hauek aldatzea: 1., 2., 7., 11., 13., 14., 15., 18., 19., 22., 23., 24., 29., 30., 32. eta 37. artikuluak.
Zehazki, hor dago jasota fundazioaren estatutuetako hainbat artikuluren aldaketa, estatutuok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokituta. Honela, Estatutuen 2. artikuluan egindako Fundazioen Legearen arau-erreferentziak aldatzen dira; Estatutuen 1. artikulua aldatzen da, Fundazioa denbora mugagaberako ezartzen baita; patronatukideen izendapenari eta postu hutsak betetzeari buruzko artikulua aldatzen da, Patronatuko kideak Fundación José Matia Calvo fundazioaren Patronatuko Batzarreko kide izan behar direla gehitzen baita (11. artikulua); Fundazioaren lehendakaria, lehendakariordea eta idazkariari buruzko artikuluak aldatzen dira, kargu horiek Fundación José Matia Calvo fundazioaren Patronatuan kargu horiek dituztenek beteko baitituzte (13., 14. eta 15. artikuluak); Patronatuaren eskumenei dagokienez, langileak kontratatzeari buruzko paragrafoa kentzen da (18. artikulua), eta aurrekontu hitza Sarrera eta gastuen jarduketa-planarekin ordezkatzen (18., 19., 23., 29. eta 30. artikuluak); erantzukizunari buruzko artikuluari dagokionez, 22. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzen da; erabakiak eratu eta hartzeari dagokionez, ezartzen da, Patronatuaren bilerak bigarren deialdian egiteko, beharrezkoa izango dela hiru kide gutxienez bertaratzea eta lehendakari edo lehendakariorde titularrak bertan egotea (24. artikulua); gainera, xedatze- edo kargatze-egintzen erantzukizunpeko adierazpena hartzeari buruzko paragrafo bat gehitzen da, eta ezartzen da hori erabakitzeko beharrezkoa izango dela Patronatuko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa (24. artikulua, 4.2 atala); administrazioaren sarrera eta gastuen destinoari buruzko artikuluan, paragrafo berri bat sartzen da azaltzeko zer ez den hartuko Fundazioaren sarreratzat; halaber, Fundazioaren xedeetara bideratu behar diren sarrerei erreferentzia egiten dien paragrafoa aldatzen da (32. artikulua); osorik aldatzen da Fundazioaren likidazioari erreferentzia egiten dion artikulua (37. artikulua).
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu, eta ebazpen-proposamena egin dute. Hauek dira horretarako kontuan hartutako
ZUZENBIDEZKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu baten bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikuluan.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira bereziki: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 27. eta 51.2 artikuluak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1. Artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikulua, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartua. Egindako estatutu-aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
IKUSITA aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Residencia de Ancianos Petra Lekuona – Petra Lekuona Zaharren Egoitza Fundazioaren estatutuen egokitzapena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren arabera, baita 1., 2., 7., 11., 13., 14., 15., 18., 19., 22., 23., 24., 29., 30., 32. eta 37. artikuluen aldaketa ere, zeina Fundazioaren patronatuak 2017ko ekainaren 22an erabaki baitzuen, agindu honen datarekin, Donostiako notario Martin Gabarain Astorquiren aurrean 2017ko irailaren 29an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako terminoetan (protokolo-zenbakia: 1.490).
Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 7a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.