EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2017004

AGINDUA, 2017ko abenduaren 21ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena. Honen bidez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratzen da.

Xedapenaren data: 2017-12-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201800057
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/07/02an argitaratutako 2015/06/25eko 201500004 LEGEA

2015eko ekainaren 25ean Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legea onartu zen. Haren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko lurzorua babestea da, jatorri antropikoko ekintzen ondorioz haren ezaugarri kimikoak aldatzea prebenituz.
Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen VII. kapituluak lurzoru politikaren tresnak, administrazio publikoen erantzukizun direnenak, jasotzen ditu, arlo horretan egiten dituen jarduerak gidatzen dituzten printzipioak gauzatzeko. Haien artean, besteak beste, bere aurrekoak bezala, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioa jasotzen du.
Hala, 46. artikuluak inbentario horren araubide juridikoa arautzen du eta Legean ezarritako betebeharrak betetzea errazteko tresna gisa eratzen du. Inbentario horretan ingurumeneko organoak lurzoru horiei buruz daukan informazioa bildu behar da, era iraunkor, integratu eta eguneratuan. Artikulu horren arabera, Euskal Autonomia Publikoko ingurumeneko organoak mantenduko duen inbentarioaren sarbidea publikoa eta doakoa izango da, eta gutxienez bost urtean behin berrikuspen orokorrak egingo zaizkio, berrikusteko prozeduraren esparruan behar den parte-hartze publikoa bermatuz.
Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak, ordea, gogorarazten du, edonola ere, arau horretan jasotako betebeharren arrazoia lurzoruak lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat jasatea edo jasan izana dela, eta ez hura inbentarioan sartu izana. Inbentarioa, beraz, informatiboa baino ez da.
Azkenik, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak laugarren xedapen gehigarrian xedatzen duenez, hura onartu eta gehienez urtebeteko epean kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa, irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren bidez onartutakoa, ingurumenaren arloan eskudun den saileko titularraren aginduz eguneratuko da.
Legezko manu hori betez, agindu honek lurzoru horren zerrenda eguneratzen du, baita haien kokapena eta mugak, eta hura onartzeko izapidetzean behar den parte-hartze publikoa bermatu da, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Haren arabera, eta Gobernuari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak 26.4 artikuluan, nahiz Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, esleitzen didaten eskumena erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat jasaten edo jasan duten lurzoruen inbentarioa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 46. artikuluan araututakoa, eguneratuko da eta jarraian identifikatuko diren lurzoruek osatuko dute. Eguneratze hau, ingurumen organo honek 2016ko ekainaren 30ean daukan informazioan oinarritzen da.
https://www.euskadi.eus/y22-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/2016/INV_EMPLAZ_CONTAMINANTES.json&lang=eu
2. artikulua.– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat jasaten edo jasan duten lurzoruen inbentarioaren informazio iraunkor, integratu eta eguneratua eskuragarri egongo da GeoEuskadin. GeoEuskadi Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (Euskadiko DEA) erreferentziazko geoataria da.
3. artikulua.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 21a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.