EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017002

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ematen baita Leioako Dominiken komentuaren ingurua aldatzeari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa. Aldaketa hori Leioako Udalak sustatu du.

Xedapenaren data: 2017-12-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201800027
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko abuztuaren 4an, Leioako Udalak eskabidea bete zuen Dominiken komentuaren eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra puntualki aldatzeari (aurrerantzean, HAPOren aldaketa) dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabideari HAPOren aldaketaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko irailaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Ekologistak Martxan elkarteari egin zitzaien eskaera.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Dominiken komentuaren eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra puntualki aldatzea (aurrerantzean, HAPOren aldaketa), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluan, honako hauek zehazten dira, besteak beste: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 zenbakian aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Dokumentazio teknikoa eta HAPOren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak HAPOren aldaketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta hura aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Dominiken komentuaren eremuan aldatzeari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Leioako Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A.– HAPOren aldaketaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
HAPOren aldaketaren helburua Dominiken komentuak hartzen diuen lurzatiei beste erabilera bat ematea da, kirol-erabilerako komunitate-ekipamendu pribatu gisa kalifikatuta.
Gaur egun lurzoru urbanizaezina sailkapena duenez, eta Udalak helburu duen kalifikazioarekin bateraezina denez, organo sustatzaileak beharrezkotzat jotzen du beste klasifikazio bat egitea eta hiri-lurzoru bihurtzea, sailkapen horrekin bateragarria delako. Halaber, eremuaren antolamendu xehatua egingo litzateke.
Jarduketa-eremuak 47.474 m
B.– HAPOren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaion zehazteko.
1) HAPOren aldaketaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) HAPOren aldaketak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. HAPOren aldaketak erabilera aldatzea ekarriko du, jarduketa eremuaren antolamendu xehatua ezarriko du, eta, ondorioz, hirigintza-proiektu bat izango du. Proiektuaren baimenak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen HAPOren aldaketak beste plan edo programa batzuetan. HAPOren aldaketak ez du eraginik izango bestelako planetan edo programetan.
c) HAPOren aldaketa egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Organo sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentazioan eraikinen diseinuan Guía de Edificación Sostenible para la vivienda en la CAPV gidaliburuan ezarritako energia-efizientziako neurriak jarraitzea proposatzen da. Hori dela eta, HAPOren aldaketaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.
d) Ez da hauteman HAPOren aldaketa onartzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, aztertzen ari garen eremuan egin beharreko esku-hartze eta jarduerak, besteak beste, segurtasunaren, osasunaren, ingurumenaren, paisaiaren, kutsadura-akustikoaren eta kultur-ondarearen zaintzan indarrean dauden araudiak jarraituz egiten badira (jarduketa gauzatu bitartean motordunen mugikortasuna handitzearen ondorioz atmosferarako isuriak handituko balira, neurri zuzentzaileak ezarri beharko lirateke).
e) Era berean, HAPOren aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo kalteberarik.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta HAPOren aldaketan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.
– Lur eta soberakinen kudeaketa: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuen ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Zamudioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, ekainaren 25eko 1/2015 Legearen (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) 10.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoa babestea: era berean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.
Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Leioako Dominiken komentuaren eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez da ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Leioako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 14a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.