EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017001

EBAZPENA, Lan eta Justizia Saileko Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Sociedad Financiera y Minera SA enpresaren Hitzarmen Kolektiboa erregistratu, argitaratu eta gordailutzea, 2017., 2018. eta 2019. urteetarako.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-11-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201800007
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko urriaren 30ean, Negoziazio Batzordeko ordezkariak hitzarmen horri dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuen hitzarmenen erregistroan (REGCON).
Bigarrena.– 2017ko azaroaren 6an, zuzentzeko errekerimendua egin zitzaion Negoziazio Batzordeari, Hitzarmen Kolektiboaren testuari zegokionez. Errekerimendu hori hitzarmenen erregistroan (REGCON) bete zen 2017ko azaroaren 13an.
Hirugarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek pertsona bat izendatu dute gordailutzeko, erregistratzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu dezan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honen eskumena da Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 eta 3 artikuluan adierazitakoa (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOE), bat etorrita Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 9.1.i) artikuluarekin (2017-4-21eko EHAA), hauei dagokienez: urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-2-15eko EHAA) eta Hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-6-12ko BOE).
Bigarrena.– Sinatutako hitzarmenak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Hori dela eta, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 28a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
SOCIEDAD FINANCIERA Y MINERA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA, AÑORGAKO ETA ARRIGORRIAGAKO LANTEGIETARAKO
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.1.– Lurralde-eremua.
Hitzarmen kolektibo hau Sociedad Financiera y Minera SA enpresak ondoren aipatzen diren lantokietan dituen langileei aplikatuko zaie:
a) Añorgako (Gipuzkoa) zementu-fabrika.
b) Arrigorriagako (Bizkaia) zementu-fabrika.
1.2.– Langileak.
Hitzarmen honetan ezarritakoa Sociedad Financiera y Minera SA enpresak aurreko paragrafoan aipatutako lantokietan dituen langile guztiei aplikatuko zaie, edozein dela ere euren jarduera.
1.3.– Denbora-eremua.
Hitzarmen honen indarraldia hiru urtekoa izango da, 2017ko urtarrilaren 1ean hasi eta 2019ko abenduaren 31ra arte, salbu eta berariaz bestelako indarraldia egokitzen zaien kontzeptuetarako.
Beren-beregi itundu da, Langileen Estatutuko 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Hitzarmena salatu eta itundutako iraupena amaitu ostean Hitzarmenak indarrean jarraituko duela bi aldeek hura ordeztuko duen beste bat sinatu arte.
2. artikulua.– Salaketa.
2019ko azaroaren 15etik aurrera, Hitzarmena besterik gabe salatutzat joko da, bi aldeek horren berri eman behar izan gabe.
3. artikulua.– Konpentsazioa, irenstea eta baldintza onuragarriagoak.
Hitzarmen honen aurretik egindako hobekuntza guztiek hitzarmen honetan ezarritako baldintza ekonomikoak eta lanaldiari buruzkoak irentsi eta konpentsatu ditzakete.
Baldintza onuragarrienei eutsiko zaie, baldin eta guztira eta urteko zenbaketan hitzarmen honetakoak gainditzen badituzte.
4. artikulua.– Interpretazio Batzorde Mistoa eta Batzorde Paritarioa.
4.1.– Interpretazio Batzorde Mistoa.
Hitzarmena interpretatzeko batzorde misto bat eratuko da. Hitzarmena sinatzen duten alderdiek osatuko dute, 8 kidek gehienez: 4, langileak ordezkatzeko, eta 4, enpresa ordezkatzeko. Hitzarmena sinatzen duten sindikatu guztiek Interpretazio Batzorde Mistoan ordezkaritza izatea bermatuko da. Halakotzat hartuko dira Enpresa Batzordean ordezkaritza lortu duten taldeak ere. Akordioak lortzeko behar besteko gehiengoak izateko, langileen aldeko batzordekide bakoitzak Enpresa Batzordean duten presentziaren ordezkaritza proportzionala izango du.
Batzorde mistoko sindikatu-ordezkaritza bakoitzak, bai eta enpresa-ordezkaritzak ere, gehienez bi aholkulariren laguntza eduki ahal izango du; aholkulari horiek hitza bai baina botorik ez dute izango. Edozein kidek izan dezake ordezkoa, Batzordeari aldez aurretik jakinarazten badio.
Hauek izango dira aipatu batzordearen eginkizunak:
a) Hitzarmen kolektibo honetako edozein arau interpretatzea.
b) Hitzarmen honetan hartutako konpromisoak betetzea.
Interpretazio Batzorde Mistoa bertan ordezkatutako edozein aldek, dagozkion eskumenak baliatuz, hala eskatzen duenean bilduko da. Deialdiarekin batera idazki bat bidaliko da, interpretatu beharreko gaia azaltzeko.
Batzorde horretako bi alderdietako edozeinek bilera-deia egiten duenean, gehienez ere zazpi eguneko epean bildu beharko da. Batzordea bildu ondoren, zazpi eguneko epean hartu beharko da erabakia, eta akta egingo da; bertan, interpretazio-xede den gaiaren inguruan adostasunik edo desadostasunik izan den jaso beharko da. Interpretazio Batzorde Mistoan sortzen diren desadostasunak Lan Gatazkak Judizioz Kanpo Konpontzeari buruzko II. Akordioan –PRECO II– (2000ko apirilaren 4ko EHAA) araututako bitartekaritza-prozeduren arabera ebatziko dira.
Aldeetako edozeinek eska dezake adiskidetze- edo bitartekaritza-prozedurak abian jartzea. Arbitraje-prozedura hasteko, bi alderdiek ados egon beharko dute.
Interpretazio Batzorde Mistoaren erabakiek balioa izan dezaten, alderdi bakoitzeko gehiengoak (gutxienez, % 51k) berretsi beharko ditu.
Interpretazio Batzorde Mistoko kide titularrek baimen ordaindua izateko eskubidea izango dute batzordea biltzen den egunean, eta enpresak ordainduko ditu lan hori betetzean sortzen diren gastuak.
4.2.– Batzorde Paritarioa.
Batzorde paritario bat eratuko da negoziazio-alderdien (enpresa eta langileak) ordezkaritzarekin, Legeak ezarritako zenbait gai, bai eta agintzen zaizkion beste zenbait gai ere, aztertzeko.
Enpresa Batzordean ordezkaritza duten sindikatuen ordezkariek eta enpresaren ordezkariek osatuko dute, eta gehienez, 8 kide izango ditu: 4, langileak ordezkatzeko, eta 4, enpresa ordezkatzeko. Sindikatu guztiek Batzorde Paritarioan ordezkaritza izatea bermatuko da.
Funtzionamendu-erregelamendua indarrean den legediak kasu bakoitzerako arautzen duenaren araberakoa izango da, eta, halakorik ezean, Interpretazio Batzorde Mistorako zehaztutako jarraibideak beteko dira.
5. artikulua.– Hitzartutakoarekiko lotura.
Hitzarmen honetan lanaldiari, urteko oporrei eta ordaindutako orduei –bai biltzarretarako ezartzen direnak bai enpresa-batzordekideei eta ordezkari sindikalei aplikatzen zaizkienak– buruz erabaki dena osotasun bat da, zatiezina, urteko zenbaketan; beraz, ezingo dira bereizita aztertu.
Hori dela eta, Hitzarmenaren indarraldian, edozein erabaki administratibok edo judizialek gai horietakoren bat aldatuz gero, sortzen den aldea konpentsatu edo irentsi egiten dela ulertuko da, gainerako gaiei buruz legez ezarritako gutxienekoen gainean hitzartu diren hobekuntzak erantsita.
II. KAPITULUA
LANGILEEN ERREGIMENA
6. artikulua.– Diru-sarrerak, mailak eta soldaten progresioa.
6.1.– Kontratatu beharreko langile finko edo behin-behinekoen izena eta lanbide-maila jakinaraziko dizkie enpresaren zuzendaritzak sindikatuei.
6.2.– Preco-k 1998-2000 Enplegu Planeko langileei aplikatzeko hartu zuen laudoan ezarritako ildoari jarraituz, Cementos Rezola lantokian sartzen diren langileen soldata-progresioari dagokionez, taula honetan ezarritakoaren arabera egitea erabaki da:
Taulan dauden geziek baldintzaren bat bete behar dela esan nahi dute:
Labezain, kontramaisu eta 1. analistaren sustapena lanpostu huts bat dagoenean baino ez da egingo. Enpresak askatasun osoz izendatuko du aurreko kategoria duten langileen artetik (fabrikazioko laguntzailea barne).
Administrazioan, 2. mailako ofizialaren kategoriarako sustapena hauentzat baino ez da egingo: LH II-ko administrarien titulua edo baliokidea izanda, 3. mailako ofizialaren kategorian 12 hilabete daramaten langileentzat. 1. mailako ofizialak, enpresak berak izendatuko ditu askatasun osoz, 2. mailako ofizialen artetik, antolakuntzako beharrak direla-eta.
Mantentze-lanetako 2. mailako ofizialak 1. mailako ofizial izango dira Zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak erabakitako azterketa bat gainditzen dutenean. 2. mailako ofizialek 1. mailako ofizial izateko sustapena egingo dute 2. mailako ofizial izateko aldia amaitu eta hurrengo egunean, baldin eta egun horretatik hasita sei hilabete pasa ondoren enpresak dei egin ez badie azterketa egiteko.
Langileek, enpresan sartzerakoan, egiaztatutako esperientzia badute, beste formula baten bitartez sartu ahal izango dira, betiere esperientzia hemen jasotakoa baino handiagoa bada.
Aldi baterako kontratazio guztiak VI. mailaz sartuko dira Laguntza Zerbitzuetan eta Fabrikazioan eta VIII. mailaz Administrazioan.
Langileren bat Rezola lantokiko plantillara aldi baterako kontratu batez sartzen bada eta, gero, kontratu mugagabea egiten bazaio, bere lanbide taldeko goreneko kategoriaren aurreko mailetan egon beharko du aipatutako taulan bere lanbide taldearen progresio osorako jarritako denboran.
Prestakuntza eta progresioa ondo garatzeko, Enpresaren Prestakuntza Planean proposatzen diren ikastaroetan parte hartuko dute langileek.
Artikulu honetan aipatutako lanpostu-zerrenda erreferentziazkoa da, eta horren xedea ez da, inola ere, enpresako lanpostu guztiak zehaztasunez jasotzea, ez eta horien lanbide-sailkapena egitea ere, soldata-taulen mailei loturiko soldata-progresio bat izanik.
7. artikulua.– Gaitasun urrituko langileak.
Ezintasun iraunkor osoa onartuta duten langileei lanpostu bat bermatuko zaie enpresan. Ezintasun hori lan-istripu baten ondorioz sortu bada, lanpostu berriari dagokion lansaria kobratuko du. Lanetik kanpo izandako istripu baten ondorioz edo gaixotasun arrunt baten ondorioz sortu bada, ordura arteko lansaria jasoko du, Administrazioaren erakunde eskudunak onartutako pentsio kopurua kenduta.
Kasuren batean aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatzeko arazorik egonez gero, bi aldeek kasu horiek aztertzeko hitza ematen dute.
Edozein kasurengatik ezintasun iraunkor osoa duen langileren baten pentsioa edo bere lan-egoerari darion beste edozein prestazio gai horretan indarrean den legedia aplikatzerakoan ez dela gutxituko bermatuko du enpresak.
8. artikulua.– Erretiro-adina.
Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek, erretiroa hartzeko legezko adina betetakoan, oinarri erregulatzailearen ehuneko ehunarekin erretiroa hartzeko aukera badute, behin betiko baja hartuko dute enpresan, langileak berak hala eskatuta.
III. KAPITULUA
LANALDIA, ATSEDENAK ETA OPORRAK
9. artikulua.– Lanaldia.
Lanaldi hau izango da Hitzarmena indarrean dagoen bitartean:
a) Lanaldi zatituko langileak: 1.600 benetako lanordu urtean.
b) Txandako langileak: 1.600 benetako lanordu urtean. Horren barruan sartzen dira lanegun bakoitzeko 20 minutuko atsedenaldi ordainduak; hau da, benetan lanean sartutako denbora legez zenbatuko dira, eta ordaindu egingo dizkiete langileei.
c) Bulegoetako langileak: 1.600 benetako lanordu urtean.
Lanaldi zatitua duten langileek eta bulegoetakoek 08:00etatik 13:00etara egingo dute lan San Tomas egunean, Gabon egunean eta Gabon zahar egunean. Egun horiek jaiegunak badira, ordea, urteko benetako lan-orduei egokituko zaizkie.
10. artikulua.– Egutegia eta ordutegia.
Enpresa Batzordearekin batera finkatuko ditu Enpresa Zuzendaritzak lan-ordutegia eta -egutegia.
10.1.– Lan-egutegia.
Kontuan hartu beharreko urtearen aurreko abenduaren 1erako eginda egongo da egutegia. Urteko lehenengo hamabostaldian langileak euren oporraldiari dagokion txandan hasiko dira, eta horrelaxe egingo da hurrengo urteetan ere.
Lan-egutegia finkatzeko irizpideak ondoren adierazten diren baldintzetan oinarrituko dira:
a) Lanaldi zatitua duten langileentzat, 8 orduko lanaldia izango da astelehenetik ostegunera, biak barne, eta 5 ordukoa (08:00etatik-13:00etara) egutegian horrela finkatzen diren ostiraletan.
b) Urteko orduen kopuruan langilearen alde geratzen diren orduak, egutegiaren doiketaren atalean sartuko dira. Gutxienez 80 ordu izango dira eta, ahal dela, egun osoko lanaldietan hartuko dira.
c) Langileak berak aukeratuko du egutegi doiketako orduak noiz hartuko dituen; hala ere, dagokion saileko arduradunari eskatu beharko dizkio hartu aurretik. Aukeratutako eguna hartzeko arazoak egonez gero, langilea eta sekzio-arduraduna ados jarriko dira beste egun batean hartzeko. Ados ezin badira jarri, Interpretazio Batzorde Mistoak ebatziko du egoera bakoitza.
d) Egutegiaren doiketako orduak sortzen diren urtean bertan hartu beharko dira. Dagokion urtean hartu ezin izan direnean, hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte hartu ahal izango dira.
e) Egutegiaren doiketako orduak, ahal dela, urte osoan zehar hartuko dira, lan sistema hobeto antolatzeko.
f) Ezintasun iragankorra edo amatasuna benetako lanalditzat hartuko dira, eta ez dute, inolaz ere, egutegiaren doiketako orduen murrizketarik ekarriko, baldin eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen hartzen badira. Langileak egun horretan bajari eusten badio, baja amaitzen denean egindako lanegunengatik benetan sortutako egunak hartu ahal izango ditu.
g) Ekoizpenak hala eskatzen duelako bi txandetan, goizez eta arratsaldez, diharduten langileek egutegi bat egingo dute, beren lan-ordutegiarekin, eta, bertan, oporrak eta lan-egutegiaren doiketa-orduak jasoko dira, lanaldi zatitua duten langileek duten bezala.
Aurreko idatzi-zatietan zehaztutako irizpideen arabera finkatutako egutegia beste hitzarmen baten bidez baino ezin izango da aldatu; ezin izango da aldatu, inolaz ere, alde bietako batek bakarrik hala erabakitzen badu.
10.2.– Lan-ordutegia.
10.2.1.– Sekzioek ordutegi hau izango dute:
a) Txandako langileak:
06:00tatik 14:00etara.
14:00etatik 22:00etara.
22:00etatik 06:00etara.
Ordezkapenak 06:00etatik 14:00etara egingo dira eskuarki, norberaren sekzioan, Enpresak ez badu behintzat zerbitzu horien beharrik beste txandetan edo lanaldi zatituan edo beste sekzioetan.
b) Lanaldi zatituko langileak: astelehenetik ostiralera, sekzioaren arabera.
Goizez, 08:00etatik 12:00etara, eta arratsaldez, 13:00etatik 17:00etara; edo,
goizez, 08:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 14:00etatik 17:00etara.
Lanaldi erdiko egunean, 08:00etatik 13:00etara.
c) Administrazio-langileak:
Goizez, 08:00etatik 13:00etara.
Arratsaldez, 14:00etatik 17:00etara.
Lanaldi erdiko egunean, 08:00etatik 13:00etara.
Laneko denbora zenbatzean, langileak bere lanpostuan egon beharko du, bai eguneroko lanaldiaren hasieran bai amaieran.
Enpresaren jardunaren ondorioetarako, eguna 06:00etan hasiko da, eta biharamuneko 06:00etan amaituko.
d) Familia-bizitza lanarekin bateragarri egitea:
Administrazio-langileek eta lanaldi zatitua dutenek ordutegi malgua izateko aukera aztertuko da, familia-bizitza lanarekin bateragarri egin ahal izateko.
10.2.2.– Txandako langileen lanaldiak ezaugarri hauek izango ditu:
a) Ziklo osoko txandako lanaldia duten lanpostuetan, sei langile txandatuko dira lanpostu bakoitzeko.
b) 8 orduko txanda etengabea egiten duten langileek 20 minutuko atsedenaldia –ogitartekorako denbora–, hartzeko eskubidea dute. Arrazoi pertsonalengatik edo lanpostuaren berezitasunengatik atseden hori hartzerik ez dagoenean, langileak zortzi orduko jardunari dagokion atsedenaldia hartu ahalko du ziklo osoan zehar.
Atsedenaldi-egun hori –ogitartekoaren jaieguna– asteartetan izango da Añorgan, eta astelehenetan, Arrigorriagan, lan-zikloa hasi aurreko egunean, eta ezingo da erabili bestelako gorabehera batzuei aurre egiteko.
Ogitartekoaren jaiegunetan lan egin beharko da, baldin eta langileari gutxienez bezperan abisua ematen bazaio. Dena den, aurrez deirik jaso ez duen langileak ez du zertan aurkitzeko moduan egon. Lanaldi horiek ogitarteko-plus legez ordaindu beharko dira, I. eranskineko taularen arabera.
c) Txandako langileak ezin baditu ziklo osoan pilatutako atsedenaldi horiek gozatu, burututako lanaldiak atsedenaldian zehar egindako etentzat hartuko dira, ogitartekorako atsedenaldia konpentsatzeko hartzen den jaieguna salbu.
d) Laneko ziklo osoa bukatu ondorengo astean, erretenaren figura sartu da; txanda bakoitzeko egutegian zehaztuko dira egunak. Erreteneko langileek obligazioa dute edozein unetan lokalizatzeko moduan egoteko eta gehienez ere bi orduko epean lanpostura joateko, eskatzen zaionetik kontatzen hasita. Erretena izendatu zaion langileak horretarako jarritako plusa (soldata-tauletan zehazturikoa) jasoko du.
Erreten-egunean lan egindako orduak soldata-tauletako prestasun-plusaren kontzeptuarekin bat ordainduko dira. Plus horretaz gain, gaueko eta jaieguneko edo igandeko plusak jasoko dira, hala gertatzen denean. Eratorritako konpentsazio-eguna, ordezkapen-egunen kargura izango da.
e) Ordezkapen-eguna kendu egiten da egutegietatik.
Doitu behar diren ordezkapen-egunak erreten-astean errekuperatuko dira, 06:00etatik 14:00etara, larunbat, igande edo jaiegunetan izan ezik, betiere gorabehera bat betetzeko ez bada. Lan egindako gehiegizko orduak murrizte aldera, eskabidea egin duten langileen atseden-absentziak betetzeko erabili ahal izango dira ordezkapenak. Kasu horiek ez dira gorabehera modura hartuko.
f) Langile bakoitzaren urteko ordu-zenbaketa egingo da, eta aurreko urteko txanda-egutegian gehiegizko lanaldien edo gutxiegiko lanaldien doiketa hurrengo urteko otsailaren azken egunean egingo da. Egun horretatik aurrera eskatu ahal izango dute langileek ordezkapenak egitea.
g) Txandako baja luzeak –bi hilabetetik gorakoak– ordezko batez beteko dira. Mediku Zerbitzuak gaixotasun komunaren edo laneko istripuen ondorioz eratorritako ABE-en gutxi gorabeherako iraupenaren berri emango die Enpresa Zuzendaritzari eta Batzordeari. Bajaren egunetik bi hilabete igarota, ez da egongo baja ordeztu beharrik.
h) Txandako langileek norberaren kontuetarako bi egun izango dituzte urtean zehar hartzeko. Baimen hori ezingo da eskatu egutegiko hamabost jaiegunetan, ez eta Gabon gauean eta Urtezahar gauean ere. Langileari, erreten-astean dela, bere zerbitzuak emateko dei egiten diotenean errekuperatuko dira egun horiek.
11. artikulua.– Atseden-eguna etetea.
11.1.– Produktibitate-arrazoiengatik, lanaldi zatitua egiten duen langileren batek bere lanorduetatik kanpo lanean jardun behar badu, ordu horiek aparteko ordu gisa kobratuko ditu.
11.2.– Premiazko eginbehar hori ostiraleko 17:00etatik igandeko 22:00etara bitartean sortzen bada, edo jaiegun-bezperako 22:00etatik jaieguneko 22:00etara bitartean, langileak berariazko plus bat jasotzeko eskubidea izango du, aparteko ordainsariaz gainera (plusaren zenbatekoa I. eranskineko taulan adierazita dago). Berdin gertatuko da txandako lanaldia egiten duen langilearekin, bere egutegiaren ezaugarrien arabera.
11.3.– Ordezkapena 22:00etatik 06:00etara egiten ari den txandako langileak –ez badu biharamunean beste ordezkapenik egin behar, behintzat–, egun horretan, 22:00etatik aurrera lan egindako orduen hainbateko atsedenaldia izango du, betiere biharamuneko eguna laneguna bada bere egutegiaren arabera.
12. artikulua.– Lanpostuko txandak.
Lanaldi etengabea egiten duen txandako langileak, ordezko kiderik ez badu, gehienez ere beste hiru orduz jarraituko du bere postuan. Ordu horiek aparteko ordu moduan ordainduko dira.
Lanaldi luzatu hori amaitutakoan langileak garraiorik ez badu, enpresak hartuko ditu bere gain horrek sortarazitako gastuak.
13. artikulua.– Lanaldi bereziak.
Lanaldi zatitua egin ohi duen langileak, baldin eta igandetik ostegunera (biak barne) 22:00etatik aurrera lan egin behar badu, eskubidea izango du, aparteko orduak kobratzeaz gain, 22:00etatik aurrera egindako lanorduez besteko atsedena hartzeko biharamunean. Atseden hori ordaindu egingo zaio.
14. artikulua.– Oporrak.
14.1.– Oporrak urte naturalaren arabera ordainduko dira, eta urtean urtekoak hartuko dira.
14.2.– Hitzarmen honek indarra duen artean, urtean 30 egun naturali dagozkien arauzko oporrak ordainduko dira. Opor horiek nahitaez 26 lanegunetan hartuko dira (4 larunbat eta 4 ostiral barne) eta aurreneko opor-eguna lanegun batean hartuko da.
Txandako langileek 22 opor-egun izango dituzte, egutegiko horrenbesteko benetako lanegunetan hartzeko, lehen aitaturiko 26 lanegun horietan lau larunbat daude eta.
Oporraldiari dagokionez, larunbatak lanegun osotzat joko dira.
Txandako langileentzako oporrak sekzioka eta jarraian ezarriko dira; hau da, banaka hartuko dituzte, eta gainerakoek txandatu egin beharko dute txandaren barnean.
14.3.– Enpresa prest egongo da bestelako lan-egutegiak aztertu eta onartzeko, baldin eta eragindako sekzioetako langile guztiek hitza ematen badute, denek batera edo banan-banan, edozein gorabehera dela-eta (bajak, lanera ez agertzeak...) sorturiko hutsuneak betetzeko; hau da, hitza ematen badute zerbitzua bermatuko dela –baita langilea oporretan dagoenean ere– eta horrek ez diola enpresari inolako ordainketarik (ez dirutan ez bestelakoetan) sortuko. Hala ere, ordainketa horiek egin egingo dira egutegi ofiziala aplikatu beharraren ondorioz gertatzen denean aipatu kasua.
Enpresak egutegi ofizialaz besteko egutegiak onartzeak, nahiz eta onarpen hori sekzio berean urtez urte errepikatu, ez du ekarriko, inola ere, eskuratutako eskubiderik ezta inongo aparteko onurarik ere.
14.4.– Enpresako sekzioek abenduaren 1a baino lehen aurkeztuko dituzte euren oporraldien egutegiak.
Lanaldi zatitua duten sekzioek martxoaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte euren oporraldien egutegiko orriak. Egutegiok apirilaren 15a baino lehen onartuko dira behin betiko.
14.5.– LANEren 132. zenbakidun Hitzarmenean ezarritakoari jarraituz, langilearen borondatez kanpo dauden arrazoiengatik lanean eman ez dituen egunak, hala nola istripuengatik, gaixotasunengatik eta amatasunagatik, benetako lan-denboratzat hartuko dira oporrak hartzeko eskubidea sortzeari dagokionez.
14.6.– Oporretan dagoela, langileak lanerako ezintasun iragankorra hartzen badu, enpresari jakinarazi beharko dio, eta une horretan eten egingo da oporren kontaketa. Etenak ezintasunak besteko iraupena izango du. Hartzeko falta duen oporraldi zatia enpresarekin hitzartuta hartuko du urte natural horren barnean, salbu eta aurretik oporraldia abenduan osorik edo zati batean hartzekoa baldin bazuen; azken kasu horretan aukera izango du hurrengo urtean hartzeko, enpresarekin ados jarri ondoren.
Aldez aurretik adostutako oporraldian aldi baterako ezintasuna gertatzen bada, eta, horren ondorioz, langileak ezin baditu oporrak hartu berez dagozkion garaian, ezintasuna amaitu ostean hartuko ditu, igarotako denbora kontuan hartu gabe. Oporrak noiz hartu zehazteko, enpresarekin adostuko dira egunok.
14.7.– Abenduaren 31 heldu eta langilea oraindik ezintasun iragankorraren egoeran badago eta alta hurrengo urtean hartzen badu, alta hartzen duenean hartuko ditu aurreko urtetik falta dituen opor-egunak.
14.8.– Langileak lanaldi arruntean jasotzen duen soldata errealaren arabera kobratuko dira oporrak.
Oporretan lan egin izan balute kobratuko zuketena jasoko dute soldatatzat txandako langileek.
14.9.– Enpresako kide izateari uzten duen langileari artikulu honetako 14.2 paragrafoan ezarritakoaren arabera dagozkion opor-egunen zenbateko proportzionala ordainduko zaio, hitzarmen honen xedapen iragankorrean ezarritakoari kalterik gabe.
14.10.– 60 urtetik gorako langileek eta 18 urtez azpikoek bi opor-egun gehiago izango dituzte.
14.11.– Lanaldi zatitua egiten duten langileen oporraldia erdizka erabaki ahalko da, hots, % 50 enpresaren irizpidearen arabera, eta beste % 50 langileak bere gogoz erabakitzen duen moduan.
14.12.– Arauzko oporrak zer hilabetetan hartzen dituen, honako diru-kopuru hauek jasoko ditu langileak:
a) Urtarrilean, otsailean, martxoan eta azaroan: 313,75 euro.
b) Apirilean eta maiatzean: 200,59 euro.
c) Urrian:155,62 euro.
d) Etenduraren ondorioz: 787,49 euro.
a), b) eta c) idatz zatietako kopuruak opor-egun guztiei dagozkiela ulertzen da; opor-egunak teorian langileari dagozkionak baina gutxiago badira, bidezko proportzioa aplikatuko da.
14.13.– Enpresaren beharrengatik, eta Zuzendaritzaren idazki baten bidez, langile baten oporraldia eteten bada, edo oporrak hartzeko hilabete baino gutxiago falta dela jakinarazten bazaio ez dela posible egutegian aurreikusi bezala oporrak hartzea, enpresak 787,49 euro ordaindu beharko dizkio etenarengatik.
15. artikulua.– Ordaindutako baimenak.
Lizentzia ordaindu hauek emango ditu enpresak, benetako soldata ordainduta, behar bezala justifikatzen badira. Eragin duen gorabehera gertatzen den garaian hartu beharko da lizentzia:
a) 18 egun naturaleko lizentzia ordaindua, ezkontzagatik, langileak gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna badu. Sei hilabeteko antzinatasuna ez badu, 15 egun naturaleko lizentzia izango du.
b) 3 egun –horietako bi, gutxienez, lanegunak–, ezkontideak erditzeagatik.
c) 3 egun natural ezkontidea, seme-alaba, aita, ama, biloba, aitona-amona edo senideren baten gaixotasun larriagatik edo heriotzagatik, edo 3 lanegun ospitaleratzerik balego. Kasu horretan, gaixoa ospitalean dagoen bitartean hartuko dira egunak, eta ez dago nahitaez jarraian hartu beharrik. Egunak joan eta gaixotasunak bere larrian jarraitzen badu, eta gaixoa langilearekin bizi den ezkontidea, seme-alaba, guraso edo anaia-arreba bat bada, aurreko lizentzia amaitu eta hogeita hamar egun igaro ostean berriro lizentzia hartzeko eskubidea izango du, baina oraingo honetan ez da distantziagatik lizentzia luzatuko.
– Ordaindu gabeko lizentzia gehiago hartzeko eskubidea ere izango du, denbora berekoa, betiere aurreko lizentzia bukatu zenetik hogeita hamar egun jarraian iragan badira. Kasu honetan ere ez da aplikatuko bidaia egin behar izateagatiko luzapena.
– Klausula honen ondorioetarako, egiaztapena egin behar duen medikuak erabakiko du gaixotasun larria zer den. Zalantzarik egonez gero, Interpretazio Batzorde Mistoak ebatziko du, irizpide hauetan oinarriturik: gaixoa ospitaleratu behar den, garrantzizko ebakuntzarik behar den, laguntzailerik behar duen eta abar.
– Heriotzaren kasuan, hiru egunetako bat hileta-eguna izango da.
– Gaueko txandako langileek lizentzia eragin duen gertaeraren aurreko gauean hartu ahal izango dute baimena, baldin eta hori aurrez jakin bada, eta ez da haren iraupena aldatuko.
d) 2 egun natural, osaba-izeben edo ilobaren heriotzagatik.
e) Egun natural bat, ezkontzako osaba-izeben heriotzagatik.
f) Egun natural bat, ohiko etxebizitza aldatzeagatik.
g) Egun natural bat, gurasoen, anaia-arreben edo seme-alaben ezkontzagatik.
h) Egun natural bat, seme-alaben bataioagatik edo lehen jaunartzeagatik. Behar besteko aurrerapenarekin eman behar du langileak horren berri.
i) 3 ordu nortasun-agiria, pasaportea edo gidabaimena berritzeko.
j) Kargu publiko hautetsiek behar besteko denbora izango dute beren zeregin publikoak betetzeko, baina betiere indarrean dauden legeetan ezarritako mugak hautsi gabe.
k) Hilean 8 orduko lizentzia, ordaindua eta justifikatua, izango da ezkontidearen edo seme-alabaren egiaztatutako elbarritasunagatik.
b), c) eta d) kasuetan joan-etorria 150 km-tik gorakoa bada, baimenari bi egun natural erantsiko zaizkio.
Aurreko c) eta g) kasuetan, gradu bereko ezkontzako senideak ere barnean sartuta daudela ulertzen da.
Izatezko bikoteei, egoera hori behar bezala egiaztatzen badute, artikulu honetan ezarritako lizentziak aplikatuko zaizkie.
IV. KAPITULUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA
16. artikulua.– Soldataren egitura.
Hitzarmena Interpretazio Batzorde Mistoak ezarriko du soldataren egitura, mailaz maila banatuta.
17. artikulua.– Ordainketa-kontzeptuak.
17.1.– Kontzeptuak.
Ordainsaria ondoko kontzeptuek osatuko dute:
– Hitzarmeneko soldata.
– Antzinatasuna.
– Enpresa-osagarria.
– Udako eta Gabonetako aparteko lansariak.
– Irabazietako partaidetza.
– Plusak.
Hitzarmena indarrean den hurrengo urteetarako, aurreko urteko ordainketa-kontzeptuen gaineko igoerak jasoko dira soldata-berrikuspenean. Hauek, hain zuzen:
2017. urtea: % 0.
2018. urtea: aurreko urteko estatuko KPI + 2016ko estatuko KPIren % 50.
2019. urtea: aurreko urteko estatuko KPI + 2016ko estatuko KPIren % 50.
17.1.1.– Hitzarmeneko soldata.
Hitzarmenaren I. eranskineko taulan adierazita dago 2017ko urtarrilaren 1ean maila bakoitzean zein soldata jasoko den.
17.1.2.– Antzinatasuna.
Langileek gehienez bi biurteko eta sei bosturteko jasotzeko eskubidea izango dute, enpresan egindako urteen arabera eta Hitzarmenaren IV. eranskineko taulan tarte bakoitzerako zehazten den moduluaren arabera.
17.1.3.– Enpresa-osagarria.
Langileek, hilero eta maila bakoitzean, kontzeptu horrengatik jasoko duten kopurua Hitzarmenaren V. eranskineko taulan dago adierazita.
17.1.4.– Aparteko lansariak.
Aparteko bi lansari ezarriko dira, bata udakoa, eta bestea, Gabonetakoa. 30 egunekoak izango dira lanbide-kategoria guztietan, eta sei hilero sortuko dira. Zenbatekoa honela kalkulatuko da: Hitzarmeneko soldata (I. eranskineko soldata-taularen araberakoa), gehi irabazietako partaidetzari dagokion zatia (II. eranskineko taularen araberakoa), gehi antzinatasunagatik langileak onartuta duen zenbatekoa.
Gaixotasun arruntagatik edo istripuagatik hartzen den ezintasun iragankorrak ez du ondoriorik izango langileak kobratuko dituen diru kopuruetan. Egoera horretan kontzeptu horrengatik langileak jaso dituen zenbatekoak (hainbanakoa) kenduko dira bertatik, 23. artikuluan ezarritakoari atxikiz eta Hitzarmenaren VII. eranskinaren ildotik.
17.1.5.– Irabazietako partaidetza.
Hitzarmenaren II. eranskineko taulan kontzeptu honengatik maila bakoitzerako zehaztutako diru kopurua jaso ahal izango dute langileek hilero.
17.2.– Plusak.
17.2.1.– Distantzia-plusa.
Añorga eta Arrigorriagatik kanpo bizi diren langileentzat ezarriko da plus hori, etxetik lantokira dagoen tartearen arabera.
Tarte hori zehazteko, langilea bizi den udalerriko herrigunea hartuko da abiapuntutzat eta lantokiko sarrera helmugatzat; ibilbidea eskuarki egiten den biderik laburrena izango da.
Bi kilometrotik gorako bidean (egunean lau kilometro) 0,156 euroko plusa ordainduko da egunean egindako joan-etorriko kilometro bakoitzeko, alegia, lantokira joateko bidea eta etxera itzultzeko bidea.
Edozein arrazoi dela-eta langilea lanera ez doan egunetan, ez da plusik ordainduko.
Langileak bere borondatez bizilekua aldatzen badu, eta horrek kilometro gehiago egitea badakar ere, aurreko plus berbera kobratzen jarraituko du, edo, gehienez ere, 6 kilometroko distantziari dagokiona. Aldaketak kilometro gutxiago egitea badakar, plusa distantzia berrira egokituko da.
Plus hau lehenengo aldiz ordaintzen bada, edo etxebizitza–aldaketa batek eraginda, 6 kilometrokoa izango da gehienez onartuko den distantzia.
17.2.2.– Gaueko lanak.
Gaueko txandan –22:00etatik 06:00etara– lan egiten duten langileek gaueko plusa kobratuko dute, Hitzarmenaren I. eranskinean kontzeptu horretarako adierazitakoa.
17.2.3.– Jaietako «A» plusa.
Asteko atseden-eguna ordaindutako jaiegunarekin batera egokitzen zaion txandako langileak zortzi orduko jaietako "A" plusa jasoko du, I. eranskineko taulan adierazitakoaren arabera. Egun horretako orduak ez dira, beraz, ohiko lanaldian zenbatuko.
17.2.4.– Jaietako «B» plusa.
Urtean zehar dauden 15 jaiegun ordainduetan lan egiten duen txandako langileak jaietako «B» plusa jasoko du, ohiko soldataz gainera; plus hori I. eranskineko taulan jasotakoaren araberakoa izango da.
17.2.5.– Gabon eguneko eta Urtezahar eguneko plusak.
}Gabon egunean eta Urtezahar egunean lan egiten duten lanaldi zatituko langileek eta txandakoek Gabon eguneko eta Urtezahar eguneko plusak jasoko dituzte. Gauez, 22:00etatik 06:00etara, lan egiten dutenek aparteko zortzi orduri dagokien kopurua jasoko dute; eta arratsaldez, 14:00etatik 22:00etara, lan egiten dutenek, aparteko bi orduri dagokiena.
17.2.6.– Soldataz kanpoko plusa.
Ekonomatuko konpentsazioa kontzeptua desagertzearen ondorioz, langileek 14,03 euro jasoko dituzte hilero, urteko hamabi hilabeteetan.
17.2.7.– Aparteko orduak.
Hitzarmen hau indarrean den artean, aparteko orduaren zenbatekoa kalkulatzeko ondorengo ordainsari-kontzeptuak kontuan hartuz egingo da: Hitzarmeneko soldata, irabaziak, antzinatasuna eta enpresa-osagarria. Zenbateko horri % 75eko osagarria gehituko zaio, VIII. eranskinaren arabera.
Aparteko orduak bi modutan ordaindu daitezke: dirutan, lehen adierazitako kalkuluarekin zehazturiko zenbatekoa, edota balio bereko atsedenaren bitartez (orduari ordua), ordu arruntaren balioaren % 75 ere jasoz. Urtean 80 aparteko ordutik gora egiten badira, ordu horiek guztiak bigarren modu horretan konpentsatuko dira.
Orduen truke hartzen diren atseden-orduak lau hilabeteko epean hartu beharko dira, sailean saileko buruak ados daudela.
Enpresaren izaera dela-eta bertako produktibitate-arrazoiengatik sartzen diren aparteko orduak egiturazko aparteko ordutzat jo daitezke. Horregatik, langileen ordezkariak prest daude erakunde eskudunen aurrean aurkeztu behar den bidezko dokumentazioa sinatzeko.
Edozein arrazoirengatik aparteko orduak sartu beharra gertatuz gero, gaueko eta jaiegun edo igandeko plusak jasoko dira, plus horiek jasotzeko zirkunstantziak gertatzen direnean.
Igande eta jaieguneko plusak –biak batera kontuan hartuta– gehienez ere hiru jaso daitezke urtean, aurreko paragrafoa aplikatzearen ondorioz lan egin behar denean.
2017ko urtarriletik 2019ko abendura bitartean ezohiko lanak eta lankideen ordezkapenak direla-eta egiten diren aparteko orduak –edozein dela ere horretarako arrazoia, lanpostua, ordain-kontzeptua (esaterako, aparteko orduak, prestasun-plusa, lantegi mekanikoko laguntza-plusa eta eguneko lanordua luzatzeagatiko plusa) edo lanak egiten diren unea– ez dira ordainduko, eta ordu horien diruzko balioaren baliokidea den atsedenaldiaz konpentsatuko dira, sistema honi jarraiki.
– Aparteko orduak zer-nola hartuko diren bi alderdiek adostuko dute.
– Bi aldeak ados jartzen ez badira, atsedenaldia udan hartu beharko da (ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean).
– Lantegiko zuzendaritzak egingo du atsedenaldiaren egutegia, Interpretazio Batzorde Mistoaren laguntzarekin.
– Atseden-sistema behar bezala ezartzeko eta ebaluatzeko, urtean bi bilera egingo dira, martxoko eta urriko lehen hamabostaldietan, hain zuzen.
– Txandako langileei dagokienez, atsedenaldia, ahal dela, 5 edo 7 eguneko bloke osoetan egin beharko da. Langileak berak aukeratu beharko du asteburuetan eta jaiegunetan lan egin (5 eguneko bloketan) ala horietan atseden hartu (7 eguneko bloketan). Aukeraketa hori urte osoan egongo da indarrean.
17.2.8.– Dietak eta joan-etorriak.
Enpresak kontzeptu horiengatik ordainduko dituen zenbatekoak Hitzarmenaren III. eranskineko taulan daude adierazita.
17.2.9.– Ogitarteko-plusa.
10.2.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, ogitartekoaren jaiegunean atseden hartu ezin duten txandako langileek Hitzarmenaren I. eranskinean adierazitako zenbatekoak jasoko dituzte.
17.2.10.– Igandeetako plusa.
Beren egutegian hala ezarrita dagoelako igandeetan lan egiten duten txandako langileek Hitzarmenaren I. eranskinean jasotako zenbatekoa kobratuko dute.
17.2.11.– Lan berezietako plusa.
Enpresak plusa ordainduko du beren ezaugarri bereziak direla-eta (hala nola toxikotasuna, arriskua edo nekagarritasuna) halakotzat hartzen diren lanengatik; plus horien zenbatekoak VI. eranskinean daude jasota.
Lan-batzorde bat sortu da horrelako lan motak aztertzeko eta lan horiek gutxituz joateko.
17.2.12.– Erreten-plusa.
10.2.2.d) artikuluaren arabera, txandako langileek I. eranskinean jarritako zenbatekoa jasoko dute, dagokien lan-egutegian ezarritakoarekin bat etorriz erretenean daudenean.
17.2.13.– Prestasun-plusa.
Erreten-egunean lan egindako orduak prestasun-plus legez ordainduko dira, Hitzarmeneko IX. eranskinean jasotako zenbatekoen arabera.
17.3.– Nomina ordaintzea.
Enpresak hilero ordainduko die soldata langileei. Ordainketa banketxe edo aurrezki-erakundeen bidez egingo da.
17.4.– Azken kitapenak.
Langileak, azken kitapenaren ordainagiria izenpetu baino lehen, Enpresa Batzordeko kide baten presentzia edo afiliatuta dagoen sindikatuko ordezkariarena eskatu ahalko du, egoki deritzon aholkularitza jasotzeko.
18. artikulua.– Ordainsari aldakorra.
Ordainsari berezi bat ezarriko da urtero, egindako salmenten igoera saritzeko. Ordainsari horren zenbatekoa Hitzarmena indarrean den artean, urtarriletik abendura arte, langileak benetan lan egindako denborarekiko proportzionala izango da.
Ordainsaria sortzen den urtearen hurrengoan ordainduko da, urtarrilean, eta linealki banatuko da langile guztien artean.
2017ko ekitaldiari dagokion ordainsaria –hau da, 2018ko urtarrilean ordaindu beharko litzatekeena– ez da ordainduko.
Hurrengo ekitalditik aurrera, ordainsari aldakorraren zenbatekoa kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da:
– 600.000 tonara irisi arte, zenbateko hau ordaindu beharko da: 0,7 euro tona bakoitzeko + 100.000 euroko zenbateko osagarri finko bat.
– 600.000 tona gaindituz gero, zenbateko hau ordaindu beharko da: 0,9 euro x tona guztiak, lehenengo tonatik hasita.
Tonako zenbateko horrek Hitzarmeneko gainerako soldata-kontzeptuek duten igoera izango du, 2020tik aurrera.
Kalkulua egiteko, urte natural bakoitzean igorritako merkatu nazionaleko zementu- eta clinker-tonak hartuko dira kontuan, bai eta Frantziara esportatzen direnak ere, betiere kamioian garraiatzen badira.
V. KAPITULUA
GIZARTE-EKINTZAK
19. artikulua.– Gizarte-jantokiak.
Enpresak konpromisoa hartzen du zerbitzuak orain arte bezala ematen jarraitzeko.
19.1.– Gerta daitezkeen igoerak erdibana (% 50) hartuko dituzte beren gain enpresak eta langileek.
19.2.– Langileek zenbateko hau ordaindu beharko dute 2017. urtean otordu bakoitzaren truke:
Arrigorriagako langileek....................2,70 euro.
Añorgako langileek...........................2,70 euro.
20. artikulua.– Aseguru kolektiboa.
Hitzarmena izenpetu eta handik hilabetera, enpresak langile finkoak eta behin-behineko kontratuko guztiak aseguratuko ditu. Aseguruak zenbateko hauek izango ditu, eta arrisku hauetarako balioko du:
– Heriotza naturala: 16.326 euro.
– Lanetik kanpoko erabateko ezintasuna: 16.326 euro.
– Lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko heriotza: 33.829 euro.
– Lan-istripuaren ondoriozko heriotza: 83.967 euro.
– Lan-istripuaren edo lanbide gaixotasunaren ondoriozko erabateko baliaezintasuna: 83.967 euro.
Eskatutako agiri guztiak enpresaren esku utzi eta bi hilabeteko epean ez badira ordaindu aurreko paragrafoan finkatutako zenbatekoak, enpresak berak aurreratuko ditu.
21. artikulua.– Laguntza medikoa.
Medikuntza orokorreko medikuak aginduta, langileak Gizarte Segurantzako espezialistaren batengana jo behar duenean, eta kontsulta-ordua lan-orduetan bada, asistentzia mediko hori jasotzeko eskubidea izango du langileak, eta ohiko lanaldiko soldata jasoko du, inolako kenketarik gabe; horretarako, aldez aurretik agindua egiaztatzen duen papera eta asistentzia gauzatu dela egiaztatzen duena aurkeztu beharko dira. Bestelako kasuetan, hala nola langilea bera medikuntza partikularreko kontsultara joateagatik nahiz langilearekin bizi den lehen mailako senide bati laguntzeagatik, ohiko lanaldiko soldataren arabera ordaindutako 16 ordu izango ditu urtean, gehienez; kontsulta-ordu horiek, aurreko kasuan bezala, egiaztatu egin beharko dira.
22. artikulua.– Istripu-bajaren osagarria.
Lan-istripuengatik edo lan-gaixotasunengatik gertaturiko ezintasun iragankorren egoeretan % 100ean osatuko dira Hitzarmeneko soldata, antzinatasuna, enpresa-osagarria eta irabaziak.
23. artikulua.– Gaixotasun-bajaren osagarria.
Gaixotasun-baja batean dauden langileek hileko absentismoaren araberako osagarria jasoko dute. Hitzarmenaren VII. eranskinean adierazitakoaren arabera aplikatuko da osagarri hori.
24. artikulua.– Trebakuntza.
Batzorde bat sortuko da, sindikatu guztien ordezkaritzaz, prestakuntza-plan bateratu bat egiteko. Prestakuntza-orduak erdibana sartuko dira: % 50 lanaldiaren barnean eta % 50 lanalditik kanpo. Batzorde horrek prozedura bat finkatuko du plana burutzeko.
25. artikulua.– Aurrerakin itzulgarriak.
Enpresak gehienez ehun eta berrogeita hamar mila euroko (150.000 euro) aurrerakin itzulgarrien funts bat sortuko du, Hitzarmenari atxikitako langileentzat.
Interpretazio Batzorde Mistoak egindako araudi baten arabera zehaztuko da funts horren funtzionamendua eta aplikazioa. Berariazko batzorde bat sortuko da araudia kudeatzeko.
26. artikulua.– Pentsio-plana.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek Geroa izeneko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundera atxikiko dira. Sociedad Financiera y Minera SA enpresak dituen gainerako lantokietako langileek baliatu ahal izan dezaketen beste edozein pentsio-plani uko egitea ekarriko du horrek.
Hitzarmen kolektibo hau indarrean den 3 urteetan, ekarpen hauek egingo dira: % 4,30ekoa, lehen urtean, eta % 1,80koa, hurrengo bi urteetan. Honela aplikatuko da:
Hitzarmen hau sinatzen den hilera arte, ekarpena langile bakoitzak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrera egiten duen kotizazio-oinarriaren % 4,30en baliokidea izango da. Ekarpenaren % 2,15 langileak jarriko du, nominatik deskontatuz; eta gainerako % 2,15a, enpresaren kargura izango da.
Hitzarmen hau sinatzen den egunaren hurrengo hiletik aurrera, ekarpena langile bakoitzak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrera egiten duen kotizazio-oinarriaren % 1,80koa izango da. Ekarpenaren % 0,90 langileak jarriko du, nominatik deskontatuz; eta gainerako % 0,90a enpresaren kargura izango da. 2018an ere ekarpen berak egingo dira.
2019an, berriz, % 1,80ko ekarpenak egingo dira 2017an % 4,30eko ekarpenak egin ziren hilabeteetan. Gainerako hilabeteetan, % 4,30eko ekarpena egingo da.
2020-01-01etik aurrera, lehen aplikatzen zen % 4,30eko ekarpena egingo da urte osoan, lehen bezala, alderdiek ez badute beste zerbait adosten.
VI. KAPITULUA
SINDIKATUEN EKINTZAK
27. artikulua.– Enpresa-batzordeak.
Enpresa Batzordeko kide guztiek hilean ordaindutako 30 ordu hartzeko eskubidea izango dute, lankideen interesen aldeko zeregin sindikaletarako.
Enpresak lokal egoki bat utziko die batzordeei, telefonoko barne-zenbaki batez horniturik, haien bilerak egin ditzaten.
Enpresaren eta batzordeen arteko ohiko bilerak hilabetean behin egingo dira eskuarki, batzordeko idazkariak deituta. Ohiz kanpoko bilera-deialdiak alde bietako edozeinek egin ahalko ditu.
28. artikulua.– Bidegabeko iraizpena.
Lan Arloko Epaitegiak edo dagokion apelazioko erakunde jurisdikzionalak bidegabeko iraizpena ebazten duen epaia ematen badu, langileak bi aukera izango ditu: enpresan jarraitu ala bertan baja hartu, trukean epaian ezarritako kalte-ordaina jasoz.
29.– artikulua. Berme sindikalak.
Enpresako sindikatuen jarduera Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan (LOLS) ezarritakoak arautuko du, eta, zehatzago, arau hauek:
1.– Sindikatuek sekzioak sortu ahal izango dituzte, baldin eta plantillako % 10eko afiliatuen kopurua erdiesten badute.
Eratutako sindikatu-sekzioek ordezkari sindikal bat aukeratzeko eskubidea izango dute, irizpide hauen arabera:
– 100 langile baino gehiagoko lantegietan, gutxienez 45 afiliatu izatea.*
– 100 langile baino gutxiagoko lantegietan, gutxienez 30 afiliatu izatea.*
* Ondorio horietarako, ulertuko da langile bat ezin dela egon sindikatu batera baino gehiagora afiliatuta; beraz, behin bakarrik zenbatu ahal izango da.
Ordezkari horiek Enpresa Batzordeko kideen eskubide berberak izango dituzte, irizpide hauen arabera ezartzen den ordu-kreditua salbu:
– 100 langile baino gehiagoko lantegietan: hilean 25 ordu.
– 100 langile baino gutxiagoko lantegietan: hilean 20 ordu.
Lantegi batean sindikatu bereko ordezkari bat baino gehiago badaude, hileko orduak bien artean banatuko dituzte, modu ekitatiboan.
2.– Langileek hala erabakitzen badute, sekzio sindikal izenpetzaileek berek egin ditzakete enpresako edo lantokiko negoziazioak.
3.– Langileek lantokian batzarrak –orokorrak nahiz zatikakoak– egiteko eskubidea izango dute. Horretarako, enpresak ordaindutako 12 ordu izango dituzte urtean, gehienez. Batzarretarako deialdia Enpresa Batzordeak egingo du, edo enpresarekin batera adostutako gutxienekoak betetzen dituzten sekzio sindikalek. Batzar orokorretarako deia Enpresa Batzordeak baino ezingo du egin.
4.– Gorabehera sindikalengatik Enpresa Batzordeko kideek edo sindikatuetako ordezkariek ordaindu beharreko kilometroak, bidesariak, aparkalekuak eta dietak Enpresa Batzordeak hartuko ditu bere gain, orain arteko arrazoiengatik.
5.– Sindikatu bateko ordezkariei eta batzordeko kideei dagozkien ordaindutako baimen-orduak sindikatu bereko kideen artean metatu daitezke, gutxienez sei hilabeterako, sindikatu horrek hautatutako ordezkari bakar batengan, orotara sindikatuko kideei dagozkien kopuruaren % 50era arte.
6.– Ez da langilerik baztertuko honelako edo halako sindikatuko kidea izateagatik.
7.– Sindikatu bateko afiliatuari erreklamazio edo zigorren bat aplikatzen bazaio, enpresak horren berri emango dio, idatziz, haren sindikatuko ordezkariari, halakorik balego.
8.– Sindikatuetako ordezkariek eskubidea izango dute enpresak entzun ditzan, afiliatuen arazoak negoziatzeko eta adosteko.
VII. KAPITULUA
LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA
30. artikulua.– Laneko arriskuen prebentzioa.
Bai enpresak bai langileen ordezkariek hitz ematen dute Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak ezarritakoa beteko dutela, bai eta horren gainean indarrean dauden araudi eta xedapenek ezarritakoa ere. Arrigorriagako eta Añorgako zementu-lantegietako laneko segurtasun eta higiene taldeak, hain zuzen ere, legean xedatutakoa kontrolatzeko eta horren jarraipena egiteko sortu ziren.
31. artikulua.– Toxikotasun-, arrisku- eta nekagarritasun-plusa.
Enpresa Zuzendaritzak behar diren bitarteko materialak eta giza bitartekoak jarri ditu arriskua, toxikotasuna eta nekea dakarten egoerak saihesteko, eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere.
Berez, zuzendaritzaren filosofia da gerta daitezkeen anomaliak zuzentzea edo arintzea, eta ez da, besterik gabe, plus horiek ordaintzea.
Beraz, agintaritza eskudunak honelako edo halako arrisku-, toxikotasun- edo neke-kasurik antzeman eta irmotasunez adieraziz gero, bidezko neurriak hartuko lituzke.
VIII. KAPITULUA
GATAZKAK EBAZTEA
32. artikulua.– PRECO II prozedurak.
Enpresako hitzarmen kolektibo hau ulertu edo aplikatzeko sor daitezkeen edozein zalantza edo eztabaida ebazteko, alde bietakoak PRECO II prozeduren mende jartzen dira, beren eskumen-esparruko gatazka kolektibo zein pertsonalei dagokienez. Horrenbestez, alde bietako batek horietako edozein prozedura hasiz gero, besteak prozeduran esku hartu beharko du eta berari lotuta geratuko da bere osotasunean.
IX. KAPITULUA
AUKERA-BERDINTASUNA ETA LAN-GIROA
33. artikulua.– Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunerako politika.
Sociedad Financiera y Minera SAren zuzendaritzak hitz ematen du aukera-berdintasuna kudeatuko duela, enpresako gizon eta emakumeengan ondorio zuzenak eta zeharkakoak dituzten jarduera orotan txertatuz. Behar diren baliabideak izendatuko dituzte urtero Berdintasunerako helburuak eta planak martxan jartzeko, eta horiek inongo diskriminaziorik gabeko ingurua sortzen lagunduko dute.
34. artikulua.– Lan-giroari buruzko printzipioen adierazpena.
Enpresak konpromisoa hartzen du bertan indarkeriarik eta jazarpenik gabeko lan-giroa izango dela zaintzeko; hain zuzen ere, gerta daitezkeen jarduera mota guztiei aurrea hartzeko, horiek kontrolatzeko eta zigortzeko prozedura bat adostuko du, eta adostutakoa ezagutzera emango du.
Era berean, aitortzen du pertsona orok duela eskubidea duintasunez tratatua izateko; horretarako, enpresak hitzematen du bertan lan egiten duten pertsona guztien duintasuna errespetatuko den lan-giroari eutsiko diola, eta ordenamendu juridikoak babestutako funtsezko eskubideak eta, bereziki, berdintasunerako, osotasun fisiko eta moralerako, eta duintasunerako eskubidea urratzen duten jokabideak saihestu eta horien aurka egingo duela.
Horrez gain, enpresak beste konpromiso edo ardura batzuk ere hartzen ditu.
Aitortzen du lanean indarkeria edo jazarpena jasan izana sentitzen duen pertsona orok duela eskubidea salaketa jartzeko, eta horretarako adostutako prozedura abian jartzea eskatzeko eskubidea bermatzen du.
Beharrezko bitartekoak ezartzea proposatzen du, jazarpen- eta indarkeria-kasurik ez gertatzeko informazio, heziketa, trebakuntza, jarraipen eta ebaluazio egokia eman ahal izateko, bai eta bertan zerbitzuak ematen dituzten pertsonen jarreretan eta jokabideetan eragiteko ere.
Horrez gain, laneko indarkeria-egoeren ondorioz sorturiko gatazkak era autonomoan konpontzeko prozeduraren edukia erakundearen maila guztietara zabalduko du, modu sistematikoan eta jarraituan. Era berean, kopia bana emango zaie enpresan zerbitzuak ematen dituzten pertsona guztiei. Lanean hasi berri direnei ere (behin-behineko langileak izan nahiz langile finkoak izan) edukiaren berri emango zaie.
Langileei, garatu behar dituzten jarduerei, lortu beharreko helburuei eta horretarako dituzten baliabideei buruzko informazio garrantzitsua, argia eta espezifikoa emateko konpromisoa hartzen du enpresak, eta horretarako, beharrezkoak diren baimenak eman eta jarraipenak egingo ditu.
35. artikulua.– Hitzarmen hau ez aplikatzea.
Enpresak hitzarmen hau aldi batean ez aplikatzeko asmoa badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla-eta), langileen ordezkariekin horretarako akordiorik lortzen ez badu eta gatazkak konpontzeko lanbide arteko akordio aplikagarrien prozeduretara jota ere desadostasuna konpontzen ez bada (bi alderdiek beren-beregi hala egitea adosten badute soilik joko da arbitrajera), bi aldeen arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritzaren eta langileen ordezkaritzaren gehiengoaren arteko akordioa, alegia), Hitzarmena ez aplikatzeari buruzko desadostasuna ORPRICCEren esku jartzeko.
LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Behin-behingoz, eta oporrak aurreko sistemaren arabera kobratzeko langileek duten eskubidea iraungi arte, sistema horri eutsiko zaio.
Auzi hori ebazteko ondorioetarako, 1978 arte eutsiko zaio aipaturiko eskubideari.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Langile berriek aurrera egiteko egungo aldia, 6. artikuluko taulan zehaztutako epeei dagokienez, urte eta erdi luzatuko da; horrenbestez, aurrerabideen taula hau aplikatuko da:
XI. maila:15 hilabete.
VIII. maila:15 hilabete.
VI. maila:12 hilabete.
V. maila:12 hilabete.
2020-01-01etik aurrera, 6.2 artikuluan araututako aurrerabideak aplikatuko dira berriro ere.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Konpainiak Malagara edo beste lantokia batera lekualdatzeko aukera iragarri berri du, enpresak Estatuan dituen administrazio-zereginen berrantolaketaren ondorioz, bai eta egun Añorgako bulegoetan egiten diren funtzioak lekualdatzeko aukera ere. Horren aurrean, bi aldeek hitz eman dute beste lan-aukera bat bilatzen ahaleginduko direla, lekualdatzearen ondorioak izan ditzaketen eta hitzarmen honen eraginpean dauden langileen baldintza pertsonal eta profesionalekin bat datorrena, Rezolaren edozein lantokitan.
Konpainiaren egoera ekonomikoaren eta antolaketa-egoeraren aurrean, beste aukera batzuk bilatzeak beste zenbait sailetan doiketak egitea eragin dezake.
Neurrien benetako eragina jakiten denean, Interpretazio Batzorde Mistoa bilduko da, plana garatzeko.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Lan-batzorde bereziak: hitzarmen kolektibo honen negoziazioa amaitzean, Interpretazio Batzorde Mistoko langileen ordezkariek proposamen zehatz bat egingo dute idatziz, eta hilabeteko epean, batzorde hau berriro bilduko da, proposamen hori eztabaidatzeko.
BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Segurtasun-pizgarri bat ezarriko da, enpresak eta langileek istripurik ez gertatzeko duten helburu bateratua lortzeko egiten diren ahaleginak saritzeko. Ez dute pizgarri hori jasoko zuzendaritza taldekoek, kontzeptu hori sartuta baitute helburuen araberako sisteman.
Oinarriak:
a) Ez dute pizgarri hori jasoko ez oporretako ordezkapenak edo antzekoak egiteko kontratatu diren langileek, ez eta lan edo zerbitzu jakineko lan-kontratua eta ekoizpen-inguruabarrengatiko behin-behineko kontratua egin zaien langileek, betiere kontratuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.
b) Urtean, 4 hilabete osoko lana burutu behar da.
c) Derrigorrezko baldintza izango da onuradunak nominan egotea ordainketa-datara arte. Horregatik, ordainketa-data baino lehen lan-kontratua iraungitzen zaien langileek ez dute pizgarri hori jasotzeko eskubidea izango.
d) Saria ekitaldi horretan benetan lan egindako denboraren proportzionala izango da.
e) Konpainian ekitaldia hasi eta gerora sartzen diren langileek lan egindako hilabete osoei dagokien pizgarri proportzionala jasoko dute, betiere muga hauen a) eta b) atalak betetzen badituzte.
Formula:
Plantillako langile bakoitzak 545 euroko pizgarria lortu ahal izango du urtean, helburu hauetako bakoitza lortzeagatik:
1.– Lan-istripurik gabeko hil bakoitzeko:
Añorgako nahiz Arrigorriagako lantokietan laneko baja eragiten duen istripurik gertatzen ez den hilabeteetan, lantoki horretako plantillako langileei 23 euro ordainduko zaie, urteko 273 euroko zenbatekoa (urteko pizgarriaren % 50) hilabete bakoitzean zatiturik ateratzen dena.
2.– Urtean lan-istripurik gabe pasatzen diren bi hiruhilekoz behin:
Añorgako nahiz Arrigorriagako lantokietan, bi hiruhilekotan –jarraituak izan edo txandakatuak izan urte natural berean–, laneko baja eragiten duen istripurik gertatzen ez bada, lantoki horretako plantillako langile guztiei urteko 136 euro (urteko pizgarriaren % 25) ordainduko zaie.
3.– Bi lantokien artean metatutako maiztasun-indizearen balioaren eta baja-aldien iraupenaren arabera:
2017. urtean bi lantokien artean (Añorga eta Arrigorriaga) metatutako maiztasun-indizea 7 baino txikiagoa bada, eta ez bada egon 150 egunetik gorako istripuagatiko bajarik, bi lantokietako plantillako langile guztiei 136 euro ordainduko zaizkie urteko (urteko pizgarriaren % 25).
Hurrengo urteetarako maiztasun-indizea konpainiako zuzendaritzak ezarriko du.
Hitzarmen hau indarrean den urteetan aplikatuko da pizgarri hori; beraz, ez da finkagarria izango hurrengo urteetarako. Horrez gain, konpainiak ez du obligaziorik izango etorkizunean ere egungo sistemari eusteko, ez eta soldata finkoaz gain aparteko ordainsariak ordaintzea dakarren bestelako sistemaren bati eusteko ere.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.
Aurreko hitzarmeneko lehenengo xedapen gehigarriarekin bat, enpresako jarduera sindikalari buruzko Akordioaren testua atxikiko da; hain zuzen, bertan ezarritakoari lotzen zaio enpresako sindikatuen jarduera, bai eta hitzarmen kolektibo honetako 27. eta 29. artikuluetan xedatutakoari ere.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.
Nominak homologatzearen eta aurreko hitzarmenak negoziatzean burututako maila-parekatzearen ondorioz, langileak berez hitzartutako mailatik gora soldatatzat kobratzen duen zenbatekoa bere horretan mantenduko da eta ez da irentsiko; hau da, kopuru hori ez da aldatuko eta ez zaio gerora ere gehikuntzarik aplikatuko. Aldatuko ez den diru kopuru horri «langile finkoen A plusa» esango zaio.
Langile bat mailaz igotzen bada eta aurretik «langile finkoen A plusa» deritzona kobratzen badu, lortzen duen soldata-igoerak irentsiko du kopuru hori.
Halaber, plus pertsonal gisa langile batek gaur arte kobratzen duen kopurua bere horretan mantenduko da, eta ez da irentsiko, salbu eta maila-parekatzearen edo maila-igoeraren ondorioz bere soldatak plus pertsonal horren adinako edo gutxiagoko gehikuntza badu; azken kasu horretan plusa gehikuntza horren kopuruarekin irentsita geratuko baita. Plus pertsonalean geratzen den kopuruari «langile finkoen B plusa» esango zaio.
Langile bat mailaz igotzen bada eta aurretik «langile finkoen B plusa» deritzona kobratzen badu, lortzen duen soldata-igoerak irentsiko du kopuru hori.
AZKEN XEDAPENA.
Hitzarmen honetan zehaztu ez denerako araudi hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Zementuen sektoreko gai zehatzei eta bertako hutsuneak betetzeari buruzko akordioa, Eraikuntzako eta herri-lanetarako Gipuzkoako lurralde-hitzarmen kolektiboa, Langileen Estatutua eta aplikazio orokorrekoa den lan-legedia.
Arrigorriaga, 2017ko urriaren 26a.