EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017001

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 11koa, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarena, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatzeko Dekretu-proiektua jendaurrean jartzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-12-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201800005
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/03/30rean argitaratutako 2015/03/17ko 201500030 DEKRETUA

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak «seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatzeko Dekretu-proiektua» egin du. Proiektua Xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean xedatutakoarekin bat etorriz izapidetu behar da.
Aipatutako legean jasotako aurreikuspenak betez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, 2017ko azaroaren 8ko Aginduaren bidez, hasiera eman zion arestian aipatutako dekretu-proiektua egiteko prozedurari; eta geroago, 2017ko azaroaren 10eko dataz, dekretu-proiektua eta testu bategina aldez aurretik onartzeko agindua eman zuen, testu artikulatua idatzi ondoren.
Aipatu 8/2003 Legearen 8.1 artikuluari jarraikiz, jendaurrean jarri behar dira bai herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapenak –kasu honetan gertatzen den legez–, bai haien izaeragatik hala behar duten xedapenak.
Horiek horrela, «seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatzeko Dekretu-proiektua» 20 egun baliodunetan jendaurrean jarriko da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Aurreko guztia aintzat hartuta, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak 2017ko azaroaren 8an emandako Aginduaren erabakiaren bigarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz (dekretu-proiektua egiteko prozedurari hasiera ematen dio agindu horrek), eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuko 14 b) artikuluan xedatutakoari jarraituz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatzeko Dekretu-proiektua» jendaurrean jartzea, hogei (20) egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena.– Goragoko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkez ditzaten, proiektuaren edukia eskuragarri egongo da helbide honetan: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritza (Donostia kalea, 1 – Lakua I Eraikina, 1. solairua – Vitoria-Gasteiz), eta eskuragarri egongo da orobat Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan: www.euskadi.eus
Hirugarrena.– Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzan aurkez daitezke alegazioak, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak zehaztutako edozein tokitan ere, eta aipatutako zuzendaritzara zuzendu beharko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 11.
Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria,
ERNESTO SAINZ LANCHARES.