EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-01-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017001

277/2017 DEKRETUA, abenduaren 26koa, kargu publikodun baten bateragarritasuna baimentzekoa.

Xedapenaren zenbakia: 201700277
Xedapenaren data: 2017-12-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201800003
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/08/01ean argitaratutako 2014/06/26ko 201400001 LEGEA
  • Ikus 2016/11/28an argitaratutako 2016/11/15eko 201600156 DEKRETUA

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús Carmen San José López andreak bateragarritasuna baimentzeko eskaera aurkeztu zuen 2017ko azaroaren 22an, Euskadiko Alderdi Sozialistaren (PSE-EE PSOE) Arabako Batzorde Batearazleko Politika Publikoen idazkari kargua betetzeko. Eskaerarekin batera, PSE-EE (PSOE) alderdiaren Arabako Antolaketa idazkariak egindako 2017ko azaroaren 2ko ziurtagiria aurkeztu zuen.
Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeak III. kapituluan arautzen du haien bateraezintasun araubidea. Bere 14.1.d) artikuluaren arabera, kargu publikoa betetzea bateragarria izango da, arriskuan jartzen ez bada kargu publikodunak bere eginkizunean eduki beharreko inpartzialtasuna edo independentzia, jarduera pribatu honekin: «Ordainsaririk jaso gabe parte hartzea irabazi-asmorik gabeko fundazioetan, elkarteetan edo erakundeetan, bai eta gizarte-balioak sustatzen dituzten interes sozial edo kulturaleko jardueretan aritzea ere». Aipatutako arauaren 14.2 artikuluari jarraikiz, jardueran aritzeak ezin izango du eragotzi edo kaltetu kargu publikodunaren eginbeharrak eta obligazioak zuzen eta zorrotz betetzea, ez du arriskuan jarriko karguan inpartzialtasunez edo independentziaz jardutea, eta ez dio interes publikoari kalterik eragingo. Legearen 19.1 artikuluak dioenez, jarduera publiko edo pribatu batean aritzeak beharrezkoa du bateragarritasun edo bateraezintasuneko berariazko ebazpena egitea.
Ekainaren 26ko 1/2014 Legea garatu zuen Kargu publikodunen betebeharrei eta eskubideei buruzko azaroaren 15eko 156/2016 Dekretuak V. kapituluan arautzen ditu jardueren deklarazioa eta bateragarritasunen araubidea. Dekretuaren 21.1.d) artikuluan jasotzen da, bateragarria den jarduera pribatu gisa, «irabazi asmorik gabeko fundazioetan, elkarteetan edo erakundeetan parte hartzea, edo gizartearen edo kulturaren onerako jardueretan edo gizarte-balioak sustatzen dituzten jardueren zuzendaritza- eta kudeaketa-organoetan parte hartzea, baina ordainsaririk gabe».
Bateragarritasuna baimentzeko eskaera Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 2.1.a) artikuluan jasotako kargu publikodun batek aurkeztu du, eta ikusi da bateragarri izendatzeko eskatutako jarduera Kargu publikodunen betebeharrei eta eskubideei buruzko azaroaren 15eko 156/2016 Dekretuaren 21.1.d) artikuluan sar daitekeela, ez duela kargu publikodunaren betebeharrak zuzen eta zorrotz betetzearen aurka egiten, ez duela arriskuan jartzen karguan inpartzialtasunez edo independentziaz jardutea, eta ez diola interes publikoari kalterik egiten. Halaber, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak emana du Legearen 19.3 artikuluak exijitutako aldeko bateragarritasun txostena, eta, beraz, bidezkoa da eskatutako eskaera baiestea.
Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 19.3 artikuluarekin bat, Jaurlaritzako kideek egindako bateragarritasun eskaerak Gobernu Kontseiluak ebatziko ditu.
Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak aldeko txostena eman ondoren eta bere proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– María Jesús Carmen San José López andreak aurkeztutako eskaera baietsi, eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren (PSE-EE PSOE) Arabako Batzorde Batearazleko Politika Publikoen idazkari kargua gaur egun betetzen ari den Lan eta Justiziako sailburu karguarekin bateragarri izendatzea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio bideari amaiera ematen dion dekretu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunean hasita; bestela, administrazioekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunean hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu honek interesdunari jakinarazten zaion egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.