EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 11koa, Kontsumobideko zuzendariarena, toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko diru-laguntzak emateko 2018ko deialdiaren berri emateko.

Xedapenaren data: 2017-12-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201706314
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/02/24an argitaratutako 2010/02/17ko AGINDUA [201000950]

Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduaren bidez (EHAAren 37. zk, otsailaren 24koa), toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko diru-laguntzak emateko programa arautzen da.
Aipatutako Aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da iragartzen dituen diru-laguntzen deialdia egitea 2018. ekitaldirako, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko ekainaren 29ko 9/2007 Legeak institutu horren eginkizunak jasotzen ditu 4. artikuluan, eta Zuzendaritzarenak 9. artikuluan. Horietan oinarrituz, Kontsumobideko zuzendariari dagokio deialdi honen ebazpena ematea.
Uztailaren 12ko 159/2011 Dekretuak Kontsumobideren egitura eta antolaketa ezartzen ditu, eta xedapen gehigarrian xedatzen du 2011ko irailaren 1ean hasiko dituela bere jarduerak. Eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.2 artikuluaren arabera, Jaurlaritza, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakariak edo zuzendariak dira organo eskudunak, bakoitza bere esparruan, arauak onartzeko eta laguntzak edo diru-laguntzak emateko.
2015eko azaroaren 25ean, Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak aho batez onartu zuen Erakunde Autonomoaren Diru-laguntzen 2016-2018ko Plan Estrategikoa, azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa betez.
Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, honako hau
Xedatzen dut:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen helburua da Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduan ezarritako laguntzen deialdia egitea, 2018ko ekitaldirako. Agindu horren bitartez arautzen dira toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko eman beharreko diru-laguntzak.
2.– Helburu hori betetzeko, 958.570 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:
859.171 euroko aurrekontu-kreditua egongo da honako hauen gastuak ordaintzeko: kontsumitzaile eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak egiteko, eta Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuen argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jardueretarako.
Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2018. urtea: 644.378 euro.
2019. urtea: 214.793 euro.
Kontsumoko ikuskaritza-jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko 80.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2018. urtea: 60.000 euro.
2019. urtea: 20.000 euro.
19.399 euroko aurrekontu-kreditua egongo da Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2018. urtea: 14.549 euro.
2019. urtea: 4.850 euro.
3.– Entitate onuradunek 2018an izango dituzten gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.
4.– Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
2. artikulua.– Baldintzak.
Erakunde eskatzaileek, 2010eko otsailaren 17ko Aginduan (2010eko otsailaren 24ko EHAA) iragarritako laguntzak jasotzeko, onuradun izateko baldintzak bete beharko dituzte, agindu horren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta izapide elektronikoa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2018ko otsailaren 15ean.
2.– Eskaerak bitarteko elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira, eskabide-ereduaren arabera, zati guztiak oso-osorik beteta. Horrez gain, hurrengo artikuluak eskatutako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak zehazten du bide elektronikoa nork erabili behar duen. Hortaz, euskadi.eus atariaren egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira eskaerak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/kiubentzako-laguntzak-2018/y22-izapide/eu
3.– Bide elektronikotik eskabideak aurkeztu osteko izapideak, honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
4.– Prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektroniko bidez egin nahi dituzten pertsona interesdunek onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki behar dute.https://euskadi.eus/informazioa/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu/
5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Gainera, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu bidali beharko dagozkion agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.
Azken xedapenetako lehenengoa
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Azken xedapenetako bigarrena
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 11.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,
NORA ABETE GARCÍA.