EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

AGINDUA, 2017ko abenduaren 12koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Bilboko udalerriko Boluetan babes ofizialeko 190 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

Xedapenaren data: 2017-12-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201706310
Maila: Agindua
GERTAKARIAK
1.– Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.
2.– 2006ko maiatzaren 18an «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A.» erakundeak (Visesak) eta Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Boluetako 421 banaketa-eremuan etxebizitza publikoa sustatzeko. Sustapen horretako hamaikagarren klausulan jasotzen denaren arabera, babes ofizialeko etxebizitzen esleipendun izateko Bilbon erroldatuta egon beharko da.
3.– 2017ko uztailaren 18ko Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkariaren ebazpenaren bidez babes ofizialeko behin behineko kalifikazioa eskuratu du Bilboko udalerriko Boluetako 190 babes ofizialeko etxebizitzako sustapenak. Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (Visesa) baltzu publikoak sustatzen du, eta, EB2-1280/17-LE-000 da bere espediente zenbakia. Etxebizitza horietako 8, bi logelakoak, 70,20 m²ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 182 etxebizitzetatik, 70 bi logelakoak dira eta 58,33 m² eta 69,62 m² bitarteko azalerak dituzte; 112 hiru logelakoak dira eta 82 m² eta 88,94 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza izango da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari dagokio honako Agindua ematea, 2012ko urriaren 15eko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Aginduan, 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.
3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak, 2011ko irailaren 14ko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduan ezarritakoak izango dira.
4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko Aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.
5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ezean.
6.– Agindu horretan honakoa ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera Aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela.
7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
8.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan bost kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu.
Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Bilboko udalerrian babes ofizialeko 190 etxebizitza esleitzeko prozedurari; udalerri hori Bilbao Metropolitanoko eskualde egituran kokatzen da.
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza izango da.
Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona hauek edo bizikidetza unitateek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.
Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Bilbao izan beharko da.
Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek Bilbon urte beteko antzinatasunez erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, agindu hau argitaratzen den datan,
Seigarrena.– 2016. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituak edo desgaitu psikikoek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea. Genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko.
Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2018ko urtarrilaren 15a eta 26a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:
– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Kale Nagusia 85, 48011 – Bilbao.
– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 – Bilbao.
Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 8, 70,20 m² azalera dutenak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude, etxebizitzak bi logelakoak dira. Etxebizitza horiek, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza unitateen artean, esleituko dira.
Etxebizitza horiek honako ordenean esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.
Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko 182 etxebizitzetatik 70 bi logelakoak dira eta 58,33 m² eta 69,62 m² bitarteko azalerak dituzte; 112 hiru logelakoak dira eta 82 m² eta 88,94 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitza horiek, ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta esleituko dira.
Hamargarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.
Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak Agindu horretako 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Hamabigarrena.– Agindu honen aurka ,aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 12a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.