EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2018. urterako txanda-kontraturako laguntzen deialdia.

Xedapenaren data: 2017-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201706307
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko abenduaren 28ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, 2018. urterako txanda-kontraturako laguntzen deialdia egitea onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea 2018. urterako txanda-kontraturako laguntzen deialdia, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2017ko abenduaren 28ko batzarrean hartutako erabakiaren bitartez onartua. Ebazpen honen eranskinean jasota dago.
Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
2018. URTERAKO TXANDA-KONTRATURAKO LAGUNTZEN DEIALDIA
XI. legegintzaldiari begira, 2016-2020 gobernu-programaren lehentasuna enplegua da, eta, horrekin lotuta, langabezia-tasak % 10etik behera ezarri nahi ditu. Horretarako, enplegua sortzeko eta enplegu horren kalitatea hobetzeko ekonomia- eta gizarte-politika publikoak sustatuko ditu. Enplegua eta ekonomiaren suspertzea lotu-lotuta daude. Horrela, gobernu-programaren ardatzen artean, hazkunde sendoa dago, enplegu gehiagorekin eta hobearekin; konpromisoen artean, bestalde, hau nabarmendu behar da: egoera ahulenean dauden kolektiboen laneratzea sustatzea, eta, horien artean, bereziki, gazteen enplegua bultzatzea.
Gaur egungo testuinguruan, gazteria izan da ekonomia-krisiaren eragina gehien jasan duten kolektiboetako bat. Europar Batasunean, 30 urtetik beherakoen langabezia-tasa % 14,3koa da (2016ko hirugarren hiruhilekoko datuak, Eurostaten arabera). Gure lurralde-eremuari dagokionez, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboaren Inkestari buruzko datuen arabera, 2017ko lehenengo hiruhilekoan, kolektibo horrek % 23,77ko langabezia-tasa du, eta horren jarduera-tasa % 49,21ekoa da, EAEko jarduera-tasa orokorra % 55,89koa den bitartean. Beraz, gazteen langabezia murrizteak lehentasuna izan behar du gure gizartean, eta erronka horri heldu behar diote bai erakundeek bai arlo pribatuak.
Horrez gain, Enpleguaren Euskal Estrategiak A3 jarraibidean adierazten duenez, belaunaldi-aldaketen prozesuetarako laguntza publikoen programak (ekonomikoak eta/edo laguntza tekniko moduan) ezarri ahalko dira, belaunaldi-aldaketa lan-munduan sartzeko prozesuekin behar bezala lotuz eta belaunaldien arteko ezagutzaren transmisioari bide emanez, enpresan bildutako esperientziak ematen duen balioa ez dadin deskapitalizatu.
Ildo horretan, Euskadiko Hirutariko Elkarrizketa Mahaiak, 2015eko urtarrilaren 30ean egin zuen batzarrean, erabaki zuen beharrezkoa zela txanda-kontratua sustatzea.
Ezin da ukatu enpresek talentu gaztea hartu behar dutela, gazteek gaitasuna dutelako enpresetan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara eta eskakizun berrietara egokitzeko. Horrela, enpresek, biziraun nahi badute, plantillak gaztetu behar dituzte, eta, aldi berean, hori aukera ona da gazteentzat, kalitatezko enplegu egonkorra lortzeko.
Horrenbestez, gizarte- eta ekonomia-testuinguru honetan, gazteak nabarmen jasaten ari dira langabezia-egoera, eta, bestalde, enpresek euren plantillak gaztetu behar dituzte, talentu gaztearekin. Hori kontuan hartuta, egokia da enpresetako plantillak berritzeko eta gazteen enplegua sustatzeko neurriak bultzatzea.
Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak, 2017ko abenduaren 28ko batzarrean, 2018. urterako txanda-kontratuak egiteko laguntzen deialdia onartu du, ezaugarri hauekin:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Txanda-kontratuetarako laguntzak erregulatzea da deialdi honen helburua. Langileen Estatutuen Legearen testu bateginaren 12.7 artikuluan daude aipatuta kontratu horiek, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartuta.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan zerbitzuak emateko izenpetzen diren kontratuei aplikatuko zaizkie deialdi honetan aurreikusitako laguntzak, 2017ko urriaren 21etik aurrera hasitakoei, hain zuzen.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.000.000 eurokoak dira guztira; horietatik, 600.000 euro 2018ko ordainketa-kreditukoak dira, eta, 400.000 euro, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 32110-Enplegurako programan aurreikusitako konpromiso-kreditukoak.
Laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zenbateko hori edo zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena, aurrekontu-aldaketarik onartzen bada indarreko legeekin bat. Eguneratzerik izanez gero, argitara eman behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman ere.
2.– 2018ko ekitaldian txanda-kontratuak finantzatzeko laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2018. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.
3.– Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren jarduerak Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz finantza daitezke, Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan edo EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren esparruan.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdian araututako laguntzen onuradun izan daitezke bertan ezarritakoaren araberako txanda-kontratuak egiten dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, hauek izan ezik: administrazio publikoak, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainontzeko entitateak. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea.
Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, diru-laguntza eman baino lehen eta ordainketa bakoitza egin aurretik, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, egoera hori egiaztatzeko agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzeko zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana, eta haiek eskuratzeko legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
c) Enpresako langileen legezko ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babespeko txanda-kontratuaren bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea, bete beharreko lanpostua zein den eta kontratuak zenbat iraungo duen adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, espresuki adierazi beharko du hori eskabidean.
d) Berreskuratzeko agindu bete gaberik ez izatea, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
e) Egunean izatea diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.
f) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko gainontzeko baldintzei dagokienez.
2.– Enpresei diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagunduko dira lanaldi osoko eta muga gabeko txanda-kontratuak, edo iraupen mugatukoak baldin eta behin hori amaituta edo lehenago mugagabe bihurtzeko konpromisoa jasotzen bada; enpresek txanda-kontratu horiek egin behar dizkiete eskakizun hauek bete dituzten pertsonei:
a) 30 urtetik beherakoak izatea.
b) Honako egoera hauetakoren batean egotea:
b.1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe gisa inskribatuta egotea kontratua hasten den egunean, eta lan-eskariaren administrazio-egoeraren altak gutxienez 180 eguneko iraupena izatea, kontratua hasi aurretiko 9 hiletan.
b.2.– Enpresarekin iraupen mugatuko kontratu bat itunduta izatea, eta, hala bada, enpresak, txanda-kontratuaz gain, kontratazio gehigarri bat egin ahal izango dio aldi baterako kontratu hori amaitzeko falta den denborarako, gutxienez, b.1 edo b.3 letretan aurreikusitako eskakizunak betetzen dituen 30 urtetik beherako pertsona bati.
b.3.– Enpresa berean praktika-kontratu bat edo prestakuntza- eta ikastun-kontratu bat itunduta izatea, edo 1543/2011 Errege Dekretuan araututa dauden eta lanekoak ez diren praktiken aldia egitea, baldin eta txanda-hartzaileak izango badira kontratu horren edo lanekoak ez diren praktiken indarraldian edo horiek amaitu eta hurrengo egunean.
2.– Enpresan aurretiko akordiorik badago, suertatzen diren erretiro partzialen ondoriozko txanda-kontratuak estaltzeko prozedurari loturik, enpresako jarduneko langileek estal ditzaten, 1.a) letran aurreikusitako adin-eskakizuna ez zaio txanda-hartzaileari ezarriko. Kasu horretan, laguntzaz balia daiteke enpresa baldin eta, txanda-kontratuaz gain, kontratazio gehigarri bat egiten badio 30 urtetik beherako pertsonaren bati eta pertsona hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta badago kontratua hasten den egunean eta lan-eskari horren administrazio-egoeraren altak gutxienez 180 egun iraun badu kontratua hasi aurretiko 9 hiletan; edo praktika-kontratu bat edo prestakuntza- eta ikastun-kontratu bat amaitzen badu kontratazioari segida emateko aukera izatearren; edo lanekoak ez diren praktiken –1543/2011 Errege Dekretuan arautuak– aldi bat amaitzen badu, aldi baterako kontratu hori amaitzeko falta den denborarako kontratazioa egiteko aukera izatearren.
3.– Edonola ere, diru-laguntza eskuratu ahal izateko, txanda-hartzaile gisa kontratatutako pertsonak gutxienez 12.0000 euroko ordainsari gordina izan behar du urteko.
5. artikulua.– Diru-laguntzatik kanpo utzitako jarduteak.
Deialdi honetan, ez dira diruz lagunduko hauek:
a) Enpresaburuaren ezkontidea kontratatzea, edo haren aurreko, ondorengo edo alboko ahaideak kontratatzea, bigarren mailara artekoak barne.
b) Sozietate, elkarte edo korporazio gisa sortutako erakundeetako bazkideak kontratatzea, edo haien aurreko, ondorengo edo alboko ahaideak kontratatzea, bigarren mailara artekoak barne, edo erakunde horietako gobernu-organoetako eta zuzendaritzetako kideen ahaideak kontratatzea.
6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– 4. artikuluan adierazitako moduan eginez gero, 6.000 euroko diru-laguntza izango du txanda-hartzailearen kontratazioak.
2.– 4. artikuluan aipatutako kontratazio gehigarria eginez gero, kasuan kasu, indarreko arauetan aurreikusitako laguntzak izan ditzake.
7. artikulua.– Eskabideak eta nahitaezko dokumentazioa aurkezteko epeak.
1.– Diru-laguntza jasotzeko eskabideak aurkezteko epeak honako hauek dira:
a) Deialdi hau EHAAn argitaratu aurretik hasi diren kontratuen kasuan: bi hilabete, deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
b) Deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunean bertan edo ondoren hasi diren kontratuen kasuan: bi hilabete, txanda-kontratuaren hasiera-datatik aurrera.
Edonola ere, eskabideak aurkezteko azken eguna 2018ko urriaren 19a izango da.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari zuzenduko zaizkio eskabideak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan aurkeztea dago, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein enplegu-bulegotan, edo administrazio-prozedura erkidearen arauan adierazitako edozein tokitan.
Deialdi honetako eranskinean ageri den eskabide normalizatuan egin behar da eskaera, eta hemendik eskura daiteke: http://www.lanbide.euskadi.eus
3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Eskatzailea pertsona fisiko bat bada, nortasun-agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasun-agiri baliokidearen kopia, edo atzerritarren identifikazio-zenbakia, edo laguntzaren organo kudeatzaileak nortasun-datuak egiaztatu ahal izateko berariazko baimena.
b) Eskatzailea pertsona juridiko bat bada, enpresaren identifikazio fiskalaren txartelaren kopia.
c) Ordezkatzaile gisa, ordezkatu edo osagarri moduan kontratatutako pertsonen kasuan, kontratatutako pertsonen nortasun-agiri nazionalen edo atzerritarren identifikazio-zenbakien kopia.
d) Txanda-kontratuaren kopia eta erretiro partziala hartzen duen pertsonaren lanaldi partzialeko kontratuaren kopia. Txanda-kontratuari iraupen mugatua ematen bazaio, mugagabe bihurtzeko konpromiso sinatua, enpresak eta langileak edo kontratatutako langileak sinatua.
e) Enpresako langileria finkoaren egiaztagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietakoa, txanda-kontratua hasten den unekoa. Horretarako, Gizarte Segurantzaren dokumentu hau aurkeztu behar da: «altako langileen txostena» (RED sistemaren bidezkoa), enpresak eremu honetan dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako.
f) Txanda-kontratua enpresako langileren bati eginez gero, horren aurretik zuen kontratu mugatuaren kopia aurkeztu behar da, 4. artikuluan aipatutako kontratu gehigarriaren kopiarekin batera.
Halakorik badago, praktikaldiko edo prestakuntzarako eta ikastunaren kontratuaren kopia, edo lanez kanpoko praktikaldiaren akordioa.
g) Halakorik badago, 4.2 artikuluan aipatutako enpresa-akordioaren kopia.
4.– Diru-laguntzetarako eskabideak guztiz betetzen ez badira edo aginduzko dokumentazioa atxiki ez bazaie, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsegitea zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako, aldez aurretiko ebazpena emango da administrazio-prozedura erkidearen arabera.
8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epeak eta errekurtsoak.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu erakunde autonomoaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da deialdi honetako diru-laguntzetarako eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna.
2.– Kasuan kasu, deialdi honetako diru-laguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak.
3.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie laguntzak deialdiko baldintzak eta betekizunak betetzen dituztenei, harik eta aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa da, eskaera bideratzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabide hori sartzen denetik aurrera; epe hori igarota, interesdunari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, diru-laguntza emandakotzat hartuko da.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz emango da jakitera zer enpresak jaso duten diru-laguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
Erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. apartatuko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
– % 60 eskabidea ontzat hartzen den unean ordainduko da.
– Gainerako % 40a laguntza hori eman eta urtebetera ordainduko da; aldez aurretik, egiaztatu beharko du enpresak langileria finkoari eutsi diola Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan. Horretarako, Gizarte Segurantzaren «altako langileen txostena» aurkeztu beharko du (RED sistemaren bidezkoa) enpresak, eta Lanbidek egiaztatu beharko du kontratatutako langileak enpresan segitzen duela.
10. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Langileen egonkortasuna bermatzea. Jasotako diru-laguntzak itzuli beharko dira langilearen kontratua amaituz gero edo, lantoki mugikor edo ibiltaririk ez duten enpresetan, autonomia-erkidegotik kanpoko lantokiren batera aldatuz gero, eta eraginpeko langilea ordezkatzen ez bada 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituen beste langile baten aldibereko kontratazioaren bidez. Kontratazio berri honek ez du sorraraziko beste diru-laguntzarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak enplegua sustatzeko dituen arauetan programatutakoetatik.
b) Diruz lagundutako kontratazioak hasten diren unean Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan dagoen langileria finkoaren enplegu-mailari eustea, txanda-kontratua egin osteko 20 hilabeteetan. Ondorio horietarako, kasu hauetan ez da ulertuko betebeharra ez dela bete: lan-kontratuak azkentzea erretiroengatik, bidezko deklaratutako kaleratzeengatik, dimisioagatik, heriotzagatik, langileen ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik, edo probaldian zeharreko ebazpenagatik. Hala ere, enpresak bere langileria finkoaren lanpostuen % 65i eutsi beharko dio edozein kasutan ere. Enplegu-mailei eusteko betebeharra bete ezean, diru-laguntza itzuli beharko da.
Betebehar hori bete egin dela egiaztatzeko, enpresa onuradunak aurkeztu behar du, erreferentziako 20 hilen buruan, Gizarte Segurantzaren «altako langileen txostena» (RED sistemaren bidezkoa), enpresa horren EAEko lantokiei buruzkoa.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea langile txanda-hartzailearen lan-kontratua mugagabe bihurtu dela.
d) Langileen legezko ordezkaritzari edo, halakorik ez badago, langileei beraiei jakinaraztea zer-nolako neurriak garatu nahi dituen enpresak deialdi honetako diru-laguntza izan dezaketen jarduketen gainean; berariaz zehaztu beharko du zer pertsona ukitzen diren eta zer kontratazio aurreikusten diren, erretiro partzialeko baldintzekin batera.
e) Kontabilitate-kodifikazio egoki bat izatea, jasotako diru-laguntzei eta euren trazabilitateari loturiko transakzio horiek modu argian identifikatzeko modua ematen duena.
f) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
g) Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragin diezaiokeen edozein gertaeraren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Horretaz gain, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen jardunean eskatzen duten informazio guztia ematea, arau honen oinarrien arabera eskuratutako diru-laguntzei buruzkoa.
h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei eta finantza-kontrolei baiezkoa ematea eta eskatutako informazio oro ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
i) Europako funtsei datxezkien jarraipen- eta ebaluazio-ondorioetarako, langile txanda-hartzaileari buruz eskatzen diren datuak ematea, eta programa horren barneko hautagarritasun-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko bidea ematea.
j) 2014-2020rako Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren edo 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren esparruan, deialdi honen babesean diruz lagundutako komunikazio-, zabaltze-, edo argitalpen-material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dituztela adieraztea.
k) Diruz lagundutako kontratazioen gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaintzea, gutxienez 2024ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.
I) Betiere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du artikulu honetako betebeharrak betetzen direla.
11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Deialdi honetan ezarritako kontratazio-laguntzak ezin izango dira bateratu beste diru-laguntza batzuekin, baldin eta kontratazio bererako badira, erakunde honek zein beste erakunde publikoren batek eman arren, eta ez badira Gizarte Segurantzako kotizazioetarako.
12. artikulua.– Minimis araua.
1.– Deialdi honetan adierazitako laguntzak minimis arauari lotuko zaizkio; Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan dago xedatuta arau hori, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko erregelamendua izanik. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari minimis laguntzetan emandako guztirako zenbatekoa ezin izango da 200.000 euro baino gehiago izan hiru ekitaldi fiskalen barruan.
2.– Kasuko ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du pertsona edo erakunde eskatzaileak, zehaztu behar baita minimis laguntza berriak ez duela gainditzen Erregelamenduan ezarritako muga maximoa.
13. artikulua.– Ez-betetzeak.
Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, hala badagokio, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetarikoren batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta haren berri emango zaio laguntzaren enpresa onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak zehaztuta. Halaber, hamabost eguneko epea emango zaio, egokitzat jotzen dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkez ditzan. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
2.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Hamabi hilekoa izango da itzultzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea.
3.– Ebazpenak arauren bat urratu dela iritziz gero eta diru-laguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-zenbatekoak, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
15. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa (2012/11/02ko EHAA).
Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte interesdunek, legeak onartzen duen eran. Horretarako, idazki bat bidali beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
16. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.