EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, argitara ematen da euskal enpresen kanpoko lantokietan 35 urtetik gorako langabeak kontratatzeko 2018ko laguntzen deialdia.

Xedapenaren data: 2017-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201706304
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko abenduaren 28ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, 35 urtetik gorako pertsona langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia egitea onetsi du 2018rako. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 35 urtetik gorako pertsona langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzen 2018ko deialdia argitara ematea. Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartu zen, 2017ko abenduaren 28ko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio, eranskin gisa.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
35 URTETIK GORAKO PERTSONA LANGABEAK EUSKAL ENPRESEN KANPOKO LANTOKIETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO 2018KO DEIALDIA
Lan-merkatuak langabezia-tasa altua dauka, eta zail egiten du enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortu eta lortzea. Egoera horrek aldez aurretik lan-esperientzia duten pertsonei ere eragiten die, eta iraupen luzeko langabezia jasateko arriskuan daude.
Era berean, enpresen gizarte-erantzukizunak gero eta garrantzi handiagoa du enpresen plan estrategikoetan. Izan ere, lehiakortasuna indartzeko tresna ez ezik, enpresen gobernu korporatibo ona sustatzeko tresna ere bada; horrenbestez, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-iraunkortasuna sustatzeko tresna bihurtzen da.
Enpleguaren Europako Estrategiarekin konprometitutako erakundea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, eta nazioartekotzearen aldeko apustua egiten du.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 (www.euskadi.eus) helarazi zion Gobernu Kontseiluari 2016ko uztailaren 27an. Estrategia horren jarduera-ardatzetako bat «D. Aukera berdintasuna» da. Ardatz horri dagozkion ildoen artean dago D.4 «Aukera espezifikoak sustatzea luzaroko langabeentzat, 55 urtetik gorako pertsonentzat eta enplegu sarbiderako zailtasun bereziak dituzten bestelako taldeentzat», eta eremu horri dagokio laguntzen deialdi hau.
Oinarri horien arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezinbestekotzat jotzen du 35 urtetik gorako pertsonak lanean hasi eta lanpostuan irautea eragin eta sustatuko duten neurriak hartzea. Ondorioz, deialdi honek 35 urtetik gorako pertsonak kontratatzea du helburu, betiere haien kualifikazioarekin edo/eta lan-esperientziarekin eta enpresen nazioartekotzeko prozesuekin lotutako enpleguetan jarduteko. Kontratazio-esparruan aurreikusten da pertsonok kanpoko lantokietan lan egitea, lan-merkatuan sartu, eta beraien esperientzia profesionala sendotzeko helburuarekin.
Beraz, programa honen azken helburua da 35 urtetik gorako pertsonen lan-aukerak hobetzea eta bultzatzea, eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2017ko abenduaren 28ko bilkuran, onetsi du 35 urtetik gorako langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzak emateko deialdia, honako xedapen hauen arabera:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea eta laguntza arautzea 4. artikuluan aurreikusitako euskal enpresek 35 urtetik gorako pertsona langabeak kontrata ditzaten, betiere pertsonon kualifikazioarekin lotutako lanetarako, lan-merkatuan sartu, eta beraien esperientzia profesionala sendotzeko helburuarekin.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.
1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 400.000 eurokoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren baitan. Horietatik, 2018. urteko aurrekontu arruntean sartuko dira 200.000 euro, eta 2019. urterako konpromiso-aurrekontuan sartuko dira beste 200.000 euro.
2.– 35 urteko edo hortik gorako langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko 2018ko finantzaketa-laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2018. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen tramitazio aurreratua araupetu zen.
3.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen baitan diruz lagundutako kontratuak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan.
4.– Emango diren laguntzen bolumen osoak ez du adierazitako diru-zenbateko hori gaindituko, ez eta hari egindako gehikuntzen ondorioz dagokion diru-zenbatekoa ere, baldin eta aurrekontuari aldaketaren bat egiten bazaio indarreko legediak araututakoaren arabera. Azken kasu hori gertatzen bada, argitara eman beharko da gehikuntza hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honen baitan diruz lagundu ahal izango dira gutxienez 12 hilabeteko iraupena duten kontratuak, baldin eta EAEn produkzio-zentroak dituzten enpresek Espainiako estatutik kanpo dituzten lantokietako lanpostuak betetzeko badira, eta kontratua hasten den egunean 35 urte edo gehiago dituzten egoera ahuleko langabeak kontratatzen badira, 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Kontratuaren iraupena guztira zenbatekoa den alde batera utzita, diruz lagundutako aldia 12 hilabetekoa izango da gehienez, eta 2019ko urriaren 31n amaituko da beranduenez.
Diruz lagundutako kontratuek euskal enpresa baten kanpoko lantokian gutxienez sei hilabetean aritzea bermatuko dute.
2.– Deialdi honen baitan lan-kontratuetarako laguntza jasotzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Deialdiaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera onuradun izan daitezkeen enpresek egin beharko dituzte kontratuak.
b) Kontratatutako pertsonek Espainiatik kanpoko lantokietan jardungo dute lanean, aurreko zenbakian xedatutako gutxieneko denboraz.
c) Kontratatutako pertsonaren prestakuntza akademikoarekin edo/eta kualifikazio profesionalarekin bat datozen lanpostuak betetzeko izango dira kontratuak.
d) Kontratatutako pertsonak ezingo du diruz lagunduko den kontratuaren aurreko 12 hilabeteetan inongo lan-harremanik izan enpresa kontratatzailearekin.
e) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz aipatu beharko dituzte honako xehetasun hauek: langilearen titulua edo/eta kualifikazio profesionala, kontratuaren iraupena, zein lanpostutan jardungo duen, eta zer herrialdetan jardungo den.
f) Kontratuak lanaldi osorako izango dira.
g) Kontratuaren gutxieneko iraupena 12 hilabetekoa izango da.
h) Urteko ordainsari gordina zenbatekoa den jaso beharko da kontratuan.
i) Kasu guztietan, Langileen Estatutuaren 15. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da kontratua.
3.– Kontratazioek enplegu-sorrera garbia eragin behar dute, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko 12 hilabeteetan enpresak EAEko lantokian edo lantokietan batez beste dituen langileen kopurua erreferentziatzat hartuta. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horrekin enpresako langileen batezbestekoa igoko da.
Ondorio horietarako, adierazitako baldintza ez da betegabetzat hartuko kontratuak arrazoi hauengatik amaitu badira: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, langileen ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.
4.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna arte, eta sozietate izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetakoenak edo zuzendaritzako kideenak; eta azken horiek kontratatzea ere ez da lagunduko diruz.
4. artikulua.– Enpresa onuradunak.
1.– Deialdi honetan, diruz lagundu ahal izango dira EAEn kokatutako enpresa pribatuak edo publiko-pribatuak, baldin eta kanpoan lantokiak, partaidetutako enpresak edo enpresa-talde bereko beste enpresa batzuk badituzte, edo baldin eta kanpoan kokaturiko enpresekin lankidetza-hitzarmenak edo zerbitzu emateko kontratuak badituzte, edo kanpoan ezartzeko prozesuetan badaude, hala dela behar bezala egiaztatuz gero, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo produkzio-zentroa EAEn egotea.
b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.
c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.
Diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, bai laguntza ematerakoan bai ordainketak egiterakoan, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren eta lege hori garatzen duen Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa) 18., 19. eta 22. artikuluen arabera, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, egoera hori egiaztatzeko agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
d) Erakunde eskatzaileak diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.
e) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
f) Deialdi honen bidez kontratatuko den eta diru-laguntzaren eskaeraren xede den lanpostuan enplegurik ez suntsitu izana, kontratazio berriaren aurreko urtean, eta ez suntsitzea diruz lagundutako kontratazioak iraun bitartean.
g) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (aurrerantzean, LLO) kontratu bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea, bete beharreko lanpostua eta kontratazio-aldia adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, hala adierazi beharko du eskabidearekin batera, idatziz.
h) Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, ez egotea berreskuratze-agindu baten zain.
i) Krisian dagoen enpresa gisa kalifikatuta ez egotea, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduak (EB), 2014ko ekainaren 17koak, 2. artikuluko 18. zenbakian adierazitako definizioari jarraituz (kategorien araberako salbuespenen erregelamendua). Dokumentu hori 2014ko ekainaren 26ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
j) Ez egotea Diru-laguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 13.2 artikuluan jasotako gainerako debeku-egoera batean, diru-laguntzak eskuratzeari dagokionez.
2.– Enpresei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko langileek bete beharreko baldintzak.
35 urte edo gehiago dituzten pertsonak kontratatzeko da deialdia hau, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea bizilekua.
b) Kolektibo hauetako batekoa izan behar du:
– 35 eta 49 urte bitarteko adina izatea, biak barne, eta kontratuaren aurreko 6 hilabeteetan enplegu finko ordaindurik ez izana.
– 50 urte edo gehiago izatea.
c) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
d) Lana egoki egiteko enpresak eskaturiko titulazio akademikoa eta/edo kualifikazio profesionala edukitzea.
e) Helmugako herrialdeko lantokian lana egoki egiteko behar diren hizkuntza-gaitasunak izatea. Enpresak zehaztuko du zein diren hizkuntza-gaitasun horiek, eta titulu bidez edo maila jakiteko proba baten bidez egiaztatu beharko dira.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren urteko zenbatekoa honela zehaztuko da lan-kontratu bakoitzerako, kontratatuko den pertsonaren adinaren arabera:
– 35 urtetik 49 urtera bitartekoak, biak barne: 20.250 euro, soldataren eta Gizarte Segurantzaren kostua 40.500 euro edo gehiago baldin bada.
– 50 urte edo gehiagokoak: 22.500 euro, soldataren eta Gizarte Segurantzaren kostua 45.000 euro edo gehiago baldin bada.
Soldataren eta Gizarte Segurantzaren kostu txikiagoak dituzten lan-kontratuak ez dira inolaz ere diruz lagunduko.
Ondorio horietarako, soldataren eta gizarte-segurantzaren kostuak izango dira sektoreko hitzarmen kolektiboan edo enpresako negoziazioan hitzartu edo ezarritako ordainsari gordinei dagozkienak, hauek barne hartuta: oinarrizko soldata, jardueratik eratorritako osagarriak (ezagutza bereziak, konfidentzialtasuna, lan-txandak...) aparteko ordainsariak, kontratuaren amaieragatiko kalte-ordaina, mozkinen partaidetza, ekoizpenerako pizgarriak, aparteko orduak, enpresak BGAE bati egindako ekarpenak eta geografiako toki jakin batean lan egiteagatiko bizileku-osagarria, baita enpresaren konturako gizarte-segurantza ere.
Ez dira soldata-kostutzat hartuko, besteak beste, espezietan emandako prestazioak, bidaia-, ostatu- eta mantenu-dietak, gainerako soldataz gaindiko ordainsariak eta enpresaren «gizarte-ekintza» osatzen duten gastuak. Asegurua kontratatzearen ondoriozko gastuak eta dagokion bisa lortzearen ondoriozkoak ez dira diruz lagunduko.
7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da eredu hori: www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.
Horrez gainera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabidea sinatzen duenaren NANaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.
b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Enpresaren eratze-eskrituren fotokopia.
d) Kanpoko lantokiarekin enpresa eskatzaileak duen erlazioa egiaztatzeko dokumentazioa. EAEko hizkuntza ofizialetariko batean aurkeztu beharko da dokumentazio hori.
e) LLOri jakinaraztea, edo, halakorik ez badago, eskabidean berariaz adieraztea ez dagoela LLOrik.
f) Enpresaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, adieraziz kontratazioaren eta deialdi honetako diru-laguntzen xede den lanpostua dela-eta ez dela enplegurik suntsitu, kontratazio berria egin baino urtebete lehenagotik eta diruz-lagundutako kontratazioak dirauen aldian.
g) Enpresaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzen xede den kontratazioak enpresaren EAEko lantokietako langile kopuruaren handitze garbia dakarrela egiaztatzen duena, 3.3 artikuluak xedatutakoaren arabera.
h) Enpresa eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, enpresako plantilla osatzen duten langileen kopuruari buruzkoa, eta enpresak berdintasunerako planik baduen adierazten duena. Erakundea diru-laguntzaren onuradun izanez gero, edozein unetan eskatu ahal izango zaio plan hori.
i) Enpresaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, enpresa bera «krisian dagoen enpresa» gisa kalifikatuta ez dagoela egiaztatzen duena, deialdi honen 4.1 artikuluaren i letran adierazitakoari jarraituz.
3.– Horrez gainera, ondoren zehaztutako elementu hauek jasotzen dituen deskribapen-txostena izan beharko du eskabideak:
a) Diru-laguntza jaso nahi duen enpresaren deskribapen-memoria. Gutxienez honako hauek zehaztuko dira bertan:
– Enpresa eskatzailearen EAEko jardueraren deskribapena: enpresaren jarduera, zein sektoretakoa den, plantilla, kanpoko lantokiak eta haien kokalekuak, zein merkatutarako diharduen (bezeroen tipologia, jardueraren eremu geografikoa) eta nazioartekotze-plana. Horrez gainera, eta halakorik bada, kanpoan kokatutako enpresekin egindako kontratuak –zerbitzuak ematea xede dutenak– edo haiekin egindako lankidetza-hitzarmenak, edota kanpoan ezartzeko prozesuan dagoela dioen egiaztagiria.
– Nazioartekotze-planaren esparruan, edo kanpoan kokatutako enpresekin zerbitzuak emateko egindako kontratuen esparruan, edota haiekiko lankidetza-hitzarmenen esparruan egingo diren kontratazioei buruzko justifikazioa, diruz lagundutako epealdiaren ondoren kontratazioak finkatzearen bideragarritasuna ondo zehaztuta.
b) Kontratazio-plana; hauek zehaztuko dira, gutxienez:
– Zer-nolako lotura duen planak enpresaren nazioartekotze-prozesuarekin.
– Kanpoan deialdi honen baitako kontratuen bidez beteko diren lanpostuei buruzko aurreikuspena, honako hauek zehaztuta: lanpostuen izenak, zenbat pertsona kontratatuko diren, arloak, eta funtzioak eta zereginak.
– Lanpostuak betetzeko behar diren titulazioak eta profilak, kontuan izanik bete beharreko eginkizunen eta eskatutako titulazioaren arteko koherentzia, eta lanpostuan jarduteko zein hizkuntza behar den/diren zehaztuta, bai eta zer maila eskatzen den ere.
– Kontratuak zenbat irautea aurreikusten den, eta hura gerora finkatzeko zer aurreikuspen dauden.
– Herrialdea, enpresa eta kanpoko lantokiaren deskribapena, honako datu hauek zehaztuta: helbidea, jarduera, sektorea, plantilla, kokapena, eta zein merkatutarako diharduen (bezeroen tipologia, jardueraren eremu geografikoa).
– Langilearen urteko ordainsari gordina, eta enpresaren kargurako Gizarte Segurantzako kostuak.
– Pertsona kontratatuaren esku ipiniko diren baliabide osagarriei buruzko deskribapen zehatza: joan-etorriak, ostatua kudeatzeko laguntza, beste pizgarri batzuk.
– Deialdi honen babesean kontratatuko pertsona bakoitzarekin sinatu behar den aseguru-polizaren deskripzioa, estaldurak eta aplikazio-epea adierazita.
c) Eskatutako diru-laguntza, 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. paragrafoan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela horretarako ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta lege horren 68. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango dituela.
5.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2018ko irailaren 20an amaituko da.
8. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.
1.– Laneratzea aktibatzeko zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Izan daitezkeen kreditu-zabaltzeak gorabehera, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira. Ebazpenean, honako hauek jasoko dira: enpresa bakoitzari ematen zaion kontratazio-plana, ordaintzeko modua eta zenbatekoa, eta diru-laguntzaren justifikazioa.
4.– Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori agortzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, zilegi da interesdunak onartutzat hartzea, administrazio-isiltasuna dela eta.
5.– Enpresa edo erakunde interesdunak 10 eguneko epea izango du, zuzendari nagusiaren ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko. Epe hori amaitzean, diru-laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta artxibatu egingo da.
6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
Enpresa onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 115.2 artikuluan aipatutako zerrenda publikoan jasoko da.
9. artikulua.– Programan parte hartuko duten pertsonak hautatzeko prozedura.
Deialdi honen araberako kontrataziorako hautagai diren pertsonak hautatzeko prozeduran, honako hauek izan beharko dira kontuan:
1.– Enpresak, diru-laguntza onartzearenarekin batera, enplegu-eskaintza/eskaintzak ere aurkeztu beharko du/ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautagaien lehen hautaketa egin beharko du, enplegu-eskatzaile gisa inskribatutakoen artean, kontuan hartuta onartutako kontratazio-planean aurreikusitako betekizun eta irizpide zehatzak bete behar dituztela enplegu-eskatzaileek.
3.– Eskaintza aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zerrenda bat bidaliko dio enpresari, eskatutako lanpostu bakoitzeko hiru hautagai jasotzen dituena.
4.– Lehen hautaketa hori jasotakoan, enpresa onuradunak langileak hautatuko ditu. Horretarako, beharrezkoa bada, hautagaiak zer hizkuntza-maila duen eta lanpostuari egokitzen zaion ala ez aztertzeko egoki iritzitako probak egingo ditu enpresak. Langilea/langileak aukeratu ondoren, enpresak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio nor kontratatu duen/dituen.
5.– Hamar eguneko epean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu aurkezten programan parte hartzeko pertsonarik, edo Lanbidek proposatutako pertsonek hautaketa-probak gainditzen ez badituzte, enpresak beste hautagai batzuk proposatu ahal izango ditu, eta organismo autonomo horri jakinarazi beharko dio parte hartzaile horiek nor diren, bai eta kontratazioak zein egunetan egitekoak diren ere. Gehienez ere 2 egun balioduneko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu beharko du ea proposatutako pertsonek betetzen dituzten bai deialdiko betekizunak bai onartutako kontratazio-planekoak; eta enpresari horren berri eman beharko dio.
10. artikulua.– Kontratatutako pertsonak ordeztea.
1.– Kontratazioa egin ondoren, honako kausa hauetako batengatik soilik ordeztu ahal izango du enpresak kontratatutako pertsona: probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza.
2.– Kontratatutako pertsona ordezteko, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri idatziz, eta beste hautagai bat kontratatu nahi duela ere jakinarazi beharko dio. Printzipioz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako lehen hautaketa-prozesukoa izan beharko du kontratatu berriak.
3.– Lehen prozesuko hautagaien artean hautaketa egitea ezinezkoa bada, beste hautaketa-prozesu bati ekingo zaio, 9. artikuluko 3., 4. eta 5. paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz. Gehienez ere 4 eguneko epea emango da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautagaiak proposatu eta enpresak langileak aukeratzeko.
4.– Formalizatzen den lan-kontratu berriak deialdi honetako 3. artikuluan eskatutako betekizun guztiak bete beharko ditu.
5.– Kontratatutako pertsonak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako diru-laguntza handituko.
11. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntza honela ordainduko da:
a) Lehen ordainketan, esleitutako diru-laguntzaren % 50 emango da, aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean, dokumentu hauek aurkeztutakoan:
– Egindako kontratuen kopia.
– Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, deialdi honetako 3.4.a artikuluan xedatutakoaren arabera.
– «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izeneko bi txosten, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eginak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lan-zentroei buruz. Txosten horietako bat kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko 12 hilabeteei buruzkoa da, eta, bestea, kontratazioaren alta egunekoa.
Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela langilea eta plantilla handitu egin dela.
b) Bigarren ordainketan, gainerako % 50a edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua ordainduko da, diruz lagundutako aldia bukatutakoan eta diru-laguntzaren helburu diren jarduerak justifikatu ostean.
12. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.
1.– Kontratuak amaitzen direnetik gehienez ere hilabeteko epean, eta betiere 2019ko abenduaren 2ra arte, egun hori barne, enpresa onuradunak azken justifikazio-memoria aurkeztu beharko du, dokumentazio hau duela:
a) Justifikazio-kontu ekonomikoa, Ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
b) Kontratatu diren pertsonen zerrenda; kontratuen modalitatea, kontratuen hasiera- eta amaiera-data; kontratatu bakoitzaren destinoko herrialdea; balizko bajak eta ordezteak, eta diruz lagundutako kontratua amaitzen denean enpresan jarraitzeko aurreikusten diren aukerak. Hori guztia Ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
c) Deialdi honen babespean kontratatu diren langileen nominak. Nomina bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izana ere egiaztatu beharko du enpresak, agiri bidez.
d) Dagokion aldiko Gizarte Segurantzako kotizazioen agiriak (kotizazioen likidazioaren ordainagiria eta langileen izenen zerrenda, ordaindu izana egiaztatzeko agiriak erantsita), bai eta kontratatu bakoitzari buruzko kotizazio-datuei buruzko txostena ere (IDC dokumentua).
e) Enpresaren legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, egindako kontratuengatik Gizarte Segurantzaren kuotetan egindako balizko murriztapenei eta/edo hobariei buruzkoa. Horiek lortuz gero, honako hauek adierazi behar dira kontratatu bakoitzeko: izen-abizenak, hobariaren eta/edo murriztapenaren hilabeteak, hileko zenbatekoa eta jasotako hobarien eta/edo murriztapenen zenbateko osoa.
f) Enpresaren legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko enpresak ez duela jaso xede eta helburu bererako beste laguntzarik ezein administrazio publikotatik. Xede eta helburu bererako bestelako laguntza edo diru-laguntzaren bat jaso badu, jasotako kopuruen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
g) Enpresaren legezko ordezkariak eta kontratatuak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, kontratatu bakoitzak kanpoko lantokietan egin duen egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datei buruzkoa. Kontratatu bakoitzeko adierazpen bat egingo da.
h) Dagozkien bisen edo administrazio-baimenen kopiak, kontratatuak behar bezala identifikatuta ageri direla.
i) Kontratatu den aseguru-polizaren kopia. Bertan, behar bezala jaso behar dira honako datu hauek: zein diren deialdi honen babesean kontratatutako pertsonak, aseguruaren estaldurak eta estaldura-aldia.
j) Enpresa kontratatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, honako hau adieraziz: diruz lagundutako kontratazioaren xede izan den lanpostuan ez dela enplegurik suntsitu diruz lagundutako kontratazioak iraun duen bitartean.
Aurreko letretan aipatutako dokumentazio guztia euskarri elektronikoan eta paperean bidali beharko da.
2.– Azkenean, kontratu bakoitzari dagokion aldia urtebete baino gutxiagokoa izanez gero, proportzio berean murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa, diruz laguntzeko den aldiari egokituta.
13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen betebehar izango dira Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
1.– Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.
3.– Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Gaietako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, enpresa onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.
4.– Helburu berberarekin administrazio publiko honetatik edo beste edozeinetatik edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
5.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
6.– Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari; era berean, jarduera horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
7.– Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
8.– Berariaz aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla laguntzak, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan, deialdi honen babespean diruz lagundutako jarduerak komunikatzeko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.
9.– Tratu eta aukera-berdintasunaren arloko betebeharrak betetzea, baita emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio-ezaren arlokoak ere:
a) Probak eta/edo elkarrizketak egitean, lanpostuetarako kontratatzeko pertsonak aukeratzean eta enpresak izangaiak aurkeztean tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.
b) Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko, erakundeak erabiliko duen dokumentazio, publizitate, irudi edo material orotan, hizkuntza ez sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero-identitate plurala.
10.– Deialdi honen babesean kontratatutako pertsona bakoitzarentzat aseguru bat kontratatzea, estaldura hauek dituena, gutxienez: bidaia, osasun-laguntza, istripuak, gaixotasun larria, ospitaleratzea eta aberriratzea. Aseguru horrek kanpoan igarotzen den denbora guztia estali beharko du.
14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako Funtsen Kontrolerako instantziek egin ahal izango dituzte deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko behar diren ikuskatze- eta kontrol-ekintzak.
Horretarako, diruz lagundutako kontratazioen gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2024ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.
15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez dira bateragarriak honako hauekin: kontzeptu eta helburu berberetarako administrazio honek edo beste batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako diru-laguntzak, laguntzak eta diru-sarrerak. Bateragarriak dira, ordea, legez ezarritako Gizarte Segurantzako kuotetan izan daitezkeen murriztapen eta/edo hobariekin.
17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du, hala dagokionean, eta, horren bidez adierazitakoaren arabera, deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetarikoren batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Diruz lagundutako lan-kontratuak diru-laguntzaren denboraldia amaitu aurretik iraungitzen badira, itzuli egin beharko da emandako diru-laguntza, eta dagokion prozedura izapidetuko da, ondorengo puntuetan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, erakunde kontratatzailearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik iraungitzen badira kontratuak, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
4.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo aurkeztu badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.
5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
6.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa (2012-11-02ko EHAA).
Halaber, interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
Deialdi honetako laguntzek bete beharko dute Europako Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarriak direla adierazten duena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluek xedatutakoari jarraituz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).
20. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan jasota dagoen diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Gainera, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.