EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, argitaratzen da desgaitasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean integratzeko neurri gisa enplegu lagunduaren jardunak garatzera bideratutako 2018ko deialdiaren babesean emandako diru-laguntzen onuradunen zerrenda.

Xedapenaren data: 2017-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201706303
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2017ko abenduaren 28ko batzarrean hartutako erabaki bidez onartu du laguntzetarako deialdi bat egitea, 2018ko ekitaldirako, enplegu lagundurako jardunak garatzeko, desgaitasunen bat duten pertsonei ohiko lan-merkatuan sartzen laguntzeko neurri gisa. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.
Hori horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea laguntzetarako deialdi bat, enplegu lagundurako jardunak garatzeko, desgaitasunen bat duten pertsonei ohiko lan-merkatuan sartzen laguntzeko neurri gisa. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartu zen 2018ko ekitaldirako deialdi hori, 2017ko abenduaren 28ko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
2017KO EKITALDIRAKO LAGUNTZEN DEIALDIA, ENPLEGU LAGUNDURAKO JARDUNAK GARATZEKO, DESGAITASUNEN BAT DUTEN PERTSONEI OHIKO LAN-MERKATUAN SARTZEN LAGUNTZEKO
Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen du desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina, eta araudia desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko konbentzioaren arabera egokitzen duen abuztuaren 1eko 26/2011 Legearen azken xedapenetatik bigarrenean aurreikusitakoa betez eman da. Egin-eginean ere, integrazio bidez indargabetu du lehenagoko arau batzuetan xedatutakoa: 13/1982 Legea, apirilaren 7koa, desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeari buruzkoa; 51/2003 Legea, abenduaren 2koa, desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunaren, diskriminazio ezaren eta irisgarritasun unibertsalarena, eta 49/2007 Legea, abenduaren 26koa, desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunaren, bereizkeria ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren gaian arau-hauste eta zehapen-araubidea finkatzen duena.
Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak atarikoan adierazten duenez, ezin ukatua da gizartean aurrerapen asko izan direla, baina, hala ere, desgaitasunen bat duten emakumeek eta gizonek oraindik ere murrizturik dituztela askatasunerako, berdintasunerako eta duintasunerako eskubideak zenbait ingurune, prozesu edo zerbitzu eskuratzeko edo haietan parte hartzeko orduan. Desgaitasunen bat duten pertsonen gizataldea multzo handia da, oso kontu handia behar duena; gainera, gizartearen antolaerak eta jarduteko moduak bazterturik eduki izan du, ezaguna den egoeran. Egoera horretan, murriztuta izan dituzte funtsezko eskubideak eta askatasunak, eta baldintzatuta edo oztopatuta pertsona-garapena, herritar guztien eskura egon ohi diren baliabide eta zerbitzuez gozatzea, eta gizartearen aurrerabideari euren gaitasunekin laguntzeko aukera.
Legegintzako errege dekretu horren I. tituluko VI. kapituluan jasotzen da desgaitasunen bat duten pertsonen lanerako eskubidea, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen aplikazioa bermatzeko moduko baldintzen arabera. Bertan adierazten denez, enplegu-politikaren xedea izango da desgaitasunen bat duten pertsonen jarduera-, enplegu- eta laneratze-tasak handitzea, bai eta haien enpleguaren kalitatea hobetzea eta lan-baldintzak duinagoak izan daitezen lortzea ere, haien diskriminazioaren aurka gogor ekinez. Horretarako, herri-administrazio eskudunek sustatuko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonen enplegu-aukerak eta lanbidean gora egiteko aukerak, lan-merkatuaren barruan; orobat, beharrezko laguntzak prestatuko dituzte horiek enplegua bilatzeko, eskuratzeko, hari eusteko eta utzitako enplegura itzultzeko.
Azken urteotan, araudi, programa eta aurrekontu garrantzitsuak egin dira desgaitasunen bat dutenek enplegua errazago lortzeko, eta emaitza positiboak izan dira, desgaitasunen bat duen gero eta pertsona gehiago sartu baita lan-merkatura. Jarraipena eman behar zaio desgaitasunen bat duten langileentzako enplegu-politika aktiboak areagotzeari, eta hedapena ere eman behar zaio, formula berriak garatuta, lan-merkatu arruntean laneratzea lehentasuntzat hartuta.
Formula berri horiek kontuan hartu behar dute, noski, desgaitasunen bat dutenek osatzen duten multzoa anitza eta askotarikoa dela, eta desgaitasunen bat duten langileen talde bakoitzaren eskaeren eta premien arabera jokatu behar dela, eta lan-ingurune inklusiboak sustatzeko premia dagoela.
Izan ere, desgaitasunen bat duten pertsonen multzoaren barruan, lan-merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituzte zenbait taldek, desgaitasun-motaren edo -mailaren eraginez. Errealitate horrek eragin positiboko neurri espezifikoak hartzea eskatzen du; izan ere, biziago eta bereiziago ekin behar da batzuetan, bai desgaitasunen bat duten langileen artetik laneratzeko zailtasun handiagoak dituztenen enplegagarritasuna areagotzeko, bai enpresa arruntek ematen dituzten lan-erantzunen eremua zabaltzeko gaitasuna sustatzeko.
Lanbide erakunde autonomoak, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean berariaz xedatuta dagoen bezala, honako eginkizun hauek ditu, besteak beste: enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzea, eta enplegu-programa bereziak egitea lan-munduan eta gizartean sartzeko zailtasun bereziak dituzten giza taldeentzako, barne hartuta diru-laguntzetarako deialdiak prestatu eta onartzea.
Horrenbestez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiaren baitan, eta bereziki, «Desgaitasuna duten pertsonen enplegu arrunterako sarbidea eta jarduera-tasa hobetzea» orientabide estrategikoaren barruan –Aukera-berdintasunaren ardatzaren 3. norabidean dago jasota–, egokitzat jo du, bere eskumenak garatuz, neurriak eta jarduketak sustatzea laneratzeko zailtasun gehien dituzten pertsona desgaituak lan-merkatu arruntean sar daitezen eta lanpostu horietan jarrai dezaten bultzatzeko eta hobetzeko, bai eta enpresei laguntza teknikoa emateko ere, kontratatutako pertsonen integrazio- eta finkatze-prozesuan.
Aurreko guztiarekin bat etorrita, bada neurri bat, desgaitasun larriak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen asko lagundu dezakeena: enplegu lagundua. Lagun egiteko jarduera batzuk biltzen ditu esku hartzeko metodologia horrek, eta kontratazioaren aurretik nahiz dagokion pertsona lanpostuan hasi ondoren garatzen dira: enplegu-aukerak bilatzea; atzemandako enplegu-eskaintzaren ezaugarrien eta baldintzen azterketa zehaztua; postuaren profila eta desgaitasunen bat duen pertsonak postua behar bezala betetzeko eduki behar dituen gaitasunak uztartzea; eskatzen baldin bada, postuaren ezaugarrien eta eskakizunen arrazoizko egokitzea; lanpostuko trebakuntza, eskatzen diren gaitasun profesionalak lortzeko; sentsibilizazioa, prestakuntza eta laguntza ematea enpresaren antolaketari orokorrean, eta, bereziki, desgaitasunen bat duen pertsonarekin funtzionalki diharduten langileei; laneratzeko hasierako laguntza eta epe luzerako bana-banako jarraipena desgaitasunen bat duen pertsonaren eta enpresaren garapena eta gogobetetze-maila ebaluatzeko. Metodologia horri esker, desgaitasunen bat eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten langileek lan-merkatu arrunteko enpresetan gauza dezakete beren jarduera, antzeko lanpostuak betetzen dituzten gainerako langileen baldintzen parekoetan.
Bestalde, deialdi honek ezin ditu albo batera utzi emakumeen eta gizonen arteko diferentziak eta desberdintasunak lan-merkatuan. Horrela, Eustaten 2017ko hirugarren hiruhileko datuek, 16-64 urte bitarteko herritarren gainekoak, erakusten dute gizonezkoen langabezia tasa % 10,5 dela eta emakumezkoena, berriz, % 12,8. Jarduera tasari dagokionez, aldeak handiagoak dira; hala, gizonezkoen artean % 78,8 eta emakumezkoen artean, berriz, % 71,6. Desgaitasun edo dibertsitate funtzionalen bat duten pertsonei dagokienez, diskriminazio bikoitza da emakume eta desgaitu izatea: gizonen jarduera-tasa % 40koa da, eta emakume desgaitu aktiboena, aldiz, % 23koa.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2017ko abenduaren 28an egindako bileran, laguntzetarako deialdi bat onartu du, enplegu lagundurako jardunak gara daitezen, desgaitasunen bat duten pertsonei ohiko lan-merkatuan sartzen laguntzeko neurri gisa. Hona deialdiaren nondik norakoak:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2018an emango dituen laguntza batzuen oinarriak eta arauak ezartzea. Deialdiaren 4. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten erakundeei emango zaizkie laguntzak, enplegu lagundurako jardunak garatu ditzaten, desgaitasunen bat eta laneratzeko zailtasun bereziak dituztenak lan-merkatu arruntean gehiago sar daitezen.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharko dira lagundutako enplegu-jarduketak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.
1.– 1.000.000 euro jarri dira deialdi honen xedeko laguntzak finantzatzeko; haietatik, 500.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2018ko aurrekontu arruntari egokituko zaizkio, eta beste 500.000 euro, berriz, 2019rako konpromisozko aurrekontuari.
2.– Enplegu lagundurako jardunak 2018ko ekitaldian finantzatzeko laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2018. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurretiazko tramitazioa araupetu zen.
3.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako enplegu lagundurako jardunak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan.
3. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.
1.– Deialdi honetako diru-laguntza jaso ahal izango dute, 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arte egin lagundutako enplegu-jarduketak edo ekintzak.
Enplegu lagundurako jarduntzat jotzen dira desgaitasunen bat eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzea xede dutenak, zeinak 6. artikuluan definitzen baitira laguntza-programa honen azken hartzaile gisa. Erakunde onuradunetako langile espezializatuek egiten dituzte jardun horiek, eta, erakunde horiei, deialdi honen ondorioetarako, enplegu lagundurako unitate deritze, eta 5. artikuluan xedatutako osaera eta eginkizunak dituzte; besteak beste, desgaitasunen bat duten pertsonak enpresa arruntean hasi aurreko jardunak, eta lanpostuan berean gauzatu beharrekoak, bermatuz tratu- eta aukera-berdintasuneko printzipioen eta, genero arloko diskriminazio-ezaren printzipioaren pean garatzen direla jardunok. Ondoren deskribatzen dira:
a) Lanpostuan hasi baino lehen:
– Informazioa eta sentsibilizazioa enpresa arruntean.
– Diru-laguntzaren xede den kolektiboari egokitutako banako enplegu-aukerak bilatu eta jasotzea.
– Lanpostuak identifikatzea eta zehatz aztertzea: enpleguaren ezaugarriak eta garatze-baldintzak zehaztea, informazio garrantzitsu eta beharrezko guztia lortzeko.
– Desgaitasunen bat dutenen artean, lanpostu hori betetzeko behar diren ezaugarriak dituzten pertsonak identifikatzea.
– Bateragarritasunaren azterketa: alde batetik, postuaren profila, eta, bestetik, desgaitasunen bat dutenen artean postu hori betetzeko hautatutako pertsona.
– Postuaren ezaugarriak eta eskakizunak zentzuz egokitzeko beharrik ba ote den ikustea.
b) Lanpostuan:
– Bana-banako prestakuntza lanpostuan, eskatzen diren lanbide-gaitasunak lortu, eta langilea bere postuan eta lan-ingurunean sartzea optimizatzeko.
– Sentsibilizazioa, prestakuntza eta laguntza ematea enpresaren antolaketari, orokorrean, eta, bereziki, desgaitasunen bat duen pertsonarekin funtzionalki jarduten duten langileei.
– Postuaren ezaugarriak eta eskakizunak direla eta beharrezkoak diren zentzuzko egokitzapenak bideratzea.
– Epe luzerako laguntza pertsonalizatua eta banako jarraipena: laneratu ondoren, kontratatutako pertsonaren eta enpresaren arteko jarraipenari eutsi behar zaiola xedatu da, laneratzea behar bezala garatzen dela bermatzeko, eta, postuaren jardueran edo lan-ingurunean aldaketarik gertatuz gero, sortzen diren prestakuntza- eta egokitze-premiei erantzuteko.
– Ebaluazioa: hala prozesu guztiaren garapenaren balorazioa, nola gogobetetze-mailarena, bai desgaitasunen bat duen pertsonarena, bai enpresarena.
2.– Diru-laguntza lortzeko, enplegu lagundurako jardunek lotuta behar dute desgaitasunen bat duten pertsonentzako enplegu-aukerak bilatu eta pertsona horiek enpresa arruntetan txertatzeko konpromisoarekin eta helburu horiek lortzearekin, 7. artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera; izan ere, helburu horiek zehazten baitute diru-laguntza lortzea eta diru-laguntza horren zenbatekoa.
Laneratzeko helburuak betetzeari dagokionez, lan-merkatu arrunteko enpresa batek kontratatu beharko ditu enplegu lagundurako jardunen hartzaileak, desgaitasunen bat duten pertsonak alegia, eta enpresaren egiturako lanpostu batean enplegatu beharko dira egiaz, kontratu mugagabe edo aldi baterako bat eginez, kontratuaren iraupena gutxienez 6 hilekoa bada, betiere. Kontratua lanaldi partzialekoa bada, lanaldi osoko langile baliokide baten lanaldiaren % 35ekoa izango da, gutxienez, lanaldia.
Era berean, laneratze-helburuak betetzat joko dira, eta, beraz, diru-laguntza emango da, aldi baterako kontratu bidez egiten diren kontratazioetan, hasieran gutxienez hiru hilabete irauteko hitzartzen direnean, baldin eta luzatzen badira edo ondoz ondoko kontratuak kateatzen badira; betiere, sei hilekoa edo sei hiletik gorakoa bada hasierako kontratuaren gehi ondoz ondoko luzapenen edo kontratuen iraupena, eta, gainera, baldintza hauek betetzen baditu:
– Kontratuak enpresa berean eta lanpostu bererako formalizatzea.
– Ondoz ondoko luzapen edo kontratu bakoitzaren gutxieneko iraupena hiru hilekoa izatea.
– Kontratuak bata bestearen ondoren egitea, haien artean etenik egon gabe.
3.– Hauek ere jaso dezakete diru-laguntza: 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen enpresa arruntetan kontratatutako pertsonei jarraipena egiteko eta laguntza emateko jardunak, artikulu honetako 1. paragrafoan aurreikusitako denbora-tartean gauzatzen badira, laneratzea behar bezala garatzen dela bermatzeko, bai eta, postuaren jardueran edo lan-ingurunean aldaketarik gertatuz gero, sortutako prestakuntza- eta egokitze-premiei erantzuteko eta lanpostuei eusten laguntzeko ere.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Hauek izango dira enplegu lagundurako jardunak garatzeko diru-laguntzen onuradunak: irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta bestelako erakundeak, eta Enplegu Zentro Bereziak, horrela kalifikatuta eta inskribatuta eta EAEn kokatuta badaude, eta baldintza hauek betetzen badituzte:
– Xede sozial gisa, besteak beste, desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzea edo haien aldeko enplegua sortzea izatea.
– Beren langileen artean prospekzio-teknikariak eta lan-prestatzaile espezializatuak izatea (enplegu lagundurako unitatea osatzen dute), hurrengo artikuluan aurreikusiko diren baldintzen arabera.
– Esperientzia egiaztatua izatea desgaitasunen bat eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzeko programen garapenean; zehazki, administrazio publikoek edo Europako Funtsek diruz lagundutako programen garapenean.
– Enplegu lagundurako jardunak doan egitea, langileei edo enpresei zenbatekorik edo tarifarik kobratu gabe edo haiengandik ezer jaso gabe.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutakoez gain, baldintza hauek bete beharko dituzte erakunde onuradunek:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, egoera hori egiaztatzeko agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzeko zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana, eta haiek eskuratzeko legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
c) Ez egotea Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan adierazitako gainerako egoeretariko batean ere, diru-laguntzen erakunde onuraduna izan ahal izateko.
3.– Onuradunei diru-laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.
5. artikulua.– Enplegu lagundurako unitateen osaera eta eginkizunak.
1.– Deialdi honetan parte hartzeko, hauek izan behar ditu gutxienez enplegu lagundurako oinarrizko unitateak: prospekzio-teknikari bat eta lan-prestatzaile bat.
Deialdi honetan aipatutako jardunetarako dedikazioa lanaldi osoko urteko orduen % 50 izan beharko da gutxienez, enplegu lagundurako unitatea osatzen duen pertsona bakoitzeko.
2.– Lagundutako enplegu-lantaldeak osatzen dituzten pertsonek aukera izango dute profil bakoitzaren eginkizunak modu partekatuan eta polibalentean garatzeko; betiere, artikulu honetako 4. paragrafoan ezarritako esperientziaren eta titulazioaren inguruko baldintzak betetzen badituzte.
Lantalde bat bi pertsonak baino gehiagok osatzen badute, lantaldeko profesionalen erdiek bete beharko dituzte artikulu honetako 4. eta 5. paragrafoetan ezarritako titulazio- eta esperientzia-baldintzak, eta lantaldearen beste erdiek, berriz, artikulu honetako 4. eta 5. paragrafoetan titulaziorik ez dagoen kasuetarako aipatzen den lanbide-esperientziarekin ordeztu ahal izango dute titulazioaren betekizuna.
3.– Nolanahi ere, enplegu lagundurako unitateetako lantaldeen osaeran, beharrezko oreka gorde beharko da bi lanbide-profil horien artean, laneratze-helburuak lortuko direla bermatzeko.
4.– Gutxienez erdi-mailako edo goi-mailako unibertsitate-titulazioa izango dute prospekzio-ekintzetan diharduten profesionalek, eta gutxienez urtebeteko aurreko esperientzia egiaztatu beharko dute desgaitasunari lotutako enplegu-aukeren prospekzioan edo desgaitasunen bat eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzen laguntzeko prozesuetan.
Erdi-mailako edo goi-mailako unibertsitate-prestakuntzako gutxieneko titulazioaren betekizun hori ez zaie eskatuko hauxe egiaztatzen dutenei: gutxienez 5 urteko esperientzia desgaitasunari lotutako enplegu-aukeren prospekzioan edo desgaitasunen bat eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzen laguntzeko prozesuetan.
Kasu batean zein bestean, hauek aurkeztuta egiaztatuko da esperientzia: proposatutako pertsonak egindako lan-kontratuak, eta enpresaren ziurtagiri bat, zer eginkizun bete dituen egiaztatzen duena.
Desgaitasunen bat duen pertsona lanpostuan hasi aurretik, honako eginkizun hauek bete behar dituzte prospekziogileek:
– Enpresa arruntei informazioa ematea eta haiek sentsibilizatzea.
– Jardunen xede den kolektiboari egokitutako banakako enplegu-aukerak bilatzea eta jasotzea.
– Lanpostuak identifikatzea eta zehatz aztertzea: enpleguaren ezaugarriak eta garatze-baldintzak zehaztea, informazio garrantzitsu eta beharrezko guztia lortzeko.
– Postuaren ezaugarriak eta eskakizunak zentzuz egokitzeko beharrik ba ote den ikustea.
5.– Gutxienez goi-mailako lanbide-heziketari dagokion titulazioa edo baliokidea izango dute lan-prestatzaileek, eta gutxienez urtebeteko aurreko esperientzia egiaztatu beharko dute desgaitasunen bat eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak prestatzen eta laneratzen laguntzeko prozesuetan.
Goi-mailako lanbide-heziketako gutxieneko titulazioa edo baliokidea ez zaie eskatuko hau egiaztatzen dutenei: gutxienez 5 urteko esperientzia desgaitasunen bat eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak prestatzen eta laneratzen laguntzeko prozesuetan.
Kasu batean zein bestean, hauek aurkeztuta egiaztatuko da esperientzia: proposatutako pertsonak egindako lan-kontratuak, eta enpresaren ziurtagiri bat, zer eginkizun bete dituen egiaztatzen duena.
Lan-prestatzaileek honako eginkizun hauek bete behar dituzte lanpostuan:
– Banakako prestakuntza lanpostuan, eskatzen diren lanbide-gaitasunak lortu, eta langilea bere postuan eta lan-ingurunean sartzea optimizatzeko.
– Sentsibilizazioa, prestakuntza eta laguntza ematea enpresaren antolaketari, orokorrean, eta, bereziki, desgaitasunen bat duen pertsonarekin funtzionalki jarduten duten langileei.
– Epe luzerako laguntza pertsonalizatua eta banakako jarraipena: laneratu ondoren, kontratatutako pertsonaren eta enpresaren arteko jarraipenari eutsi behar zaiola xedatu da, laneratzea behar bezala garatzen dela bermatzeko, eta, postuaren jardueran edo lan-ingurunean aldaketarik gertatuz gero, sortzen diren prestakuntza- eta egokitze-premiei erantzuteko.
– Ebaluazioa: hala prozesu guztiaren garapenaren balorazioa, nola gogobetetze-mailarena, bai desgaitasunen bat duen pertsonarena, bai enpresarena.
6.– Prospekziogileek eta lan-prestatzaileek honako eginkizun hauek beteko dituzte elkarrekin:
– Desgaitasunen bat dutenen artean, lanpostu bakoitza betetzeko behar diren ezaugarriak dituzten pertsonak identifikatzea.
– Bateragarritasunaren azterketa: alde batetik, postuaren profila, eta, bestetik, desgaitasunen bat dutenen artean postu hori betetzeko hautatutako pertsona.
– Postuaren ezaugarriak eta eskakizunak direla eta beharrezkoak diren zentzuzko egokitzapenak bideratzea.
7.– Enplegu-zentro berezien kasuan, enplegu lagundurako jardunak egingo dituztenak ez dira izango jarduera profesionalari laguntzeko unitateak osatzen dituzten profesionalak. Baldintza hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da.
8.– Kausa justifikatuak direla medio, jardunak garatu bitartean lanpostuak hutsik geratzen badira enplegu lagundurako unitateak osatzen dituzten langileen artean, artikulu honetan ezarritako irizpideei eta baldintzei eutsiz ordeztuko dira pertsona horiek. Edozein kasutan ere, pertsona ordezkatuaren ordezkapenak dirauen bitartean, pertsona ordeztuaren dedikazioaren ehuneko berari eutsi beharko zaio.
Lagundutako enplegu-talde profesionalean aldaketarik gertatuz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, eta Lanbidek onartu egin beharko du. Lan-prestatzaileak edo prospekziogileak ordeztu behar direnean, aldatzeko eskaeran adierazi beharko da zer pertsona ordeztuko den, eta, lanpostu horretarako proposatzen den pertsonaren curriculum vitaeaz gain, haren titulazioa eta lanbide-esperientzia egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira. Lan-prestatzaileak edo -prospekziogileak ordezteko proposatutako pertsonak ordeztutako pertsonen lanbide- eta soldata-kategoria berekoak izango dira.
6. artikulua.– Azken hartzaileak.
1.– Hona deialdi honen babeseko diru-laguntza jaso duten enplegu lagundurako jardunen azken hartzaileak: desgaitasunen bat izan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile langabe gisa erregistratuta dauden pertsonak, bai eta desgaitasunen bat izan eta enplegu-zentro bereziek kontratatu dituzten langileak ere; betiere, ondoren deskribatuko diren kasuetakoren batean badaude:
Desgaitasun intelektuala, buru-gaixotasuna edo garuneko paralisia duten pertsonak, % 33ko edo hortik gorako gutxitasun-gradua aitortua zaienak.
Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, % 65eko edo hortik gorako desgaitasun-gradua onartua dutenak; edo gorrak edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonak, % 33ko edo hortik gorako gutxitasun-gradua onartua dutenak.
2.– Enplegu lagundurako jardunen ondorioz enpresa arrunt batean kontratatutako langile desgaituak, aurrez, enplegu-zentro berezi batean lan egiten bazuen, kontratatuak borondatezko eszedentzia hartuko du zentro horretan, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 46.2 eta 5. artikuluetan, eta, hala badagokio, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritako baldintzen arabera.
7. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Diru-laguntzaren xedea da erakunde onuradunen enplegu lagundurako unitatea osatzen duten profesionalen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak finantzatzea, bai eta enplegu lagundurako jardunari lotutako gastu orokorrak, administraziokoak, koordinaziokoak eta leku-aldatzeenak ere; betiere, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldian egin badira gastu horiek guztiak.
Finantzatzen diren gastu guztiek izan beharko dute lotura konpromisoarekin eta helburuak lortzearekin, bai enplegu-aukeren prospekzio-jardunean, bai desgaitasunen bat duten pertsonak enpresa arruntetan sartzeko jardunean.
Hauek hartuko dira gastu orokortzat: lokalen erabilerari, jakinarazpenei, material suntsigarriari eta bulegoko materialari dagozkien gastu arruntak.
Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da, era berean, 12.1.b) artikuluan aipatzen den auditoria-txostenaren kostua.
2.– Hauek hartuko dira kontuan diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko:
a) 6.1 artikuluan aipatzen den desgaitasun-mota eta -graduko zenbat langile enplegu lagundurako jardunen hartzaile laneratu den EAEko lan-zentroetan, honako baldintza hauen arabera:
– 7.800 euro laneratze bakoitzeko, baldin eta % 33ko edo hortik gorako desgaitasun intelektuala, buru-gaixotasuna edo garuneko paralisia aitortua zaion pertsona bati gutxienez urtebeteko kontratua egiten bazaio.
– 6.600 euro laneratze bakoitzeko, baldin eta % 33ko edo hortik gorako desgaitasun intelektuala, buru-gaixotasuna edo garuneko paralisia aitortua zaion pertsona bati gutxienez 6 hileko kontratua egiten bazaio.
– 4.700 euro laneratze bakoitzeko, baldin eta % 65eko edo hortik gorako desgaitasun fisikoa edo zentzumen-desgaitasuna aitortua zaion pertsona bati edo gor bati edo % 33ko edo hortik gorako entzumen-desgaitasuna aitortua zaion pertsona bati gutxienez urtebeteko kontratua egiten bazaio.
– 4.000 euro laneratze bakoitzeko, baldin eta % 65eko edo hortik gorako desgaitasun fisikoa edo zentzumen-desgaitasuna aitortua zaion pertsona bati edo gor bati edo % 33ko edo hortik gorako entzumen-desgaitasuna aitortua zaion pertsona bati gutxienez 6 hileko kontratua egiten bazaio.
– Desgaitasunen bat dutenen artean, emakumezkoa bada laneratu eta kontratatu beharrekoa, % 10 handituko dira aurreko paragrafoetan aurreikusitako diru-laguntzen zenbatekoak.
Zenbateko horiek lanaldi osoko kontratuetarako ezartzen dira; zenbateko horiek proportzionalki murriztuko dira lanaldiaren iraupenaren arabera, baldin eta kontratua denbora partzialekoa bada, 3.2 artikuluan ezarritako lanaldiaren % 35eko gutxieneko mugarekin.
b) Enplegu-aukeren prospekzio-, bilatze- eta atzemate-jardunaren bolumena, prospekzio-profesional bakoitzak egindako bisiten bitartez kontaktatutako enpresen arabera; horretarako bisitatutako enpresa bakoitzeko 195,5 euro ezarri dira, behar bezala dokumentatu eta justifikatuz gero. Gehienez, 200 enpresari lagundu ahal izango zaie, eta diru-laguntza, gehienez ere, 39.100 eurokoa izango da kasu horretan; eta, gutxienez, 200 enpresari, eta gutxieneko diru-laguntza 19.550 eurokoa izango da kasu horretan, lanaldi osoko dedikazioa duen prospekziogile bakoitzeko.
Lanaldi partzialeko dedikazioa bada, bisitatu beharreko gutxieneko eta gehieneko enpresa kopurua hainbanatu beharko da prospekzio-jarduketei emaniko dedikazio-lanaldiaren ehunekoaren arabera. Dena dela, lanaldi osoan urtean sartu beharreko orduen % 50 izango da lanaldiaren gutxieneko dedikazioa.
c) 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen enpresa arruntetan kontratatutako pertsonei jarraipena egiteko eta laguntza emateko jardunak. 850 euroko diru-laguntza emango da jarraipena egiten zaion pertsona bakoitzeko, eta egindako jarraipenen zenbateko osoak inoiz ez du gaindituko jarraipen- eta laguntza-jarduera horiek egiten dituen lan-prestatzailearen soldata-kostuaren eta Gizarte Segurantzarenaren % 25, deialdi honetako jarduketetako dedikazio-lanaldiari egotzi dakiokeena prestatzaile bakoitzeko.
d) Gastu orokorrak, administraziokoak, koordinaziokoak, leku-aldaketenak eta auditoria-txostena (diruz lagun daitezkeen gastu gisa egotz badaitezke); enplegu lagundurako unitatea osatzen duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak batzearen % 10 izango da, betiere diruz lagun badaitezke eta aurreikusitako helburuak lortuta justifikatzen badira.
3.– Aurreko paragrafoaren a), b) eta c) letretan adierazitako kontzeptuengatik emandako zenbatekoak ezin izango ditu gainditu enplegu lagundurako jardunetan parte hartzen duten profesionalen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.
8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko dira, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeko enplegu-bulegoetan.
Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Diru-laguntza hartu nahi duen erakundearen memoria deskribatzailea, zeinean, gutxienez, honako hauek zehaztuko baitira:
– Kokapen fisikoaren xehetasuna eta jarduteko lurralde-eremua.
– Helburu soziala, jardun-eremuak eta erakundearen organigrama.
– Enplegu lagundurako unitatea osatzen duten pertsona prestatzaileen eta prospekziogileen zerrenda, eta horien curriculum vitaea; berariaz aipatuko da unitate hori osatzen duten pertsonek desgaitasuna duten pertsonen laneratzeari atxikitako genero-berdintasunaren arloan egin duten prestakuntza, eta, halaber, eskuratutako titulazioa eta esperientzia egiaztatzen duen dokumentazioa, urteko lanaldia eta enplegu lagundurako ekintzei atxikitako prospekzio-jarduerari edo lan-prestakuntzari eskaintzen zaion ehunekoa. Hauek aurkeztuta egiaztatuko da esperientzia: proposatutako pertsona bakoitzari egindako lan-kontratuak, eta enpresaren ziurtagiri bat, zer eginkizun bete dituen egiaztatzen duena.
– Esperientzia egiaztatzeko memoria, hauek kontuan hartuta: desgaitasunen bat eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak enplegu lagundurako prozesuen bidez laneratzea; desgaitasunen bat duten pertsonak enpresa arruntean laneratzeko eta pertsona horiei prestakuntzan eta lanpostuan bertan laguntzeko programak, administrazio publikoek edo Europako Funtsek diruz lagundutakoak.
b) Urteko kudeaketa-plana, gutxienez honako hauek zehaztuta:
– Gauzatzeko jarduerak eta lortu nahi den laneratze-helburuak, barne direla desgaitasuna duten emakumeen eta gizonen laneratzean dagoen genero-arrakala gutxitzera bideratutako berariazko helburuak eta jarduerak.
– Desgaitasunen bat izaki, laguntza jasoko duten pertsonen tipologia eta kopurua, honela banakatuta: emakumeak eta gizonak, laneratze berriak eta aurreko ekitaldietan kontratatutako pertsonen jarraipen-prozesuak.
– Gauzatzeko metodologia: zehaztuko da laneratze-prozesuetan desgaitasuna duten emakumeen parte-hartzea bermatzera bideratutako zein neurri gauzatuko den, kalteberatasun-egoera handietan dauden emakumeena, batez ere.
– Ebaluazio-sistema. Garatu beharreko ebaluazio-prozesuei buruzko dokumentuak zehaztu eta aurkeztu behar dira, lan-prozeduren nahiz lorturiko emaitzen kalitatea neurtzeko: ebaluatutako aldagaiak edo dimentsioak, tresnak, parte-hartzaileak eta ebaluazio-faseak edo -motak.
– Jardueren tenporalizazioa.
– Eskura dituen azpiegitura, baliabideak eta bitarteko instrumentalak.
– Zerbitzua emateko baldintzak.
– Eskatutako diru-laguntza, kontzeptuen arabera zehaztuta: enplegu lagundurako unitatea osatzen duten pertsonen soldaten eta gizarte-segurantzaren kostuak; eta langile-kostu horien gaineko % 10, gastu orokorrak, administraziokoak, koordinaziokoak eta leku-aldatzeenak finantzatzeko.
c) Eskaera sinatzen duenaren NANaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena, eta daukan legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.
d) Enplegu lagundurako unitateetako langileen soldatek eragindako kostuak egiaztatzeko ziurtagiriak, langile bakoitzaren urteko ordainsariei dagokien kostua eta gizarte-segurantzaren kostua bereizita, horien kontrataziorako eskatzen baita diru-laguntza.
e) Irabazi-asmorik gabeko elkarteen, fundazioen eta bestelako erakundeen kasuan, haien eraketa egiaztatzen duen dokumentazioa eta, hala egokituz gero, estatutuak, non haien helburu soziala eta kokalekua azaldu behar diren.
f) Enplegu-zentro bereziei dagokienez, erakunde eskatzailearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko enplegu lagundurako jardunak egingo dituzten langileak ez direla jarduera profesionalari laguntzeko unitateak osatzen dituzten profesionalak.
g) Erakunde eskatzailearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita zenbat langilek osatzen duten erakundearen langileria eta erakundean bertan berdintasun-planik duten. Erakundeari diru-laguntza ematen bazaio, edozein unetan eskatu ahal izango zaio plan horren kopia.
3.– Gutxieneko dokumentazio horren osagarri, 10. artikuluan aipatutako balorazio-elementuak egiaztatzeko dokumentuak aurkez ditzakete erakundeek:
– Azken 4 urteetan, zailtasun bereziak dituzten pertsona desgaituak laneratzea helburu nagusitzat harturik, sareko lanaren lankidetza-proiektuetan edo lankidetza-proiektu berritzaileetan izandako parte-hartzea edo esperientzia deskribatzen den memoria.
– Azken 4 urteetan, lortu diren laneratze guztietatik, laneratu diren emakume desgaituen ehunekoaren justifikazioa; horretarako, urtero laneratutako pertsonen izen-zerrenda, sexuaren arabera bereizita, eta emakumeen urteko laneratze-tasa aurkeztuko dira.
– Azken 4 urteetan, desgaitasunaren esparruan enpresak sentsibilizatzen lortutako esperientzia egiaztatzen den deskripzio-memoria.
4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. paragrafoan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango dituela.
5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2018ko urtarrilaren 31n amaituko da.
9. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publikotasuna.
1.– Lan Aktibazioko Zuzendaritzak du eskabideak izapidetu eta tramitatzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak emango dira. Programa hau finantzatzeko jarri diren baliabide ekonomikoak nahikoa ez badira onartu beharreko eskaera guztiei aurre egiteko, 10. artikuluan aurreikusitako balioespen-irizpideak kontuan hartuta ateratzen den lehentasun-ordenaren arabera banatuko dira funtsak. Horretarako, kide anitzeko organo bat sortuko da, eta ebazpen-proposamena landuko du; honako kide hauek izango ditu:
Presidentea: Lan Aktibazioko Zuzendaritzaren Enpresetarako Zerbitzuen Arloaren arduraduna.
Kideak: Enpresetarako Zerbitzuen Arloaren arduradunak izendatutako bi teknikari; haietako batek idazkari gisa jardungo du.
3.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, esanbidezko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.
4.– Erakunde interesdunak 10 eguneko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko. Epe hori igaro eta esanbidez onespena jakinarazi ez bada, eskabideari uko egin diola ulertuko da, eta artxibatu egingo da.
5.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo berari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako diru-laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako diru-laguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
Era berean, erakunde onuradunen zerrenda hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. zenbakian jasotzen den zerrenda publikoan sartuko da.
10. artikulua.– Eskabideak balioesteko eta esleitzeko irizpideak.
1.– Baliabide ekonomikoak nahiko ez badira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, deialdi honetara aurkeztutako eskaeren lehentasun-ordena ezarriko da; horretarako, irizpide hauen arabera baloratuko dira eskaerak:
– Azken 4 urteetan, zailtasun bereziak dituzten pertsona desgaituak laneratzea helburu nagusitzat harturik, sareko lanaren lankidetza-proiektuak edo lankidetza-proiektu berritzaileak egiten eta garatzen izandako parte-hartze edo esperientzia egiaztatua. 10 puntu, gehienez. Erakundeak esku hartu duen proiektu bakoitzeko, 1,5 puntu emango dira; aurreko ikuspegiekiko hobekuntza bat dakarten berrikuntza-ezaugarriak zehazten badira, proiektu bakoitzari beste puntu bat emango zaio.
– Azken 4 urteetan laneratutako emakume desgaituen ehunekoa, lan-merkatu arruntean laneratzeko programak garatuz erdietsia, lortutako laneratze guztiak kontuan hartuta. 10 puntu, gehienez. Urte bakoitzean emakumeen laneratzeari dagokionez zer ehuneko lortu den baloratuko da; bi punturekin baloratuko da ehuneko-tarte bakoitza, honelaxe, hain zuzen: % 20raino – 2 puntu, % 30eraino – 4 puntu, % 40raino – 6 puntu, % 50eraino – 8 puntu, eta % 60raino edo hortik gora – 10 puntu. Azken puntuazioa urteko puntuazioen batezbestekoa izango da.
– Desgaitasuna duten pertsonak laneratzearen esparruan enpresak sentsibilizatzen lortutako esperientzia egiaztatua. 5 puntu, gehienez. 0,5 puntu emango dira xede-taldetzat enpresa-sektorea harturik azken 4 urteetan egindako jardunaldi, kongresu, enpresa-topaketa edo dibulgaziozko ekintza bakoitzeko, baldin eta behar bezala dokumentatuta badago.
– Laneratzearekin lotuta, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren alorrean izandako prestakuntza. 5 puntu, gehienez. Gutxienez 60 ordu dituzten prestakuntza-saioak hartuko dira aintzat, betiere egiaztatuta. Puntuak banatzeko, kontuan hartuko da enplegu lagundurako unitateko zenbat pertsonak duten egiaztatuta prestakuntza hori; honela: pertsona guztiek badute prestakuntza hori egiaztatuta – 5 puntu; gutxienez, pertsonen erdiek dute prestakuntza hori – 3 puntu; erdiek ere ez dute prestakuntza hori – 2 puntu.
– Enplegu lagundurako jarduketen eragina; aribideko urteko lan-prestatzaileak aurreikusitako laneratze kopuruaren arabera. 5 puntu, gehienez. Lan-prestatzaile bakoitzak egin beharreko laneratze kopuruaren arabera, puntu hauek emango dira: 1 edo 2 laneratze – 1,25 puntu; 3 edo 4 laneratze – 2,50 puntu; 5 edo 6 laneratze – 3,75 puntu; 6 laneratze baino gehiago – 5 puntu. Azken puntuazioa banakako puntuazioen batezbestekoa izango da.
2.– Diru-laguntzen eskaeren eta esleipenen lehentasun-ordena prozedura honi jarraituz lortuko da:
a) Erakunde bakoitzak balorazio-irizpide bakoitzean lorturiko puntuazioa gehituko da lehenbizi, eta gero, lortutako guztizko puntuazioak handitik txikira ordenatuko dira; erakunde bakoitzak lor daitekeen gehieneko puntuaziora (35) zer distantzia duen ere kalkulatuko da. (A).
b) Erakundeek gehieneko puntuaziora dituzten distantziak batuta, zatiketa baten izendatzailea lortuko da (B); erakunde bakoitzaren zenbakitzailea erakunde horrek lor daitekeen gehieneko puntuaziora duen distantzia izango da (A/B) Zatiketa horren emaitzak erakunde bakoitzaren haztapen-koefizientea emango du (C1, C2, C3...).
c) Erakunde bakoitzak lorturiko haztapen-koefizientea soberako zenbatekoarekin (D) biderkatuko da; hau da, erakunde guztiek aurkeztutako aurrekontua, diruz lagundu daitekeena, gehi deialdiaren gehieneko aurrekontu-zuzkidura.
d) Haztapen-koefiziente hori soberako zenbatekoarekin biderkatuta (C1*D, C2*D, C3*D...), erakunde bakoitzari zer kantitate kendu behar zaion lortuko da.
11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
Bi zatitan ordainduko dira deialdi honetan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko ematen diren laguntzak:
a) Lehen ordainketa: emandako diru-laguntzaren % 50, ebazpena igorri eta erakunde onuradunak diru-laguntza onartu ondoren.
b) Bigarren ordainketa: gainerako % 50a, edo, benetan egindako eta justifikatutako gastuekin eta, 7. artikuluan nahiz emateko ebazpenean adierazitakoaren arabera, laneratze-helburuak eta prospekzio-jardueraren helburuak betetzearekin bat etorriz egin beharko den doiketatik ateratzen den zenbatekoa. Bigarren ordainketa hori jardunak amaitzean egingo da, hurrengo artikuluan aipatzen den azken memoria aurkeztu ondoren.
12 artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.
1.– Diru-laguntzaren onura hartzen duen erakundeak azken memoria bat aurkeztu beharko du 2019ko martxoaren 31 baino lehen; memoriak dokumentazio hau izango du:
a) Memoria deskribatzailea, diruz lagundutako aldian enplegu lagundurako unitateak izandako jarduerari buruzkoa, garatutako jardunei buruzko informazio kualitatiboa ez ezik, egindako jardueratik ateratako ondorio nagusiak ere bilduko dituena. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:
– Enplegu lagundurako jardunak jaso dituzten pertsona desgaituen izenen zerrenda, laneratze berriak eta aurreko laneratzeen jarraipenak bereiziz, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
– Desgaitasunen bat duten laneratuei egindako lan-kontratuen kopiak. Dena dela, kontratua bera eta iraupena Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroan kontsultatuz egiaztatuko dira.
– Artatutako pertsonen desgaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia, dagokion organo eskudunak emana.
– Enplegu lagundurako jardunak gauzatu diren enpresekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
– Garatutako prospekzio-jardunen eta kontaktatutako enpresen erregistroa, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
– Enplegu lagundurako jardunetan esku hartu duten prospekziogileen eta lan-prestatzaileen izenen zerrenda, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
– Enplegu lagundurako jardunetan esku hartu duten prospekziogileek eta lan-prestatzaileek diruz lagun daitezkeen jardueretan izan duten dedikazioa jasotzeko orriak, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.
b) Memoria ekonomikoa, non laburtuko baitira egindako gastuak, horietariko bakoitzean zehaztuta zein den diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak, 7. artikuluko 2. apartatuan ezarriak, eta, halakorik izan bada, zehatz adierazita zer beste sarrera edo diru-laguntza izan diren diru-laguntzako jarduera finantzatzeko. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:
– Diruz lagun daitezkeen jardunak gauzatu dituzten enplegu lagundurako unitateko langileen zerrenda, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak zehaztuz; era berean, justifikatutako jarduerei kontzeptu horiengatik egotzi zaien gastua ere jasoko da. Ebazpenarekin batera emandako eredua bete eta erantsiko da –enplegu lagundurako unitateko langileengatik egotzitako kostuaren kalkuluaren xehetasunari buruzkoa–.
– Enplegu lagundurako unitateko langileen nominak, 2018. urtekoak; nomina horietan zigilu batek adierazi beharko du Europako Gizarte Funtsak, 2014-2020ko aldirako onarturiko Euskadiko programa operatiboaren barruan lagundutako finantzatzea dela. Nomina bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izana ere egiaztatu beharko du erakundeak, agiri bidez. Bankuko kontu-laburpenaren oharra globala bada eta zenbateko hori langile bati baino gehiagori badagokio, beharrezkoa izango da laburpen horrekin batera transferentzia-aginduak ematea, non azalduko baitira enplegu lagundurako unitateko pertsonak, behar bezala identifikatuta, banakako ordainketak argi ikusteko moduan.
– Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuak (kotizazio-likidazioen ordainagiria eta TC2), 2018koak, ordainagiriekin batera. Bai eta kotizazio-datuen txostena ere (IDC dokumentua), enplegu lagundurako unitateko pertsona bakoitzari buruzkoa.
– Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren legezko ordezkariak sinatua, deialdi honen babesean diruz lagundutako jardueretarako ezarritako langileen kostuak finantzatzeko jaso diren beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen informazio zehatza jasotzen duena.
– Auditore-txosten bat, hauek jasota: azken justifikazio ekonomikoan aitortutako gastuak egozgarriak direla, diruz lagundutako aldiari dagozkiola eta 7. artikuluan aurreikusitako mugei egokitzen zaizkiela. Hain zuzen ere, soldata-kostuei eta gizarte-segurantzako kostuei dagokienez, jasota geratu beharko da gastu horiek nominekin eta gizarte-aseguruekin egiazta daitezkeela, haietan agertzen diren zenbateko berak dituztela, egiaz ordainduta daudela eta ordainketa gauzatu izana jasota dagoela. Hauek ere jaso beharko ditu: kontzeptu hauengatik justifikatutako gastuaren zenbatekoa diru-laguntzari egozten ote zaion osorik edo partez, eta, azken kasu horretan, justifikatutako jarduerei egotzitako zenbateko zehatza zein den. Gastua egozteko irizpideak eta kalkuluak behar bezala dokumentatuta daudela ere egiaztatu beharko du, bai eta diruz lagun daitezkeen jardueretan izan duten dedikazioa jasotzeko orriekin bat datozela ere. Kalkulu-irizpide horiek xehetasunez azaldu behar dira auditoretza-txostenean.
Onuradunak nahi duen auditorea aukeratu eta kontratatuko du, Kontabilitatearen eta Kontu Auditoretzaren Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako jarduneko auditoreen artean, sektoreko merkatu aske eta lehiakortasunezkoaren batez besteko ordainsariak modu nabarmenean gainditu gabe.
2.– Azken memoria osatzen duten justifikazio-agiri guztiak paperezko euskarrian eta euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira.
3.– Aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko diru-laguntzaren zenbatekoa handiagoa dela enplegu lagundurako jardunak egikaritzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.
4.– Horretaz gain, desgaitasunak dituzten pertsonen kontratuak amaitu behar diren baino lehenago edo laguntzaren zenbatekoa emateko oinarria izan den gutxieneko iraupen-aldia amaitzen denean ematen badira amaitutzat, horrek eragingo du kontratu horiengatik emandako diru-laguntzarako eskubidea galtzea, eta aldez aurretik izapidetu beharko da aldaketa-prozedura edo itzulketa, horretarako izapidetua.
Hala ere, diru-laguntza proportzionalki murriztuko da benetako kontratazio-aldiaren arabera, baldin eta enpresaren nahiarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik iraungitzen bada, eta arrazoi horiek behar bezala egiaztatuta badaude; betiere, probaldia amaitu ondoren, eta langilearen borondatezko baja gertatu ezean; izan ere, kasu horretan, kontratazio horregatik emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea osorik galduko da.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla diru-laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.
c) Pertsona onuradunei eta enpresei emandako zerbitzu guztiak doan direla bermatzea.
d) Tratu- eta aukera-berdintasunaren arloko betebeharrak betetzea, baita emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio-ezaren arlokoak ere.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde onuradunei ematen dizkien sistemetan eta erregistroetan eskatzen den informazioa osatzea, bai prospekziogileen jardunari buruzkoa, bai lan-prestatzaileei dagokiena.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze-jarduerak onartzea.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.
g) Helburu berberarekin administrazio publiko hau edo beste edozein edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
h) diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
i) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari; era berean, jarduera horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
k) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa –EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barrukoa– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze, edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.
l) Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko, erakundeak erabiliko duen dokumentazio, publizitate, irudi edo material orotan, hizkuntza ez sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.
14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko.
Horretarako, erakundeak diru-laguntzako jarduketa guztien gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du, gutxienez 2025era arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.
15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, eta, betiere, jakinez gero onuradunak helburu bererako beste edozein diru-laguntza edo laguntza jasotzen duela, eta horren zenbatekoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoari batuta, diruz lagundutako jardueraren onartutako kostu osoa gainditzen duela, emandako diru-laguntza aldatu egingo da, betiere laguntzaren onuradun izateko diru-laguntzen inguruko arauak ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira, diru-laguntza emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz.
16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.
Orokorrean, deialdi honetan deskribatutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek arrazoi eta helburu berarekin emandako beste edozein diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin, eta, horrenbestez, haien osagarriak izango dira; nolanahi ere, finantzaketa-iturrietatik jasotako laguntzen edo baliabideen zenbateko osoak ezingo du gainditu deialdi honen babesean diru-laguntza jaso duten jardueren onartutako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
17. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzultzeko prozedura.
1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetarikoren batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Hamabi hilekoa izango da itzultzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea.
4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Borondatezko epetzat joko da epe hori.
5.– Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, xedatutakoa betetzeko, deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren, 2012ko urriaren 10ekoaren, bidez dago araututa.
Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte interesdunek, legeak onartzen duen eran; horretarako, idazki bat bidali beharko dute hori jakinaraziz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
19. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan jasota dagoen diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Gainera, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.