EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

AGINDUA, 2017ko abenduaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita ekonomiaren garapenerako eta ekonomia-dibertsifikaziorako laguntzen 2018ko ekitaldirako deialdia, «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlaneko G4, G5 eta G6 landa-eremu sailkatuei dagokienez.

Xedapenaren data: 2017-12-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201706300
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/12/30rean argitaratutako 2016/12/14ko AGINDUA [201605621]

Landa-eremuen garapena lehentasunezko helburua izan da beti Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren politiketan, gizarte osoari egiten zaion funtzio anitzeko ekarpen garrantzitsua baita, kalitateko elikagaien eta lehengaien ekoizle gisa, lurraldearen kudeatzaile gisa eta baliabide naturalen, biodibertsitatearen eta paisaiaren administratzaile gisa.
Landa Ingurunearen Garapenerako apirilaren 8ko 10/1998 Legearen landa-garapeneko politikaren xede orokorrak honako hauek dira: euskal nekazaritzaren eta landa-ingurune osoaren funtzio-aniztasuna eta iraunkortasuna, landa-ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei eustea eta nekazaritzak eta landa-eremuko enpresek eta ekonomia-egiturek lehiatzeko duten gaitasuna sustatu eta hobetzea.
Hori kontuan hartuta, agindu honek 2018ko ekitaldirako landa-eremuen ekonomiaren dibertsifikaziorako, eremu horretan enplegua sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako inguruneak garatzeko diru-laguntzen deialdia iragartzen du.
Agindua «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlaneko G4, G5 eta G6 landa-eremu sailkatuei zuzenduta dago, eta bertan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten entitate pribatuak izan ahal izango dira horren onuradun. Eremu horietako izaera publikoko onuradunen deialdia 2016ko abenduaren 30ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (248. zk.).
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak honi jarraikiz emango dira: 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzekoa; laguntza, gehienez, 200.000 eurokoa izango da enpresa bakoitzeko, hiru zerga-ekitalditan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetan deitutako diru-laguntzak emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urteko aurrekontu orokorretan.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea, izaera eta esparru geografikoa.
1.– Agindu honen xedea da 2018ko ekitaldirako laguntzetarako deialdia iragartzea, I. eranskinean xedatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetako (G4, G5 eta G6 landatartasun-maila) landa-ekonomiaren dibertsifikaziorako eta garapenerako laguntzei dagokienez. Eremu horiek Hazi Fundazioaren «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanean identifikatuta daude.
2.– Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.
Bigarrena.– Laguntza motak eta pertsona onuradunak.
1.– Laguntzaren xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan enpleguari eusten eta hura hazten laguntzen duten eta nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortzeko eta garatzeko egiten diren inbertsio-modalitate hauek:
a) Nekazaritza-sektorearekin lotuta ez dauden jarduerak, baina sektore hori dibertsifikatzen dutenak. Nekazaritza kontzeptuak barne hartzen du nekazaritzakoa dena, abeltzaintzakoa eta basokoa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 1. zenbakiarekin bat etorriz. Onuradun izan ahalko dira nekazaritza-sektoreari lotutako pertsona fisiko edo juridikoak eta ustiategi bateko familia-unitateko kideak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19. artikuluko 3. zenbakian ezarritakoari jarraikiz (Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez landa-garapenari laguntzak emateari buruzkoa eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena).
b) Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen eraketa eta garapena, Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioak egiten duen definizioaren arabera, eta autonomoetan alta emandako pertsona fisikoek garatutako proiektuena, betiere inbertsioak nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratzen ez badira. Garapena dela ulertuko da produktibitatea gehitzen duen edo ekoizpen- edo negozio-ildo berria dakarren edozein inbertsio. Enpresak eta autonomoak onuradun izan ahalko dira, landa-eremuetan kokatzen edo bizi badira eta nekazaritza-arlokoa ez den jarduera badute.
c) Enpleguaren sorrera garbia. Laguntza horien onuradun izan ahalko dira mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, nekazaritza-arlokoak ez badira eta landa-eremuetan kokatzen badira. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako lanaldiaren % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez. Era berean, laguntzak jaso ahalko dituzte enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisiko langabeek, baldin eta eremu horietan bizi badira eta beren autoenplegua sortuko duen nekazaritzakoa ez den proiektu bati ekiten badiote.
2.– b) eta c) hizkietan jasotako laguntzen onuradun izan ahalko dira nortasun juridikorik ez duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuen taldeak, ondasun-erkidegoak edo, nortasun juridikorik eduki gabe, b) eta c) hizkietan aurreikusitako proiektu eta jarduerak aurrera eraman ditzakeen edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi mota. Bertan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan eta agindua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako betekizun eta baldintzak.
3.– Aurreko puntuko b) eta c) hizkietan jasotako laguntzak bateraezinak dira haien artean.
4.– Laguntza horietatik kanpo geratzen dira erakunde publikoak.
5.– Ezingo zaie laguntza eman krisi-egoeran dauden enpresei, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko erkidegoaren zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera.
6.– Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera emango dira (2013ko abenduaren 24ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 352/7). Horiek horrela, enpresatzat ulertu behar da jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen erakunde oro, izaera juridikoa eta finantzaketa-modua edozein dela ere.
Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Aurreko ebazpen-ataleko 1. zenbakian aipatutako laguntza-ildoei dagozkien eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak honako hauek dira:
1.– Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta/edo garatzeko edozein proiektu, eta enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoek garatutako jarduerak, nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak salbuetsita, landa-eremuko garapen ekonomikoarekin lotuta daudenak:
– Industria-jarduerarekin lotuta dauden proiektuak: tailerrak, fabrikak, instalazioak eta lokalak hainbat helburutarako, besteak beste, makineria konpontzeko; honelako gauzak ekoizteko edota sortzeko: nekazaritzakoak ez diren materialak eta ondasunak, plastikoak, elektrizitatea, energia, gasa, baporea eta beroa, ur-horniketako enpresak, estolderia eta hondakin-deuseztatzea, saneamendua eta beste; energia berriztagarriak eta horiekin zerikusia duten jarduerak.
– Turismoarekin, landetxeekin eta nekazaritza-turismoarekin, turismo-zerbitzuak ematearekin, denda, jatetxe, tokiko eskaintza eta elikadurarekin lotutako proiektuak.
– Zerbitzuen ezarpenarekin eta eskaintzarekin lotutako proiektuak:
• Zerbitzu tekniko hauek: arkitektura eta ingeniaritza, kontabilitatea, zerbitzuen kontu-ikuskaritza, garbiketa industriala, albaitaritza-jarduerak.
• Zerbitzuak sektore ekonomiko guztiei, besteak beste, nekazaritzari edo basogintzari, edo landa-biztanleei: cateringa, bide-segurtasuneko zerbitzuak, eremu babestuetarako zerbitzuak, segurtasun-zerbitzuak, lorategi-zerbitzuak, parkeen kudeaketa.
• Gizarte-zerbitzuak, besteak beste, umeak zaintzeko, adinekoak zaintzeko, osasuna zaintzeko, desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko zerbitzuak, eskola-ustiategiak.
• Aisialdiko, jolaserako eta kiroleko jarduerekin lotutako zerbitzuak.
– Eskulangintza garatzeko eta eskulangileen jardueretarako proiektuak.
– IKTekin eta merkataritza elektronikoarekin lotutako proiektuak.
2.– Enpleguaren sorrera garbiko proiektuak.
– Besteen konturako langileak kontratatzea, aurretik lanik izan ez dutenak edo aurretik zeukatena galdu dutenak. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako lanaldiaren % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez.
– Jarduera independenteak sortzea, hau da, langile autonomoak jartzea edo gizarte-ekonomiako araubide juridikoaren pean dauden enpresak sartzea sustatzen dutenak.
Laugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.
1.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen kostutzat hartuko dira 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko eta agindu honetan araututako laguntzen helburu diren jardueretan egindako inbertsioak eta/edo gastuak.
2.– Jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko eta nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreari lotuta ez dauden mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak eta pertsona fisikoak sortu eta garatzeko laguntzen kasuan, honako hauek hartzen dira diruz lagundu daitezkeen kostutzat:
a) Enpresa-planari lotutako ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzea.
b) Makinaria eta ekipamendu berriak erostea eta horien finantza-errentamendua, ondasunaren merkatu-balioraino.
c) Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makinaria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan beste laguntzarik jaso ez badute; salbuespena izango da erosketa berria hobekuntza teknologikoagatik edo errendimendu arrazoiengatik egiten bada.
d) a) eta b) hizkietan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak; adibidez, arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, gehienez ere % 10eko mugarekin.
e) Ibilgailu bat erostea, betiere diruz lagundutako jarduera bertan garatzen bada eta egokitzapen handia egin behar izan bada, zenbateko osoaren % 20ra arte. Diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa ezin izango da 20.000 euros baino gehiagokoa izan.
f) Ibilgailuen egokitzapena diru-laguntzaren helburu den jarduera garatzeko.
g) Ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.
h) Tresnak eta altzariak.
i) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak, gehienez ere % 10eko mugarekin.
j) Horiei lotutako beste azpiegitura batzuk.
k) Berezko lanak, diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 20ra arte, gehienez.
l) Aplikatu beharreko legeriaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.
3.– Enplegua sortzeko kasuetan, diruz lagundu daitezkeen kostuak kontratazioari lotutakoak izango dira.
4.– Hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.
b) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsatzeko isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen eta judizioz kanpokoen gastuak.
c) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidetara eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.
d) Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.
e) Egoitzako erabilera baino ez duten etxebizitzak, eta erabilera pertsonaleko eta etxeko erabilerako ondasunak eta ibilgailuak.
f) Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.
g) Finantza-errenta, baldin eta kontratuan eragiketa amaitzean ondasuna erosteko beharra zehazten ez bada. Bestalde, ez dira diruz lagunduko errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.
h) Telefono-terminalak eskuratzea, nahiz eta horiek aplikazio informatikoak barne hartu.
5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legean ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna eman aurretik, salbu haien ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan horiek egiten dituzten erakunde kopuru nahikoa ez badago edo gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.
Bosgarrena.– Diruz lagundutako jardueraren azpikontratazioa.
1.– Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz gero, honako kasu honetan kontsideratzen da onuradunak azpikontratatu egin duela: diru-laguntzaren helburu den jardueraren exekuzio partziala edo osoa hirugarrenekin hitzartzen duenean (887/2006 Errege Dekretuz onartzen da Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua). Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
2.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 ere azpikontratatu dezake onuradunak. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontrataziorako honako eskakizun hauek bete beharko dira:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.
Diruz lagundutako jarduerak beste administrazio publiko baten diru-laguntza jaso duenean, ulertuko da administrazio horrek egiaztatu duela eskakizun horiek betetzen dituela.
3.– Ezin izango da zatikatu kontratua, helburua haren zenbatekoa txikitzea bada, eta, bestalde, bete egin beharko dira aurreko paragrafoan exijitutako betekizunak.
4.– Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte obligazioak, eta onuradunak beretu egin beharko du diruz lagundutako jarduera exekutatzearen gaineko erantzukizun guztia.
5.– Aurreko paragrafoan jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie: diru-laguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer kontzertatuz gero, ezarritako mugak errespetatuko direla ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharrari lotuak izango dira kontratistak, aipatu mugak betetzen direla egoki egiaztatu ahal izan dadin.
6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:
a) Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako galarazpenetako batean dauden edo horri lotuta dauden pertsonekin.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.
c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
d) Onuradunei lotuta dauden pertsonak edo erakundeak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68.2 artikuluan ezarritakoak izango direnak, honako egoera hauetakoren batean salbu:
i) Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.
ii) Landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzak aldez aurretik baimena lortzea.
e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.
Seigarrena.– Finantzaketa.
Agindu honetan jasotzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezartzen diren kredituetatik aterako dira. Honako banaketa honekin:
Zazpigarrena.– Onuradun izateko betekizunak.
Laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta juridikoek hemen ezartzen diren eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako eskakizunak bete beharko dituzte:
a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
b) Diru-laguntza jasotzen duten jarduketak deialdi honen xede diren landa-eremuetan gauzatzea. Dibertsifikatzeko jarduerak direnean, onuradunak alta emanda egon beharko du aritzen den nekazaritzako jardueraren arabera dagokion gizarte-segurantzako araubidean.
c) Enplegua sortuz gero, pertsona onuradunak deialdi honetan jasotako landa-eremuan sortu behar du enplegua, eta jarduera independenteak sortzen dituenean, deialdi honetan jasotako landa-eremu batean bizi behar du.
d) Enpresak krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
e) Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
f) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
g) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
h) Konkurtso-deklaraziorik ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabe ez jotzea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), epailearen esku-hartzearen menpe ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.
i) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen ebazpen irmorik eragin ez izana.
j) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkaritza legala dutenak ez egotea Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehaztutako egoeretan edo ez izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak, horietan zehaztutako baldintzetan.
k) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
l) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.
Zortzigarrena.– Eskabideak, agiriak eta aurkezteko epea.
1.– Laguntza-eskatzaileek agiri hauen bina ale aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea webgune honetan eskura daiteke: www.nasdap.ejgv.euskadi.net. Eskabide-orria modu informatikoan bete eta grabatu ostean, paperean bidali beharko da, sinatuta.
b) Hirugarrenaren alta eta NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada. Pertsona juridikoa izanez gero, erakundearen IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena eta legezko ordezkariaren NANarena, baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia ere, dagokion erregistroan zigilatuta.
c) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailea nekazaritza-ustiategi baten familia-unitateko kide bada, bertan gutxienez urtebete daramala egiaztatuko du, bere nekazaritzako jardueraren arabera Gizarte Segurantzan dagokion araubideko altaren bidez.
d) Azken bi ekitaldietako kontu ikuskatuen kopia, sozietateen zerga edo PFEZaren aitorpena.
e) Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko nekazariaren kasuan, izaera hori egiaztatu beharko du.
f) Enpresa-izaera eskuratuko duten pertsona fisikoen kasuan, erroldatze-egiaztagiria.
g) Enplegu-sorreraren kasuetan, emakumeak badira, epe luzeko langabeak badira eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsona desgaituak badira, inguruabar horiek egiaztatu beharko dituzte.
h) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak direla eta, kide guztiek sinatutako agiria, non jasotzen baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena ere –hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean–.
i) Jarduera egingo den lekuan ondasun higiezina erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren kopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan eduki.
j) Eraikuntza- edo birgaitze-obrak egingo badira, proiektu teknikoa aurkeztuko da, baita hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, hura eskuratzeko eskabidea.
k) Proiektua baloratzeko memoria (II. eranskina). Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jaso beharko ditu memoriak. Ez dira baloratuko jaso ez direnak.
l) Pertsona fisikoek aurreko ebazpen-ataleko d) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.
m) Pertsona juridikoek aurreko ebazpen-ataleko f) letratik l) letrara bitartekoetan (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko deklarazioa.
n) Aurrekontuak eta/edo proformako fakturak.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 28. artikuluko 2. lerrokadan xedatutakoarekin bat eginez, diru-laguntzaren eskaera aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten dokumentuak, NAN/IFK nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako dokumentu guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
3.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkezten badute eskatutako dokumentazioa eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
4.– Eskabideak landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako pertsona titularrari bidali behar zaizkio, eta aurrez aurre Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako batean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.
5.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.
6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.
7.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio pertsona eskatzaileari.
Bederatzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari dagozkio, baita diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egitea ere. Horrela, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu zuzendaritzak, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko; horretarako, onuradunak eskatzen zaizkien agiriak eta informazioa aurkeztera behartuta daude.
Hamargarrena.– Balorazio-batzordea eta -irizpideak.
1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, eta honako hauek izango dira kideak: landa-garapeneko alorreko zuzendariak izendatutako hiru pertsona. Bi aipatutako zuzendaritzako kide izango dira (haietako batek presidente-eginkizunak beteko ditu), eta Hazi Fundazioak proposatuko du bestea.
2.– Ebazpenean izendatuko da idazkari gisa arituko dena, eta zuzendaritza kudeatzailearen teknikariaren kategoria duen pertsona bat izan beharko da.
3.– Bere eginkizuna betetzeko, balorazio-batzordeak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.
4.– Proiektua baloratzeko memoriarekin –eskabideari eransten zaionarekin (III. eranskina)– egingo da proiektuen balorazioa. Memoria horretan kontuan hartzen diren alderdiak, haiexek bakarrik baloratuko dira, eta, hein handiagoan, agiri bidez funtsatuak.
5.– Proiektu bat bultzatu ahal izateko, 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.
Hamaikagarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Ebazpen-ataleko bigarren puntuko 1.a) eta b) letretan araututako laguntzak eskuratutako puntuazioaren arabera emango dira, eta proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren ehunekoa honako taula honen bidez gauzatuko da:
2.– Enplegu-sorreraren kasuetan (ebazpen-ataleko bigarren puntuko 1.c), laguntzaren zenbatekoa ez da kalkulatuko diruz laguntzeko gastuen portzentajean; zenbateko finkoa izango da eta behin baino ez da emango, sortutako lanpostu bakoitzeko, eta beti kontratatutako orduen lanaldiarekin proportzioan. Honako taula honen arabera emango da:
* Kasu bereziak: emakumeak, epe luzeko langabeak eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsona desgaituak.
Hamabigarrena.– Esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 artikuluan ezartzen denez.
2.– Aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta Agindu honetako bederatzigarren puntuan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.
3.– Aurreko araua aplikatuta, bi zerrenda egingo dira. Bata, bigarren artikuluko 1. zenbakiko a) eta b) hizkietan araututako laguntzetarako eta, bestea, bigarren artikuluko 1. zenbakiko c) hizkian araututako laguntzetarako. Bi zerrendak beheranzko hurrenkeran ordenatuta egongo dira, bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera. Ondoren, laguntzak esleituko dira, adierazitako ordenari jarraituz, funtsak guztiz agortu arte.
4.– Bi laguntza-modalitateetako bati dagokion kopurua agortu ezean, soberakina beste modalitaterako dagoen kopuruari metatu ahalko zaio.
5.– Proiektu bik edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Landatartasun-maila» handiena duena lehenetsiko da, eta, berdinketak badirau, «Eskualdeko Landa Garapenerako Programara egokitzea» irizpidean puntuazio handiena lortu duena.
Hamahirugarrena.– Ebazpena.
1.– Landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako pertsona titularrak ebatziko ditu eskabideak, balorazio-batzordearen proposamena ikusirik. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu (proposamen hori ez baita loteslea izango), arrazoiak azaldu beharko ditu.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
a) Onartutako eskabideei dagokienez:
– Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.
– Diruz lagundutako proiektua.
– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.
– Diruz lagundutako zenbatekoa, urtekotan banaturik.
– Jarduerak zein epetan gauzatu behar diren.
– Onuradunari honako agiri hauek aurkezteko betebeharra ezartzen dion klausula bat: pertsona juridikoaren eraketa egiaztatzekoa eta, hala badagokio, proiektua egiteko beharrezkoak diren lizentziak edo baimenak egiaztatzekoak.
– Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, emakidaren ebazpena emateko eta, hala badagokio, ordainketarako, hura amaitu egin beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
– Nortasun juridikorik gabeko taldeen kasuan, berariaz adierazi behar dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira.
b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:
– Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.
– Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak landa-garapenaren eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.
5.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, publiko egiteko baino ez.
Hamalaugarrena.– Pertsona onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten duela ulertuko da.
2.– Ondasun higiezinen eraikuntzaren, eskuratzearen edo birgaitzearen kasuan, horiek gauzatu eta gutxienez 10 urtean eutsi behar zaie diruz lagunduta egiten diren inbertsioei eta 5 urtean gainerako ondasunetarako, eta epe horretan ezin dituzte besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzen diren kasuan, onuradunak diru-laguntza ematen dion administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etorriz.
3.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar da diruz laguntzen den gastua.
4.– Enplegua sortzeko laguntzen kasuan, enpleguei gutxienez hiru urtez eutsi beharko zaie.
5.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinarazi behar diote inbertsio edo gastu osoa edo inbertsio edo gastuaren zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte gauzatu dituztela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.
6.– Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (http://www.ivap.euskadi.eus/r61vedorok/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html). Dena dela, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak memoria bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.
7.– Landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.
8.– Agindu honetako ataleko zortzigarren artikuluak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatzi baten bidez. Era berean, abian den ekitaldian eta aurreko bietan eskatutako edo eskuratutako minimis laguntza guztiak jakinarazi beharko ditu, horien xedea edozein dela ere. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.
9.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatzi bidez landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailari. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.
10.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein obligazio betetzea.
11.– Nortasun juridikorik ez duten elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 32.m) artikuluarekin lotuta 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igarotzen den arte.
12.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentazio guztia izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
13.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.
Hamabosgarrena.– Gauzatzeko epeak.
1.– Proiektuak 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra egin ahalko dira.
2.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren epeetan gauzatu beharko dira. Epe horiek finantzaketarako kredituen ezaugarriei egokituko zaizkie.
3.– Salbuespen gisa, diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak gertatzen badira (behar bezala frogatu beharko dira) eta inbertsioaren eta/edo gastuaren mugaeguna amaitu baino 30 egun natural lehenago gutxienez, idatzizko eskabidea egiten bada, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariak epe hori luzatzeko ebazpena eman ahal izango du. Kasu horretan, dena den, epea ezin izango da hasieran emandakoa baino luzeagoa izan.
Hamaseigarrena.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Nekazaritza-sektoreko jarduera ekonomikoa beste jarduera batzuetara dibertsifikatzeko eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko laguntzen kasuan, eta nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreari lotuta ez dauden pertsona fisikoek jarduera independenteak sortzeko, inbertsioaren edota gastuaren egikaritze egokia honela egiaztatuko da:
a) Egiten diren jarduketak justifikatzeko memoria bat, laguntzaren xede den proiektuaren gauzatzea azaltzen duena.
b) Fakturen edo froga-balio bereko agiriak aurkeztea; horiek jatorrizkoak izan beharko dute, laguntzaren onuradun den pertsonaren izenarekin. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta froga-balio bereko agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, baldin eta diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira agiri horiek, zehaztu beharko da zein diren programak eta, faktura edo justifikazio-agiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren ehunekoa.
c) Pertsonifikaturiko erakunde bat eratzearen baldintzapean badago laguntza, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria.
d) Laguntza emateko nahitaezko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza eskatzeko unean horiek emanda ez badaude, baimen eta lizentzia horiek aurkeztu beharko dira.
e) Eskudiruzko ordainketen bidezko justifikazioen kasuan, urriaren 20ko 7/2012 Legearen 7. artikuluko 1. zenbakian jasotzen diren mugak gorde beharko dira; lege horren bidez egokitu zen iruzurraren kontrako prebentzio ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza araudia.
f) Obrak egitearen ondoriozko gastuen kasuetan, eskumena duen maila teknikoko pertsonak sinatutako obren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, gauzatu direla frogatzeko.
g) Era berean, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren guztizkoaren % 20ko mugarekin, justifikatutzat jo ahal izango dira bai onuradunak berak egindako lanak eta bai onuradunaren ingurukoak izanik enpresariak ez direnek edo hala ez dihardutenek egindako lanak ere. Kasu horretan, hornitzailearen faktura ordainduen bitartez justifikatu beharko dira materialak, eta eskudun teknikariak sinatutako ziurtagiriaren bitartez eskulana; ziurtagiri horretan direlako lanetan inbertitutako ordu guztien kostua zehaztu beharko da. Ezarritako baremo ofizialekin bat egin beharko da orduen balioespena; horrek ez du sekula ere gaindituko merkatuan lan haiek duten baiespena, ezta urbanizazio- eta eraikuntza-prezioen oinarria ere, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arlo honetan eskumena duen sailak argitaratutakoa. Edonola ere, onuradunari agiri osagarria eskatu ahalko zaio.
h) Landa-garapenaren alorrean eskumena duten teknikariek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta ordainketa justifikagarriei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatutako zergak.
2.– Enplegua sortzeko laguntzak. Kasu horietan, ondoko justifikazio-agiri hau aurkeztu beharko da:
a) Besteren konturako kontratazioaren kasuan, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: lan-kontratuen kopia, Gizarte Segurantzan alta emanda daudela egiaztatzeko agiria, kontratazioaren hilabeteko TC2a, altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena eta laguntza eskatu aurreko 12 hilabeteetan enpresan zegoen batez besteko langile kopurua egiaztatzen duen agiria.
b) Jarduera independenteen sorreraren kasuan, altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena eta Gizarte Segurantzaren erregimeneko alta.
3.– Automatikoki, betebeharra dutenen baimenik izan gabe, egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
4.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. zenbakian aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioaren edo gastuaren azken egunetik edo azken luzapenaren azken egunetik aurrera.
5.– Landa-garapenaren alorrean eskumena duten zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.
Hamazazpigarrena.– Ordainketa.
1.– Ordainketak laguntza aurreko artikuluan ezarritako baldintzetan arrazoitu ondoren eta landa-garapenaren alorrean eskumena duten zuzendaritzako langile teknikariak ziurtapena egin ondoren egingo dira. Eraikitze, eskurapen edo birgaitzearen kasuan, azken ordainketa egin aurretik, emakida-ebazpena jabetza-erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu erakunde onuradunak.
2.– Inbertsioen kasuan, bi zati ordaindu ahal izango dira interesdunak hala eskatuta ekitaldi bakoitzeko, aurreko artikuluan aipatzen diren agiriak, alegia, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzekoa, aurkeztu ondoren.
Laguntza emateko unean, pertsona onuradunaren izaera bereganatzen duen erakundeari dagokion erregistroan eraketa eta inskripzioa oraindik egin gabe dauden kasuan, ez dira emango ordainketa partzialak, harik eta hura eratu arte.
3.– Enplegua sortzeko laguntzen kasuan, % 50eko lehen ordainketa egingo da, besteren konturako kontratazioa edo hamaseigarren artikuluko 2. zenbakian aipatutako jarduera independenteen sorrera egiaztatzen duten agirien ondoren. Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengoa egin eta urtebetera, eta landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek sortutako lanpostuei eusten zaiela behar bezala egiaztatu ondoren, edo, jarduera independenteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu batean bizitzen jarraitzen dutela.
4.– Diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.
5.– Diru-laguntzak xede duen proiektua ezarritako gehieneko epeetan egiten ez bada, edo ezarritako epean hori egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
Hemezortzigarrena.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.
Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.
3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
Hemeretzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.
2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak espresuki onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.
Hogeigarrena.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legeko 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion legezko interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
Hogeita batgarrena.– Bateragarritasunak.
Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduak (EE), minimis laguntzei Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoak, ezarri du enpresa jakin bati estatu kide batek emango dizkion laguntzen kopuru osoa ez dela 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zergaldiko edozein alditan.
Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada kasu bakoitzean aplikatzen diren erregelamenduetan edo jarraibideetan ezarritako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa. Kasu horretan, hemezortzigarren artikuluko 1. zenbakian xedatutakoa errespetatu beharko da.
Hogeita bigarrena.– Datuak babestea.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 27an.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.