EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 20koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baita kontsumitzaileen elkarteen funtzionamenduko, laguntza juridikoko eta kontsumo-proiektuak eta berrikuntza teknologikoko proiektuak gauzatzeko gastuak ordaintzeko diru-laguntzak ematea.

Xedapenaren data: 2017-12-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201706291
Maila: Ebazpena
Kontsumitzaileen elkarteak irabazteko asmorik gabeko erakundeak dira eta euren helburua kontsumitzaileen eskubide eta interes legitimoak babestea eta kontsumitzaileoi informazioa, prestakuntza eta hezkuntza ematea da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10 artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestearen inguruko eskumena.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 6/2003 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaini eta parte hartuko dutenak. Euskadiko herri-administrazioek dagokien eremuan kontsumitzaileen aldeko elkarteak sortzea sustatuko dute.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 6/2003 Legearen bidez sortu zen, eta haren helburuak Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan Jaurlaritzaren politikak zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea dira. Eta zereginen artean hauxe dugu besteak beste: kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta diruz lagunduz lan egitea elkarteekin aholkularitza-, defentsa- eta informazio-egitekoetan.
2015eko azaroaren 25ean, Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak aho batez onartu zuen Erakunde Autonomoaren Diru-laguntzen 2016-2018 Plan Estrategikoa, azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa betez.
Hori guztia dela bide, honako hau
Ebazten dut:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen elkarteen funtzionamenduko, laguntza juridikoko eta kontsumo-proiektuak eta berrikuntza teknologikoko proiektuak gauzatzeko gastuak ordaintzeko diru-laguntzak ematea arautzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi hau finantzatzeko 451.000 euro erabiliko dira gehienez, eta horietatik 338.250 euro 2018ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 112.750 euro, aldiz, 2019ko konpromiso-kredituari, programan hala xedatuta baitaude.
Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
2.– Aurreko zenbakian ekonomia baliabideen kopuru osoa honelaxe banatzen da, 4. artikuluan ezarritako diruz laguntzeko moduko kontzeptuen artean:
a) 1. lerroan «Kontsumitzaileekiko arreta» jasotako laguntzen finantzatzeko: 245.000 euro, horietatik 183.750 euro 2018. urteko ordainketa-kredituari dagozkionak eta 61.250 euro 2019rako konpromiso-kredituari dagozkionak.
b) 2. lerroan «Aholkularitza juridikoa» xedatutako laguntzetarako: 155.000 euro, horietatik 116.250 euro 2018. urteko ordainketa-kredituari dagozkionak eta 38.750 euro 2019rako konpromiso-kredituari dagozkionak.
c) 3. lerroan «Kontsumo proiektuak» xedatutako laguntzetarako: 15.000 euro, horietatik 11.250 euro 2018. urteko ordainketa-kredituari dagozkionak eta 3.750 euro 2019rako konpromiso-kredituari dagozkionak.
d) 4. lerroan «Berrikuntza teknologikoko proiektuak» xedatutako laguntzetarako: 36.000 euro, horietatik 27.000 euro 2018. urteko ordainketa-kredituari dagozkionak eta 9.000 euro 2019rako konpromiso-kredituari dagozkionak.
3.– Diruz laguntzeko moduko lerroak finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, kreditua amaitzen ez bada, gerakina beste lerro bateko laguntzak finantzatzeko erabil daiteke.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Ebazpen honek araututako diru-laguntzen erakunde onuradun izan ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten kontsumitzaileen elkarteak:
Beren helburu bakarra kontsumitzaileak kontsumoaren alor guztietan defendatzea izatea.
Eskaera aurkezteko unean izena emanda edukitzea Euskadiko Kontsumitzaileen elkarteen erroldan, uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan aipatutakoan.
Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.
Kontsultak egiteko, arreta emateko eta kontsumitzaileek aurkeztutako erreklamazioak kudeatzeko zerbitzu bat izatea.
Zuzenbidean lizentziatutako pertsonek emandako aholkularitzako eta laguntza juridikoko zerbitzu bat izatea.
Gizarte Segurantzarekiko eta EAEko Administrazio Orokorrarekiko zer zerga-betebehar dituen ezagutzea.
Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.
Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.
Diruz lagundu daitezkeen 4 lerro ezarri dira:
1. lerroa: Kontsumitzaileekiko arreta.
2. lerroa: Laguntza juridikoa.
3. lerroa: Kontsumo proiektuak.
4. lerroa: Teknologia berrikuntzako proiektuak.
4.1.– Kontsumitzaileekiko arreta (1. lerroa).
4.1.1.– Diruz lagunduko dira kontsumitzaileen elkarteen funtzionamendu orokorretik eratorritako gastuak, honako jarduera hauek gauzatzeko:
– Kontsumitzaileekiko arreta.
– Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei dagozkien eztabaidetan bitartekotza-lanak egitea.
– Kontsumitzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.
Kontsumitzaileekiko arreta-zerbitzua modu orokortuan egingo da, kontuan hartu gabe kontsumitzaile horiek elkarteko kide diren ala ez.
4.2.– Laguntza juridikoa (2. lerroa).
4.2.1.– Diruz lagunduko dira elkarteek kontsumitzaileei emandako laguntza juridikotik eratorritako gastuak:
– Elkarteko aholkulari juridikoarekin izandako kontsultak.
– Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren epaiketetan kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzea.
– Kontsumitzaileen multzoari zuzendutako orientazio juridiko orokorrak.
– Bukarazte-akzioak.
4.3.– Kontsumo-proiektuak (3. lerroa).
Diruz lagunduko dira Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eta jarduera hauetako bat barne hartu ahalko duten proiektuak:
– Kontsumitzaileak sentsibilizatzeko eta informatzeko ekintzak.
– Inkestak, ondasunen eta zerbitzuen kalitateari buruzko alderaketa-analisiak.
– Kontsumoari buruzko azterketak eta ikerketak gauzatzea.
– Enpresek Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordearekin bat egin dezaten bultzatzeko jarduerak.
4.4.– Teknologia berrikuntzako proiektuak (4. lerroa).
Webguneak garatu, hobetu eta modernizatzeko proiektuak, on-line erreklamazio- eta kontsulta-zerbitzuak eta bestelako zerbitzu interesgarri berriak inplementatzeko. Eskatzaile bakoitzeko, proiektu bakarra onartuko da.
5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. lerroa
Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:
– Lokalen alokairuak; erakunde eskatzaile bakoitzak 3 alokairu izan ahalko ditu gehienez, eta publikoari irekitako bulegoekin bat egin beharko dute.
– Langile-gastuak.
– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.7 artikuluan ezarritakoarekin bat datozen finantza-gastuak.
– Eskaeraren aurrekontuaren atalean behar bezala zehaztutako bestelako gastu orokorrak (argindarra, ura, gasa, komunikazioak...).
2. lerroa
Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:
– Aholkulari juridiko profesionalen minutak.
– Adituen azterlanak edo txostenak.
– Aholkularitza juridikoko funtzioak betetzen dituzten langileak.
– Bukarazte-akzioetatik eratorritako bestelako gastuak.
3. lerroa
Diruz lagundu ahal izango dira diru-laguntzak xede dituen jardueren gauzatze osoaren edo partzialaren ondoriozko gastuak, onuradunak azpikontratatutako hirugarrenek gauzatuak barne.
4. lerroa
Diruz lagundu ahal izango dira diru-laguntzak xede dituen berrikuntza proiektutik eratorritako gastuak.
Osoki azpikontratatu ahal izango da 2., 3. eta 4. lerroetako jardueren gauzatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzak errespetatuz.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoari egokituko dira.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta amaitu, berriz, 2018ko otsailaren 15ean.
2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluan xedatu bezala. Hortaz, euskadi.eus atariaren egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira eskaerak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/kontsumitzaileen-elkarteentzako-laguntzak-2018/y22-izapide/eu
3.– Bide elektronikotik eskabideak aurkeztu osteko izapideak, honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
4.– Prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektroniko bidez egin nahi dituzten pertsona interesdunek onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki behar dute. https://euskadi.eus/informazioa/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu/
5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, aukeran. Gainera, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu bidali beharko dagozkion agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:
Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.
Erakundeak ez daukala abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta dituela; hortaz, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.
Erakunde eskatzailea ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
Helburu bakarra kontsumitzaileak kontsumoaren alor guztietan defendatzea izatea.
Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa izatea.
Aholkularitza zerbitzua eta laguntza juridikoa eskaintzea.
2017ko abenduaren 31n kuota ordaindua duten bazkide-kopurua jakinaraztea.
Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
Edozein unetan egiaztatu ahal izango da erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak diren.
Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak haren erantzukizunpean adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, diru-laguntza emanez gero, horri dagokion denboraldian zehar horiek betetzen jarraituko duela.
8. artikulua.– Agiriak.
Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena barne, honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da. Orokorki:
Egoera ekonomikoaren balantzea 2017ko abenduaren 31n, baita emaitzen kontua ere, non jasoko baitira bazkideen kuotetatik sartutako zenbatekoa eta bazkideen kuotetatik ez datozen bestelako diru-sarrerak.
Elkarteak 2017an egindako jardunaren memoria zehatza.
Horrez gain, 1. lerroko eskabideetarako:
1.– Eskaini nahi den kontsumitzaileekiko arreta-zerbitzuaren memoria zehatza, zeinak nahitaez eman beharko baititu haren ardura hartuko duten langileen aipamena, eskaini beharreko orduak eta jardueraren deskribapena.
2.– Autonomia Erkidegoko ordezkaritza- eta kontsulta- organo bakoitzak emandako ziurtagiria, zeinetan erakunde eskatzaileak aurreko urtean parte hartu baitzuen.
Horrez gain, 2. lerroko eskabideetarako:
Deialdiaren urtean eskaini nahi den zerbitzu juridikoaren memoria zehatza, zeinak nahitaez eman beharko baititu haren ardura hartuko duten langileen aipamena, eskaini beharreko orduak eta jardueraren deskribapena.
2017an aurkeztutako kontsumitzaileen eskubideen defentsarako eske-kopuruari buruzko txostena. Txosten horri auzi-eskea aurkeztu izana ziurtatzen duen nahikoa frogagiri erantsi beharko zaio, baita dagozkion epaien kopia ere.
2017an gauzatu diren eta 2018an gauzatzea espero den bukarazte-akzioei buruzko txostena.
Gainera, 3. lerroko eskabideen kasuan, proiektu bakoitzaren memoria aurkeztu beharko da, honako hauek aipatuta:
– Proiektuaren helburuak.
– Garatu beharreko metodologia eta jarduerak.
– Hartzaileak eta gauzatze-egutegia.
– Hura gauzatzeko ardura duten pertsonak edo erakundeak.
– Gastuen aurrekontu zehatza, finantzabideak adierazita, hala badagokio.
Horrez gain, 4. lerroko eskaerentzat, memoriak honako hau jaso behar du:
– Proiektuaren helburuak.
– Proiektuaren edukiaren garapena.
– Gauzatze-aurrekontua.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/1992 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
10. artikulua.– Hautaketa.
Diru-laguntzen eskabideak lehiaketa bidez ebatziko dira 1., 2. lerroetarako. Horretarako, diru-laguntzen esleipena egiteko, aurkeztutako eskabideak erkatu eta, 13. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuz, lehentasunen arabera ordenatuko dira.
3. lerrorako diruz lagunduko dira 60 puntu edo gehiago duten proiektuak, balorazio irizpideekin bat etorrita, eta 4. lerrorako, 70 puntu edo gehiago duten proiektuak.
11. artikulua.– Balorazio batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:
– Batzordeburua, Kontsumobideko Zuzendaritzaren titularra: Nora Abete García.
– Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitateko arduraduna: Teresa Simal Clemente.
– Erreklamazio, Bitartekaritza eta Ebazpen Unitateko arduraduna: Arrate Martínez de Guereñu Ortuoste.
– Zerbitzu Orokorretako Unitateko aholkulari juridikoa: Fernando Valdés Larrañaga.
Batzordeburuak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria.
2.– Balorazio batzordeak eskatzaileen eskabideak aztertuko ditu, agirien edukia kontuan hartuz, baita epeak bete diren ere.
3.– Kontsumobidek, laguntzak kudeatzen dituen organo den heinean, eta balorazio batzordeak, beharrezko irizten badiote, informazio eta agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkiete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.
12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Hauek izango dira erakunde onuradunek gehienez jaso ahal izango dituzten kopuruak:
1. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 105.000 euro gehienez.
2. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 55.000 euro gehienez.
3. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 7.000 euro gehienez.
4. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 15.000 euro gehienez.
13. artikulua.– Balorazio irizpideak.
Ebazpen-proposamen bat garatze aldera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– 1. lerroa: Kontsumitzaileekiko arreta.
2017an kudeatutako erreklamazio-kopurua, 15 puntu gehienez; 0,05 puntu erreklamazio bakoitzeko. Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako, bideratutako eta ebatzitako erreklamazioak soilik hartuko dira kontuan.
2017an jaso eta artatutako kontsulta-kopurua, 10 puntu gehienez; 0,01 puntu erreklamazio bakoitzeko. Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak soilik hartuko dira kontuan.
Kontsumobiden aurkeztutako eta zehapeneko administrazio-prozedurak eragin dituzten salaketa-kopurua, puntu 1 salaketa bakoitzeko, 5 puntu gehienez.
Asteko 20 ordu baino gehiagoz publikoari irekitako bulego bakoitzeko, zeinetan 2017. urtean gutxienez 25 erreklamazio izapidetu baitira, 5 puntu, 15 puntu gehienez.
Sare sozialetako parte-hartzea eta presentzia, 10 puntu gehienez.
– Twitter (5 puntu gehienez):
Elkarteak berak landutako txio argitaratuak: 0,05 puntu txioko, 3 puntu gehienez.
Jarraitzaileak: 0,5 puntu 300 jarraitzaileko, 2 puntu gehienez.
– Facebook (5 puntu gehienez):
Elkarteak berak landutako post argitaratuak: 0,05 puntu, 3 puntu gehienez.
Jarraitzaileak: 0,5 puntu 300 jarraitzaileko, 2 puntu gehienez.
2017an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko bukarazte-akzio judizialak gauzatu izana 10 punturekin baloratuko da.
Autonomia erkidegoko ordezkatze- eta kontsulta-organoen kopurua, zeinetan titular gisa parte hartu baitu elkarteak aurreko urtean: 0,50 puntu organo bakoitzeko, 5 puntu gehienez.
Elkarteko kuota ordaindua duten bazkide-kopurua. Ordainketak eginda dauzkan bazkidea elkartearen urteko kuota ordainduta duen pertsona fisiko edo juridikoa da.
– 200 bazkidetik 400era 5 puntu.
– 401 bazkidetik 600era 7 puntu.
– 601 bazkidetik 800era 10 puntu.
– 801 bazkide baino gehiago 15 puntu.
Bazkide gehiago lortzeko jarduerak egitea, 5 puntu gehienez, puntu 1 burututako jarduera bakoitzeko.
Deialdiaren aurreko urtean, erakunde eskatzaileak izan zituen diru-sarrerak, 10 puntu gehienez. Puntu bat 4000 euroko, sarrerak propioak direnean, hau da, bazkideen kuotetatik ez datozenean.
2.– 2. lerroa: Laguntza juridikoa.
2017an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko bukarazte-akzio judizialak gauzatu izana 20 punturekin baloratuko da.
2017an aurkeztutako kontsumitzaileen eskubideen defentsarako eske-kopurua, 80 puntu gehienez; puntu 1 eske bakoitzeko.
3.– 3. lerroa: Kontsumo proiektuak.
Proiektuak kontsumitzaileen interesak babesteko eta defendatzeko duen eragina.
Proiektua Kontsumobidek aurkeztutako azken urteko memoriaren arabera erreklamazio gehien jaso duten 5 arloetako batean zentratzen bada: 40 puntu.
Proiektua beste arlo batzuetan zentratzen bada: 20 puntu.
Proiektuaren kalitatea eta berrikuntza: 60 puntu gehienez.
Helburuen formulazioa, horiek azaltzeko argitasuna eta gauzatu nahi diren jarduerekin bat etortzea: 10 puntu gehienez.
Proiektua gauzatzeko metodologia eta jardueren ebaluazioa: 10 puntu gehienez.
Proiektuaren garapenaren bideragarritasuna: egutegia, aurrekontua. 10 puntu gehienez.
Proiektuaren orijinaltasuna eta sormena. 10 puntu gehienez.
Proiektua gauzatzeko teknologia berriak erabiltzea. 20 puntu gehienez.
Diru-laguntzak 60 puntu edo gehiago lortzen dituztenei baino ez zaizkie emango.
4.– 4. lerroa: Teknologia berrikuntzako proiektuak.
Proiektua onartzeko, 70 puntu eskuratu beharko dira gutxienez.
Proiektuaren helburua, 10 puntu gehienez.
Proiektuaren edukia, 70 puntu gehienez.
Gauzatzeko aurrekontua, 20 puntu gehienez.
5.– 1. eta 2. lerroen kalkulua.
Eskatzaile bakoitzak lerro bakoitzeko lortutako puntuazioa lerro bakoitzaren ataletan lortutako puntuazio guztien batuketa izango da. Lerro bakoitzean puntuazio handiena lortu duen eskatzaileari aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100eko diru-laguntza esleituko zaio, 12.1 artikuluan jasotako mugak kontuan izaki. Gainerako eskatzaileei diru-laguntzaren ehunekoa proportzionalki kalkulatuko zaie.
6.– 3. lerroaren kalkulua.
91 eta 100 puntu bitartean lortu duten proiektuak: onartutako aurrekontuaren % 100.
81 eta 90 puntu bitartean lortu duten proiektuak: onartutako aurrekontuaren % 90.
71 eta 80 puntu bitartean lortu duten proiektuak: onartutako aurrekontuaren % 80.
60 eta 70 puntu bitartean lortu duten proiektuak: onartutako aurrekontuaren % 70.
7.– 4. lerroaren kalkulua.
Onartutako proiektuaren aurkeztu eta onartutako aurrekontuaren % 100 lagunduko da diruz.
8.– Behin aurkeztutako eta onartutako aurrekontuen balorazioan eskuratutako portzentajeak aplikatuta, eta 2.2 artikuluko lerroetako bakoitzarentzat aurreikusitako mugak kontuan hartuta, eman beharreko diru-laguntzen guztirako zenbatekoak eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, kontsumitzaileen elkarte onuradun guztiei dagokien banaketa proportzionala aplikatuko zaie.
14. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako ematen diren beste laguntza batzuekin. Hala ere, emandako diru-laguntzek ezingo dute jarduera egiteko onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da diru-laguntza.
15. artikulua.– Ebazpena.
Kontsumobideko zuzendariak, Balorazio batzordeak egindako proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideak ebatziko ditu, gehienez ere sei hileko epean, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita. Ebazpen hori kontsumitzaileen elkarteei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako epea eta era beteta.
Ebazpena emateko epea amaitu, eta kontsumitzaileen elkarte interesdunari ezer jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza ezetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan agindutakoarekin bat etorrita.
16. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Esleitutako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako emandako zenbatekoaren % 75, aldeko ebazpena hartzen den unean; betiere, 18.1 artikuluan aipatzen den epea igaro ostean.
– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako gainerako % 25a, behin gastua justifikatuta eta betiere 2019ko martxoaren 15a baino lehen bada, agindu honetako 5. artikuluan jasotako gastuen guztizkoa.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, onuradunak, 2019ko martxoaren 15a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko ditu eskuratutako laguntza-lerro bakoitzeko:
a) Burututako ekintzen memoria.
b) Burututako jardueren memoria ekonomikoa, non honako hau agertu behar baita:
– Burututako jardueren gastuen zerrenda sailkatua, hauek adierazita hartzekoduna identifikatuta, IFK, zenbatekoa, gastuaren azalpen laburtua eta ordainketaren data.
– Goragoko lerroaldean aipatutako gastuen zerrendara batutako gastuak justifikatzeko fakturak. Fakturek jatorrizkoak izan beharko dute edo, bestela, fotokopia konpultsatuak, 2018ko abenduaren 31koak edo lehenagokoak, eta elkartean buru zen pertsonaren adostasuna eduki beharko dute.
c) Elkartearentzat zuzenean diharduten langileei buruzko frogagiriak eredu ofizialaren araberako nominen bidez aurkeztu beharko dira, Gizarte Segurantzari ordaindu izanaren frogagiriekin eta kasuan kasuko tributu ereduarekin batera, langile bakoitzari dagokiona adierazita.
d) Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagirietan hartzailearen datuak jaso beharko dira, NAN zenbakia, ze kontzepturengatik ordaintzen den eta PFEZi dagokion atxikipena.
2.– Kontsumobidek egokitzat iritzitako adina egiaztapen egin dezake emandako diru-laguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.
3.– Gastuak justifikatzerakoan 4. artikuluko ataletan diru-laguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gora eta % 25 edo hortik behera desbideratu dela ikusten bada, dagokiona aldatzeko ebazpenaren bidez gutxituko da emandako diru-laguntza, eta, horrela, benetan gastatutako diru-zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa eta diru-laguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaiona berbera izango da.
4.– 4. artikuluko ataletan % 25etik gora desbideratzeak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, ebazpen honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, non eta diru-laguntza esleitzeko helburuak bete direla zuritzen ez den. Horrela gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko lerroaldean aurreikusitako moduan gutxituko da.
5.– Diru-laguntza jaso duen kontsumitzaileen elkarteak itzuli egin beharko du behar baino gehiago jasotakoa –halakorik gertatuz gero–; bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasita. Hala agintzen da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zuen dekretu horrek; halaber, horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezarri zituen).
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen elkarteek egiteko hauek izango dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idazki batean adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –diru-laguntzen inguruko egitekoak dituztenez– eskatzen dieten beste agiri ematea.
c) Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak kudeatzea (erregistratu, izapidetu eta ebatzi). Kontsumoari buruzko informazio-zentroen sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.
d) Kontsumobidek diruz lagundutako jarduerak garatzeko laguntza eman izanaren jakinarazpena bermatzea, horretarako dagokion logotipoa erabilita.
e) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.
f) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak diru-laguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzea.
g) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, Kontsumobideri horren berri ematea.
h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak.
2.– Diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak, alegia.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, diru-laguntzak kendu egingo dira, eta, ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu elkarte onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta elkarte onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakora gabe beste zerbaiterako erabiltzen badu, edota, oro har, ebazpen honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat bete gabe uzten badu.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 20a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria,
NORA ABETE GARCIA.