EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017247

5/2017 LEGEA, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201700005
Xedapenaren data: 2017-12-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201706289
Maila: Legea

Aurreko erreferentziak:
  • 1981/07/16an argitaratutako 1981/06/10reko 198100005 LEGEA indargabetzen du

Eusko Legebiltzarrak 5/2017 legea, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
I. TITULUA
EUSKADIKO 2018. URTEKO AURREKONTU OROKORREN ONARPENA ETA EDUKIA
1. artikulua.– Onarpena.
1.– Onartu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak, betiere lege honek ezartzen duen eran eta moduan.
2.– Eusko Legebiltzarraren Aurrekontua ere lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zenean), 25.2.a artikuluan.
3.– Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren aurrekontua ere lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 24. artikuluan.
4.– Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrekontua ere onartzen da eta lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 13. artikuluan.
5.– Lege hau aplikatzekoa izango zaie lege honen beronen onarpenaz geroztik sortzen diren entitateei eta dagozkien aurrekontuei.
2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontua.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan jasotako gastuen kopurua 11.486.409.000 eurokoa da ordainketa-kredituetarako. Konpromiso-kredituei dagokienez, berriz, 1.869.026.948 eurokoa; azken kreditu horiek 2018az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa I. eranskinean zehazten da.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan jasotako diru-sarreren kopurua 11.486.409.000 eurokoa da. Bereziki, diruzaintzako gerakin berekiei dagozkien 27.000.000 euro sartu dira.
3.– Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 90.etik 93.era bitarteko artikuluek xedatutakoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoak Euskal Herriko Unibertsitaterako bereizten duen aurrekontu-zuzkidura 303.994.184 eurokoa da, honela banatuta:
– Ekarpen arrunta: 258.907.873 euro gastu arruntetarako eta 1.500.000 euro kapital-eragiketetarako.
– Programa-kontratuak finantzatzeko ekarpen gehigarria: 28.236.311 euro.
– Inbertsiorako urte anitzeko plana finantzatzeko kredituak: 500.000 euro.
– Banakako ordainsari-osagarriak finantzatzeko kredituak: 14.850.000 euro.
3. artikulua.– Organismo autonomoen aurrekontuak.
1.– Organismo autonomoen aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan ordainketa-kredituak eta konpromiso-kredituak onartzen dira, ondorengo taulan zehazten diren zenbatekoekin; konpromiso-kredituak 2018az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.
2.– Aipatutako organismo autonomoen diru-sarrerei dagokienez, berriz, organismo horietako bakoitzerako izendatutako ordainketa-kredituen guztizko zenbateko bera jasotzen da diru-sarreren egoera-orrietan ere. Bereziki, ondoren zehazten diren kopuruak sartu dira, diruzaintzako gerakin berekiei dagozkienak, organismo horietako bakoitzaren diru-sarreren egoera-orrian:
4. artikulua.– Zuzenbide pribatuko ente publikoen aurrekontuak.
Zuzenbide pribatuko ente publikoen ustiapen-aurrekonturako eta kapital-aurrekonturako, ondorengo taulan zehazten diren zenbatekoak dituzten zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira. Gerorako konpromisoen egoera, berriz, ondoren zehazten diren zenbatekoetara iristen da; azken kreditu horiek 2018az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.
5. artikulua.– Sozietate publikoen aurrekontuak.
1.– Sozietate publikoen ustiapen-aurrekontuan eta kapital-aurrekontuan, guztira, 680.417.486 euroko eta 218.649.032 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta gerorako konpromisoen egoerari dagokionez, berriz, 123.105.021 euro; azken kreditu horiek 2018az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen l. eranskinean zehazten da.
2.– Sozietate publiko horientzat aurreikusitako diru-baliabideek sozietate bakoitzerako onartutako zuzkiduren guztizko zenbateko bera izango dute.
3.– Sozietate bakoitzaren ustiapen-aurrekontuan eta kapital-aurrekontuan aurreikusitako zuzkiduren eta diru-baliabideen zenbatekoak II. eranskinean zehazten dira.
6. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuak
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen ustiapen-aurrekonturako eta kapital-aurrekonturako, ondorengo taulan zehazten diren zenbatekoko zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira. Gerorako konpromisoen egoera, berriz, ondoren zehazten diren zenbatekoetara iristen da; azken kreditu horiek 2018az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.
7. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Haurreskolak partzuergoaren aurrekontua.
1.– Haurreskolak partzuergoaren aurrekontuaren gastuen egoera-orrian honako ordainketa-kreditu hauek ematen dira: 53.909.000 euro.
2.– Aipatutako partzuergoaren aurrekontuaren diru-sarreren egoera-orria partzuergo horretarako izendatutako ordainketa-kredituen guztizko zenbateko bera da.
8. artikulua.– Euskal Irrati-Telebista ente publikoaren eta irratiko eta telebistako zerbitzu publikoak kudeatzeko sozietate publikoen aurrekontu bateratua.
Euskal Irrati-Telebista Erakunde Publikoa sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 44. artikuluaren arabera, onartu egiten da Euskal Irrati-Telebista ente publikoaren eta irratiko eta telebistako zerbitzu publikoak kudeatzeko sozietate publikoen aurrekontu bateratua. Zuzkiduretan, 136.812.502 euro dagozkio ustiapen-aurrekontuari eta 8.950.000 euro, berriz, kapital-aurrekontuari, eta, aurreikusitakoaren arabera, diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira.
9. artikulua.– Bermeak ematea eta birfidantzamendua.
1.– 2018ko ekonomia-ekitaldian zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, hala dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak 400.000.000 euro erabili ahal izango dituzte, gehienez, edozein motatako eragiketetarako bermeak emateko.
2.– 2018ko ekonomia-ekitaldian zehar, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, hala dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak birfidantzatu ahal izango dituzte elkarren bermerako sozietateek euskal enpresei emandako abalak, eta bermatu Luzaro KFE sozietateak euskal enpresei emandako maileguak, abal eta maileguok laguntza-tresna baitira enpresek berezko funtsak edo finantzaketa lortzeko, betiere entitate horiekin izenpetutako bidezko hitzarmenen esparruan.
Birfidantzamendu-eragiketa horiek, era berean, finantza-estaldura eman ahal izango diete banakako enpresari eta profesional autonomoentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako urte anitzeko zernahi finantza-lerrori, zirkulatzailearen beharrari erantzuteko, epe laburreko zorra berritzeko, epe laburreko zorra epe ertain eta luzerako zor gisa egokitzeko eta, hala dagokionean, inbertsio-planak azeleratzea eragiten duten finantza-arloko jarduketak gauzatzeko, baldin eta plan horiek 2018. urtean zehar gertatzen badira euskal enpresei finantzaketa eskuratzen laguntza emateko programen bidez.
Zenbaki honetan aipatzen den birfidantzamenduaren gehienezko zuzkidura 600.000.000 eurokoa da.
3.– Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, hala dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak bermatu ahal izango dute Europako Inbertsio Bankuak edo Europako Inbertsio Funtsak edo beste finantza-erakunde batzuek Luzaro KFEri edo entitate laguntzaileei emandako finantzaketa, baldin eta azken hartzaileak euskal enpresak badira, betiere entitate horiekin izenpetutako hitzarmenen esparruan.
10. artikulua.– Zorpetze- eta finantza-eragiketak.
1.– Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak gainditu ahal izango du ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, baina ez 429.302.050 eurotik gora.
2.– Zuzenbide pribatuko entitateen kanpo-zorpetzea ere, edozein agiri-motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak gainditu ahal izango du ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, baina ez 125.000.000 eurotik gora.
3.– Zenbateko horiei ez zaizkie egotziko diru-zaintzako aldi baterako premiei aurre egiteko kreditu-eragiketak, urtebeterako edo gutxiagorako badira.
II. TITULUA
GASTUEN EGOERA ORRIA
I. KAPITULUA
KREDITU MOTAK. BEREZITASUNAK
11. artikulua.– Kreditu zabalgarriak eta finantzabideak.
1.– Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren 24, 25 eta 26. artikuluetan ezarritakoaren aurka jo gabe, 2018ko ekitaldian zabalgarriak izango dira, nahitaez aitortu behar diren obligazioen zenbatekoraino, lege honen III. eranskinean azaltzen diren kredituak, zeinak sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, haren organismo autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetan.
2.– Zabalgarritzat jotzen diren kredituen eta aipatzen diren gainerako kredituen gehikuntzek honako finantzabideak izango dituzte:
a) Xede batera atxikitako eskubideen benetako bilketaren araberako gehikuntzak finantzatzeko, hasieran aurreikusitako diru-sarrerez gain jasotako diru-sarreren soberakinak izango dira oinarri.
b) Lurralde historikoek Estatuari ordaindu behar dioten kupoa neurri berean gutxiagotzea ekartzen duten gehikuntzak finantzatzeko, lurralde historikoek berek finantzatuko dituzte, gutxitu den zenbateko berean, betiere 2018rako ezarritako ekarpen-koefizienteen arabera.
c) Finantza-modu zehatzik ez dutenak finantzatzeko, Gobernu Kontseiluak erabakiko du nola egin, betiere Ogasun eta Ekonomia Sailak proposatu ondoren.
3.– Horrez gain, Gobernu Kontseiluak diruzaintzako gerakinen kontura zabaldu ahal izango ditu «Zenbait sailen gastuak» sekzioko gastuen egoera-orrian azaltzen diren kreditu zabalgarriak, baita, hala badagokio, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako finantza-laguntza emateko plan eta programetatik sortutako finantza-premiak ere.
12. artikulua.– Konpromiso-kredituak.
2018ko ekitaldian, Ogasun eta Ekonomia Sailak, beharrezko diren aldaketak eginez, aurreko urteetan sortutako konpromiso-kredituen zenbatekoa egokitu ahal izango du, baldin eta kredituok finantza-eragiketak edo arriskuen estaldura-eragiketak gauzatzearekin zerikusia duten lankidetza-hitzarmen eta kontratuei badagozkie eta eragiketon urteko zenbatekoa interes-tasaren edo antzeko beste adierazle batzuen bilakaeraren araberakoa bada.
13. artikulua.– Aurrekontu-plantillak.
1.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 20. eta 21. artikuluetan xedaturikoa betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta organismo autonomo administratiboetako behin-behineko langile, funtzionario eta lan-kontratuko langileen plantillak onartzen dira, taldeka, kidegoka, eskalaka eta kategoriaka sailkatuta, eta hasiera batean aurrekontu hauen «Langileriari buruzko eranskinean» xedaturikoaren araberako aurrekontu-programa eta -sekzioei atxikita.
2.– Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren 22. artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta organismo autonomo administratiboen aurrekontu-plantillak izaera mugatzailea izango du, eta gehienezko muga entitate horietako guztietako funtzionarioen, lan-kontratuko langile finkoen eta behin-behineko langileen kopuru osoa izango da.
3.– Orokorrean, aurrekontu-plantillak langile-zuzkidura berriak sortuz aldatzen badira, behar beste zuzkidura amortizatu egin beharko dira horren ondorioz, urteko kostu gordina handiagoa izan ez dadin.
4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Gobernu Kontseiluak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren proposamenez, langile-zuzkidura berriak sortzeko baimena eman ahal izango du lanpostuen zerrendak honako arrazoi hauengatik aldatzen badira: eskumenen transferentziak benetan gauzatzen direlako, organo eta zerbitzu berriak sortzen direlako, kanporatutako edo azpikontrataturiko zerbitzuen kudeaketa zuzena egiten delako, egiturazko lanpostu edo plazak finkatzen direlako, lege-mailako arauak aldarrikatzen direlako, edo Gobernuak koiunturakoak ez diren planak, programak eta jarduera garrantzitsuak onartzen dituelako. Horretarako, finantzazio egokia eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen organoaren aldez aurreko aldeko txostena beharko da beti. Txostenean adierazi beharko da ezinezkoa dela premia berriei aurre egitea lanpostuak berratxikita, langileak berrizendatuta edo giza baliabideak arrazionalizatzeko eta antolatzeko bestelako baliabideak erabilita.
5.– Halaber, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko ente publikoko administrazio-kontseiluak lanpostu funtzional berriak onartu ahal izango ditu langileen plantilletan, zerbitzuak irekitzearen edo berrantolatzearen ondorioz. Horretarako, finantzazio egokia beharko da beti. Gobernu Kontseiluak erabakiko du, Osasun Sailaren proposamenez, plantilla horien gehienezko langile kopurua, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 26. artikulua betez.
6.– Ogasun eta Ekonomia Sailari baimena ematen zaio langileen gastuen kredituetan beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko, gastuen kredituak artikulu honetan xedaturikoaren arabera onartzen diren plantilla-aldaketetara egokitze aldera.
7.– Artikulu honek aipatzen dituen arauekin bat etorriz baimendu beharko da zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko, eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergo eta fundazioen langile-zuzkiduretan 2018ko urtarrilaren 1ean indarrean dauden zuzkiduren gainetik egiten den edozein aldaketa, baldin eta erakunde horien aurrekontua lege honen aplikazio-eremuan sartuta badago.
II. KAPITULUA
KREDITUEN ARAUBIDEA. ALDAKETAK
14. artikulua.– Kredituen transferentzien araubidea. Beste aldaketa batzuk.
2018ko ekitaldian zehar, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginak arautuko du Euskal Autonomia Erkidegoko, haren organismo autonomoetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako Aurrekontu Orokorretako kreditu-transferentzien araubidea, ondorengo artikuluetan adierazten diren berezitasunen aurka jo gabe.
15. artikulua.– Langileriaren arloko kredituak.
Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren 66.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta 2018. urterako bakarrik, sekzio bakoitzerako, izaera loteslea izango dute kontzeptuaren mailan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, haren organismo autonomo administratiboetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuen I. kapituluko 122, 123, 131, 132, 161 eta 162. kontzeptuen barruan dauden gastuek, eta, azpikontzeptuaren mailan, 16111 azpikontzeptuaren barruan dauden gastuek.
16. artikulua.– Funtzionamendu-gastuetarako kredituak.
1.– Maiatzaren 24ko 1/2001 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren 66.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta 2018. urterako bakarrik, izaera mugatzailea eta loteslea izango dute kapituluaren mailan sekzio eta programa bakoitzerako, haien sailkapen ekonomikoari dagokionez, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, haren organismo autonomo administratiboetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan, II. kapituluan (funtzionamendu-gastuak), sartuta dauden ordainketa-kredituek, aurrekontuaren gastuen xehetasunetan gastu erreserbatu gisa sailkatutakoek izan ezik. Ez dira beharrezkoak izango, beraz, kapituluaren azpiko kreditu-transferentziak.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa hori izanik ere, izaera loteslea izango dute kontzeptuaren mailan «Osasun Finantzaketa eta Kontratazioa» 4112 programako 241 kontzeptuan bildutako gastuek.
17. artikulua.– Eragiketa arruntetarako eta kapital-eragiketarako transferentziak eta diru-laguntzetarako kredituak.
1.– Maiatzaren 24ko 1/2001 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren 66.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta 2018. urterako bakarrik, izaera mugatzailea eta loteslea izango dute artikuluaren mailan sekzio eta programa bakoitzerako, haien sailkapen ekonomikoari dagokionez, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, haren organismo autonomo administratiboetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan, IV. eta VII. kapituluetan (Gastu arruntetarako transferentziak eta diru-laguntzak eta Kapital-eragiketetako transferentziak eta diru-laguntzak, hurrenez hurren), sartuta dauden ordainketa-kredituek.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa hori izanik ere, izaera loteslea izango dute kapitulu, sekzio, zerbitzu eta programaren mailan «Nekazaritza eta Landaren eta Itsasertzaren Garapena» 7111 programako ordainketa-kredituek.
3.– Era berean, izaera loteslea izango dute kapitulu, sekzio eta programaren mailan «Enplegua» 3211, «Prestakuntza» 3231 eta «Gizarteratzea» 3121 programetako ordainketa-kredituek.
18. artikulua.– Aurrekontuetako aldaketak.
1.– Zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuetan aldaketak sortzen badira eta Jaurlaritzak onartutako garrantzizko edozein plan, programa eta jarduerak sortutakoak badira, Ogasun eta Ekonomia Sailak emango du aldaketa horiek egiteko baimena.
2.– Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren 98. artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, Gobernu Kontseiluari egokituko zaio Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuetan aldaketak baimentzea; betiere, aldaketa horiek Europako Inbertsio Bankuak emandako finantzaziotik eratorritakoak badira Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatzeko finantzazio-lerroak ezartzeko asmoz.
III. KAPITULUA
LANSARIEN ETA HARTZEKO PASIBOEN ARAUBIDEA
19. artikulua.– Langileen lansariak.
1.– Sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenei kalterik egin gabe, 2018. urtean, lan-araubidekoak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko guztizko lansariek % 1,5eko gehikuntza izan ahal izango dute, behin-behinean eta aldi baterako, 2017ko ekitaldian ezarritakoen aldean. Lansari horiek, betiere, homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-araubideari dagokionez.
2.– Lan-kontratukoak ez diren langileak honako hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako karrerako eta bitarteko funtzionarioak, bai eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langileak ere.
3.– Justizia Administrazioko langileen lansariez bezainbatean, langile horiei dagokien berariazko araudia aplikatuko da.
4.– 1. paragrafoan zehaztutakoa gorabehera, lansari osagarriak berariaz eta salbuespenez egokitu ahal izango dira, baldin eta ezinbestekoak badira lanpostuaren edukian izandako eraldaketengatik, programa bakoitzari atxikitako langile kopuruan izandako aldaketengatik edo programa horiei ezarritako helburuen betetze-mailarengatik. Era berean, zehaztutakoa gorabehera, lanpostuak antolatzeko eta sailkatzeko sistemak aplikatu ahal izango dira, eta sistema horiek aplikatzekoak izango zaizkie transferentzien bitartez euskal administrazio publikoetan sartzen diren edo sartuak diren langileei ere; era berean, sektoreetako berezitasun batzuk egokitu ahal izango dira, ordainsari-kontzeptuak ordainsarien egitura berriaren arabera periodifikatzeagatik, berregituratzeagatik edo egokitzeagatik.
5.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz, lan-araubidekoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko lansariak izango dira aurrekontu-ekitaldian zehar indarrean daudenak, administrazio publikoetako funtzionarioen oinarrizko lansarien araubidea erregulatzen duten arauei jarraituz.
6.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2007. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 9/2006 Legea arte, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 43. artikuluan azaldutako titulazioko taldeei eta azpitaldeei erreferentzia egiten zieten funtzionario publikoek jaso beharreko ordainsariek; aurrerantzean, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 76. artikuluan eta hirugarren xedapen iragankorrean ezarritako lanbide-sailkapeneko taldeei egingo diete erreferentzia, eta lege honetan aurreikusten diren gehikuntzez beste ez dute inolako gehikuntzarik izango. Hona hemen sailkapeneko bi sistema horien artean dauden baliokidetzak:
7.– Aparteko ordainsariak (urtean bi izango dira, bata ekainean eta bestea abenduan) jasoko dira artikulu honen 5. paragrafoak zehaztutako soldataren eta hirurtekoaren kopuruen arabera, eta hileko bati dagokion destino-osagarriaren eta berariazko osagarriaren edo baliokidea den kontzeptuaren arabera, betiere, paragrafo hau aplikatu ahal zaien kolektiboen ordainsari-araubideak dioena kontutan hartuta.
8.– Lansari osagarriek % 1,5eko gehikuntza izan ahal izango dute, behin-behinean eta aldi baterako; hala ere, aldaketa batzuk egin ahal izango dira programa bakoitzari atxikitako langile kopuruaren aldaketaren ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz. Era berean, lege hau indarrean sartu aurretik hasitako ebaluazio-prozesuak amaitu ahal izango dira, baldin eta finantziazio egokia badute eta Gobernu Kontseiluak baimentzen baditu, dagozkien sektoreetan aldez aurretik adostuta.
9.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako gehikuntzaren zenbateko globala aldi baterako osagarri gisa ordainduko da, hala dagokionean, harik eta administrazio publikoetako funtzionarioen 2018ko ekitaldirako oinarrizko ordainsariak erabaki arte. Oinarrizko lansari horiek egokitzen direnean, Gobernu Kontseiluak zehaztuko ditu destino-osagarriaren (uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Funtzio Publikoari buruzkoak, 79.1.a) artikuluan arautuaren) urteko munta eta gainerako lansari osagarri guztiena.
10.– Sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenei kalterik egin gabe, 2018ko urtarrilaren 1ean lan-araubidearen pean dauden Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako, sozietate publikoetako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako langileen soldata-masak, guztira, % 1,5eko igoera izan ahal izango du, 2017ko ekitaldian ezarritakoaren aldean, behin-behinean eta aldi baterako; hala ere, bestelako gehikuntza bat erator liteke lanpostuko edukiaren aldaketaren ondorioz, programa bakoitzari atxikitako langile kopuruaren aldaketaren ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz, edo lana antolatzeko edo lanbide-sailkapena egiteko sistemen aldaketen ondorioz.
Lan-araubideko langileen soldata-masa esaten denean, hau adierazi nahi da: kasuan kasuko langileek 2017an zehar sortutako lansari guztiak (soldatazkoak nahiz soldataz bestekoak) eta gizarte-ekintzako gastu guztiak. Hala ere, badira zenbait salbuespen:
a) Gizarte Segurantzako prestazioak eta kalte-ordainak.
b) Enplegu-emaileak Gizarte Segurantzako sistemari ordaindu beharreko kotizazioak.
c) Leku-aldatzeei edo kaleratzeei dagozkien kalte-ordainak.
d) Langileak egindako gastuengatiko kalte-ordainak.
11.– Aurreko paragrafoan jasotakoa, hortaz, 2018ko guztizko lansariei dagokien goi-muga da; hori, gero, negoziazio kolektiboaren bidez ezarri eta emango zaie banakakoei.
12.– Guztizko lansarien aldaketak homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-motari, lanari eta gainerako lan-baldintzei dagokienez.
13.– Autonomia Erkidegoko Administrazioko, organismo autonomoetako, sektore publikoko partzuergoetako eta zuzenbide pribatuko ente publikoetako enplegatu publikoei eta orobat haien mendeko sozietate publiko eta fundazio publikoetakoei dagozkien akordio, hitzarmen edo itunak etenda geratuko dira beren aplikazioan artikulu honetako aurreikuspenak betetze aldera, baldin eta haien aplikaziotik % 1,5etik gorako lansari-gehikuntzak eratortzen badira 2018ko ekitaldirako, eta, hortaz, artikulu honen aurka doazen klausulak aplikaezin bihurtuko dira.
Etenda geratuko da, halaber, borondatezko erretiroarekiko sariak, primak, kalte-ordainak eta edozein eratako diru-prestazioak arautzen dituzten artikuluen eta klausulen aplikazioa.
Etete horrek eragina izango du ondorio-data 2018ko urtarrilaren 1aren eta 2018ko abenduaren 31ren artean daukaten enplegatu publikoen borondatezko erretiroetan.
14.– Sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenei kalterik egin gabe, lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta berdinetsitakoen 2018ko ekitaldirako lansariek % 1,5eko igoera izan ahal izango dute, behin-behinean eta aldi baterako, 2017ko abenduaren 31n indarrean dauden lansarien aldean, antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeen gehikuntzari kalterik egin gabe.
15.– Sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenei kalterik egin gabe, behin-behineko langileen lansariek % 1,5eko igoera izan ahal izango dute, behin-behinean eta aldi baterako, 2017ko abenduaren 31n indarrean dauden lansarien aldean, antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeenari kalterik egin gabe, eta, betiere, beren lansariak erreferentziatuta dauden kategoriari dagokion diru kopuru osoa errespetatuta.
16.– Aurreko paragrafoetan jasotako lansari-gehikuntza orokorraz gainera, 2018ko ekitaldian zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek beren esparruko langileentzako enpleguko pentsio-planetarako ekarpenak edo erretiro-kontingentzia estaltzeko aseguru-kontratu kolektiboak egin ahal izango dituzte, gehienez ere, ekitaldi osoko pertsonal-gastuetarako daukaten zuzkiduraren % 0,5eko mugarekin. Ehuneko hori ekitaldian zehar handitzea erabaki ahal izango du Gobernu Kontseiluak, % 1eraino gehienez ere, Ogasun eta Ekonomia Sailak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak proposatuta.
17.– Osagarri pertsonalek, aldi baterako osagarriek eta zerbitzuagatiko kalte-ordainek arau berariazkoak izango dituzte. Kalte-ordain horiek ez dute % 1,5etik gorako gehikuntzarik eduki ahal izango beren banakako zenbatekoetan, 2017ko abenduaren 31n indarrean daudenen aldean.
20. artikulua.– Ertzaintzako langileak.
1.– Gobernu Kontseiluak, 19. artikuluko 9. paragrafoan adierazitako baldintzetan, zehaztuko du kategoriako maila bakoitzari dagokion destino-osagarriaren urteko zenbatekoa, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 74.1.a) artikuluan araututakoaren arabera.
2.– Halaber, Gobernu Kontseiluak zehaztuko du Ertzaintzak guztira jaso beharreko ordainsarien multzo osoa, 19. artikuluan ezarritako edukia eta irizpideak aplikatuta.
21. artikulua.– Lan-baldintzei buruzko akordioak eta hitzarmen kolektiboak izenpetzeko baldintzak.
1.– Gobernu Kontseiluak onartuko ditu, Ogasun eta Ekonomia, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailek txostena egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako funtzionarioei eta estatutupekoei, bai eta lan-kontratuko langileei ere, eragiten dieten lan-baldintzei buruzko akordioak, lan-hitzarmenak, soldaten berrikuspenak edo lehendik izenpetuta zeuden hitzarmenei oso-osoan edo zati batean atxikitzeko akordioak edo horietara zabaltzeko akordioak. Zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen edo Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen mende dauden langileei eragiten dietenean, berriz, aipatutako sailen aldeko txostena beharko dute erakunde bakoitzaren gobernu- eta administrazio-organo eskudunak izenpetu aurretik.
2.– Aurreko paragrafoan zehaztutako ondorioetarako, dagokion akordio-proiektua bidaliko zaie Ogasun eta Ekonomia Sailari, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari, eta proiektuarekin batera, 2017. urteko guztizko soldata-masaren eta ordainsarien zenbatekotzea, eta 2018. urterako aurreikusitako guztizko soldata-masarena eta lansariena, bai eta proiektu horretan jasotako alderdi ekonomiko guztien balorazioa ere, hori guztia 2018ko ekitaldirako lansariak gehitzeko baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera. Aipatutako sail horiek, aipatutako dokumentazioa jaso eta hurrengo egunetik aurrera, eta gehienez 15 eguneko epearen barruan, dagokien txostena egingo dute. Txosten horretan, alderdi ekonomikoei dagokienez, gastu publikoaren arloan ondorioak dakartzaten gaiak jasoko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritako kontrol ekonomikoa gauzatzeko.
3.– Erabat deusezak izango dira txostenaren izapidea egin gabe edo aurkako txosten baten kontra hartzen diren akordioak, bai eta hurrengo ekitaldietarako soldata-gehikuntzak dakartzaten akordio, hitzarmen edo itunak ere, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren etorkizuneko legeek finkatzen dutenaren kontrakoak badira.
22. artikulua.– Zuzenbide pribatuko ente publikoetako, sozietate publikoetako eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako zuzendaritzako langileak.
1.– Sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenei kalterik egin gabe, zuzenbide pribatuko ente publikoetako, sozietate publikoetako, eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako zuzendaritzako langileen 2018ko ekitaldirako lansariek % 1,5eko igoera izan ahal izango dute, behin-behinean eta aldi baterako, 2017ko abenduaren 31n indarrean dauden lansarien aldean, antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeenari kalterik egin gabe, bai eta beren lansariak erreferentziatuta dauden kategoriaren gehikuntzari kalterik egin gabe ere.
2.– Artikulu honetan aipatzen diren langileek edozer dela-eta urtean jasoko dituzten gehieneko lansarien zenbatekoak, bermatu gabeko kopuruko pizgarriak barne direla, ezin izango dira Eusko Jaurlaritzako sailburu batek urtean jasotzen dituen lansari osoak baino handiagoak izan.
3.– Goi Kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 4. artikuluko 2. paragrafoan agintzen dena betetzeko, pizgarriak ebaluatzeko eta emateko irizpideak zehazterakoan, kontuan hartuko da ea bete diren sozietate edo ente publiko bakoitzaren urteko aurrekontuak eta ekonomia-urte bakoitzean aurrekontuekin batera doan urteko memorian jasotako helburu kualitatiboak, eta urteko kudeaketa plana efikaziaz bete den, betiere kargu publikodunen betebeharrei eta eskubideei buruzko azaroaren 15eko 156/2016 Dekretuak zehaztutakoaren arabera. Pizgarriak ezartzeko, erakundea atxikita dagoen saileko titularrak eman beharko du onespena, agindu bidez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak txostena egin ondoren.
4.– Zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko, eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio edo partzuergo bakoitzeko gobernu- eta administrazio-organo eskudunek erabakiko dute zein modu eta alditan ordaindu ahal izango diren pizgarri horiek.
23. artikulua.– Hartzeko pasiboetarako kredituak.
1.– Indarrean dauden arau berezietan xedatutakoarekin bat etorriz bidezkoak diren kasuetan eta kopuruen arabera ordainduko dira pentsioak eta bestelako eskubide pasiboak.
2.– Maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintza Dekretuaren aplikazioz hartzeko pasiboengatik sortutako pentsioei dagokienez, eskatutako gabealdiak bete dituzten langileen pentsioek % 1,5eko igoera izan ahal izango dute, 2017ko abenduaren 31n indarrean daudenen aldean.
24. artikulua.– Akordioak etetea.
2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldi batez etengo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek, sozietate publikoek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoek sindikatuekin sinatutako akordio, hitzarmen edo itun guztiak, lege honetan lansariei buruz ezarritako neurriak behar bezala aplikatzeko behar den eran.
IV. KAPITULUA
ITUNPEKO IKASTETXEEN GASTUEI AURRE EGITEKO EKONOMIA MODULUA
25. artikulua.– Itunpeko ikastetxeen gastuei aurre egiteko ekonomia-modulua.
1.– Lege honen IV. eranskinean finkatzen dira hezkuntza-maila bakoitzaren moduluko osagaiak eta dagozkien zenbatekoak.
2.– IV. eranskinean zehaztutako modulu ekonomikoak gehieneko mugak dira modulua osatzen duten kontzeptu guztietarako.
3.– Hala ere, ordainketa eskuordetua daukaten mailetan, irakasle bakoitzaren benetako antzinatasuna kontuan hartuta ordainduko da inoren kontura diharduten langileen eta kooperatibisten antzinatasuna.
Ordainketa eskuordetuaren sisteman sartutako talde osoarentzako Gizarte Segurantzarako kotizazioa, era berean, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urtero zehazten diren kotizazio-tasen arabera egingo da.
4.– Baldin eta, 2018. urteko ekitaldi ekonomikorako, Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileen ordainsariak aldatzen badira, IV. eranskinean finkatzen diren modulu ekonomikoak ere automatikoki aldatutzat hartuko dira, honako zenbateko honetan: hezkuntza-itunen langileria-gastuen osagaiei, Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileentzat ezartzen den ordainsari-aldaketaren portzentajea aplikatzearen ondoriozko zenbatekoan. Dena dela, modulu horiek aplikatzean ezin izango dira gainditu itunpeko ikastetxeetako langileentzat sektorean indarrean dauden akordioek ezarritako ordainsariak.
5.– Ezein kasutan ez da onartuko itunpeko ikastetxeetako langileen ordainsarietan aldaketarik egitea, baldin eta ordainsari-aldaketa horien ondorioz gainditzen badira artikulu honetan aipatzen diren modulu ekonomikoetako langileria-gastuen osagaietarako finkatzen diren zenbatekoak.
III. TITULUA
DIRU SARREREN EGOERA ORRIA
I. KAPITULUA
FORU ALDUNDIEN EKARPENAK
26. artikulua.– Foru-aldundien ekarpenak.
2018ko ekitaldian zehar, foru-aldundiek Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan izendatutako kredituei eusteko egin beharreko ekarpenak 9.523.345.813 eurokoak izango dira, martxoaren 23ko 2/2007 Legearen bidez onartutako metodologiarekin bat etorriz.
27. artikulua.– Ekarpen-koefizienteak.
Aurreko artikuluan zehaztatutako zenbatekoari ondoko ehunekoak ezarriz ateratzen da lurralde historiko bakoitzak egin beharreko ekarpena. Hona ehunekook:
ARABA: % 16,44
BIZKAIA: % 50,37
GIPUZKOA: % 33,19
II. KAPITULUA
ZERGA IZAERAKO ARAUAK
28. artikulua.– Tasak.
Oinarriaren ehuneko jakin bat finkatuta ez izateagatik edo oinarria moneta-unitateetan emana ez egoteagatik finkoak diren Euskadiko Ogasun Nagusiaren tasak igo egingo dira: 2017. urtean eskatzen ziren zenbatekoei, hain zuzen ere, bat koma zero hamabost (1,015) koefizientea aplikatzetik ondorioztatzen den kopururaino.
Lehen aipatutako koefizientea aplikatu ondoren, bi hamartarreko tasak txikiagora biribilduko dira hirugarren hamartarra bostetik beherakoa bada, eta handiagora osterantzean.
Lau edo sei hamartarreko tasen kasuan, txikiagora biribilduko dira bosgarren edo zazpigarren hamartarra, hurrenez hurren, bost baino txikiagoa bada; bestela, handiagora biribilduko dira.
IV. TITULUA
KONTRATATZEKO ETA GASTUA BAIMENTZEKO ARAUAK
29. artikulua.– Gastua baimentzeko arauak.
1.– Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren 113.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, egitekoa den gastuari dagokion kredituaren izaera edozein izanik ere, 5.000.000 eurotik gorako gastuek Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan sartutako entitateetarako transferentziak direnean, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propiotzat eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekiko enkarguak direnean, edo Aurrekontuetan jasotako diru-laguntza izendunak direnean, kasu horietan ez baita baimenik beharko.
2.– Organismo autonomoetako aurrekontuen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuen kontura egiten diren gastuek dagokien sailburuaren aldez aurreko baimena beharko dute 1.000.000 euro baino gehiago direnean, edo, aurreko apartatuaren kasuan, Gobernu Kontseiluarena.
30. artikulua.– Kontratatzeko arauak.
Kontratazioaren arloan, Gobernu Kontseiluari egokituko zaio aurreko artikuluko 1. paragrafoan adierazitako zenbatekoaren gainetik dagoen aurrekontua duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, organismo autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen kontratuak eta esparru-akordioak baimentzea. Kasu horretan, haiek baimentzearekin batera, gastua ere baimenduko da, baita pleguetan aurreikusitako aldaketei eta luzapenei dagokiena ere.
Esparru-akordioak baimentzearekin batera, baimenduko dira akordio horietatik eratorri eta aurreko artikuluko 1. paragrafoan azaldutako zenbatekoaren gainetik dauden kontratuak ere.
V. TITULUA
LEGEBILTZARRARI EMAN BEHARREKO INFORMAZIOA
31. artikulua.– Aldizkako informazioak.
1.– Jaurlaritzak, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginak eskatutako informazioaz gainera, eragiketa hauen berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari hiru hilean behin:
a) Zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen ustiapen-aurrekontuak eta kapital-aurrekontuak zenbateraino bete diren, bai eta erakunde haien egoera-balantzea, galeren eta irabazien kontua, eta esku-diru fluxuen egoera.
b) Aldi horretan emandako bermeen zerrenda, eta bermeen onuradunek bete beharrekoa bete izan ez dutelako aurre egin behar izan dien bermeei buruzko informazioa.
2.– Aurreko zenbakian aipatzen den informazioa hiruhileko natural bakoitzaren muga-egunean itxiko da eta aipatutako muga-egunaren hurrengo bigarren hileko 15a baino lehen igorriko da Legebiltzarrera.
32. artikulua.– Bestelako informazioak.
Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari hainbat eragiketaren berri emango dio, eragiketa horiek gertatzen diren hilaren hurrengoan. Hona hemen eragiketok:
a) Egindako zorpetze-eragiketak.
b) Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateei emandako urtebeterako edo gutxiagorako kreditu eta aurrerakinak.
c) Itundutako zergetan foru-aldundi bakoitzak izandako diru-sarrerak, zergaka sailkatuak eta zehaztuak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK.
Lehenengoa.– Etxebizitza eta lurzoru arloko finantza-neurriak.
Babes ofizialeko etxebizitzen araubideari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko araudian agindutakoa betetze aldera, deskontuen bidez 2018. urtean zehar egingo dituen finantza-eragiketen zenbatekoak ezin izango du 45.720.000 eurotik gora egin.
Bigarrena.– Sustapenerako neurriak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailek hainbat egitasmo finantzatzeko laguntzak eman ahal izango dituzte, mailegu eta aurrerakin itzulgarri modura, ekonomia bultzatzeko, ikus-entzunezko produkzio-sektoreak sustatzeko, bai eta ikerketa, garapen eta berrikuntza sustatzeko ere.
Kontuan hartu beharreko arauetan jartzen duen moduan eman beharko dira laguntza horiek. Eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginean ezarritakoa gorabehera, hartarako eskumena duen organoak gastu-konpromisoak hartu ahal izango ditu halako laguntzak eman ahal izateko, baldin eta konpromiso horiek berekin dakarten finantzaketa-kostua eta aurreikusitakoaren arabera Administrazioak aurre egin beharreko arriskua dagozkien aurrekontu-kredituek babestuta badaude.
2.– Laguntzen finantzaketa-kudeaketa Finantzen Euskal Institutuaren bidez egingo da edo, dagokionean, aplikatu beharreko arauetan zehaztutako kaudimen- eta eraginkortasun-baldintzak betetzen dituzten pertsona juridikoen bidez, eta arau horietan eta entitate horiekiko lankidetza-akordioetan xedatzen den moduan. Entitate horiek, halaber, entitate laguntzaile gisa jardungo dute, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onetsi zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 52. artikuluan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoaren ondorioetarako.
3.– Xedapen gehigarri honen eraginez aurrekontuetako gastuen eta sarreren egoera-orrietan egin beharreko egokitzapen teknikoak egiteko baimena ematen zaio Ogasun eta Ekonomia Sailari.
Hirugarrena.– Zenbait ondare-sarreraren araubidea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak eta haren sozietate publikoek merkataritza-sozietate batzuetako partaidetzak besterendu ondoren -horiek eskuratzea eragin zuen xede estrategikoa jada betea dutela irizten delako- lortzen dituzten aurreikusi gabeko diru-sarrera eta finantza-baliabideak beste finantza-eragiketa batzuk egiteko aplikatu ahal izango dira, eta eragiketok Finantzen Euskal Institutuaren bidez egin ahal izango dira.
Ondorio horietarako, baimena ematen zaio Jaurlaritzari, 2018ko ekitaldian eta aurrekontu- eta ondare-araubideari buruzko indarreko lege-xedapenetako baldintzetan, bidezko ondare-eragiketak egin ditzan eta eragiketa horietatik lortutako funtsak aurreko paragrafoan azaldutako jardueretara aplikatu ditzan.
2.– Xedapen honetan aurreikusitakoa betetzeko garatzen diren jarduerak, dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren finantza-politikaren zerbitzuan ezar daitezkeen gastu arloko baliabide, tresna eta beste ekimen batzuk arrazionalizatzeko eta optimizatzeko Ogasun eta Ekonomia Sailak ezartzen dituen jarraibideei atxiki beharko zaizkie.
Laugarrena.– Azpiegituretako proiektuak onura publikoko deklaratzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak irratiaren, telebistaren eta, oro har, gizarte-komunikabideen arloan dituen eskumenez baliatzeko beharrezko diren azpiegitura-proiektuak onartzeak, bai eta babes zibileko eta segurtasun publikoko zerbitzuen arloan dituenez baliatzeko beharrezko direnak onartzeak ere, inbertsioetarako kredituen kontura finantzatutako proiektuak baldin badira, berekin ekarriko du kasuan kasuko ondasunen onura publikoko deklarazioa eta urgentziazko okupazioaren beharra nahiz ondasun horiei dagozkien eskubideak eskuratu beharra, desjabetzeari, aldi baterako okupazioari edo zortasunak ezarri edo aldatzeari ekin ahal izateko.
2.– Onura publikoko deklarazioak, era berean, erreferentzia egingo die proiektuaren zuinketan eta ondoren onartu daitezkeen aldaketetan bilduta dauden ondasun eta eskubideei.
3.– Ondorio horietarako, azpiegituretako proiektuek eta proiektu horien aldaketek azaldu beharko dute azpiegituren definizioa eta zehaztu beharko dituzte azpiegiturak egiteko okupatzea eta eskuratzea beharrezko irizten diren lursailak, eraikuntzak eta beste ondasun edo eskubideak.
Bosgarrena.– Sektore publikoko kontratuak aldatzea.
1.– Sektore publikoko kontratuen legeriak xedatutakoaren ondorioetarako, 2018ko aurrekontu-ekitaldi honetan zehar kontratu administratiboetan egindako edozein aldaketa interes publikoko arrazoiengatik egiten dela ulertuko da, baldin eta haren xedea bada aurrekontu-egonkortasunaren helburua lortzea.
2.– Administrazio-klausulen orriek edo lizitazioaren iragarpenak erantsi beharko dituzte sektore publikoko kontratuen legerian, aurrekontu-egonkortasuneko neurriak aplikatzearen ondorioz kontratuak aldatu beharri begira, ezartzen diren arretak.
Seigarrena.– Laguntza, diru-laguntza eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa murriztea.
1.– Sektore publikoko entitateek, izaera orokorreko xedapenetan jasotako erregulazioaren babesean, 2018ko ekitaldian ematen, errekonozitzen edo ordaintzen dituzten laguntza, diru-laguntza eta prestazio ekonomikoek, aldez aurreko deialdi publikorik eta, gastu-muga ezartze aldera, gastuaren finantzaketari lotutako aurrekontu-baliabideen aurretiazko publizitaterik egin behar ez dutenek, % 7ko murrizketa izango dute haien zenbatekoan, lege honetan ezarritako laguntzek, diru-laguntzek eta prestazio ekonomikoek salbu.
2.– Hala ere, murrizketa hori % 5ekoa izango da familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuan, eta hura garatzeko arauetan, ezarritako prestazioei dagokienez.
Zazpigarrena.– Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuan ezarritako prestazioen zenbatekoa.
2018ko ekitaldian, diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa, edozein modalitatetan, eta orobat guraso bakarreko bizikidetza-unitateentzako hileko subsidio osagarriarena, 2017ko ekitaldian aplikatutakoa izango da % 1,5eko portzentajean gehituta.
Zortzigarrena.– Etxebizitzako prestazio osagarria.
1.– 2018ko ekitaldian zehar, etxebizitza-alokairurako edo ohiko bizitokirako gastuak estaltzea xede duen etxebizitzako prestazio osagarriaren gehieneko zenbatekoa, hilean, 250 eurokoa izango da, errentamendu, azpierrentamendu, baterako errentamendu, ostatu-emate edo logela-alokairuaren modalitateetan, eta ez da gehikuntzarako aukerarik izango inolako gorabehera dela eta.
2.– Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean etxebizitzarako prestazio osagarrirako aurreikusitako araubidea indarrean egongo da Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 9. artikuluan aurreikusitako arautegi-xedapenak, modu subsidiarioan prestazio ekonomikoen sistema bat ezartzeari buruzkoak, indarrean sartu arte. Araubide eta prozedura hori ezarriko zaie, aldi baterako, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoarekin bat etorriz, prestazio ekonomiko baten onuradun izan daitezkeen pertsonei.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako arautegi-xedapenak indarrean jartzen direnetik, ez da aitortuko Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen araberako etxebizitzarako prestazio osagarri gehiagorik.
4.– Edozein modutan, 2018ko ekitaldian, etxebizitzarako prestazio horren zenbatekoa 250 eurokoa izango da hilean.
Bederatzigarrena.– Funtzionarioen nahitaezko erretiroa.
1.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 38. artikuluko 1. apartatuaren lehenengo lerrokadan nahitaezko erretirorako ezartzen den lege-adina edozein dela ere, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartutako funtzionarioen nahitaezko erretirorako adina izango da araubide hori arautzen duten arauek ezartzen dutena adinagatiko koefiziente murriztailerik ez duen kotizaziopeko modalitatean erretiro-pentsiorako irispidea izateko.
2.– Etena mantentzen da 2018ko ekitaldian Euskal Funtzio Publikoari buruzko ekainaren 6ko 6/1989 Legearen 38. artikuluko 1. apartatuko bigarren lerrokadan zerbitzu aktiboan luzapena eskatzeko aukerari buruz jasotzen den aurreikuspenaren aplikazioa.
Hala ere, eragindako langileak, 65 urte betetzen dituenean, gizarte-aurreikuspeneko araubide bakoitza arautzen duten arauekin bat etorrita, ez baditu egiaztatzen egoera bakoitzari dagokion erretiro-pentsioa osoa sortzeko beharrezko den zerbitzu- edo kotizazio-urteak, zerbitzu aktiboan irautea eskatu ahal izango dio bere erretiroa erabakitzeko eskumena duen organoari. Dena den, ezingo da inolaz ere zerbitzu aktiboa luzatu 70 urtetik aurrera, edota interesatuak urtero dagokion erretiro-pentsio maximoa jasotzeko beharrezko baldintzak betetzen dituenean, baldin eta interesduna zerbitzurako gai dela onartu badute.
Nolanahi ere, zerbitzu aktiboan egoteko luzapenak Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren nahitaezko txostena beharko du, baimena berezia eman baino lehen.
Hamargarrena.– Euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntzarako kredituen kudeaketa.
Euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.
Hamaikagarrena.– Aldi baterako ezintasunari buruzko ordainsari-osagarriak arautzea.
Mantentzen da Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legearen 19.11 artikuluko azken lerrokadan jasotzen den etena. Era berean, mantentzen da aldi baterako ezintasunari buruzko ordainsari-osagarrien erregulazioa urtarrilaren 28ko 3/2014 Dekretuan ezarri zen moduan, zeinean onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoko langile publikoek aldi baterako ezintasun-egoeran daudenean eta jakineko baimen batzuk dituzten aldietan jasoko dituzten lansariak eta borondatezko hobekuntzak. Nolanahi ere, Gobernuak gaiaren gaineko arau berria ezarri ahal izango du Ogasun eta Ekonomia, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailek proposatuta.
Hamabigarrena.– Bizigune programako etxebizitza lagatzearen kontraprestazioaren gehieneko zenbatekoa.
2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, eragin-data horrekin, abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuak, «Bizigune» Etxebizitza Hutsen Programa arautzen duenak, 8.2 artikuluan aurreikusitako etxebizitza-lagapenaren kontraprestazioaren gehieneko zenbatekoa hilean 600 eurokoa izango da.
Hamahirugarrena.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa sortzea.
1.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzen da, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa eratzen da, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak lortzeko jarduteko gaitasun osoa dituela, eta industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita.
2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatzekoak zaizkien lege-xedapenen bidez arautuko da, xedapen honetan ezarritako berezitasunetan izan ezik, bai eta bere estatutuen bidez ere. Estatutuok Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko dira, industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskuduna den sailak proposatuta. Entearen jarduerari Zuzenbide Zibileko, Merkataritza Zuzenbideko eta Lan Zuzenbideko arauak aplikatuko zaizkio, administrazio-ahalak baliatzen dituenean izan ezik, kasu horretan, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidea erregulatzen duen araudia eta gainerako araudi orokor eta sektorial publikoa aplikatuko baitzaizkio.
3.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekonomia-sustapeneko politikarako tresna gisa jardutea.
4.– Bere xedeak lortzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren edo, hala dagokionean, industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen sailaren plangintza estrategikoaren eta gidalerroen arabera, honako funtzio hauek bete ahal izango ditu enteak:
a) Industria- eta enpresa-jarduera, industria arloko inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna, berrikuntza, internazionalizazioa, informazioaren eta jakintzaren gizartearen garapena eta enpresa-ekintzailetza sustatzeko planak eta programak diseinatzea eta exekutatzea bultzatzea.
b) Atzerriko industria-inbertsioa sustatzea, balio erantsi handia duten eta enplegua sortzen duten proiektu bultzatzaileetan.
c) Berrindustrializatzeko edo industria-arloan jarduketa bereziak egiteko premia duten Euskal Autonomia Erkidegoko eremuetan, industriaren sustapena eta antolamendua bultzatzea, beste erakunde eskudun batzuekin lankidetzan.
d) Egoeraren araberako zailtasun koiunturalak dituzten enpresei dagokienez, jarduteko programak eta proposamenak formulatzea, eta enpresa horiei bultzada ematea, lanpostuak eta industria-jarduera lehiakorra mantentze aldera.
e) Euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza-sistema publikoa bultzatu eta sendotzea, eta euskal enpresei atzerrian ezartzeko sostengua ematea.
f) Industria-proiektuak kokatzeko eta lehiakortasunez garatzeko aukera emango duten azpiegitura fisikoak eta ingurune teknologikoak bultzatzea.
g) Ekonomia-sustapenaren arloan, legeek eta bere estatutuek egozten dioten edo Gobernu Kontseiluak edo arlo horretan eskuduna den sailak bere eskumenen eremuan gomendatzen dion beste edozein funtzio.
5.– Bere funtzioak egikaritzean, bere helburuak betetzeko, jarduketa hauek egin ahal izango ditu enteak, besteak beste:
a) Laguntzak eta diru-laguntzak ematea, dagozkien deialdiak onartzea eta izapidetzea barne, Eusko Jaurlaritzak horretarako ematen dituen arauen arabera.
b) Merkataritza-trafikoari berezkoak zaizkion era guztietako jarduera ekonomiko eta finantzarioak egitea, mota guztietako kontratuak sinatzea eta zerbitzuak ematea, aplikatzekoak diren xedapenek ezarritako mugen barruan betiere.
c) Merkataritzako sozietateak sortzen parte hartzea edo dagoeneko eratuta dauden sozietateetan edo irabazi-asmorik gabeko entitateetan parte hartzea, Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik baimena emanda.
d) Hitzarmenak sinatzea administrazio publikoekin eta enpresa eta erakunde publiko zein pribatuekin.
e) Euskal enpresei atzerrian laguntzeko, elkarlanerako formula espezifikoak ezartzea eta harreman-sare bat sortzea enpresekin eta organismo publiko zein pribatuekin.
f) Industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez hala eskatzen duten Administrazioko organoei aholkuak ematea eta txostenak egitea.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa jardutea ekonomia-sustapenaren arloko foroetan eta gaietan, Eusko Jaurlaritzak edo arlo horretako eskumena duen sailak aginduta.
6.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren gobernu-organoak izango dira: Administrazio Kontseilua, Zuzendaritza Nagusia eta estatutuetan ezartzen diren gainerakoak. Estatutuetan arautuko dira gobernu-organoen funtzioak, osaera eta kideen izendapena, eta entearen egoitza, egitura organikoa eta funtzionatzeko araubidea. Zuzendari nagusia goi-kargua izango da eta Gobernu Kontseiluak izendatuko du, dekretu bidez, industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen saileko sailburuak proposatuta.
7.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako pertsonala osatuko dute, esleitutako funtzioen izaeraren arabera, horretarako kontratatutako lan-kontratuko langileek eta euskal administrazio publikoetako kidego eta eskaletako funtzionarioek. Edonola ere, ahal publikoak baliatzea dakarten lanpostuak funtzionarioek bete beharko dituzte, eta langile horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzio publikoa erregulatzen duen araudiari lotuta egongo dira.
8.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari dagokio zehaztea lanpostuetara iristeko araubidea, hautaketako proben betekizunak eta ezaugarriak, bai eta lanpostuak hornitzeko eta sustapen profesionaleko prozeduren deialdia, kudeaketa eta ebazpena ere, publikotasun, berdintasun, merezimendu eta gaitasuneko printzipioen arabera.
9.– Dekretu bidez zehaztuko da zein baldintzatan subrogatu edo atxikiko diren SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian, aplikatzekoa zaion legeriarekin bat, enteak bere gain hartu dituen funtzioak orain arte honako erakunde hauetan betetzen aritu diren langileak, lan-kontratukoak nahiz funtzionarioak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.
b) Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA, bertako langiletzat hartuz bai lan-harremana sozietate horrekin duten langileak eta baita ordezkaritza-bulego, sukurtsal eta abarrekin dutenak ere, dela Euskal Autonomia Erkidegoan edo dela kanpoan.
10.– Entearen baliabide ekonomikoak hauek izango dira:
a) Urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura esleitzen zaizkion kopuruak.
b) Beste administrazio publiko batzuen diru-laguntzak eta ekarpenak, eta bere alde egindako dohaintzak.
c) Bere ondarean sartutako ondasun eta eskubideen ondoriozko diru-sarrerak eta bere jardueren ondoriozko diru-sarrerak (arruntak eta apartekoak).
d) Egozten zaion bestelako edozein baliabide.
11.– Ondare-araubidea Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretu bidez onartuak, ezarritakoa izango da. Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez arautuko du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari bere funtzioak betetzeko beharko dituen ondasunak eta ondarea adskribatzea eta entea subrogatzea funtzio horiek betetzeari lotutako edo hortik ondorioztatutako ondasun, eskubide eta betebeharretan.
12.– Bereziki, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari adskribatuko zaizkio Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren kapital sozialeko titulartasun publikoko partaidetza guztiak. Era berean, sozietate publiko hori azkentzea baimentzen da, deseginez, aplikatzekoa den araudiak ezarritako izapideak bete ondoren.
13.– Aurrekontuari, kontrol ekonomiko-finantzarioari eta kontabilitateari dagokienez, aplikatuko zaion araubidea zuzenbide pribatuko ente publikoentzat ezarritakoa izango da. Kontrol ekonomikoa, ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrol etengabearen modalitatean egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritakoaren arabera, horregatik eragotzi gabe diru-laguntzetarako programen gainean egingo den kontrol ekonomiko eta arauei buruzkoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokiona.
14.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren funtzioak betetzeko behar diren ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko eta eskuratzeko araubide orokorra, kontratazio publikoari buruzko araudian ezarritakoa izango da.
15.– Dekretu bidez zehaztuko dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren jarduerei ekiteko baldintzak. Jarduerei ekiten zaien une berean sartuko dira indarrean entearen estatutuak. Jardueren hasiera eta dagokion aurrekontuen legearen indarraldia bat ez badatoz, Gobernu Kontseiluak onartuko ditu ente publikoaren ustiapeneko eta kapitaleko aurrekontuak, bai eta haren jarduerak hasten diren ekonomia-ekitaldiari dagozkion aurreikusitako egoera-orri finantzarioak ere, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari, hamabost eguneko epean. Horretarako, aurrekontuen arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailak egingo ditu aurrekontu horiek osatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketa guztiak, baina aldaketa horiek ezingo dute handitu ente publikoaren jardueren hasieran indarrean zeuden aurrekontu orokorretako zuzkiduretan kontsignatutako zenbateko globala.
Hamalaugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio-berrantolaketak.
1.– 2018. urterako bakarrik, edozein plan, programa, jarduketa garrantzitsuk edo lege mailako xedapenek eragindako administrazio-berrantolaketak direnean, Jaurlaritzak erregulatu eta xedatu ahal izango du subrogazioei buruzko guztia, kontratu-erlazioei dagokienez eta sektore publikoko edozein entitateren sorrera, azkentze edo eraldatzetik ondorioztatzen diren eskubide eta betebeharrei dagokienez, bereziki, bertako langileak sektore publikoko beste entitate bati adskribatzeari dagokionez, aplikatzekoa den lan-arloko legeriaren edo funtzio publikoko legeriaren arabera.
2.– Horretarako, Gobernu Kontseiluak, aurrekontuetako eta funtzio publikoko eskumena duten sailek proposatuta, aurrekontu-plantillak aldatzea baimendu ahal izango du, eta langile-zuzkidura berriak sortzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetan, baldin eta behar beste zuzkidura amortizatzen badira sektore publikoko beste entitate batzuetan, urteko kostu gordina handiagoa izan ez dadin.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen da Industriaren Suztapen eta Eraldaketarako Baltzua sortarazteari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legea, indarrean mantenduko den arren, lege honen hamahirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera sortutako ente publikoak jarduerari ekin arte.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Garapena eta gauzatzea.
1.– Baimena ematen zaio Jaurlaritzari lege hau garatzeko behar diren xedapenak, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, emateko.
2.– Organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eremuan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergo publikoen eremuan ere, bakoitzaren gobernu-organoaren eginkizuna izango da lege honen 19. artikuluan eta hurrengoetan eta lege hau garatzeko egiten den araudian jasotzen diren neurriak aplikatzea.
Bigarrena.– Indarrean jartzea.
Lege hau 2018ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 22a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.