EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2017246

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 11koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Zubimusu Ikastola, Koop. Elk. gizarte-ekimeneko kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela deklaratzeko dena.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-05-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201706271
Maila: Agindua
EGITEZKO AURREKARIAK
1.– 2016ko uztailaren 6an, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailean eskabide bat jaso zen Zubimusu Ikastola, Koop. Elk. gizarte-ekimeneko kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela deklaratzeko; eskabidea Emerencia Guelbenzu Mendizabalek eta Miren Arantxa Zufiarrue Goicoecheak sinatuta zegoen, zeinak artezkaritza-kontseiluko burua eta idazkaria baitira, hurrenez hurren. Eskabide horren oinarrian dago otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuak ezarritako arauzko betekizunak betetzea, dekretu horretan onartzen baita onura publikoko kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua.
2.– 2017ko urtarrilaren 13an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzako Aholkularitza Juridikoaren txostena jaso da, berariaz eskatu ostean, 9. artikulua betetzeko xedez, 7. artikuluari loturik, biak 64/1999 Dekretuarenak, hain zuzen.
3.– 2017ko urtarrilaren 20an, iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 64/1999 Dekretuaren 9. artikuluko 3. paragrafoa betetzeko, eta jendaurreko informazio-denbora ezarri zen, interesdunek espedientea aztertu ahal izateko eta egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, hogei eguneko epean. Epe hori igaro ostean, ez da alegaziorik aurkeztu.
Aurreko egintzei honako hauek aplikatzen zaizkie:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 137.2 artikuluaren arabera, beren funtzioak garatzen dituztenean Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorraren sustapenari laguntzen dioten kooperatibak onura publikokoak direla deklaratuko du Eusko Jaurlaritzak, erregelamenduz ezarritako prozedura, araubide eta eskakizunekin bat.
2.– Artikulu hori garatzeko xedez, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretua onartu zen, zeinaren bitartez onartzen baitzen onura publikoko kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua.
3.– 64/1999 Dekretuaren 7. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedura-izapideak bete dira, Onura publikokoa dela deklaratzeko.
4.– Onura publikokoa dela deklaratu ahal izateko, erakundeak 64/1999 Dekretuaren 5. artikuluko betekizunak zuzen bete dituela egiaztatu da.
5.– Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak dauka eskumena kooperatiba-sozietateren bat onura publikokoa dela deklaratzeko, hala xedatuta dagoelako 64/1999 Dekretuaren 11. artikuluan, Lan eta Justizia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 10.h) artikuluarekin lotuta.
Hori guztia dela eta, aipatutako arauzko manuak eta orokorrean ezartzekoak diren gainerakoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zubimusu Ikastola, Koop. Elk. kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela deklaratzea.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Haren kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke egintza hau eman duen organoari; horretarako epea hilabetekoa izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena den urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 11.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.