EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2017246

274/2017 DEKRETUA, abenduaren 19koa, gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoa.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700274
Xedapenaren data: 2017-12-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201706261
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2009/01/29an argitaratutako 2009/01/20ko 200900011 DEKRETUA indargabetzen du
  • 2012/10/31n argitaratutako 2012/10/16ko 201200205 DEKRETUA indargabetzen du

Dekretu hau onartzen da indarrean dagoen Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak euskal erakundeei ematen dizkien eskumenen esparruan –artikulu horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan– eta arau hauekin bat: Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria; Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua–, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea. Hori guztia ezertan eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua eta bera garatzen duten lege organikoak, ez eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion eskumenak ere.
Apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak, zeinak abenduaren 21eko 6/2001 Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen duen, irakaskuntza nahiz titulu unibertsitario ofizialen egituraketa berria ezarri zuen.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 48. artikuluak eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzko ekainaren 28ko 13/2012 Legeak (aurrerantzean, «Unibasq» soilik) Unibasq-i esleitzen diote Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten unibertsitateen titulazioak ebaluatzeko eskumena.
Bi dira unibertsitate alorreko eskumen autonomikoa zedarritzen duten errege-dekretuak: 1393/2007 Errege Dekretua, urriaren 29koa, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzen duena, eta 99/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, doktoretzako ikasketa ofizialak arautzen dituena. Bi dekretu horien geroko aldaketak –Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskribatutako tituluen egiaztapenaren segimendua nola egin eta nola berritu arautzen duena; unibertsitate-titulu ofizialen egiaztapena berritzeari buruzkoa, eta unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu, baimendu eta egiaztatzeari buruzkoa– jatorriko testuan txertatu, eta testu horren parte nahitaezkoa dira.
Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, halaber, bere 24.3 artikuluan ezartzen duenez, Europako Batzordeak ezarritako kalitate-irizpideak eta -estandarrak betetzen dituzten kalitate-agentziei dagokie titulazio ofizialak egiaztatzea, betiere Goi Mailako Hezkuntzaren Kalitatea Segurtatzeko Europako Elkartean (European Association for Quality Assurance in Higher Education, ENQA) erabateko eskubidezko kideak izatea ahalbidetuko dien kanpo-ebaluazio bat gainditu ondoren eta Kalitatea Bermatzeko Agentzien Europar Erregistroan (European Quality Assurance Registry, EQAR) izena eman ondoren.
Unibasq-ek 2014ko azaroan eman zuen izena EQAR erregistroan, ENQAren egiaztapena lortu ondoren. Aitorpen horrek, beraz, eskumen-titulua ematen dio Agentziari graduko eta graduondoko titulu ofizialak egiaztatzeko, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak berak agindutako eran.
Horri jarraituz, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen urriaren 16ko 205/2012 Errege Dekretua onartu zen.
Gerora, Doktorego Ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua argitaratzearen ondorioz, V. kapitulua indargabetu zen, doktorego-ikasketei buruzkoa baita.
Aipatzekoa da orobat 351/2010 Dekretua, abenduaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Ikastetxe eta Unibertsitate Irakaskuntzen Erregistroa sortzen duena.
Unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu, baimendu eta egiaztatzen dituen maiatzaren 29ko 420/2015 Errege Dekretua, bestalde, unibertsitatearen legegintza-arloaren arau-esparruaren barnean dago, batez ere III. kapitulua, egiaztapen instituzionalari buruzkoa, zuzenean eragiten baitio titulazioen egiaztapenari.
Azkenik, maiatzaren 13ko 195/2016 Errege Dekretuak Doktorearen Unibertsitate Tituluaren Europako Gehigarria emateko betekizunak ezarri zituen.
Titulazioen egiaztapena berritzeari buruzko arau erregulatzaileak sartu dira dekretu honetan, horrela EAEn testu bakarra eta bateratzailea izan dadin unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzea eta kentzea baimentzeko prozesua arautzeko unean.
Modu berariazkoan, unibertsitate-prestakuntzaren euskal esparru sendo, berritzaile eta jasangarri bat sendotzeko zutarriak jartzen ditu Dekretuak. Esparru horren oinarrizko xedeak hauxe behar du izan: Euskal Autonomia Erkidegoaren beharrizan sozioekonomikoei erantzun egokia emateko moduan egongo den eta gaitasun-maila handia izango duen giza kapitala prestatzea. Beste alde batetik, aintzat hartu behar ditu euskal hezkuntza-sistemaren bereizgarritasunak eta indarguneak, eta euskal gizartearenak eta, oro har, europar gizartearenak ere bai.
Hori dela eta, Dekretuak dio Euskal Autonomia Erkidegoko gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak definitzerakoan eta antolatzerakoan men egin beharko zaiela Goi Hezkuntzako Europar Eremua funtsatzen eta gobernatzen duten printzipio eta irizpideei. Bestalde, aipatzen da irakaskuntza hauetan aintzat hartu beharko dela Euskal Autonomia Erkidegoaren egitura sozioekonomikoa eta halaber jaso beharko direla bertako lan-merkatuaren potentzialtasunak eta beharrizanak eta, graduondokoen kasuan, baita jadanik finkatuta dauden ikerketa-lerroak ere.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-graduetan zenbat ECTS kreditu eman behar diren zehazten da, arauz kreditu-kopuru handiagoa behar duten graduko ikasketa ofizialetan salbu. Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren Goi-mailako Lanbide-heziketako titulazioetako unibertsitate-graduko ikasketen aitorpena ere arautzen da.
Bestalde, hiru bektore proposatzen dira graduko eta graduondoko titulazioekin erlazionatuta, Euskal Unibertsitate Sistemaren gaur egungo eta etorkizuneko eskaintzan aurrera egiteko ardatz gisa: metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza, nazioartekotzea eta enpresa eta erakundeekiko harremanak.
Dekretuak, azkenik, irizpide osagarri batzuk jasotzen ditu Euskal Unibertsitate Sistemaren unibertsitate-ikasketen ezaugarriak bektore horien arabera zehazteko.
Dekretu honen aurrekaria urtarrilaren 29ko 11/2009 Dekretua da, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari edo kentzeari buruzkoa. Dekretu berrian proposatzen diren aldaketek 11/2019 Dekretuaren artikulu gehienei eragiten dietenez, xedapen honen bidez hura indargabetzea eta haren ordez dekretu berria idaztea erabaki da.
Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak emandako txostena eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa aintzat hartuta, eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 19an egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen xedea da finkatzea zer irizpide orokor bete behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten unibertsitateek gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezar daitezen edo ken daitezen eskatzeko, eta, horrekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateak bete behar dituen irizpide espezifikoak finkatzea.
2.– Dekretuaren xedea da, halaber, prozedura hauek arautzea: Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten unibertsitateetako ikasketa-planei buruz Unibasq-ek landu behar duen txostenaren prozedura; gradu, master eta doktorego titulu ofizialak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko –eta, hala badagokio, kentzeko– baimena emateko prozedura, eta titulu horien egiaztapena berritzeko prozedura.
II. KAPITULUA
IRIZPIDE OROKORRAK
2. artikulua.– Euskal Unibertsitate Sistemaren titulu ofizialen eskaintzaren harmonizazioa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten unibertsitateek gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena eskatzen dutenean eta Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailak horretarako baimena ematen dienean, baimen horrek Euskal Unibertsitate Sistemaren titulu-eskaintzaren harmonizazioa bilatuko du, osagarritasunaren eta jasangarritasunaren aldetik. Eskaintza jasangarria izango da demografiaren, hezkuntzaren, lanaren eta Goi Hezkuntzako Europar Eremuaren joerek gaur egun ezarri dituzten eskakizunei erantzun egokiena emateko gai dena, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren arazo estrategikoei aurre egiteko gai dena ere, bereziki gazteen lanari eta biziberritze ekonomikoari lotutakoei. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eta haien sail eskudunek, bestalde, Erkidegoaren eskaintza akademikoa osorik hartuta harmonikoa dela begiratuko dute, alegia: titulazioen eskaera sozialaren aldetik justifikaziorik ez duten errepikapenak ez izatea, ezta eskaintzan gabezia nabariak ez izatea ere. Alde horretatik, unibertsitate bakoitzaren titulazioen eskaintza bere zentro eta campusen egituraren araberakoa izan behar da, irizpide nagusia beti eskaintzaren kalitatea dela, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren ondoriozko titulazio-katalogoa osagarria izan behar da.
2.– Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa berrien proposamenak egiteko eta haiek ezartzeko baimena emateko orduan, Euskal Unibertsitate Sistemaren eskaintza hartuko da kontuan. Jada badagoen eskaintza errepikatzera datozen ikasketa berrien proposamenak bereiz aztertu eta onartuko dira, eskaera sozialak baldintzatuta eta Eusko Jaurlaritzan alorreko eskumena duen sailak ezartzen dituen bestelako irizpide objektiboek baldintzatuta.
3.– Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea proposatzeko orduan, gizartearen nahiz ikasleen aldetik benetako eskaera dagoela hartuko da kontuan. Eskaera horrek kanpoko ikerketak eta bermeak izan behar ditu oinarri. Bereziki eskaera urria izan arren euskal gizartearen beharrei erantzuteko behar diren titulazioak aztertuko dira. Lehen aldiz proposatzen diren gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen kasuan, ikasle sartu berrien eskaeraren aurreikuspenak azken urteetan antzeko tituluetan egondako eskaera aipatu beharko du.
4.– Proposatuko diren gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek Euskal Autonomia Erkidegoko egitura ekonomikoa izan beharko dute kontuan, eta bertako lan-merkatuaren potentzialtasunak eta beharrizanak jaso, eta, graduondokoen kasuan, baita jadanik finkatuta dauden ikerketa-lerroak ere. Horretarako, langileekin eta, oro har, titulazioari begira esanguratsua izan daitekeen ingurune profesionalarekin elkarrizketa ireki bat izateko komenigarriak iruditzen zaizkion mekanismoak sortuko ditu titulazioaren ardura duen zentroak; graduondokoen kasuan, gainera, ikerketaren ingurunea ere aintzat hartu behar da.
5.– Unibertsitateek, eskura dituzten finantza- nahiz giza baliabideak kontuan harturik, proposatu duten titulazioaren bideragarritasuna eta jasangarritasuna justifikatu beharko dute.
3. artikulua.– Unibertsitate-irakaskuntza ofizialen euskal esparrua.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak definitzerakoan eta antolatzerakoan men egin beharko zaie Goi Hezkuntzako Europar Eremua funtsatzen eta gobernatzen duten printzipio eta irizpideei.
2.– European Credit Transfer System (ECTS) aplikatuko da, ikasketa-programaren helburuak betetzeko ikasleak egin behar duen lan-kopurua neurtzeko. Neurri-unitate horretan, irakaskuntza teorikoak eta praktikoak sartzen dira, bai eta bideratutako beste jarduera akademiko batzuk ere, barne direla ikasketa-planetako gai bakoitzari dagozkion berezko prestakuntza-helburuak lortzeko ikasleak sartu behar dituen ikasketa- eta lan-orduak.
3.– Aldaketa bat bultzatuko da irakasteko metodologietan, ikaslearen ikasketa-prozesuan zentratuko baitute beren helburua, bizitza osoan zehar luzatzen den testuinguruan. Eredu horretan, egokiro konbinatuko dira irakaskuntza teorikoa, praktikak, mintegiak, irakurketa osagarriak eta ikaskuntzarako beste baliabide batzuk, bai eta ikasgelako eta ikasgelatik kanpoko irakaskuntzak ere.
4.– Arreta berezia jarriko zaio Goi Hezkuntzako Europar Eremuaren arloan ikasle, irakasle eta Administrazio eta zerbitzuetako langileen mugikortasuna sustatzeari.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko graduko unibertsitate-ikasketa ofizialek 240 ECTStan egituratuta egon behar dute, kreditu-kopuru handiago batez araututa dauden titulazioak izan ezik.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak definitzerakoan, Goi-mailako Lanbide-heziketako titulazioen 60 ECTS aitortu ahalko dira, gehienez.
4. artikulua.– Unibertsitate-irakaskuntza ofizialen kategoriak.
1.– Aurrekoaz gain, gizartea jakitunago egon dadin Euskal Unibertsitate Sistemaren ezaugarriez, Euskal Autonomia Erkidegoko gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen eskaintza zenbait kategoriatan banatuko da, honako hiru bektore hauen arabera:
– metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza,
– nazioartekotzea,
– enpresa, instituzio eta beste erakunde batzuekiko harremanak.
Hiru bektoreotan oinarritutako prestakuntza-eskaintzaren kategoriak finkatzeko, oinarrizko maila, tartekoa eta aurreratua planteatuko dira. Unibertsitateen alorreko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez ezarriko dira maila horiek esleitzeko betekizunak. Unibasq agentziak, bestalde, haien ziurtapena egiteko protokoloak eta prozedurak garatu eta publiko egingo ditu.
2.– Metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntzaren bektoreak irakaskuntzan txertatu beharreko metodologia aktiboen ezaugarriak definituko ditu, metodologia horiek ikaslearen ikasketa-prozesuan zentratuko baitute beren helburua, bizitza osoan zehar luzatzen den testuinguruan.
3.– Nazioartekotzearen bektoreak nazioarteko ikasleen inkorporazioaren ezaugarriak definituko ditu, bai eta ikasleen mugikortasuna ere eta Goi Hezkuntzako Europar Eremuaren arloan atzerriko unibertsitateekin batera antolatutako titulazioen edo titulazio bikoitzen eraketa.
4.– Enpresa, instituzio eta beste erakunde batzuekiko harremanen bektoreak unibertsitateen eta enpresen arteko harremanen ezaugarriak definituko ditu, unibertsitate-agiridunek lan-merkatuan integratzeko behar dituzten konpetentziak garatzeko eta enplegu berriak sortzen laguntzeko.
5. artikulua.– Emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna.
1.– Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatuko dute irakaskuntzan. Horrez gain, jakintzaren diziplina eta arlo guztietan ikasleek generoaren arabera modu parekatuan parte hartzea bultzatuko dute.
2.– Era berean, irakaskuntzan nahiz jakintza-alorren gaineko ikerketa-lanetan genero-ikuspegia integratzea zainduko dute, baita hizkuntza modu sexistan ez erabiltzea eta Gizateriaren garapenean emakumeen jakintza eta haiek duten ekarpen soziala eta historikoa barneratzea ere.
6. artikulua.– Euskara gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialetan.
1.– Graduko unibertsitate-ikasketa ofizial guztietan eta haien ikasketa-planetan, oinarrizko prestakuntzako eta nahitaezko irakasgai guztiak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko moduan izango dira, hirugarren hizkuntzen kasuetan salbu.
2.– Master eta doktoregoko ikasketen euskarazko eskaintza, oro har, gaztelaniazkoaren parekoa izango da, eta, horretarako, planifikazio egokia egin beharko da.
3.– Funts publikoekin finantzaturiko gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzean, euskara lehenetsiko da taldeak antolatzeko irizpidea gisa.
7. artikulua.– Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialetan hirugarren hizkuntza sustatzea.
1.– Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek hirugarren hizkuntza ezagutu beharra aurreikusiko dute, titulazioaren konpetentzia orokorren artean. Hirugarren hizkuntza hori ingelesa izango da nagusiki, hizkuntza horretan garatzen baita zientzia gaur egun.
2.– Hizkuntza horiek unibertsitateko jarduera akademikoetan erabiliko dira, maila egokian eta tituludunek titulu bakoitzean izango dituzten beharren arabera. Zehaztu beharko dira hizkuntza horien ikaskuntza erraztuko duten mekanismoak eta aurreikusi diren ebaluatzeko moduak.
8. artikulua.– Espezializazioa edo dibertsifikazio mailakatua.
1.– Graduko ikasketetan, oinarrizko prestakuntza orotarikoa lehenetsiko da, espezializazio goiztiarra saihestuz. Masterreko eta doktoregoko ikasketetan, aldiz, prestakuntza espezializatua lehenetsiko da, oro har.
2.– Gradu, master eta doktoregoaren arteko lotura behar bezala planifikatu beharko da. Titulazioek hasierako espezializazio batera bideratutako prestakuntza-bideak eskain ditzakete graduan, eta ondoren, masterrean, espezializazio profesionalagoa edo ikertzaileagoa.
9. artikulua.– Irakaskuntza erdipresentziala eta urrutikoa.
Euskadiko unibertsitate-ikasketa ofizialen eskaintzak erantzuna eman behar die, ahal den neurrian, kolektibo jakin batzuek prestakuntza ez-presentzialaren alorrean dituzten beharrei. Alde horretatik, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateek prestakuntza erdipresentzial eta urrutiko arautuak emateko eskaintza koordinatua bultzatu behar dute.
10. artikulua.– Kalitatearen bermea.
Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek barne-kalitatea bermatzeko sistemak aurreikusi beharko dituzte, baliabideen kudeaketan etengabe hobetzeko printzipioan eta efizientziaren printzipioan oinarrituta. Hori dela eta, tituluen gaineko jarraipena eta egiaztapena erraztuko duten irizpideak, prozesuak eta mekanismoak zehaztuko dira.
III. KAPITULUA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
11. artikulua.– Ikasle sartu berrien kopurua.
1.– Graduko unibertsitate-ikasketa ofizialek erakutsi beharko dute, gutxi gorabehera bada ere, proposatutako ikasketan 80 ikasle berri inguruk parte hartuko dutela, eta inoiz ez 30 baino gutxiagok, behar bezala arrazoitutako salbuespenak salbuespen, zeinek alorreko eskumena duen sailaren berariazko onarpena beharko duten.
2.– Masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialek erakutsi beharko dute, gutxi gorabehera bada ere, proposatutako irakaskuntzan 20 ikasle berri inguruk parte hartuko dutela, behar bezala arrazoitutako salbuespenak salbuespen. Salbuetsitako kasu horiek Eusko Jaurlaritzan alorreko eskumena duen sailaren berariazko onarpena beharko dute.
12. artikulua.– Euskaraz eskaintzen diren graduko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak.
Oinarrizko prestakuntzako eta nahitaezko irakasgaiak euskaraz eskaintzen dituzten graduko unibertsitate-ikasketa ofizialen kasuan, erakutsi beharko dute, gutxi gorabehera bada ere, proposatutako ikasketan 30 ikasle berri inguruk parte hartuko dutela, eta inoiz ez 20 baino gutxiagok, behar bezala arrazoitutako salbuespenak salbuespen. Salbuetsitako kasu horiek Eusko Jaurlaritzan alorreko eskumena duen sailaren berariazko onarpena beharko dute.
13. artikulua.– Finantzaketa.
1.– Euskal Herriko Unibertsitateak onartutako aurrekontuen kargura finantzatuko da Unibertsitatean ikasketa berriak ezartzea.
2.– Euskal Herriko Unibertsitateak txosten ekonomiko xehatu bat aurkeztu beharko du bultzatu nahi duen titulazio bakoitzeko. Txostenean honakoak jasoko dira: azpiegitura materialari buruzko datuak, irakasleen eta ikertzaileen baliabideei buruzkoak, eta administrazioko nahiz zerbitzuetako langileei buruzkoak, eta finantzazio-iturriak.
IV. KAPITULUA
PROZEDURAK
14. artikulua.– Gradu, master eta doktoregoko ikasketa-planak ebaluatzeko Unibasq-ek egin behar duen txostena lortzeko prozedura.
1.– Unibertsitateak prestatu duen titulazio-memoria Unibertsitate Kontseilura bidaliko da, eta Kontseiluak egiaztatuko du planak betetzen dituela Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren eskakizunak. Ondoren, Unibasq-era bidaliko da titulazio-memoria, hark ebaluazio-txostena, nahitaezkoa eta erabakigarria, eman dezan.
2.– Txostenaren funtzio nagusia izango da gradu, master eta doktoregoko ikasketa-planak ebaluatzea; alegia, baloratzea ea egokiak diren helburuen, edukien eta prestakuntza-programaren aldetik, eta bermatzea kudeaketa eta antolamendu eraginkorrak dituztela, eta prestakuntzarako laguntza-baliabide egokiak eta kalitate-sistema efizientea ere bai.
3.– Unibasq-en Aholku-batzordeak landu eta onartuko ditu, oro har, txostena egiteko erabiliko diren ebaluazio-irizpideak, betiere kontuan harturik dekretu honetan xedatutakoa.
4.– Arlo akademikoko adituek eta arlo profesionalekoek osaturiko batzorde batek egingo du beti ikasketa-planaren ebaluazioa. Aditu horiek ebaluatzaile independenteak izango dira, entzute handikoak, eta Ubibasq-ek aukeratuko ditu.
5.– Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Proposatzen den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialari buruzko txosten justifikatzailea, dekretu honen eranskinaren arabera.
b) Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak Estatuko edo atzerriko unibertsitateekin batera antolatzen badira, haiekin batera ikasketa horiek antolatzeko hitzarmena. Hitzarmen horretan zehaztu beharra dago, gutxienez, zer unibertsitatek izango duen ikasleen espedienteak gordetzeko ardura eta titulua ematekoa nahiz erregistratzekoa, bai eta zer prozedura erabiliko den ere ikasketa-planak aldatzeko edo deuseztatzeko. Atzerriko unibertsitateekin sinatutako hitzarmenen kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateak beti zainduko ditu ematen dituen tituluen espedienteak.
6.– Unibasq-ek txosten-proposamen bat egingo du, behar bezala arrazoitua, ikasketa-planaren alde edo, hala badagokio, egiaztatzeko eta baimentzeko nahitaez aldatu behar diren alderdiak adierazita. Unibasq-ek Unibertsitateari bidaliko dio txosten hori, 20 egun naturaletan alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.
7.– Aurkezten diren alegazioak eta dokumentuak azterturik, behin betiko txostena –aldekoa edo kontrakoa– landuko du Unibasq-ek. Jaurlaritzan unibertsitateen eskumena duen sailari, unibertsitate eskatzaileei, Unibertsitate Kontseiluko Idazkaritzari eta ministerio eskudunari bidaliko die txostena Unibasq-ek.
8.– Txostena kontrakoa bada, errekurtsoa aurkeztu ahal izango du unibertsitateak Unibertsitate Kontseiluaren aurrean, egiaztapena ez onartzearen aurka.
9.– Unibertsitate Kontseiluak ontzat jotzen badu egiaztapena ez onartzearen aurka aurkeztutako erreklamazioa, Unibasq-ek bere gain hartuko du Unibertsitate Kontseiluak ezarritako aditu-batzordeak ebaluazioaz seinalaturiko alderdi zehatzak berrikusteko lana.
15. artikulua.– Graduko, masterreko eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko prozedura.
1.– Dekretu honetan jasotzen diren irizpide espezifikoak kontuan hartuz Unibertsitate Kontseiluak aldeko egiaztapenaren ebazpena eman ondoren, Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailak bertako sailburuaren agindu-proposamen bat landuko du, zeinaren bidez gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena emango baita. Agindu-proposamena Unibertsitateen Euskal Kontseiluari aurkeztuko zaio, ezagut dezan eta txostena egin dezan; Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari ere aurkeztuko zaio.
2.– Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-alorreko eskumena duen sailaren baimen-agindua Unibertsitateari eta Estatuan unibertsitate-alorreko eskumena duen ministerioari bidaliko zaie, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskribatzeko eskatuz.
3.– Unibertsitateak unibertsitate-irakaskuntza ofizial baimenduen ikasketa-plana argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean.
16. artikulua.– Jarraipena.
Behin hasiz gero RUCTn inskribatutako titulu ofizialetako ikasketen ezarpena, egiaztatutako ikasketa-planaren proiektua betetzeari buruzko jarraipena egingo du Unibasq-ek.
17. artikulua.– Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitate-ikasketa ofizialen egiaztapenari eusteko prozedura.
1.– Aldiro-aldiro berritu beharko da gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen egiaztapena, prozedura orokor edo berezi jakin baten bidez eta unibertsitateen alorreko eskumena duen sailburuaren agindu baten bitartez ezarritako epe batzuen barruan.
2.– Prozedura orokorra.
a) Unibasq-en protokolo batek arautuko du egiaztapena berritzeko prozedura. Ikasketak ezartzeko prozedurarekin batera, baimena berritzea ere txertatuta egongo da ikasketa ofizialen egiaztapenari eusteko prozeduran, eta azken erabakia Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko 24.2 artikuluak adierazitako epeen barruan hartu beharko da, prozedura ebazteko 1393/2007 Errege Dekretuko 27 bis artikuluak unibertsitateei esleitzen dien gehieneko epea aintzat hartuta.
b) Prozeduraren abiapuntuan, Eusko Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailean eskaera egin behar du unibertsitateak, unibertsitateen alorreko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez onartzen diren epeen barruan.
3.– Prozedura berezia.
a) Egiaztapen instituzionala lortu duten zentroak dituzten unibertsitateek ez dute zertan aurreko artikuluko prozedura bete ematen dituzten titulazio ofizialen egiaztapenak berritzeko, egiaztapen instituzional horiek indarrean dauden artean.
b) Egiaztatutako zentroari dagozkion unibertsitateko titulazio ofizial guztietarako, hauxe izango da Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroko egiaztapena berritzeko data: Unibertsitate Kontseiluak emandako egiaztapen instituzionalari buruzko ebazpenarena.
4.– Ebaluazio-prozesua.
a) Ebaluazioaren helburua da bermatzea tituluaren garapena bat datorrela egiaztaturiko ikasketa-planarekin (onartzen diren aldaketak barne), baliabide egokiak erabiltzen direla, eta era kontrolatuan egiten dela, tituluaren benetako hobekuntza sostengatzen duen kalitate-bermerako sistema baten laguntzarekin.
b) Ebaluazioak segurtatu behar du informazio publiko garrantzitsu eta esanguratsua Euskal Unibertsitate Sistemako eragile interesdunen esku egotea.
5.– Egiaztapenaren berritzea ez eskatzeak dituen ondorioak.
Euskal Autonomia Erkidegoren eskumen-eremuko unibertsitateren batek erabakitzen badu ez aurkeztea unibertsitate-titulu ofizial baten egiaztapena berritzeko eskaera, tituluak ofizialtasuna eta balioa galduko ditu lurralde nazional osoan, bai eta baimendutako ikasketaren izaera ere, eta baja emango zaio dagokion erregistroan.
18. artikulua.– Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak aldatzea eta kentzea.
1.– Aldaketak.
a) Dekretu honetan aipatzen diren gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-titulu ofizialak lortzeko egin behar diren ikasketa-planen aldaketak unibertsitateek onartu beharko dituzte, aldez aurretik Unibasq-ek txostena emanda, beren antolakuntza eta funtzionamendu arauei jarraituz. Proposatzen diren aldaketa horien onarpena edo ezespena Jaurlaritzan unibertsitateen eskumena duen sailari eta Estatuko ministerio eskudunari bidaliko zaie. Zernahi aldaketa egonez gero –osoro onartua, partez onartua edo ez onartua–, proiektuaren isiltasuna gertatzen bada, Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko 28. artikuluak agindutakoari jarrituko zaio.
b) Aldaketek RUCTen inskribatutako titulu ofizialen erregistro-idazpenetako edukiari eragiten badiote, Unibertsitate Kontseiluari jakinaraziko zaizkio, eta Kontseiluak Unibasq-era bidaliko ditu. Aldaketek ez badute eraginik inskribatutako tituluaren izaeran eta helburuetan, Unibasq-ek onartu egingo ditu, eta jakinaren gainean jarriko du eskaera egin duen unibertsitatea.
c) Aldaketak ez badira onartzen, edo soilik partez onartzen badira, txosten bat bidaliko dio Unibasq-ek Unibertsitate Kontseiluari, gehienez ere hiru hileko epean, eta Kontseiluak txostena aztertu eta ebazpena emango du. Epea amaitu eta ebazpen espresurik ez badago, eskaera baietsi dela ulertuko da.
2.– Ikasketak kentzea.
a) Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak kentzeko erabakia Autonomia Erkidegoarena da, eta horretarako arrazoia bat baino gehiago izan daiteke: unibertsitateak berritzeko eskaera ez aurkeztea, berritzeko prozedura ez gainditzea, edo, zernahi unetan, autonomia-erkidegoko organo eskudunaren ekimenez eta unibertsitatearen gobernu-kontseiluaren adostasunez, edo unibertsitatearen beraren ekimenez, gobernu-kontseiluak proposatuta, kasu biotan Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren betiere.
b) Titulu ofiziala kentzeko, Unibasq-en txosten bat beharko da aldez aurretik, zeina unibertsitateari eta unibertsitate alorreko eskumena duen sailari bidaliko zaion.
c) Titulua kenduz gero, ofizialtasuna eta balioa galduko ditu lurralde nazional osoan, bai eta baimendutako ikasketaren izaera ere, eta baja emango zaio dagozkion erregistroetan.
d) Titulua kentzeari buruzko jakinarazpena unibertsitateari, Jaurlaritzan unibertsitateen eskumena duen sailari eta Estatuko ministerio eskudunari bidaliko zaie.
3.– Unibertsitateek gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialei ekin dieten ikasleei ikasketa horiek amaitzeko aukera bermatu beharko diete, legediarekin bat eta, bereziki, aplikagarriak diren iraunkortasun-arauekin bat.
19. artikulua.– Baimena errebokatzea.
1.– Titulazioa errebokatuko da baldin eta egiaztaturiko ikasketa plana edo baimena emateko baldintzak, bietako bat, betetzen ez bada.
2.– Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena eman ondoren jakiten bada unibertsitateak ez duela betetzen baimena eskatzean bere gain hartu zuen konpromisorik edo baldintzarik, horren jakitun ipiniko du Jaurlaritzan unibertsitateen eskumena duen sailak delako unibertsitate hori, zuzenketa egin dezan. Ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, sail horrek baimena errebokatzeko prozedurari ekingo dio.
3.– Baimena errebokatzeko prozedura unibertsitateen alorreko eskumena duen sailburuaren agindu batez hasiko da, zeinak gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena errebokatuko baitu. Gainera, titulu horri baja emango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Ikastetxe eta Unibertsitate Irakaskuntzen Erregistroan, eta unibertsitateari eta Estatuko ministerio eskudunari jakinaraziko zaie RUCTn baja eman behar zaiola titulu horri.
4.– Unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimen bat errebokatzen denean, ikasketa horiek egiten ari diren ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko neurri egokiak hartuko ditu unibertsitateen alorreko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak.
20. artikulua.– Batera antolatzen diren ikasketak ebaluatzeko prozedura.
1.– Unibertsitate koordinatzailea Euskal Unibertsitate Sistemaren barruan badago, dekretu honen arabera egingo da ebaluazioa.
2.– Unibertsitate koordinatzailea Euskal Unibertsitate Sistematik kanpokoa bada, kasuan kasuko agentziaren arabera egingo da ebaluazioa.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ohiz kanpoko finantzazioa.
Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen bat ezartzearen ondorioz Euskal Herriko Unibertsitateak langile gehiago edota baliabide material gehiago behar baditu, halaxe jaso beharko da txosten ekonomikoan. Horretarako, nahitaezko baimena eskatu beharko dio Jaurlaritzan unibertsitateen alorreko eskumena duen sailari.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eliza Katolikoaren unibertsitateak.
Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko seigarren xedapen gehigarriaren arabera, ikasketa horietan eta graduatu, unibertsitateko master edo doktore titulu ofizialak lortzeko eta emateko orduan, Eliza Katolikoaren unibertsitateek Espainiaren eta Vatikanoaren arteko 1979ko urtarrilaren 3ko Hitzarmenetan xedatutakoa beteko dute.
Nolanahi ere, hala nahi duten Eliza Katolikoaren unibertsitateek ikasketa-planei buruzko Unibasq-en aurretiko txostena lortzeko prozedurari hel diezaiokete, zeina dekretu honen 14. artikuluan arautzen baita, indarrean dauden araudiekin bat aplika dakiekeena eragotzi gabe.
Era berean, beren titulu ofizialen egiaztapena berritzeko, Eliza Katolikoaren unibertsitateek ebaluazio prozedura bat gainditu beharko dute, dekretu honetan ezarritako epeen barruan, unibertsitateen alorreko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez agintzen den egunetik zenbatzen hasita eta dekretu honen 17. artikuluan ezarri diren baldintzetan.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten dira urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretua, gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeari edo kentzeari buruzkoa, eta urriaren 16ko 205/2012 Dekretua, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea eta aldatzea.
Oro har, tituluak lortzeko urte akademiko jakin batean ezarri edo aldatu nahi diren gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen eskabide-espedienteak aurreko urteko azaroaren 1a baino lehen aurkeztu beharko zaizkio Unibasq-i.
AZKEN XEDAPENENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 19an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
274/2017 DEKRETUA, ABENDUAREN 19KOA ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN EGOITZA SOZIALA DUTEN UNIBERTSITATEEN IKASKETA-PLANEI BURUZ UNIBASQ EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATEA AGENTZIAK EMAN BEHAR DUEN TXOSTENAREN EDUKIA
GRADUA ETA MASTERRA:
1.– Tituluaren deskribapena:
– Oinarrizko datuak.
– Kredituen banaketa.
– Titulua ematen duten zentroei loturiko informazioa.
2.– Titulu ofizial bat lortzeko egin behar den ikasketa-planaren justifikazioa:
– Proposatutako tituluaren justifikazioa, haren interes akademikoa, zientifikoa edo profesionala arrazoituz:
▪ Titulu ofiziala gradu, master eta doktoregoko prestakuntza-mailara egokitzea.
▪ Estatuko edo nazioarteko beste unibertsitate batzuetan antzerako tituluak lortzeko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak egotea. Tituluen arteko bereizketa unibertsitate berean.
▪ Eskariaren aurreikuspena.
▪ Titulu ofizialaren prestakuntza-alorrean dagoen eskaintza.
▪ Titulu ofizialaren ingurune sozialaren, produktiboaren nahiz zientifikoaren garrantzia.
▪ Titulu ofizialaren esparru akademiko/profesional berean unibertsitateak duen irakaskuntza-esperientzia.
▪ Titulu ofizialaren esparru zientifiko berean unibertsitateak duen ikerketa-esperientzia.
– Kanpoko erreferenteak.
– Ikasketa-plana egiteko erabilitako barne eta kanpoko kontsultarako prozeduren deskribapena.
3.– Konpetentziak:
– Oinarrizko konpetentziak eta konpetentzia orokorrak.
– Zeharkako konpetentziak.
– Konpetentzia espezifikoak.
4.– Ikasleak sartzea eta onartzea:
– Aurretiko informazio-sistema.
– Sartzeko betekizunak eta onartua izateko irizpideak.
– Ikasleentzako laguntza.
– Kredituak transferitzeko eta aitortzeko sistemak.
– Gradura egokitzeko ikasturtea.
– Masterrerako prestakuntza-osagarriak.
5.– Irakaskuntzen plangintza:
– Ikasketa-planaren deskribapena.
– Prestakuntza-jarduerak. Irakasteko metodologiak. Ebaluazio-sistemak.
– Ikasketa-planaren xehakapena (moduluak - ikasgaiak).
6.– Pertsonal akademikoa:
– Irakasleak.
– Beste giza baliabide erabilgarri batzuk.
– Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen tratamendu ez-diskriminatzailea segurtatzeko mekanismoak.
7.– Baliabide materialak eta zerbitzuak:
– Eskura dauden baliabide materialen eta zerbitzuen egokitasunaren justifikazioa.
8.– Aurreikusitako emaitzak:
– Adierazleentzat kalkulatutako balio kuantitatiboak eta haien justifikazioa.
– Aurrerapena eta emaitzak baloratzeko prozedura.
9.– Kalitatea bermatzeko sistema.
10.– Egutegi akademikoa:
– Titulua ezartzeko kronograma.
– Aurreko unibertsitate-antolamendutik datorren ikaslerik badago, ikasle horiek ikasketa-plan berrira egokitzeko prozedura.
– Proposatutako tituluaren ezarpenaren ondorioz ezabatzen diren irakaskuntzak.
11.– Txosten ekonomikoa: unibertsitate-irakaskuntza ofizialari lotutako sarrerak, gastuak eta inbertsioak (Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan soilik).
12.– Gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna.
13.– EAEk dituen prestakuntza-beharretara egokitzea.
14.– Goi Hezkuntzako Europar Eremuaren printzipioetara egokitzea.
15.– Euskal Unibertsitate Sistemaren gaur egungo eta etorkizuneko eskaintzaren aurrerabiderako bektoreetara egokitzea.
16.– Genero-ikuspegia txertatzea proposatzen den unibertsitate-irakaskuntzan: ikasleen harrera eta orientazioa, irakasleak, planifikazioa...
17.– Euskarazko irakasgaiak eta kredituak eskaintzea.
DOKTOREGOA:
1.– Tituluaren deskribapena:
– Oinarrizko datuak.
– Titulua ematen duten zentroei loturiko informazioa.
– Testuingurua.
– Kolaboratzaileak.
2.– Konpetentziak:
– Oinarrizko konpetentziak.
– Gaitasun eta trebetasun pertsonalak.
– Bestelako konpetentziak.
3.– Ikasleak sartzea eta onartzea:
– Aurretiko informazio-sistema.
– Sartzeko betekizunak eta onartua izateko irizpideak.
– Matrikulatutako ikasleak.
– Prestakuntzaren osagarriak.
4.– Prestakuntza-jarduerak:
– Oinarrizko datuak.
– Kontrol-prozedura.
– Mugikortasun-jarduerak.
5.– Antolamendua:
– Tesiak gainbegiratzea.
– Doktoregaiaren jarraipena.
– Doktorego-tesiak aurkezteko eta irakurtzeko araudia.
6.– Giza baliabideak:
– Ikerketa-ildoak eta -taldeak.
– Tesiak baimentzeko eta zuzentzeko lana zenbatzeko mekanismoak.
7.– –Doktoregaiek eskura dituzten baliabide materialak eta laguntza:
– Eskura dauden baliabide materialen eta zerbitzuen egokitasunaren justifikazioa.
8.– Programaren berrikuspena, hobekuntza eta emaitzak:
– Kalitatea bermatzeko eta balio kuantitatiboak kalkulatzeko sistema.
– Prozesua eta emaitzak baloratzeko prozedura orokorra.
– Programaren azken bost urteetako emaitzei buruzko datuak eta aurreikusitako emaitzei buruzkoak.
9.– Txosten ekonomikoa: unibertsitate-irakaskuntza ofizialari lotutako sarrerak, gastuak eta inbertsioak (Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan soilik).
10.– Gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna.
11.– EAEk dituen prestakuntza-beharretara egokitzea.
12.– Goi Hezkuntzako Europar Eremuaren printzipioetara egokitzea.
13.– Euskal Unibertsitate Sistemaren gaur egungo eta etorkizuneko eskaintzaren aurrerabiderako bektoreetara egokitzea.
14.– Genero-ikuspegia txertatzea proposatzen den unibertsitate-irakaskuntzan: ikasleen harrera eta orientazioa, irakasleak, planifikazioa...
15.– Euskarazko irakasgaiak eta kredituak eskaintzea.