EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017245

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 14koa, Hezkuntzako sailburuordearena, zeinaren bidez jakinarazten baita zein itunpeko ikastetxek jarraituko duten Ulibarri programan, zeintzuk sartuko diren 2017-2018 ikasturtean, zein ordu-kopuru dagokien, eta zein itunpeko ikastetxek utzi duten programa.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-12-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201706228
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2003/12/31n argitaratutako 2003/12/23ko 200300323 DEKRETUA
  • Ikus 2017/04/27an argitaratutako 2017/04/25eko AGINDUA [201702137]

323/2003 Dekretuak Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Dekretu horrek ezarritakoaren bidetik, Hezkuntza Sailak 2017ko apirilaren 25eko Agindua eman zuen (apirilaren 27ko EHAA). Agindu horretan ezartzen da ikastetxeek gehienez zenbat diru izango duten Ulibarri programarako 2017-2018 ikasturtean eta zer baldintza bete behar dituzten programan sartzeko edo jarraitzeko.
323/2003 Dekretuaren III. kapituluko 7. artikuluan zehazten den Jaba batzordea 2017ko ekainaren 15ean bildu zen. Ulibarriren barruan dauden ikastetxeen berrikuspena egin eta gero, zera ikusi da: gaur egun Ulibarrin dauden itunpeko ikastetxeak 2013-2014 ikasturtean egindako lau urteko proiektuaren arabera ari direla normalkuntza-lanetan, eta guztiek adierazi dute programan jarraitzeko asmoa. Hortaz, programan jarraitzeko eskabidea egin duten ikastetxe guztiek jarraipena izango dute Ulibarri programan 2017-2018 ikasturtean.
Bestalde, La Milagrosa ikastetxeak ere egin zuen jarraitzeko eskabidea, baina 2017ko ekainaren 12an uko egin zion eskabideari ikastetxea itxi egingo delako. Aurrekoaz gain, Nuestra Señora del Carmen ikastetxeak programan sartzeko eskabidea egin du, baina Jarraipen Batzordeak iritzi dio aurkeztutako dokumentazioa ez zaiola egokitzen deialdian eskatzen denari. Beraz, eskabideari uko egitea ebatzi da, eta beraiekin harremanetan jartzea, datorren ikasturtean ikastetxe gonbidatu izan dadin eta, dagokion berritzeguneko HNTaren laguntzarekin, diagnostikoa eta lau urteko plana egin dezan, hurrengo ikasturtean Ulibarri Programan sartzeko.
Beraz, datorren ikasturtean Ulibarri Programan egongo diren ikastetxeak aurreko ikasturteko berberak izango dira, La Milagrosa izan ezik.
Ondorioz, eta Batzordearen proposamenari jarraikiz, ebazpen honetan zehazten da zein itunpeko ikastetxek jarraitzen duten Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuetan, zein itunpeko ikastetxek sartuko diren 2017-2018 ikasturtean, zein ordu-kopuru dagokien eta, azkenik, zein ikastetxek utzi duten programa. Horren haritik, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Hezkuntza Sailaren 2017ko apirilaren 25eko Aginduaren ildotik, Ulibarri programan sarbidea eskatu eta onartutako itunpeko ikastetxeen zerrenda argitaratzea I. eranskinean.
2. artikulua.– Datorren ikasturtean, 2017-2018an, alegia, jarraituko duten ikastetxeen zerrenda argitaratzea II. eranskinean.
3. artikulua.– 2017-2018 ikasturterako programa utziko duten ikastetxeen zerrenda argitaratzea III. eranskinean.
4. artikulua.– Hainbanaketa orokorra egin ondoren, ikastetxe berrientzat jarritako diru-kopurutik soberan gelditu dena programan jarraipena eskatu dutenentzat gordeta zegoenari gehitzea.
5. artikulua.– Programan dauden ikastetxeen oraingo onarpen-jarraipena berrikusi ahal izango du Hezkuntza Sailak, ikastetxe bakoitzak 2017ko abenduaren 31 arte egindako ibilbidea aztertu ondoren; betiere, Hizkuntza Normalkuntzako Proiektu hauen funtzionamendua eta jardunbidea arautzen duen dekretuaren eta hori garatzen duten lege-xedapenen arabera.
6. artikulua.– 323/2003 Dekretuak arautzen duenari jarraikiz, ordainketa bi zatitan egingo da ekitaldi bakoitzean dauden diru-baliabideei egokituta. Aurten, zenbateko osoaren % 20 ordainduko da lehen ordainketaren bitartez, eta gainontzekoa ikasturte bukaeran, memoria aurkeztu eta onartu ondoren.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza sailburuari hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 14a.
Hezkuntzako sailburuordea,
MIREN MAITE ALONSO ARANA.