EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017244

133/2017 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta CEAR-Euskadi (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin) Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena, giza eskubideen defendatzaileak aldi batez babesteko Euskal Programa sendotzeko eta Eusko Jaurlaritzak defendatzaileak babesteko agente gisa dituen gaitasunak indartzeko proiektu bat finantzatu ahal izateko.

Xedapenaren zenbakia: 201700133
Xedapenaren data: 2017-12-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201706206
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta CEAR-Euskadi (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin) Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena, giza eskubideen defendatzaileak aldi batez babesteko Euskal Programa sendotzeko eta Eusko Jaurlaritzak defendatzaileak babesteko agente gisa dituen gaitasunak indartzeko proiektu bat finantzatu ahal izateko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 13a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 13KO 133/2017 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA CEAR-EUSKADI (ERREFUXIATUEN LAGUNTZARAKO BATZORDEA EUSKADIN) ELKARTEAREN ARTEKO HITZARMENA, GIZA ESKUBIDEEN DEFENDATZAILEAK ALDI BATEZ BABESTEKO EUSKAL PROGRAMA SENDOTZEKO ETA EUSKO JAURLARITZAK DEFENDATZAILEAK BABESTEKO AGENTE GISA DITUEN GAITASUNAK INDARTZEKO PROIEKTU BAT FINANTZATU AHAL IZATEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 15a.
BILDU DIRA:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Etcheverry jauna, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera– zeinak Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jardun baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2.e) artikuluan eta aipatutako Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen 95/2010 Dekretuaren 11.1.e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Patricia Bárcena García andrea, CEAR-Euskadi (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin) Elkartearen –aurrerantzean, CEAR-Euskadi– zuzendaria, ahalmen nahikoarekin haren izenean eta hura ordezkatuz jarduteko.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzeko ardura duena ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko. Gainera, bere 2014-2017 Gida Planean lehentasun sektorial gisa eskubide unibertsalak eta zeharkako lerro gisa giza eskubideak ezartzen dira.
Bigarrena.– CEAR-Euskadi 1996an eratu zen formalki, eta nazioarteko babesaren premia duten eta/edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden errefuxiatu, desplazatu, aberrigabe eta migratzaileen giza eskubideak eta garapen integrala defendatzea eta sustatzea da bere eginkizuna. Hasieratik, bere interes-arloetako instituzio eta erakundeekin lankidetzan jardun du, eta aukera eman diote bere bi prozesu handien bateratze-lana egiteko eta prozesu horiek aberasteko: esku-hartze soziala eta eragin eta partaidetza soziala. CEAR-Euskadik, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Defendatzaileak aldi batez babesteko Euskal Programa kudeatzen du 2011. urtean sortu zenetik.
Hirugarrena.– Munduko eskualde eta herrialde askotan giza eskubideen defendatzaileek mehatxuak eta jazarpenak jasaten dituzte, beraien bizitza eta osotasun fisiko eta psikologikoa arriskuan jartzen dituztenak, baita euren familia, kolektibo eta komunitateenak ere.
Pertsona horien hilketek eta aurkako eraso eta mehatxuek munduan joera orokor eta kezkagarria izaten jarraitzen dute. Justizia-sistema askotan euren lana baldintzatzeko, haiek isilarazteko eta euren sinesgarritasuna ahultzeko erabili ohi dute, kriminalizazioa eta inpunitatea nagusituz. Gizarte-protestak indarra neurriz kanpo erabiliz zapaltzen dira eta estigmatizazio-kanpainak martxan jartzen dira, beste hainbat indarkeria-ekintzaren artean.
Horietako askok jasaten duten babesgabetasun-egoerak giza eskubideen alde egiten duten zeregin legitimo eta eraldatzailea larriki oztopatzen du. Aldi Batez Besteko Programak nazioarteko laguntza- eta elkartasun-tresnak dira, batetik, pertsonen osotasun fisiko eta psikologikoa babesten eta, bestetik, harrera-herrialdeetako erakunde, mugimendu eta instituzioekin egindako artikulazioaren bitartez jatorrian giza eskubideak defendatzeko prozesuei eusten laguntzen dutenak.
Giza eskubideen defendatzaileen babesa erabat gomendatuta dago nazioarteko eremuan, eta lege-esparrua dauka Europan eta estatuan. Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoaren (NBGEGKB) arabera, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak (bakarka edo beste batzuekin batera) giza eskubideak sustatzen edo babesten ahalegintzen dira. Termino zabala da; izan ere termino horrek edozein giza eskubideren (banakakoak edo kolektiboak) urraketa benetan desagerrarazten laguntzen dutenak eta giza eskubide horiek benetan gauzatzea sustatzen dutenak biltzen ditu.
Laugarrena.– 2011n, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak, Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programa abian jarri zuen, eta orduz geroztik CEAR-Euskadik kudeatu du. Gaur egun, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza da Programaren buru.
Bestalde, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Programaren Hautespen Batzordean parte hartzen du eta ekimen horretan aktiboki parte hartu du sortu zenetik. Modu osagarrian, dituen eskumenak direla medio, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak giza eskubideen defendatzaileekin zuzeneko harremana du, baita gai horretan laguntzen duten gizarte-erakundeei emandako laguntzaren bitartez ere.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua alderdi sinatzaileen arteko (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta CEAR-Euskadi) harremanak arautzea da, Eusko Jaurlaritzak defendatzaileak babesteko agente gisa dituen gaitasunak indartzea eta Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programa sendotzea helburu duen proiektu bat elkarrekin finantzatzeko. Programa horrek euren jatorrizko herrialdeetan garatzen duten jardueraren ondorioz euren osotasun fisiko eta psikologikoa mehatxatuta ikusten duten giza eskubideen defendatzaileak babestu nahi ditu, Euskadin urtean hiru pertsonari harrera eginez hiru hilabeteko aldi baterako.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
1.– Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programa sendotzeari dagokionez hitzarmen honekin lortu nahi diren helburuak honako hauek dira:
1. emaitza. Defendatzaileen eta parte hartzen duten erakundeen hautespen-prozesua eginda egotea.
2. emaitza. Defendatzaileentzako aldi baterako harrera-prozesua eginda egotea.
3. emaitza. Defendatzaileen eta erakundeen itzulerarako laguntza-prozesua eginda egotea.
4. emaitza. Nazioarteko babesaren alorreko sare eta aliantzekin Programaren bideratze-prozesua eginda egotea.
Aurreko emaitza horiek aipatu Programaren berezko emaitzak dira, eta hitzarmen honek horiek lortzen lagundu nahi du bere koordinazioa eta babes-sarea indartuz. Horrez gain, hitzarmenak bosgarren emaitza bat aurkezten du:
5. emaitza. Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia defendatzaileak babesteko agente gisa indartzeko prozesu bat sustatu da.
2.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jardueren egikaritzapena.
Jarduerak egikaritzeko epea 36 hilabete izango da, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua ehun eta hirurogei mila euro eta zero zentimo da (160.000,00); kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
CEAR-Euskadi aurreko klausuletan hitzartutako ekintza guztien egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz arduratuko da, eta baita erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian jasotakoen egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz ere.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ehun eta hirurogei mila euro eta zero zentimoko (160.000,00) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio CEAR-Euskadiri:
% 40, hau da, hirurogeita lau mila euro eta zero zentimo (64.000,00), hitzarmena sinatu ondoren.
Beste % 30 osagarri bat, hau da, berrogeita zortzi mila euro eta zero zentimo (48.000,00), diru-laguntzaren % 32ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Gainerako % 30a, hau da, berrogeita zortzi mila euro eta zero zentimo (48.000,00), diru-laguntzaren % 56ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Diru-laguntzaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili behar duen banku-kontua.
CEAR-Euskadik ES46 2095 0002 6091 1186 0993 zenbakiko banku-kontua erabiliko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferituko dizkion funtsak kudeatzeko berariazko kontu gisa (eurotan). Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Ondasunen jabetza eta jabetza intelektuala.
1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin eskuratutako ondasunak CEAR-Euskadiren jabetzakoak izango dira.
2.– Hitzarmen honen finantzaketarekin garatutako dokumentu eta materialen jabetza intelektuala CEAR-Euskadirena izango da.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
CEAR-Euskadiren bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek gutxienez ohiko bilera bat egingo du lehen egikaritze-urtearen amaieran, eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren; beste bilera bat, bigarren egikaritze-urtearen amaieran, eta/edo 2. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta hirugarren bilera bat, gauzatzea amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
CEAR-Euskadik baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.
1.– Sinatu eta hurrengo egunetik hasiko da indarrean hitzarmena, eta 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.
2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.
3.– Era berean, Hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena modu alde bakarrean, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.
4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da, hitzarmena amaitu baino hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
CEAR-Euskadiko zuzendaria,
PATRICIA BÁRCENA GARCÍA.