EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017244

271/2017 DEKRETUA, abenduaren 19koa, Bilboko «Asociación de Asistencia Social Argibe» elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700271
Xedapenaren data: 2017-12-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201706205
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, Bilboko «Asociación de Asistencia Social Argibe» elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, egiten duen lanagatik.
«Asociación de Asistencia Social Argibe» Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen, 2013ko ekainaren 27an, AS/B/17657/2013 erregistro-zenbakiarekin.
Elkarteak, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen ditu bere eginkizunak.
Eratu zenetik, «Asociación de asistencia social Argibe» elkarteak bere helburuak lortzeko behar diren jarduera guztiak egiten ditu; helburu horiek elkartearen estatutuen 2.1 artikuluan jasota daude:
«Elkartearen asmoa da elkartasun-bideak irekitzea, egoera ahulean daudenei arreta eskaintzeko boluntariotza sustatuz, prestatuz eta koordinatuz, eta, hartara, gizarte bidezkoago eta bihozberago bat lortzen laguntzea. Horretarako, elkarteak gizarte-ekintzako eta boluntariotzako programak garatzen ditu, premia-egoeran daudenei zuzenduak, izan gaixotasunagatik, bazterketagatik, minusbaliotasun fisiko eta psikikoagatik, pobreziagatik, familiatik deserrotzeagatik edo bakardadeagatik, egoera horietako arrazoiak edozein direla ere. Elkarteak, hortaz, laguntza integrala ematen die, legez aitortuak dituzten giza eskubideak baliatzen laguntze aldera. Elkarteak, bere helburu sozialak betetze aldera, honako xede hauek ditu:
a) Berehalako tratu pertsonal eta hurbila ematea mina, gaixotasunen bat, bakardadea, marjinazioa, gizarte-bazterketa edo mendekotasuna pairatzen dutenei.
b) Haien senideei babesa ematea, arreta eta laguntasuna emanez, edo laguntza-zereginetan beraien ordez jardunez, atseden har dezaten.
c) Erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea, izan erakunde sanitario edo gizarte-laguntzako, bai ospitaletan, bai egoitzetan.
d) Elkarteko boluntarioei prestakuntza eta kualifikazioa ematea, beraien egitekoa hobeto bete dezaten.
e) Antzeko xedeak dituzten elkarteekin lankidetzan jardutea, zerbitzuen kalitatea hobetzeko.
f) Gizartea oro har sentsibilizatzea behartsuen egoerari buruz, hain zuzen ere, kontzientzia solidarioa sendotzeko, batik bat gazteen artean, eta, hala, behartsuen egoera soziala hobetzea.»
Bete dira honako arau hauetan ezarritako betekizunak: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretuan eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretua.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta.
Aipatu artikuluan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.2.f) artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, dagokion espedientea izapidetu da, eta sail eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, aurkeztutako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 19an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Asociación de asistencia social Argibe» elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/B/17657/2013 erregistro-zenbakiarekin.
Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 19an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.