EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017244

ERABAKIA, 2017ko abenduaren 14koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, AZPko lan kontratudun langileen Negoziazio Mahaiak urriaren 23an hartutako erabakia berresten duena eta administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen 2017.urteko lan eskaintza publikoa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2017-12-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201706203
Maila: Akordioa
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Euskal funtzio publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 legearen 23. artikuluak (azaroaren 7ko 16/1997 legeak eragindako aldaketaren arabera) aurreikusten du administrazio publiko bakoitzean diren giza baliabideekin bete ezin litezkeen giza premiak, aurrekontu esleipenik dutenak, lan eskaintza publikoen bidez beteko direla. Artikulu beraren arabera, administrazio horrek adieraziko du zer postu huts bete behar den, bai langile funtzionarioen kasuan bai lan kontratudunen kasuan.
Bestetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuen 59. artikuluak eta hurrengoek adierazten dutenez, Unibertsitateak, bere autonomiaz baliatuz, administrazio eta zerbitzuetako langileak aukeratuko ditu, funtzionarioak edo lan kontratudunak, bere lan eskaintza publikoaren arabera.
Lan eskaintza publiko hau AZPko lan kontratudunen eta AZPko funtzionarioen negoziazio mahaien 2016ko ekainaren 9ko eta ekainaren 30eko erabakietan jasotako aurreikuspenen barruan kokatzen da, eskaintza prozesu bakarrean batera egiteko 2016ko LEPerekin batera.
Guztira 33 plaza izango dira, 2016. urteari dagokion birjarpen tasaren % 100 betetzeko beste, legeak agindutako ehuneko honetatik gora ezin joan baitaiteke.
Indarrean dagoen Hitzarmen Kolektiboak behartu egiten du, lehenik eta behin, lanpostuak betetzeko prozesu bat eta barne promozioko prozesu bat egitera, eta prozesu horien ondoren, abian jarriko lirateke sarrera prozesuetarako deialdirako baliabideak.
Lan eskaintza publiko honek helburuko lanpostuak jada aztergai izan dira aldez aurretiko eskaintzan, administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudunen III. Hitzarmen Kolektiboaren 15. eta 16. artikuluetan ezarrita bezala.
Akordio honetan, aintzat ere hartzen da desgaituentzako gorde beharreko plazen erreserba, nahiz eta kategoria eta espezialitate bakoitzeko ezarri beharreko portzentajea zein den bere deialdian zehaztuko den.
Funtzio publikoaren erreformarako neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 18. artikuluan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. artikuluan eta UPV/EHUren indarreko estatutuen 81. artikuluan xedaturikoarekin bat etorrita, Gerentziaren proposamenari jarraituz eta AZPko lan kontratudunen negoziazio mahaiaren 2017ko urriaren 17ko eta 23ko bileretan sindikatuen gehiengoarekin aldez aurretiko akordioa lortu ondoren, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– AZPko lan kontratudunen Negoziazio Mahaiaren 2017ko urriaren 23ko Erabakia berrestea.
AZPko lan kontratudunen Negoziazio Mahaiak 2017ko urriaren 23an administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudunen 2017ko lan eskaintza publikoari buruz hartutako erabakia berresten da.
Bigarrena.– 2017. urterako lan eskaintza publikoa onartzea.
Euskal funtzio publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. artikuluak xedaturikoarekin bat etorrita, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen 2017. urterako enplegu publikoaren eskaintza onartzen da, erabaki honetan ezarri diren baldintza eta zehaztapenen barruan.
Hirugarrena.– Lan eskaintza publikoaren kuantifikazioa.
Lan eskaintza publikoan sartzen dira honako akordio honen eranskinean zerrendatutako plaza hutsak, aurrekontu esleipena izanik eta talde, kategoria, espezialitateka sailkatuta.
Laugarrena.– Hautaketa prozesuetan aplikatu beharreko irizpide nagusiak.
Eskaintza honen ondorioz egingo diren hautapen prozesuek, UPV/EHUren premietara egokien moldatuko diren profil profesionalak dituzten hautagaiak balioetsi eta hautatzeko xedea izango dute eta, honetara, deialdi guztiak, langileak hautatzeko prozesu guztietan agintzen duten berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak erabat errespetatuz, oposizio-lehiaketa bidez egingo dira, eta honako irizpide orokor hauek beteko dituzte:
a) Hautaketarako programa eta probak bete beharreko lanpostuei lotutako trebetasunak eta gaitasunak ebaluatu eta izangaiak hautatu ahal izateko modukoak izango dira.
b) Lehiaketa fasearen baremoan jaso beharko da antzerako funtzioetan jardun diren hautagaiek denbora tarte batean egiaztatuko luketen esperientzia lehenespenaz balioztatzeko ere.
c) Hautapen probetarako hautapen batzorde edo epaimahairen osaketa gizon eta emakumeen arteko parekotasunaren irizpideari eta inpartzialtasun eta profesionaltasun irizpideei lotuko zaie.
d) Hautapen batzorde edo epaimahaien osaketari dagokionean, desgaituen parte hartzea sustatuko da, desgaituentzako txanda duten probetan.
e) Pertsonalerako gerenteordetzaren web orrian, esteka bat jarriko da hautapen prozesuei eskainita eta bertan jasoko dira deialdi guztiak eta hauen ondoriozko ekintza eta gertakari guztiak, ahal denean eta hautagaien erosotasuna areagotzearren, onartu eta kanporatutako gurakoen zerrendak jasoz, bai eta ariketa bakoitza gainditu dutenen zerrenda ere, zein bere NAN, deiturak eta izena adierazita.
Bosgarrena.– Desgaituak.
1.– Deialdietan ez da baztertzerik eginen ezintasun psikiko edo/eta fisikoengatik, egin beharreko ataza edo eginkizunak egiteko bateraezintasunak betiere ezertan ukitu barik, unean uneko deialdia argitaratzen denean indarrean dagoen arau aplikagarrietara betiere moldatuta.
2.– Ondorio honi begira, bai administrazioak nola hautapen epaimahaiek txostenik edo laguntzarik eskatuko ahal diete organo tekniko eskudunei. Era berean, administrazio organo eskudunaren diktamena ere eskatu ahal izango dute, hautagaiak deialdiaren helburuko plazetan garatu ohi diren jarduerak gauzatzeko lukeen gaitasunaren inguruan.
3.– Eskaintza hau osatzen duten plaza guztietatik, ehuneko zazpiren gutxieneko kupoa gordeko da, eskaintza honen ondorioz egin beharreko hautapen probetarako deialdietan, minusbaliotasun maila ehuneko 33ren berdina edo goragokoa duten pertsonen artean bete daitezen.
4.– Desgaituei gordetako plazen artean, hutsik geratuko liratekeenak txanda libreari gehituko ahal zaizkio.
5.– Hautaketa prozesuetan, denbora eta bitartekoei dagokienez, egin beharreko egokitzapenak egingo dira, halakorik eskatuko luketen ezgaituentzat; hauen eta gainontzeko hautagaien arteko baldintza berdintasuna bermatzeko asmoz.
Seigarrena.– EHAAn argitaratzea.
Erabaki hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Hautapen prozesuen kudeaketarako ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia arrazoiak direla eta, 2016ko eta 2017ko lan eskaintza publikoak batera barne hartuko lituzkeen prozesu global batean bildu daitezke. Lan eskaintza publikoak batera burutuko dira hautapen prozesuaren deialdi bakarrean, non eskaintzetako plaza hutsen kopurua adieraziko den.
Deialdien oinarriak AZPko lan kontratudunen Negoziazio Mahaian negoziatuko dira eta, Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dira argitara.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Leioa, 2017ko abenduaren 14a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
ERANSKINA: 2017. URTEA
Lan kontratudunak (33 plaza).