EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017243

IRAGARKIA, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAko (SPRI) zuzendari nagusiak 2017ko azaroaren 27an emandako ebazpenari buruzkoa, zeinaren bidez aldatzen baita «Ekintzaile» programaren araudia.

Xedapenaren data: 2017-11-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201706199
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Pribatuen iragarkiak)

Aurreko erreferentziak:
  • 2014/04/14an argitaratutako 2014/04/02ko IRAGARPENA aldatzen du [201401770]

SPRIk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.
Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatu ditu enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta ekipoak modernizatzeko eta, bide horretatik, sektorean aplikagarri diren legeriak betetzeko.
Industriako enpresa-jarduera berritzaileak sortzea funtsezkoa da gure erkidegoaren hazkunderako.
Ekimen horiek zenbait arlotatik sor daitezke; hala ere, egon badira zenbait oztopo enplegua sortuko duten jarduera berriak sortzeko prozesuan.
Ekintzaileen artean antzemandako gabezietako bat da enpresa- edo merkataritza-esperientziarik ez izatea, eta, horren ondorioz, euren proiektuak, askotan, ez dira behar bezala zehazten eta, batzuetan, porrot egiten dute.
Halaber, behar bezala egiaztatu da enpresetatik euretatik sortzen dela enpresa-ekimen iturririk onenetako eta sendoetako bat.
SPRIk sustatutako ekintza horietako bat da «Ekintzaile» laguntza-programaren deialdia. Programa horren bidez finantza-laguntzak ematen dira enpresa proiektu berrietarako, baldin eta industria-arloko proiektu berritzaileak edo horiekin lotutako zerbitzuetakoak badira eta, horrezaz gain, EBZ baten (2014ko apirilaren 14ko EHAAn argitaratutako Ekintzaile programaren I. eranskinean zerrendatutakoak) laguntza eskaintzen zaie ideiari heltzeko eta enpresa martxan jartzeko faseetarako. Azken xedapenetako lehenengoari jarraikiz, programa indarrean egongo da 2017ko abenduaren 31ra arte, betiere SPRIren aurrekontuetan aurrekontu-partidarik badago horretarako eta aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren barruan jasota badaude.
Horregatik guztiagatik, eta helburutzat harturik baliabide publikoak segmentu eta jarduera espezifikoetara bideratzen jarraitzea horien sustapen-lana eraginkortasunez gauzatzen laguntzeko, SPRIren asmoa da 2017ko abenduaren 31tik aurrera beste hiru urte mantentzea «Ekintzaile» programa, era horretan sustapen-taldeen esku jartzeko –ideien jatorria edozein izanik ere– laguntza- eta finantzaketa-tresna integratu bat (aurrez onartutako araudiaren bidez arautuko dena) eta haren bitartez enpresa-proiektu berriak abiarazteko.
Hori dela eta, hauxe
ERABAKITZEN DUT:
Lehenengoa.– 2014ko apirilaren 14ko EHAAn argitaratutako «Ekintzaile» laguntza-programaren azken xedapenetatik lehenengoaren aldaketa onartzea, honela geldituko delarik:
«AZKEN XEDAPENAK
1.– Aurkeztutako eskabideak, dagokien hurrenkera kronologikoan landuko dira behar bezala beteta daudenetik, urterako dagoen kredituaren mugaraino.
Kreditua agortzen denetik aurrera, ez dira ondorengo eskaerak aintzat hartuko, aurkeztuta badaude ere.
Laguntzen programa hau indarrean egongo da EHAAn argitaratu eta biharamunetik 2020ko abenduaren 31ra arte, betiere Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren (SPRI) aurrekontuetan aurrekontu-partidarik jaso bada. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jasotzen dira.»
Bigarrena.– «Ekintzaile» laguntza-programaren araudia aldatzen duen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Bilbao, 2017ko azaroaren 27a.
Zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.