EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017243

127/2017 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Zientzia eta Teknologia Fakultatea ikastegiko Ingeniaritza kimikoko Gradua tituluko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700127
Xedapenaren data: 2017-11-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201706177
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen-marko hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Zientzia eta Teknologia Fakultatea ikastegiko Ingeniaritza kimikoko Gradua tituluko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko dena. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 27a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 27KOA 127/2017 EBAZPENARENA.
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN LANKIDETZAKO HITZARMENA, ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA FAKULTATEA IKASTEGIKO INGENIARITZA KIMIKOKO GRADUA TITULUKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGITEKO.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 2a
BILDURIK
Alde batetik, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra, S4833001C IFK zenbakia duena (helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz, Araba), ekitaldi honetan Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz Segurtasuneko sailburuak eskuordetuta, hartara ahalbidetzen baitio Segurtasuneko sailburua izendatu zuen abenduaren 15eko 27/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak (2012ko abenduaren 17ko EHAA, 243. zk.).
Bestetik, Esther Dominguez Perez, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean (UPV/EHU, aurrerantzean), Zientzia eta Teknologia Fakultatea ikastegiko dekano gisa jardunez eta indarrean dagoen Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudi Erregulatzaileak ezarritakoaren arabera.
Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau izenpetzeko legez behar den gaitasuna elkarri onartuta, honako hau
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– UPV/EHUren helburuetako bat da «Kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza osorako eta lanerako beharko dituzten gaitasunak ziurtatzeko».
Bigarrena.– Erakunde laguntzailearen helburua «Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren eta UPV/EHUren artean jarduera-marko komuna eratzea hezkuntza-lankidetzako programak garatzeko».
Hirugarrena.– Kanpoko praktika akademikoak ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak dira, Unibertsitateak gainbegiratzen dituena, eta helburutzat dute aukera ematea ikasleei prestakuntza akademikoan eskuratu dituzten ezagutzak aplikatu eta osatzeko, beharrezko gaitasunak eskura ditzaten lan munduan aritzeko, lana bilatzeko eta beren ekiteko gaitasuna areagotzeko.
Laugarrena.– Zehazki, curriculum-praktikak dagokion Ikasketa Planaren barneko jarduera akademikotzat hartzen dira.
Bosgarrena.– UPV/EHUk Ingeniaritza Kimikoko Gradua titulua/ak eskaintzen d(it)u, eta Segurtasun Saileko Ertzaintzaren Zuzendaritzak ikerkuntza arloan etorkizuneko profesionalen prestakuntzan lagundu nahi du, bere lanak egiteko.
Seigarrena.– Unibertsitateko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiaren arabera, unibertsitateak edo unibertsitateari atxikitako ikastetxeek emandako edozein ikasketatan matrikulatutako ikasleek egin ahal izango dituzte kanpoko praktikak. Kanpoko praktikak egiteko, orobat, unibertsitateak hezkuntza-lankidetzarako hitzarmenak izenpetuko ditu erakunde laguntzaileekin.
Zazpigarrena.– Segurtasun Sailari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, herritarren segurtasunaren politikaz arduratzea. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen misioa da babestea herritarrek beren eskubideak eta askatasunak aske baliatzen dituztela, eta herritarren segurtasuna bermatzea, eta, horretarako, elkarbizitza baketsua zaindu behar du eta pertsonak eta haien ondasunak babestu, legeak ezarritakoari jarraituz.
Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ertzaintzaren Zuzendaritza da polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko egitekoei dagozkien lanak zuzentzeko ardura duen organoa. Eta beste hauei buruzko azterlanak eta proiektuak sustatzea: polizia-antolamendua, horren lanbide-modernizazioa, jarduera-plan orokorrak eta kudeaketa- eta kontrol-sistemak.
Zortzigarrena.– Kontraprestazio ekonomikorik izango ez duen lankidetza horren bidez, aipatutako titulazioko ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi da. Asmo horrekin, prestakuntza lan-zentroetako inguruabar errealetara egokitu eta talde horrek lanbide-errealitatearekin eta errealitate horrek egun dituen arazoekin zuzeneko kontaktua izatea sustatuko da. Horrek ekarriko du titulazioa jasoko duten pertsonen lanbide-gaitasuna hobea izatea.
Adierazitakoagatik, bi aldeek honako hau
ADOSTU DUTE:
Bakarra.– Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau izenpetzea, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Helburua.
Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honen helburua da UPV/EHUko ikasleek Ertzaintzaren Zuzendaritzan egingo dituzten curriculum-praktika akademikoak arautzea, azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretuan eta Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Praktikak egitea, lekua eta programa.
Praktikak egiteko lekua hitzarmen honi erantsitako eranskinean adieraziko da.
Iraupena eta ordutegiak ezartzean, kontuan hartuko dira praktiken ezaugarriak eta Ertzaintzaren Zuzendaritzak dituen aukerak, praktika-jarduerek ahalik eta eraginik txikiena izateko haren eguneroko lanean.
Dagokion ikasketa-planak ezarritakoa abiapuntutzat hartuta, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektua egitea praktikak hasi aurretik. Proiektu horrek honako datu hauek zehaztuko ditu:
– Zer ikasketari dagokion praktika.
– Praktikak egingo diren erakundea eta tokia.
– Ikasketa-tutorea.
– Ertzaintzaren Zuzendaritzako instruktorea.
– Praktiken Programaren arduraduna.
– Ikasleen zerrenda, hala dagokionean.
– Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.
Hirugarrena.– Segurtasun Sailaren eta ikaslearen arteko harremana.
1.– Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza-xedea dela-eta, ez dute lan-harreman bati dagokion betebeharrik izango, eta ezin izango dira lanpostu bati loturiko lan-prestazio baten ordezkotzat hartu.
2.– Era berean, ikasketak amaitzean ikaslea erakunde laguntzaileko langile bihurtzen bada, praktiketan emandako denbora ez da antzinatasunari begira kontuan hartuko, eta ez du langilea proba-epetik igarotzetik salbuetsiko, aplikatu beharreko lan-hitzarmenak bestelakorik adierazi ezean.
Laugarrena.– Praktiketarako instruktorea.
1.– Ertzaintzaren Zuzendaritzak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta haren eginkizuna izango da prestakuntza-jarduerak antolatzea, Praktiken Programaren arduradunaren oniritziarekin eta ikaslearen tutorearekin batera.
2.– Ertzaintzaren Zuzendaritzak izendatuko duen instruktorea erakundeari loturiko pertsona bat izango da, eta lan-esperientzia eta tutoretza eraginkor bat egiteko behar diren ezagutzak izango ditu. Instruktorea eta Unibertsitatearen tutoretza-lanak egingo dituen pertsona ez dira bat eta bera izango.
3.– Instruktoreak Praktiken Programaren arduradunaren adostasuna beharko du, eta «venia docendi»-aren aitortza adieraziko du, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian finkatutako prozeduraren arabera gauzatuko dena.
Bosgarrena.– Instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Ertzaintzaren Zuzendaritzako instruktoreak eskubide hauek izango ditu:
a) Bere laguntza-lana aitortua izateko eskubidea, aurreko klausularen 3. zenbakian jasota dagoen moduan.
b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari eta haien prestakuntza-proiektuari eta garapen-baldintzei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.
c) Unibertsitatera jotzeko eskubidea, informazioa eta laguntza eskuratzeko bere eginkizunetarako.
d) Unibertsitate-instalazio eta -zerbitzuak erabiltzeko eskubidea (liburutegiak, mintegiak, etab.), bere etengabeko prestakuntzari begira.
2.– Gainera, betebehar hauek izango ditu:
a) Ikasleari harrera egitea eta egin beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.
b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea eta praktikaren garapena bideratu eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan oinarrituriko harreman baten bitartez eta ikaskuntzarekiko konpromisoarekin.
c) Segurtasun Sailaren antolakuntza eta funtzionamendua azaltzea ikasleari, baita dagozkion araudiak ere, segurtasun eta lan-arriskuen arlokoak bereziki.
d) Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan zehaztutako jardueren garapena koordinatzea Unibertsitateko tutorearekin, kontuan izanik praktikaren garapen egokiari begira prestakuntza-proiektuan egin beharreko aldaketak. Gainera, praktikan zehar sor daitezkeen gorabeheren berri eman eta gorabehera horiek konpontzea, eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.
e) Amaierako txostena egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.
f) Praktikak egiteko ikasleak behar duen prestakuntza osagarria eskaintzea.
g) Praktikak egiteko ikasleak behar dituen bitarteko materialak ematea.
h) Giro egokia sortzea ikasleak proposamenak egiteko: berrikuntzari, hobekuntzari eta ekintzailetzari begira eginiko proposamenak.
i) Segurtasun Saileko ateak zabaltzea UPV/EHUko tutoreari, bere eginkizunari dagozkion helburuak bete ditzan.
j) Isilpean gordetzea instruktore gisa ikasleari buruz eskura dezakeen informazio oro.
k) Ikasleari laguntzea Segurtasun Sailean diharduen bitartean, eta praktika-jardueretan sor daitezkeen lan-gorabeherak konpontzea.
Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kanpoko praktika akademikoetan, ikasleek eskubide hauek izango dituzte:
a) Praktikak iraun bitartean, unibertsitateko irakasle baten eta Segurtasun Sailean diharduen profesional baten tutoretza izateko eskubidea.
b) Ebaluaziorako eskubidea, Unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.
c) Segurtasun Sailaren txostena jasotzeko eskubidea. Txosten horretan, zehazki aipatuko dira eginiko jarduera, haren iraupena eta, hala dagokionean, errendimendua, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko IV. eranskineko ereduaren arabera.
d) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea, arloan arloko legediak ezarritako moduan, ikasleak lagapen- edo transmisio-dokumentua izenpetu duenean izan ezik.
e) Segurtasun eta lan-arriskuen prebentziorako araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea. Segurtasun Sailak eman beharko du informazio hori.
f) Beren jarduerak burutzeko eskubidea (arlo akademikoan, prestakuntza-arloan eta ordezkatze- eta parte-hartze mailan), jarduera horien berri emanez aldez aurretik Segurtasun Sailari.
g) Ezintasunen bat duten ikasleen kasuan, praktikak besteen baldintza berberetan egiteko eskubidea: sarbiderako, informaziorako eta ebaluaziorako eskubidea.
h) Ezintasunen bat duten ikasleen kasuan, praktikak eta ezintasunetik eratorritako jarduerak eta egoera pertsonalak bateratzeko eskubidea.
2.– Era berean, kanpoko praktika akademikoak egin bitartean, betebehar hauek izango dituzte ikasleek:
a) Unibertsitateak kanpoko praktikak arautzeko indarrean duen araudia betetzea.
b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, aintzat harturik Segurtasun Sailak izendaturiko instruktorearen oharrak, unibertsitateko tutorearen gainbegiradapean.
c) Praktikak iraun bitartean, harremanetan egotea unibertsitateko tutorearekin eta gerta daitekeen zeinahi gorabeheraren berri ematea. Gainera, eskatzen zaizkien dokumentuak eta txostenak aurkeztea (jarraipen-txostenak, amaierako memoria...).
d) Adostutako egunean lanari ekitea Segurtasun Sailean, hezkuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundean indarrean dauden arauak errespetatzea (funtzionamenduko, segurtasun-arloko eta lan-arriskuen prebentziorako arauak).
e) Hezkuntza-proiektua garatzea eta Segurtasun Sailarekin adostutako jarduerak egoki betetzea, proiektuan zehaztutako lan-lerroen arabera.
f) Praktiken amaierako txostena eta tarteko txostena, hala dagokionean, egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko V. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.
g) Erakunde laguntzaileari buruzko barne-informazioa isilpean gordetzea eta haren jardueren gaineko lanbide-sekretua mantentzea, praktikek iraun bitartean eta praktikak amaitu ondoren.
h) Errespetuz jokatzea Segurtasun Sailaren politikarekiko, UPV/EHUren ospea babestuz uneoro.
i) Indarrean dagoen araudian ezarritako beste betebeharrak kontuan hartzea.
3.– Aurreko atalean aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badira, bertan behera utzi ahal izango da praktika. Hori horrela, horren berri emango dio UPV/EHUk edo enpresak hitzarmen honen bidez sortutako jarraipen-batzordeari, eta batzorde horrek gehienez 10 eguneko epea izango du praktika aldez aurretik bertan behera uzteko egokitasunari buruz erabakitzeko.
4.– Ikasleak ez du nahitaez praktika egin beharko, azterketarik egin behar izanez gero, eta hiru egun lehenago emango dio horren berri instruktoreari. Arrazoi akademikoek edo beste era batekoek eragindako hutsegiteak lehenbailehen jakinarazi beharko zaizkio instruktoreari edo tutoreari, eta tutorearen baimena beharko dute, hala behar izanez gero.
Zazpigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.
Ertzaintzaren Zuzendaritzak bere instalazioak eta baliabideak eskainiko ditu praktikak egiteko, eta zenbat ikasle har ditzakeen zehaztuko du.
Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.
1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat du, ikasleek praktiketan eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko.
2.– Unibertsitateak eta ikasleek ez dute inolako erantzukizunik izango balizko kalteen aurrean, Ertzaintzaren Zuzendaritzako instruktoreak praktiken programatik kanpo emandako agindu baten ondorio izanez gero.
3.– Praktikak egiteko, ezinbestekoa izango da 28 urtetik gorako ikasleek aseguru bat kontratatzea. Aseguru osagarri hori UPV/EHUk hitzartuta duen «Cum Laude» istripu-poliza kolektiboa izan daiteke, edo beste erakunde batek eskaintzen duen beste asegururen bat, baldin eta, gutxienez, UPV/EHUren bidez eskaintzen diren kontzeptuak («Cum Laude») estaltzen baditu. Egokia irudituz gero, aipatutako adina bete aurretik ere kontratatu ahal izango da aseguru hori.
4.– Eskola-aseguruak Berezko Ikasketetako ikasleak aintzat hartzen ez dituenez, sor daitezkeen halabeharrak Berezko Tituluaren zuzendari akademikoak sinatutako polizen bidez aseguratuko dira.
5.– UPV/EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetatik etorrita Segurtasun Sailean praktiketan diharduten ikasleek istripu-poliza bat izan beharko dute, «Cum Laude» polizaren estaldura berberekoa gutxienez.
Bederatzigarrena.– Poltsa edo laguntza.
Ikasleek ez dute inolako diru-kopururik jasoko praktikak egiteagatik.
Hamargarrena.– Ikasleen datuak babestea.
Praktikak Segurtasun Sailean egiten dituzten ikasleen datuak hitzarmen honetan ezarritako helburuetarako erabiliko dira soil-soilik.
Hamaikagarrena.– UPV/EHUren beste konpromiso batzuk.
1.– Aurretik aipatutakoak ezertan eragotzi gabe, UPV/EHUk bere gain hartzen ditu konpromiso hauek ikasleei dagokienez:
a) Ikasleei azaltzea zertan eragiten dien hitzarmen honek.
b) Ikasleek hitzarmen honek ezartzen dizkien betebeharrak onartzea, baita aplika daitekeen araudia ere.
c) Ikasleek beren datuen erabilera espresuki onartzea, aurreko klausulan ezarritako xedeetarako.
2.– Aurrekoaren ondorioz, ikasle bakoitzak izenpetutako dokumentuaren kopia bana emango dio UPV/EHUk Segurtasun Sailari.
Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Ikastegiko edo tituluaren ardura duten Berezko Ikasketen bi ordezkarik eta Ertzaintzaren Zuzendaritzako beste bi kidek osatua. Horren egitekoa izango da praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor daitezken gorabeherei buruzko erabakiak hartzea.
2.– Batzorde hori eratzean, sinatzaileak batzordeburu izango dira txandaka, eta UPV/EHUri egokituko zaio hasierako txanda.
Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
1.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, sinatzen denetik zenbatzen hasita. Indarraldia amaitu eta gero, bi aldeak ados badaude, beste lau urterako berrituko da gehienez, sinatzen duen alderdietako edozeinek aurretiaz salatzen ez badu. Hitzarmena salatuz gero, beste alderdiari idatziz jakinarazi beharko zaio.
2.– Hitzarmenaren amaiera idatziz eskatuko da, eta ez du inolako eraginik izango jada abian dauden praktiken garapenean, seigarren klausulan praktikak aldez aurretik bertan behera uzteari dagokionez ezarritakoaren kalterik gabe.
3.– Alderdietako batek hartutako konpromisoak bete ezean, hitzarmena indargabetzea eskatzeko eskubidea izango du besteak. Hitzarmen honetan ezarritako jarraipen-batzordeari jakinaraziko zaio ez-betetzea, eta horrek praktikak lehenago etetea egokia ote den erabaki beharko du, 10 eguneko epean, gehienez.
Hamalaugarrena.– Azkentzeko arrazoiak.
Hitzarmena azkendu egingo da hauetako bat gertatuz gero:
a) Alde izenpetzaileak ados egotea edo horietako batek hamahirugarren klausulan aurreikusitako terminoetan salaketa egitea.
b) Hitzarmen honen xede diren ikasketa ofizialen desagerpena.
Hamabosgarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.
1.– Hitzarmen hau bere klausulen arabera arautuko da, eta bere interpretazioa eta garapena administrazio-zuzenbidearen printzipioekin bat etorriz egingo da.
2.– Alderdien artean sor litekeen eta jarraipen-batzordeak ebatzi ezingo lukeen dudazko edozein kontu ebazteko, alderdiek administrazioarekiko auzi-jurisdikziora joko dute.
Eta aurrekoarekin ados daudela adierazteko, hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honen bi kopia sinatu dituzte aldeek, goiburuan adierazitako lekuan eta datan.
Erakundearen izenean, (Sinadura eta zigilua).
UPV/EHUren izenean, (Sinadura eta zigilua).