EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017242

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 14koa, Zerga Administrazioko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta honen erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordaintzeko moduko zerbitzu eta jarduerak zein izango diren zehazteko Dekretua bigarrenez aldatzeko dekretu-egitasmoa jendaurrean jartzeko dena.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-12-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201706146
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/08/12an argitaratutako 2013/07/30reko 201300397 DEKRETUA

Ogasun eta Ekonomia Sailak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin batera, dekretu-egitasmo bat prestatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen dekretua bigarrenez aldatzeko; Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean zehazten denaren arabera izapidetu behar da proiektu hori.
Lege horren 8.1 artikuluaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Halaber, xedapenen izaera aintzat hartuta komenigarria baldin bada, jendaurrean jarri beharko dira.
Egin asmo dugun dekretuak gai honen inguruan gaur egun indarrean dagoen Dekretua aldatuko du (397/2013 Dekretua, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituena), premia ikusi baita Dekretu horren eranskinean beste alor bat ere sartzea, hain zuzen, kirol-lehiaketetan eta jarduera fisikoarekin lotutako ekitaldietan dopaketaren kontrako kontrolak egitea.
8/2003 Legearen 8.4 artikuluaren arabera, nahikoa izango da hogei egun balioduneko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko Erabakiaren bidez onartu ziren xedapen orokorrak izapidetzeko jarraibideak. Bada, erabaki horretako lehenengo zenbakia 8an xedatzen duenez, hala eskatzen denean, jendaurrean jartzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarriko da, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuz osatuko, 8/2003 Legea betez.
Azaldutakoaren ondorioz, eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuaren 14. artikuluan xedatuarekin bat, honako hau
XEDATZEN DUT:
1.– Interesdunei entzuteko izapidearen mende jartzea honako dekretu-egitasmo hau -Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen dekretua bigarrenez aldatzekoa-, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hogei egun balioduneko epean.
2.– Dekretu horrek ukitu ditzakeen interes legitimoren baten jabe direla uste duten pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatu guztiek kontsultatu dezakete Dekretu-egitasmo horren espedientea. Horretarako Zerbitzu Zuzendaritzara (Donostia kalea 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora jo beharko dute goian adierazitako epearen barruan. Epe eta leku berean aurkeztu ahal izango dira nahi diren alegazio, agiri eta frogagiri guztiak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 14a.
Zerga Administrazioko zuzendaria,
MAITANE ROMERO GARCIA.