EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017241

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 13koa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzen (Elkartek Programa) 2018ko ekitaldirako I. faserako deialdia.

Xedapenaren data: 2017-12-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201706116
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/12/29an argitaratutako 2016/12/09ko AGINDUA [201605580]

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduak arlo estrategikoetan Elkarlaneko Ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen du: Elkartek Programa.
Aipatutako agindu arautzaileko 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, I. faseko deialdia egin behar da 2018rako, Proiektuak Onartzea eta Hautatzea, horretarako beharrezkoak diren arauak zehaztuz.
Horrenbestez, erreferentziako dekretuko 10. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen helburua hauxe da: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9ko Aginduan (arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen duena – Elkartek Programa) aurreikusitako I. fasearen –proiektuak onartzea eta hautatzea– deialdia egitea 2018ko ekitaldirako.
2.– artikulua.– Eskabideak eta epea.
1.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko abenduaren 9 Aginduko 10. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz egin beharko da eskabidea –agindu horren bitartez, arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa arautzen da (Elkartek Programa).
2.– Eskabidera sartzea eta berori betetzea honako egoitza elektronikoan soilik egin ahalko da:
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (gaztelania)
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara)
3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2018ko otsailaren 22ko 12:00etan amaituko da.
4.– Deialdi honetara, 2018-2019 epealdian garatuko diren proiektuak aurkeztu ahal izango dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratzen da, zeinaren osaera hauxe izango den:
Lehendakaria: Teknologiaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako titularra, Josu Madariaga Garamendi; eta ordezkoa: Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen arloan eskumenak dituen zuzendaria, Aitor Urzelai Inza.
Gainerako kideak hauek izango dira:
● Industriaren Garapenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako titularra, Alejandro López Cárcamo; eta ordezkoa: Industriaren Garapenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako teknikari bat, Agustín García Pérez.
● SPRIren ordezkaria, Alberto Fernández González; eta ordezkoa: Maite Hernández Hernández.
● Teknologiaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako teknikari bat, Jesús Angel Martínez Martínez; eta ordezkoa: Natividad Niño Bartolomé, zeinak idazkari-eginkizunak burutuko dituen.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 13a.
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,
ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.