EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017241

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 6koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailuak hornitzeko atentzio-gabeko instalazioek bete beharreko baldintzei buruzko dekretu-proiektua.

Xedapenaren data: 2017-12-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201706113
Maila: Ebazpena
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailuak hornitzeko atentzio-gabeko instalazioek bete beharreko baldintzei buruzko dekretu-proiektua prestatu du, eta proiektu horri Xedapen orokorrak lantzeko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legearen arabera egin behar zaizkio izapideak. Ekimen hori onartu berri den uztailaren 7ko 706/2017 Errege Dekretuari egokituta dago (ibilgailuak hornitzeko petrolio-instalazioen segurtasuna arautzen duena) eta xede bera zuen eta izapidetzen zegoen dekretu-proiektua ordezkatzen du, onartu berri den arauari berregokitu baitzaio. Hortaz, egoki ikusi da interesdunek prozeduran izan ditzaketen interes legitimoak bermatzeko jendaurreko informazio eta entzunaldi fase berria zabaltzea.
Aipatutako 8/2003 Legearen 8.1 artikuluaren arabera, entzunaldiaren izapidea bete behar da herritarren legezko eskubide eta interesei eragiten dieten xedapen orokorrekin, eta, xedapenen izaerak hala gomendatzen duenean, informazioa jendaurrean jarriko da.
Horrenbestez, Xedapen orokorrak lantzeko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8. artikuluaren arabera, aurreproiektu hau jakinarazten da; horretarako, 20 egun balioduneko epea nahikoa dela uste da, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituran Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11eko 74/2017 Dekretuan hurrenez hurren, xedatuarekin bat etorriaz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– Jendaurrean jartzea Euskal Autonomia Erkidegoan ibilgailuak hornitzeko atentzio-gabeko instalazioek bete beharreko baldintzei buruzko dekretu-proiektua, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Epe horretan, pertsona fisiko edo juridiko orok, publikoa nahiz pribatua, izango du aukera dekretu-proiektua kontsultatzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituran Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzan (Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa (www.euskadi.eus), eta egoki iritzitako alegazioak egiteko egoitza horietan.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 6a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.