EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017241

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 1ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, elkartegintza sustatzeko eta emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan parte hartzeko 2018ko ekitaldian emango diren diru-laguntzak arautzen dituena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2017-12-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201706111
Maila: Ebazpena
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– osotasunez garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 24.3 artikuluan, EAEko herri-administrazioei eskatzen die susta ditzatela emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteak, eta emakumearen autonomia bultzatu eta emakumeen estatus soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu dutenak.
Bestalde, 4/2005 Legeak 15.1 artikuluan xedatzen duenez, legealdi bakoitzean, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onetsi behar du, non euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak orientatzeko jarraibideak eta gidalerroak jasoko diren, koordinatuta eta orokorki. Berdintasunerako V. Planaren egituran, berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko arloa dago, eta lehentasunezkoak diren hiru ardatz estrategiko daude; horietako bat da, hain zuzen ere, balioak aldatzearen eta emakumeen ahalduntzearen ardatz estrategikoa. Horregatik, Emakunde-emakumearen euskal erakundearen ustez, beharrezkoa da emakumeen elkartegintzari laguntzen jarraitzea. Izan ere, emakumeen sustapena xede duten emakume-elkarte, federazio eta fundazioek –egiten dituzten jardueren bidez– zuzenean eragin dezakete emakumeek euskal gizartean izango duten parte-hartzean eta sustapenean.
Horrenbestez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aurreikusita dauka irabazi-asmorik gabeko elkarte eta federazioei eta fundazioei diru-laguntzak ematea 2018ko ekitaldian. Horien jardute-eremu eta helburu bakarra izango da emakumeen sustapena, emakumeen garapenari eta jarduerei laguntzea; emakumeen ahalduntzea eta emakume-elkarteena; eta pixkanaka emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua lortzea. Horretarako arautzen da diru-laguntzen deialdia, publizitate, lehia eta objektibotasun irizpideen arabera. Hala ere, aurreko ekitaldietan egin zen bezala, orain arte aurkeztu diren proiektuen ezaugarriak ikusita eta kontuan hartuta gero eta elkarte sortu berri gehiagok parte hartzen duela, baliabide ekonomikoak zuzentasunez banatzen ahaleginduko gara betekizunak betetzen dituzten elkarte eta federazio guztien artean.
Bestetik, deialdi hau 2017ko azaroaren 27an onartutako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren babespean egiten da. Era berean, diru-laguntzetarako honako hauetan araututako araubideari lotuta dago: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta lege horren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.
Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2018ko Aurrekontu Orokorren kontura.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarte eta federazioei eta xede eta jardute-eremu bakarra emakumeak sustatzea duten fundazioei Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emango dizkien diru-laguntzak arautzea. Erakundearen xede eta helburuei loturiko proiektu zehatzak egin beharko dituzte 2018ko ekitaldian, hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eta kreditu-mugetatik atera gabe.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa hirurehun eta hirurogeita hamasei mila (376.000) eurokoa izango da.
2.– Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzak Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremuko irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarte eta federazioek eska ditzakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen aplikazio-eremuko fundazioek, baldin eta helburu eta jarduteko eremu bakarra emakumeen sustapena badute eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen badituzte. Beharrezkoa izango da jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan garatzea eta egoitza soziala ere Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak ordaindu ahal izateko.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Indarrean den Emakumearen eta Gizonaren Berdintasunerako Planaren arabera eta Erakundearen helburuei jarraikiz, diruz lagunduko diren proiektuak 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira, eta honako hauek egiteko bideratuko dira:
a) Emakumeen eskubideak, emakume-mugimenduaren historia eta pentsamendu feminista zabaltzeko programak, batez ere Emakumeen Aurkako Diskriminazio Modu Guztiak Ezabatzeari Buruzko Hitzarmenaren (CEDAW) nazioarteko esparrutik.
b) Emakumeen erreferentziak eta genealogiak sortzeko programak.
c) Emakumeen elkarte-mugimendua dinamizatu, motibatu eta bultzatzeko jarduera-programak, hain zuzen ere, emakumeak ahalduntzen laguntzen dutenak eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten emakume-elkarteen sareak sortu, sustatu eta indartzen dituztenak, eta, batez ere, aniztasuna aintzat hartzen dutenak.
d) Jardueren bidez, emakume guztiek politika, ekonomia, gizarte eta kulturaren arlo guztietan parte hartzea sustatuko duten programak, emakumeen elkarteak bultzatzekoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen arteko mugimenduak koordinatzekoak.
e) Gizartea emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz sentsibilizatzeko eta horri buruzko informazioa emateko programak, eta informazio-baliabideetan eta komunikabideetan emakumeen eta gizonen irudi berdintasunezkoa, askotarikoa eta estereotiporik gabea sustatzen duten ekimenak.
f) Etxeko lanetan eta arduretan eta zaintza-lanetan gizonen erantzukidetasuna sustatzen duten programak, eta norberarentzat, aisialdirako, familiarako eta lanerako dugun denbora arrazionaltasun eta berdintasun handiagoz banatzea helburu dutenak.
g) Berdintasunaren arloko prestakuntza-programak, hainbat arlotakoak: hezkuntza, kultura, kirola, prestakuntza-enplegua, osasuna, gizarte-partaidetza, aniztasuna...
Trebetasunen ikaskuntzarako proiektuak (eskulangintza, elektrizitatea, sukaldaritza, arotzeria, etab.), diru-laguntzak jaso ahal izateko, beste jarduera batzuekin osatu beharko dira; hain zuzen ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko sentsibilizazio-, informazio- edo trebakuntza-jarduerekin, eta genero-ikuspegia barne hartu behar dute.
2.– Erakunde bakoitzeko, gehienez ere, hiru proiekturi emango zaie diru-laguntza. Eta ez zaie diru-laguntzarik emango honako hauei:
a) Aisialdirako baino ez diren jarduera-proiektuak.
b) Beste erakunde batzuei eskainiko zaizkien zerbitzu eta ekintzak finantzatzeko proiektuak.
c) Genero-ikuspegirik gabeko proiektuak.
3.– Aurkeztutako eskabide baten helburua ez badator bat diru-laguntzen lerro honekin, baina organo kudeatzaileak uste badu administrazio-ebazpena eman aurreko fasean dagoen Emakunderen beste laguntza-lerro batean sar daitekeela, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, bere helburura gehien gerturatzen den laguntza-lerroan. Eskabidea aurrena jaso duen lerroaren organo kudeatzaileak eskabide hori bidaliko dio azkenean hura hartuko duen lerroa kudeatzen duen organoari, eta erakunde eskatzaileari horren berri emango zaio, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Erakunde eskatzaileak epe horretan aurka egiten ez badu, lerro-aldaketa hori onartu egin duela ulertuko da.
5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.
1.– Laguntzak esleitzeko, artikulu honen 5. paragrafoan aurreikusitako norgehiagokaren prozedura erabiliko da.
Horretarako, garaiz eta behar den eran aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. Onartzen den aurrekontuaren % 100 finantza daiteke, 10. artikuluan zehaztutako irizpideei eta artikulu honen 4. paragrafoan jarritako baremoei jarraikiz, eskaera bakoitzari 12.000 euro emanez, gehienez ere. Hor, programatutako ekintza guztiak sartuko dira.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako aurrekontua onartzeko, besteak beste, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
– Kalkulua egiteko, gehienez ere 12.000 euroko aurrekontua hartuko da kontuan, eta proiektu guztiak sartuko dira bertan.
– Diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira funtzionamendu-gastu arruntak ez diren kostuak, jarduera egiteko beharrezkoak direnak.
– Ebazpen honetan zehaztutako araubidearen babesean, diruz lagun daitezkeen gastutzat jotzen dira funtzionamendu-gastu arruntak, hain justu ere, erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu banakatu eta zehaztuan azaltzen direnak eta jarduera garatzearekin zuzeneko lotura dutenak. Gastu horiek ezingo dute gainditu proiektuari guztira emandakoaren % 30a.
– Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta lansariak baino ez dira sartuko.
– Proiektuan jasotako jardueren garapenarekin zuzenean lotutako janari eta garraio gastuak bakarrik sartuko dira.
– Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.
3.– Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honen eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera diruz lagundu ezinak diren gastuak agertzen badira, Hautaketa Batzordeak ez ditu zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua zehazterakoan; izan ere, aurrekontu hori hartuko da kontuan ebazpen-proposamenean diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko.
4.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, baremo hauen arabera kalkulatuko da:
– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 100 arte, esleipen-irizpideen arabera 91 eta 100 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.
– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 90 arte, esleipen-irizpideen arabera 81 eta 90 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.
– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 80 arte, esleipen-irizpideen arabera 71 eta 80 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.
– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 70 arte, esleipen-irizpideen arabera 61 eta 70 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.
– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 60 arte, esleipen-irizpideen arabera 51 eta 60 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.
– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 50 arte, esleipen-irizpideen arabera 41 eta 50 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.
– Eskatutako diru-zenbatekoaren % 40 arte, esleipen-irizpideen arabera 31 eta 40 puntu artean lortzen duten proiektuentzat.
Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 31 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.
5.– Laguntzak emateko, honela jardungo da:
a) Lehenik, 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei dagozkien diru-laguntzak esleituko dira, eta deialdirako emandako guztizko dotazioaren hainbanaketa egingo da, baldin eta dotazio hori ez bada nahikoa aurrez kalkulatutako zenbatekoen arabera diru-laguntzak ordaintzeko.
b) 71 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektuei laguntzak eman ondoren deialdirako emandako guztizko dotazioa agortzen ez bada, gainerako saldoa erabiliko da 31 eta 70 puntu bitartean lortu dituzten proiektuei laguntzak esleitzeko. Kasu horretan, a) idatzi-zatian aurreikusitako modu berean jardungo da.
6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea, eta izapidetze elektronikoa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko urtarrilaren 31n amaituko da (egun hori barne).
2.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Hortaz, eskabideak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/2018/elkarteak/y22-izapide/eu
Erakunde bakoitzeko bi edo hiru proiektu aurkeztuko balira, bakoitza eskabide batean aurkeztuko beharko litzateke.
3.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
4.– Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematiko bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein egiaztagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako egiaztagiri elektronikoak esteka honen bidez kontsultatu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/informazioa/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu.
5.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
1.– Orokorrean, eskatzaile guztiek aurkeztu beharrekoak:
1.1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta adostasunak dituela, honako hauek egiaztatzeko:
– Erakunde eskatzailea legez eratuta eta erregistratuta dagoela elkarteen edo fundazioen erregistroan.
– Elkarte eskatzailearen edo federazio eskatzailea osatzen duten elkarteen estatutuetan emakume izatea eskatzen dela kide izateko betekizunen artean.
– Fundazio eskatzailearen xede eta jardute-eremu bakarra emakumeen sustapena dela.
– Erakunde eskatzaileak dagokion kide kopurua duela egun.
– Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.
– Erakunde eskatzailea BEZa ordaintzetik salbuetsita dagoela.
– Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
– Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa).
– Erakunde eskatzailea ez dagoela itzulketa-edo zehapen-prozeduraren baten baitan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, artean prozedura izapidetzen ari dela.
– Erakunde eskatzaileak adierazten duela eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
– Erakunde eskatzaileak egunean dituela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den eran.
1.2.– Erakunde eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera.
1.3.– 2018ko abenduaren 31 baino lehen egin beharreko jardueren programa. Diruz lagundu nahi den jarduera bakoitzeko, II. eranskina (osorik) bete beharko da. Erakunde bakoitzak, gehienez ere, hiru proiektu aurkeztu ahal izango ditu.
1.4.– Proiektua garatu behar duenak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza eta/edo esperientzia duela egiaztatzen duen dokumentazioa, 10.1 artikuluan jasotako irizpideak egoki baloratzeko.
1.5.– Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten gainerako agiri guztiak.
2.– Lehenagoko diru-laguntzetan dokumentazio hau aurkeztu ez dutenentzat edo diru-laguntzan aldaketak egiten direnerako:
2.1.– Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.
2.2.– Erakundearen estatutuen kopia bat.
3.– Edozein Administraziotan dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, ez da derrigorrezkoa izango aurrez baimena ematea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak automatikoki egiazta dezan betetzen direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua betez), eta egiazta ditzan, halaber, nortasun-datuak eta Datuen alta/Hirugarren interesdunari buruzko datuak.
4.– Administrazioak edozein unetan eskatuko die eskatzaileei proiektua baloratzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio oro, eta dokumentu originalak aurkezteko ere eskatuko die, benetakoak direla egiaztatzeko.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio interesdunari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio interesdunari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
9. artikulua.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea.
1.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako diru-laguntzen jarraipena egiteko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, eta ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena hartzeko; gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.
2.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak:
Batzordeburua: Zuriñe Elordi Romero andrea, idazkari nagusia.
Bokalak:
– Rafael Junguitu Uribe jauna, Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.
– Raquel Raposo Acevero andrea, Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna (programa eta prestakuntza arloa).
– Izaskun Fernández Otegi andrea, Aholkularitza Juridikoko Arloko arduraduna.
– María Teresa Santamaría Zaraín andrea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko teknikaria.
Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna izango da idazkaria.
10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.
1.– Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:
a) Programaren kalitate teknikoa. 45 puntu gehienez.
– Proiektuaren azalpen argia: helburuak formulatzea, lan-prozesuaren deskribapena, prozesua ebaluatzeko adierazleen sistema...; eta proiektuaren bideragarritasuna, egingo den lanaren prozesuaren ezaugarriak, aurrekontua eta helburu horretarako ezarritako egutegia kontuan hartuta. 15 puntu gehienez.
– Diru-laguntza eskatzen duen erakundearen baliabideak eta kudeaketa-ahalmena, metodologia eta ebaluazioa egokiak. 15 puntu gehienez.
– Balio-aldaketarako eta emakumeen ahalduntzerako elementu berritzaileak (helburuei, jarduerei eta metodologiari dagokienez), eta/edo emaitza ona izan dutela egiaztatu duten esperientzia berritzaileak transmititzea. 5 puntu gehienez.
– Proposamenaren kalitate osoa; kontuan hartuko da genero-ikuspegia sartzea eta indarrean dagoen berdintasun-planarekin bat etortzea. 10 puntu gehienez.
b) Programaren gizarte-onura eta eragin biderkatzailea. 40 puntu gehienez.
– Programak zenbat hartzaile dituen eta zein kolektibori zuzentzen zaion; kontuan hartuko da eskatzaileak zein lurralde-eremutan jarduten duen. 5 puntu gehienez.
– Jardueraren lurraldez gaindiko eremua edo eskala, hots, hainbat lurralde historikotako pertsonek jardueran duten partaidetza erreala eta/edo erkidego mailako lankidetza-jarduerak egitea, beharrak, jardunbide egokiak edo proiektuaren helburuarentzako garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk identifikatzeko. 5 puntu gehienez.
– Beste elkarte batzuekin sare-lana egitea. 5 puntu gehienez.
– Hedapen-bideak. 5 puntu gehienez.
– Programan aniztasuna eta/edo mota guztietako diskriminazioak kontuan hartzeko aurreikusten diren neurriak. 10 puntu gehienez.
– Esperientzia, aurkeztutako proiektuetan genero-ikuspegia integratzeko orduan, eta horien jarraitasuna, bai eta lurralde-esparrua ere. 10 puntu gehienez.
c) Irisgarritasunaren eta bateragarritasuna ahalbidetzen duten elementuen sustapena. 10 puntu gehienez.
– Zailtasun bereziak dituztenentzat irisgarritasuna ahalbidetzen duten elementuak. 5 puntu gehienez.
– Bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzea ahalbidetzen duten elementuak. 5 puntu gehienez.
d) Euskara eta gaztelania erabiltzea jardueraren publizitatean edo garapenean. 5 puntu gehienez.
2.– Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 31 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.
11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak emandako esleipen-ebazpenak amaitu egingo du prozesua, eta emandako eta atzera botatako laguntzak adieraziko ditu. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.
2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da –gehienez ere–, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazi (EHAAn argitaratuta) eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.
b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia bidaltzea, baldin eta lehenagoko diru-laguntzetan aurkeztu ez bada edo aldaketak izan baditu. Eranskin hori eskuratzeko: http://www.emakunde.euskadi.eus/emakundeu/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa
c) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.
e) Diruz lagundutako jardueretan edozein bariazio edo aldaketa izan bada edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk lortu badira, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.
f) Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
g) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka agerraraztea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere, posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren edukiak bere gain hartzen dituena elkarte, federazio edo fundazioa dela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, diru-laguntza eskatu duten erakundeek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainontzeko testu idatzietan hizkera ez-sexista erabiliko da.
14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Diru-laguntza zatika ordainduko da: % 75 ordainduko da 2018ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, 13.a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren ez bazaio uko egin, eta gainerakoa, % 25, 2019ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura ordainduko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatzen duenean diruz lagundutako jardueretan sortutako gastu guztiak justifikatu direla; bigarren zatia ordaintzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira 2019ko martxoaren 1era arteko epean (egun hori barne):
– Jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira, proiektuan aurreikusitako egutegia kontuan izanda. Era berean, sexuka banakatuta, zuzenean onuradun diren pertsonen kopurua jasoko da (elkartea, federazioa edo fundazioa osatzen dutenak edo bertan lan egiten dutenak), baita zeharka onuradun direnena (proiektua gauzatzeko kontratatzen direnak edo proiektua burutzeko kontratatzen den erakunde edo enpresa osatzen dutenak eta bertan lan egiten dutenak) eta azken onuradun direnena ere (azken finean proiektuaz baliatzen direnak) (III. eranskina).
– Diruz lagundutako jardueraren balantze ekonomikoa, III. eranskineko ereduaren araberakoa, kontuan izanik diruz lagundu daitezkeen gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan jasotako betekizunak bete beharko dituztela.
– Diruz lagundutako jardueratik ateratako produktua, halakorik balego.
– Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak. Fakturetako edo agirietako gastuaren data 2018ko abenduaren 31 izango da, gehien jota.
– Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta lansariak justifikatzeko agiriak.
– Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarteek edo federazioek jarduerak bere gain hartu dituztela egiaztatzen duten egiaztagiriak.
2.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatu badira –betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada– eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.
2.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutakoak jaso, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez; horretaz gainera, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu –hala behar denean–, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du –hala badagokio–, eta 15 eguneko epea emango du dirua itzultzeko.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako ez-betetzeetako bat izan dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako ekintzak.
17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena), ezarritako baldintzak eta/edo betekizunak betetzen ez direnean, hau izango da emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.
18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira –«Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak» izenekoa–, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori lehendakariaren urtarrilaren 24ko 3/2012 Dekretuak arautzen du, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago. Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hau. Interesdunek eskubidea dute datuak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko, Legearen arabera. Eskubide horietaz baliatzeko, idazki bat bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, hots, Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari: Manuel Iradier kalea 36 – 01005 Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 1a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.