EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2017239

AGINDUA, 2017ko abenduaren 13koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baita 2018. urterako «Kultura Ondarea» saria.

Xedapenaren data: 2017-12-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201706063
Maila: Agindua
Deialdi honen xedea da saritzea 2017-2018 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan matrikulatuta dauden eta Euskal Kultura Ondarearen ezagutza hobekien zabaltzen laguntzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
Sari honen bidez sustatuko da, batetik, ikasleen talde-lana, zeina ikastetxeetako irakasleek gidatuko baitute, eta, bestetik, kultura-ondarearen ezagutza zabaltzea sare sozialen bidez, zeinei euskarria eman nahi baitzaie sariaren blogean (www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eu). Webgune horretan artxibatuta geratuko dira aurkezten diren bideoak.
Horregatik guztiagatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenen esparruan, «Kultura Ondarea» 2018ko saria iragarri eta arautzen da.
Horrenbestez, hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Xedea eta zertarakoa.
1.– Agindu honen xedea da «Kultura Ondarea» saria iragarri eta arautzea. Sari horren helburua da saritzea Euskal Kultura Ondarearen ezagutza zabaltzen hobekien laguntzen duten 2017-2018ko ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
1.2.– «Kultura Ondarea» Sariaren helburua da hezkuntza alorreko eremu guztietan ekimena, berrikuntza, ekintzailetarako gaitasuna, sormena eta gizarte garapena bultzatu, Euskal Kultura Ondare materialaren zein inmaterialaren forma guztiak ezagutuz eta balioa emanez. Zehazki:
a) Kultura berritzailea eta Euskal Kultura Ondarearen gaineko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko esfortzuaren aintzatespena bultzatzea.
b) Euskal Kultura Ondarea ezagutzera ematea, euskal hezkuntza-sistematik eta euskal hezkuntza-sistemarako.
c) Hezkuntza alorrean ekimen berritzaileak martxan jartzea bultzatzea.
d) Euskal Kultura Ondareari atxikitako ezagutzaren balorazioan eta eraikuntzan gazteek duten papera aitortzea.
e) Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea jabari publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.
2. artikulua.– Baztertzeak.
Sariketa honetatik baztertuko dira, eta, beraz, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe geldituko, zigor administratibo edo penalak dituzten parte-hartzaileak edo horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuak dituztenak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko apirilaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne.
3. artikulua.– Saria.
Hiru bideorik onenak egin dituzten lantaldeetako kideei emango zaie saria, tutorea eta ikastetxea barne, eta hauek izango dira sariak:
a) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako Napolirako bisita kultural batean parte hartzeko eskubidea (7 egunekoa). Bertako gidari batek lagunduko ditu pertsona sarituak Napoliko toki enblematikoenetako zenbait bisitatzeko eta haien kulturako adierazpen esanguratsuak ezagutzeko ibilbidean. Bidaiak barne hartzen ditu hegaldia, ostatua, otorduak eta gidaria, eta ekainean egingo da, ikasturtea amaitu eta gero.
b) Diploma bat talde irabazlearen ikastetxearentzat.
c) Halaber:
– plaka bat edizio honetan bideo gehien aurkezten duen ikastetxearentzat.
4. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Saritutako ikasleek Gazte Txartela indarrean izan beharko dute bidaian parte hartu ahal izateko. Txartel honek arriskuak estaltzeko asegurua du. Gainerako parte-hartzaileek asegurua izateko eskubidea izango dute.
Talde irabazleen tutoreak edo tutoreek izango dute taldea osatzen duten adingabeen tutoretza, eta haien ardurapean egingo dute bidaia. Tutoreak edo tutoreek ezin badute bidaia antolatuan parte hartu, ikastetxeak, dagokien baimena bildu eta gero, pertsona bat izendatuko du haren ordez joan eta lan hori egiteko.
5. artikulua.– Eskatzailea eta pertsona onuradunak.
5.1.– Ikasleak matrikulatuta daudeneko ikastetxeko tutorea izango da eskatzailea, eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako kide diren ikasleen ordezkaritzan jardungo du.
5.2.– Hobekien baloratutako hiru bideoak egin dituzten taldeetako kideak (ikasleak eta tutoreak) izango dira sariaren onuradun, denak ere 2017-2018ko ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
Sarian onuradun izan diren ikasleen ikastetxeei diploma bana emango zaie.
5.3.– Halaber, plaka bat emango zaio edizio honetan bideo gehien aurkezten duen ikastetxeari.
6. artikulua.– Eskakizunak.
Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.
b) Diru-laguntzak itzultzeko eginbideak beteak izatea.
7. artikulua.– Partaidetza eta tutoretza.
7.1.– 2017-2018ko ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan matrikulatuta dauden Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute «Kultura Ondarea» sarian; gutxienez 3 ikaslek eta gehienez 6k osatutako talde batek landutako bi bideo aurkeztuko dituzte.
7.2.– Ikasle parte-hartzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore bat izango da haien ordezkari; hark beteko ditu ordezkaritza-egitekoak, eta, gainera, parte-hartzaileen lanaren lanketa motibatu, gidatu eta koordinatuko du, baina ez du inolaz ere lan horretan zuzenean parte hartuko.
8. artikulua.– Lehiaketaren mekanika.
8.1.– Sarian parte hartzeko, talde parte-hartzaile bakoitzak bere eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 10. artikuluan adierazi bezala. Eskabidean, webgune publiko eta ireki baten (wikia, bloga, drive-a...) URL helbidea adieraziko da, eta bertan egongo dira bideo biak. Horiexek sartuko dira gerora Kultura Ondarea sariaren webgunean (www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus)
Euskal kultura-ondarearen elementu bat izango da lehenengo bideoaren gaia, eta, ahal izanez gero, ikasleen ingurukoa.
Bigarren bideoak, lehenengo bideoa egiteko jarraitutako prozesu osoa (making-of prozesua) jasoko du, eta bereziki azpimarratuko da zer helburu lortu nahi izan den eta zer metodologia erabili den.
8.2.– Parte hartzen duten taldeek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza teknikoa izango dute eskabideak aurkezteko eta beharrezko agiriak prestatzeko.
8.3.– Bideoaren gaia librea da, betiere Euskal Kultura Ondarearekin, materiala zein inmateriala, zerikusia badu. Herritarrek horrenbeste ezagutzen ez dituzten gai berriak jorratzea baloratuko da.
8.4.– Bideoek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
1) Jatorrizko lan argitaragabea izatea.
2) Gutxienez 3 minutu eta gehienez 10 minutu irautea.
3) Bereizmen handiko kalitatea izatea (gutxienez 720 pixel).
4) Eskubideetatik libre dauden edukiak (idatzia, soinua edo irudia) erabiltzea, edo, bestela, jabeak edo ustiapen-eskubideen titularrak emandako berariazko baimena izatea. Kasu horietan, dagokion baimen-agiria helarazi beharko da inskripzio-eskabidearekin batera.
5) Eskola-curriculumean jasotako edozein hizkuntza edo hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea.
6) Baimentzea Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako bideoen zabalkunde- eta ustiaketa-eskubideak, zeinak jendearen esku jarriko baititu www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus. blogean
7) Pertsonen oinarrizko eskubide guztiak errespetatzea; ez da onartuko indarkeriarekin, sexismoarekin edo arrazakeriarekin zerikusia duten indarkeriazko edukirik.
8.5.– Aurkeztutako bideo guztiak, baita sarituak ere, www.kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus blogean egongo dira ikusgai
9. artikulua.– Emateko prozedura.
Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuz emango dira sariak, eta, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira. Hobekien baloratutako 2 bideoak aurkeztu zituzten 3 taldeetako partaideei bakarrik emango zaie saria.
10. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea eta tokia.
10.1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018ko apirilaren 11n bukatuko.
Eskaerak telematikoki eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
2018ko apirilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrenda, eta taldea osatzen duten ikasleak zein diren adieraziko da bertan. Eskabideetan akatsik edo ez-egiterik atzemanez gero, horien arrazoia eta konpontzeko epea ere jakinaraziko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz. Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
2018ko maiatzaren 16an, akats edo ez-egite posibleak konpontzeko epea amaitu ostean, onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan, eta, hala badagokio, eskabideak baztertzeko arrazoiak ere azalduko dira.
10.2.– Tutoreak aurrez aurre edo elektronikoki ahal izango ditu aurkeztu eskaerak.
Elektronikoki izapidetzeko, eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan http://euskadi.eus/sede helbidearen bidez onartu eta argitaratutako identifikazio modua eduki behar du.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenen eskaeren formularioak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/kultura-ondarea-saria-2018/y22-izapide/eu
https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
Eskaerak urrez aurre aurkeztu ahal izateko, herritarrei arreta eskaintzeko bulegoetan – Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. 4 artikuluan xedatutako organoetan aurkeztu behar dira.
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
11. artikulua.– Balorazio-batzordea.
11.1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 otsailaren 8ko Legean xedatutakoa errespetatuz), aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburuordeari. Honako hauek izango dira Balorazio Batzordeko kideak:
– Kultura Ondarearen zuzendaria Balorazio Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.
– Kideak:
– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.
Ordezkoa: Hezkuntza Berrikuntzako teknikaria.
– EITBren zuzendari orokorra.
Ordezkoa: EiTBko Komunikazio alorreko teknikari arduraduna.
– Gaian itzal handia duten bi aditu, Kultura Ondarearen zuzendariak hautatuak.
Idazkari lanetan ibiliko den Kultur Ondareren Zuzendaritzako teknikariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.
11.2.– Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.
11.3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Balorazio Batzorderen osaera, hala ezarritako baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.
11.4.– Balorazio Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria presente izatea.
11.5.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
11.6.– Batzorde horrek, agindu honen 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena emango dio Kulturako sailburuordeari.
12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Aurkeztutako eskabideak irizpide hauei jarraikiz ebaluatuko ditu Balorazio Batzordeak:
Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:
– Edukiak berrikuntza dira kultura-ondarearen tratamenduan: ikuspegi eta 'begirada' berriak: sormena, bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak. Herritarrek horrenbeste ezagutzen ez dituzten gai berriak jorratzea baloratuko da.
– Informazio-iturri ezberdinak erabiltzea: dokumentazio-prozesua, aurkeztutako materiala lantzeko hautatutako gaiari buruzko informazioa biltzeko informazio-iturri ezberdinen bilaketa eta jarraipena.
– Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera. Aurkeztutako materialaren argitasuna, interesa eta ahalegin komunikatiboa.
– Interakzioa ingurune sozialarekin, bai informazioaren bilketan eta bai aurkeztutako grabaketaren materialean. Ikerketa-prozesuan, informazioaren bilketan eta grabaketan inguruneko eta hautatutako giarekin zerikusia duten pertsona eta eragile garrantzitsuekin elkarreragitea.
– Sormena: bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak baloratuko dira.
– Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea: irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitate teknikoa baloratuko da, kontuan izanik, betiere, bideo ez-profesionalak direla.
– Bideoaren inpresio orokorra: balorazio orokorra: bideoak ikus-entzuleengan uzten duen inpresio orokorra.
– Lehiaketan zehar izaniko parte-hartze jarrera, ideia berriak ekartzea: parte-hartze prozesua, talde bat sortzea eta lan-dinamika anitza, zeinetan kide guztiek berdin eta aktiboki parte hartzen baitute lan-prozesuaren fase guztietan. Proiektua nola aurreratzen den jakinaraztea (irudiak bidaltzea, making-of prozesuari buruzko bideo txikiak...), ideia berriak eta iradokizunak aurkeztea; horretarako, Kultura Ondarea Sariaren sare sozialak zein erakundearekin kontaktu zuzena erabili ahal izango dira (kulturaondarea@gmail.com).
– Bideoa ikusteko erraztasunak: azpitituluak.
Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:
13. artikulua.– Ebazpena.
13.1.– Sarien emate-ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordeak helarazitako proposamena aintzat harturik, eta gehienez hilabeteko epean argitaratuko du agindu honek eragina sortzen duenetik aurrera.
13.2.– Ebazpen hori EHAAn eta Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, pertsona interesdunei haren berri eman dakien.
14. artikulua.– Sariak ematea.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarriko duen jendaurreko aintzatespen-ekitaldian egingo da sari-ematea. Ekitaldi horretan honakoak emango dira: bidaiaren gaineko dokumentazioa, diploma bat ikastetxearentzat, tutorearentzat eta saritutako ikasleentzat, eta plaka bat edizio honetan bideo gehien aurkeztu duen ikastetxearentzat.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira (abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Fitxategi horren berri aurretik eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubidea dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio publiko batzuen esku egon), betiere laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak, beraz, ez dira estatuaren laguntzak, ondorioz, ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinarazpena helaraztea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetako diru-laguntzak eman ahal izateko, nahitaezko baldintza da horretarako kreditu nahikoa eta egokia egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorretan, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ekonomia eta Herriogasun sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak 5.3 artikuluan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 13an.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.