EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2017239

130/2017 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekin (GZIN), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin, eta Osalan-Laneko Segurtasuna eta Osasunerako Euskal Erakundearekin jarduerarako sinatutako hitzarmena, amiantoaren lan-erabilpenagatik langile gaixoen inguruan ekintza bateratuak burutzekoa.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700130
Xedapenaren data: 2017-12-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201706062
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekin (GZIN), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin, eta Osalan-Laneko Segurtasuna eta Osasunerako Euskal Erakundearekin jarduerarako sinatutako hitzarmena; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 1a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 1EKO 130/2017 EBAZPENARENA.
GIZARTE SEGURANTZAKO INSTITUTU NAZIONALAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMEN ZEHATZA, LANEAN AMIANTOA ERABILTZEAREN ONDORIOZKO PATOLOGIAK PAIRATZEN DITUZTEN LANGILEEN KASUAN JARDUERA BATERATUAK GAUZATZEKO.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 29a.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA
Alde batetik: Paula Roch Heredia andrea, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko (GSIN) zuzendaria, apirilaren 21eko 417/2017 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Institutuaren izenean eta ordezkaritzan esku hartzen duena, abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuak (Gizarte Segurantzako Institutu nazionalaren egitura organikoari eta eginkizunei buruzkoa denak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia partzialki aldatzen duenak) 5. artikuluan ematen dizkion eskumenez baliatuz.
Bestetik: Ignacio Jesús Berraondo Zabalegui jauna, Osasuneko sailburuordea, abenduaren 13ko 224/2016 Dekretuaren bidez izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkaritzan esku hartzen duena, apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuak (Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 7.1.b) artikuluan jasotakoaren arabera.
Bestetik: Da: Maria Jesús Gemma Múgica Anduaga andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko (Osakidetza) zuzendari nagusia, Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2016ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez izendatua, Osakidetzaren izenean eta ordezkaritzan esku hartzen duena, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak (Osakidetza Ente Publikoaren Estatutuak onesten dituenak) 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bestetik: Alberto Alonso Martin jauna, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko (Osalan) zuzendari nagusia, azaroaren 29ko 188/2016 Dekretuaren bidez izendatua, Osalanen izenean eta ordezkaritzan esku hartzen duena, uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuak (Osalanen Egitura eta Jarduerarako Araudia onartzeko denak) 17.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Aldeek elkarri aitortzen diote behar besteko lege-gaitasuna dutela honako hitzarmen hau formalizatzeko, eta
AZALTZEN DUTE:
I.– Diputatuen Kongresuaren osoko bilkurak 2006ko martxoaren 21ean mozio bat onartu zuen, Gobernuari egindako interpelazio baten ondorioz, neurri globalen plan bat ezar dadin (batez ere lan-, gizarte- eta administrazio-mailako neurriena), asbestosiaren eragina pairatzen duten langileen eta beren senideen egoera arintze aldera.
II.– Gizarte Segurantzako Sistemak daukan babes-ekintzaren barruan, kontribuzioen modalitatean, langileek egiten duten lan-jarduera garatzeko aldi baterako ezintasunen eta ezintasun iraunkorren prestazioak daude. Ezintasun horretan sartzen diren kontingentzien artean dago lanbide-gaixotasuna.
III.– Uztailaren 21eko 1300/95 Errege Dekretuak (zeinak, Gizarte Segurantzako sistemako lan-ezintasunen gainean, zerga-, administrazio- eta gizarte-neurriei buruzko abenduaren 30eko 42/1994 Legea garatzen duen) I.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala (Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioari atxikitako erakunde kudeatzailea) da aipatu prestazioak jasotzeko eskubidea eta horiek zehazten dituzten kontingentziak ezartzeko eskumena duena.
Azaroaren 10eko 1299/2006 Errege Dekretuak (Gizarte Segurantzako sistemaren lanbide-gaixotasunen zerrenda eta haiek jakinarazteko eta erregistratzeko irizpideak onartzen dituenak) 3. artikuluan GSINi esleitzen dio gaixotasun bat lanbide-gaixotasun dela adierazteko eskumena, nahiz eta kalifikazio hori ez den lotzen prestazio ekonomikoa aitortzeko prozedurarekin, are langilea Gizarte Segurantzako Sistemako araubide batean ere altan ez dagoenean ere.
IV.– Ekainaren 26ko 8/1997 Legeak (Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak) 12.1. artikuluan Eusko Jaurlaritzari ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema zuzendu, planifikatu eta programatzeko eskumena, bai eta sistema betearaztekoa ere, EAEko Administrazio Orokorreko organo eskudunen bidez.
Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoak), 12. artikuluaren bidez, osasunaren gaineko eskumenak Osasun Sailari esleitzen dizkio.
V.– Ekainaren 26ko 8/1997 Legeak (Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak), 20. artikuluan, Osakidetza zuzenbide pribatuko ente publikoa sortu zuen, eta hari nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa esleitu zizkion, bere helburua, hots, bere menpeko zerbitzu-erakunde publikoen bidez zerbitzu sanitarioz hornitzen jardutea, bete dezan.
VI.– Abenduaren 21eko 7/1993 Legeko (Osalan sortzekoa) 1. artikuluak, administrazioko erakunde autonomo hori sortu zuen, bere nortasun juridikoarekin eta jarduteko gaitasun osoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-agintariek segurtasun, higiene, ingurumen eta laneko osasunari buruz ezar ditzaten politikak kudeatzeko, lan-munduari darizkion arrisku-eragileak sorreratik bertatik ezabatzeko, eta, hori ezin denean, eragileok gutxitu ahal izateko.
Erakunde autonomo hori da Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduaren bidez araututako «Amiantoaren eraginpean egon daitezkeen langileak» fitxategiaren arduraduna.
VII.– 1299/2006 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren arabera, Osasun Sistema Nazionaleko eta prebentzio-zerbitzuko fakultatiboek, lanean ari diren bitartean, lanbide-gaixotasun izan daitekeen edo lanbidean sortu ahal izan den gaixotasunen bat dagoela jakiten badute, erakunde kudeatzaileari jakinaraziko diote, 3. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz kalifikatu dadin.
VIII.– 2012ko otsailaren 15ean sinatu zen lankidetza-hitzarmenaren bidez (2016ko otsailaren 13an iraungi zen), GSINek, EAEko Administrazio Orokorrak, Osakidetzak eta Osalanek hainbat betebehar hartu zituzten, 1299/2006 Errege Dekretuak ezartzen dizkien zereginak betetzeko beharrezkotzat jotzen diren funtzioak era koordinatuan garatze aldera.
IX.– Urriaren 1eko 40/2015 Legeak (Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoak) 47.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, GSINek, EAEko Administrazio Orokorrak, Osakidetzak eta Osalanek lankidetza-hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, eta hitzarmen horrek lege horretan jasotzen diren xedapenak eta honako klausula hauek beteko ditu.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen helburua GSINen, EAEko Administrazio Orokorraren, Osakidetzaren eta Osalanen artean jarduera bateratuak ezartzea da, jarduera-protokolo bat egin dadin amiantoa manipulatzearen edo ingurunean egotearen ondoriozko bigarren mailako patologiak pairatzen dituen pertsonak dauzkan etiologia edo kontingentzia profesionala eta kalte funtzionalak ebaluatzeko, irizpide fakultatibo homogeneoen bidez, aldi baterako lan-ezintasunaren edo/eta ezintasun iraunkorraren ustezko egoera, eta, hala badagokio, ezintasunaren maila baloratzean eta lanean izan dezakeen jatorria zehaztean, epai egokia egin ahal izateko beharrezko elementu eta aurrekari guztiak kontuan har daitezen.
Hitzarmenaren arabera, jarduera-protokoloko datuak trukatzean ematen den informazioan ikerketa, informazio, prebentzio, prestakuntza eta tratamendu estatistikoko jarduerak egin ahal izango dira.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua.
Erantsi den protokoloa aplikatuko da aldi baterako ezintasunaren eta ezintasun iraunkorraren egoera ebaluatu eta kalifikatzeko prozedura guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoan hasten diren Gizarte Segurantzako prestazioekin lotuta, beren lanean amiantoaren eraginpean dauden langileei dagokienez, aipatu egoera horren ondoriozko patologiak izan ditzaketela uste bada; nola langilea lanerako ezinduta baldin badago, hala aldi baterako ezintasunen ondoriozko prestaziorik ez badago, edo/eta prestazio ekonomikoa aitortzeko prozedurarekin loturarik ez badago, baita Gizarte Segurantzako Sistemako araubide batean ere altan ez dauden pertsonen kasuan ere.
Hirugarrena.– Lantaldea.
Hitzarmen hau sinatu duten aldeek zin egiten dute lantalde bat eratuko dutela, Osasun Saileko, Osakidetzako, Osalaneko eta GSINeko teknikari adituek era parekidean osatutakoa, EAEn bizi diren eta amiantoaren eraginpean dauden langileen jarraipena koordinatzeko, informazioa trukatu eta kasuan kasuko datu-baseak eguneratuta edukitzeko, beharrezko proba diagnostikoen tipologia eta adituen txostenak berrikusteko, bai eta kalte funtzionala zehazten lagun dezakeen edozein informazio-mota batzeko ere. Era berean, arriskuaren pean egon daitezkeen lanpostuak baloratzeko beharrezko informazioa zehaztuko da.
Lantalde horrek erakundeetako edozeinetako adituen laguntza eskatu ahal izango du, gai zehatz eta jakinetan, eta, hala badagokio, gaiaren gaineko eskumena duten beste organismo batzuen lankidetza izango du.
Laugarrena.– Prozedura.
Amiantoa duten produktuak maneiatzen dituzten edo iraganean maneiatu dituzten langileen (aktiboen eta ez aktiboen) aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iraunkorra ebaluatu eta kalifikatzeko edo kontingentzia zehazteko hasten diren prozedura guztietan, dagokion espedientean sartu beharko dira erantsitako protokoloan agertzen diren txostenak; bai langilea laneko ezintasunaren ziozko bajan dagoenean, bai laneko ezintasunen ziozko prestaziorik edo/eta prestazio ekonomikoa aitortzeko prozedurarekiko loturarik ez dagoenean, baita Gizarte Segurantzako Sistemako araubide batean ere altan ez dauden pertsonen kasuan ere.
Organo eskudunari lanbide-gaixotasun baten susmoaren berri ematearen ondorioz hasten diren prozeduretan (EAEko Administrazio Orokorraren kasuan, organo eskuduna Osalaneko Laneko Osasun Unitateak eta Osasun Saileko Osasun Zerbitzuen Ikuskaritzak osatzen dute), eta ofizioz Osasun Zerbitzuen Ikuskaritzak hasten dituen beste prozedura batzuetan, Osasun Sailak, Osasun Zerbitzuen Ikuskaritzaren bidez, GSINi bidali beharko dizkio, dagokion txostenaz gain, Osasun Sailean, Osakidetzan eta Osalanen lanean amiantoaren eraginpean egoteari buruz dagoen informazioa, bai eta erantsitako protokoloaren gaineko informazioa ere.
Prozedura ofizioz hasten badu GSINek, edo interesdunak eskatuta hasi bada, aipatu Institutuak aurreko puntuan adierazi diren erakunde edo organismoei eskatuko die lanean amiantoaren eraginpean egoteari buruz dagoen informazioa, bai eta erantsitako protokoloaren gaineko informazioa ere.
Bi kasu horietako edozeinetan, amiantoaren eraginpean egotearen zioz lanbide-gaixotasun aitortu behar den gaixotasunaren diagnostikoa egiaztatzen duten txosten medikoak interesdunak aurkeztuko ditu.
Prozedura amaitzeko, GSINek amiantoa manipulatzearen edo haren eraginpean egotearen ondoriozko bigarren mailako patologiak pairatzen dituzten langileen espedienteetan gertatzen diren kontingentziak zehazteko ebazpen guztien berri emango du, goian adierazitako prozeduretako edozeinen bidez hasi badira, langile horiek amiantoaren eraginpean egon daitezkeen langileen fitxategian egon nahiz ez. Ondorio horietarako, ebazpenen kopia bidaliko dio GSINek EAEko Administrazio Orokorreko Osasun Zerbitzuen Ikuskapenari.
Hitzarmen hau sinatzen duten alde guztiek elkarri aitortzen diote hitzarmen honen esparruan sortutako informazioa mantendu, kudeatu eta ustiatzeko eskubidea. Informazio-truke hori sistematikoa izango da, eta EAEko Administrazio Orokorreko hiru organismoen artean eta GSINen artean erantzunkidetasunez jokatuko da.
Bosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Aldeek bermatu egingo dute bete egingo direla abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan (Datu Pertsonalak Babestekoan) ezartzen diren aurreikuspenak, eta segurtasun-neurriak hartuko direla, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan (Lege Organiko hau garatzeko Araudia onartzen duenean) ezarritako baldintza eta arauetan. Era berean, zin egiten dute ez dutela informazio pertsonalik emango, ukitutako pertsonen baimenik eduki ezean, lege batek hala baimentzen duenean izan ezik. Nolanahi ere, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak (Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bategina onartzen duenak) 71.3. artikuluan ezarritako presuntzioa ere zainduko da.
Aldeetako edozeinetako langileek hitzarmen honetan araututako jardueretan parte hartzen badute, ezingo dute datu pertsonalik jendaurrean jakinarazi ez eta besterendu ere, eta hitzarmen hau betetzean edo betetzearen ondorioz eskuratzen dituzten informazio, agiri eta gai guztiak isilpean izango dituzte, lan-harremanak amaitzen direnean ere.
Seigarrena.– Finantziazioa.
Hitzarmen honek ez dio alderdietako bati ere ezartzen besteei ekarpen ekonomikoak entregatzeko betebeharra. Hala ere, agiri hau sinatu duten erakundeek berengain hartu beharko dituzte hitzarmenaren arabera ezartzen diren betebeharren ondoriozko gastuak, aurrekontuen gainean indarrean den araudia betez.
Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hirugarren eta laugarren klausuletan aurreikusitako jardueren jarraipena egite aldera, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Bertan, EAEko Administrazio Orokorrak, Osakidetzak eta Osalanek izendatutako hiru ordezkari eta GSINek izendatutako hiru ordezkari egongo dira, eta honako funtzio hauek beteko dituzte:
a) Agiri honen hirugarren klausulan aipatzen den lantaldeak garatu beharreko lanak koordinatu, sustatu eta gainbegiratzea, ondoren hitzarmena sinatu duten alderdiei igortzeko.
b) Hirugarren klausulan aurreikusitakoa betetzen dela egiaztatzea.
c) Ekitaldiaren amaieran, agiri bat egitea, eta, bertan, jardueren balantzea jasotzeaz gain, amiantoaren ondoriozko patologiek EAEko ezintasun guztien gainean duten eraginari buruzko azterketa edo analisia sartzea.
40/2015 Legearen aurretiazko tituluaren II. kapituluko 3. zenbakiak ezartzen duenaren araberakoa izango da aipatu batzorde honen funtzionamendua.
Batzordearen ohiko bilera urte natural bakoitzeko lehenengo hilabetean egingo da, eta, ezohiko bilera, aldiz, hitzarmena sinatu duten alderdietako edozeinek hala eskatzen duenean. Batzordeburua izango da, urtero, txandaka, Osasuneko sailburuordea edo hark bere ordez izendatzen duena, eta GISNeko probintzia-zuzendaria (bilerak egingo diren probintziakoa). Halaber, urtero idazkari-lanetan arituko da, txandaka, GSINko funtzionario bat edo Osasun Saileko funtzionario bat.
Zortzigarrena.– Indarraldia eta aldaketa.
Hitzarmenaren indarraldia urtebetekoa da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, estatuko sektore publikoko Lankidetza Tresnen eta Erakundeen estatuko erregistro elektronikoan inskribatu ondoren.
Aurreko atalean aurreikusitako epea amaitu baino lehen, alderdiek hitzarmena luzatzea erabaki ahalko dute, aho batez, urtebeteko epeetan, gehienez beste hiru urtez. Luzapena administrazio-agirian formalizatuko da.
Alderdi guztiak ados badaude, hitzarmena aldatu egin ahalko da. Hala egitekotan, administrazio-agirian formalizatuko da.
Bederatzigarrena.– Indargabetzea.
40/2015 Legean aurreikusitako kasuetan ez ezik, hitzarmena indarrik gabe utziko da:
a) Hitzartutakoa betetzea ezinezkoa denean (justifikatu egin beharko da).
b) Alderdietako batek uko egiten duenean. Uko egin duen alderdiak halaxe jakinarazi beharko die gainerakoei, gutxienez hiru hilabete lehenago. Hala, behar bezala bete ahalko dira jakinarazpen horren unean indarrean dauden erabaki zehatzak
40/2015 Legearen 51.2.c) artikuluan aurreikusitakoa urratzen bada, alderdietako edozeinek eskatu ahal izango dio arau-haustea egin duen alderdiari hilabeteko epean bere betebeharrak bete ditzala, eta halaxe jakinaraziko dio jarraipen-batzordeari, bai eta gainerako alderdiei ere. Epe hori igarotakoan arau-hausteak bere horretan badirau, eskaera egin zuen alderdiak gainerako alderdiei jakinaraziko die, eta hitzarmena indarrik gabe geratuko da.
Alderdiek aho batez erabakitzen badute hitzarmena indarrik gabe uztea, beharrezko xedapenak jasotzen dituen agiria formalizatu beharko dute.
Hamargarrena.– Gatazkak konpontzea.
Jarraipen-batzordeak konpondu ezin dituen gatazkak, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegietara bideratuko dira.
Eta, hitzarmenarekin ados daudela frogatzeko, lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, lau aletan, agiri honen hasieran adierazitako tokian eta egunean.
GSINeko zuzendari nagusia,
Paula Roch Heredia.
Osasuneko sailburuordea,
Ignacio Jesús Berraondo Zabalegui.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
Alberto Alonso Martín.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
Maria Jesús Gemma Múgica Anduaga.
HITZARMENAREN ERANSKINA
LANEAN AMIANTOAREN ERAGINPEAN DAUDEN LANGILEEN LAN-EZINTASUNA BALIOZTATZEKO PROTOKOLOA
SARRERA ETA JUSTIFIKAZIOA
Zuntz zuri eta malguetan agertu ohi den sustantzia mineral naturala da amiantoa edo asbestoa. Kare, alumina eta burdinazko silikatoa da. Bi talde mineralogiko bereizten dira:
– Serpentinak, espezie bakarrekoak: krisotilo edo amianto zuria.
– Anphiboleak, funtsezko bi espezie dituztenak: krokidolita edo amianto urdina eta amosita edo amianto marroia.
Amianto-zuntzak ez dira uretan desegiten edo urtzen, eta beroaren, suaren eta narriadura kimiko edo biologikoaren aurrean erresistenteak dira. Ezaugarri horiek direla-eta, amiantoa oso erabilia izan da, joan den mendean, industria-mota askoan. Gaur egun, industria modernoak darabiltzan 3.600 produktu ingurutan dago. Ondorioz, jarduera-sektore askotan egon daitezke langileak amianto-zuntzen eraginpean (1. taula).
Gure herrian, amiantoaren edozein erabilera eta aplikazio debekatuta dago 2002ko ekainaz geroztik (Presidentzia Ministerioaren 01-12-07ko Agindua), baina salbuespen batzuen ondorioz, elementu hori luzaroago egongo da gure inguruan.
Amiantoa oso erabilgarria dela aski frogatuta dago, baina ezin dugu ahaztu osasunaren gainean ondorio larriak izan ditzakeela.
Lanean amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko patologia, zehazki, 1299/2006 Errege Dekretuan jasota dago. Azaroaren 10eko Errege Dekretuak Gizarte Segurantzako sistemaren lanbide-gaixotasunen zerrenda eta haiek jakinarazteko eta erregistratzeko irizpideak onartzen ditu. Lanean amiantoaren eraginpean sortzen diren lanbide-gaixotasunak dira: asbestosia; pleura eta perikardioko afekzio fibrosanteak, amiantoaren zioz arnasketan edo bihotzean mugak eragiten dituztenak; bronkio eta biriketako neoplasia gaiztoa; pleurako mesotelioma; peritoneoko mesotelioma; beste leku batzuetako mesotelioma; eta laringeko minbizia. Aipatu patologiak horiek sor ditzaketen lan eta jarduera nagusiekin lotuta agertzen dira (1. eranskina).
Goian adierazitako Errege Dekretuak II. Eranskinean jasotzen du Batzordearen 2003/670/CE Gomendioa, irailaren 19koa. Lanarekin lotuta egon daitezkeen gaixotasunen zerrenda bat agertzen da bertan, eta zerrenda hori etorkizunean lanbide-gaixotasunen taulan sar liteke.
2006ko martxoaren 21ean Diputatuen Kongresuan mozio bat onartu zen, Gobernuari neurri globalen plan bat ezar dadin eskatzen diona (batez ere lan-, gizarte- eta administrazio-mailako neurriena), asbestosiaren eragina pairatzen duten langileen eta beren senideen egoera arintze aldera.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko Ezintasunen Balorazio Taldeetako eginkizunen artean sartzen dira: langileen ezintasun-egoera aztertzea; probintzia-zuzendariari proposamen-irizpenak (nahitaezkoak eta ez-lotesleak) egitea, langileek gaixotasunen edo istripuen zioz jasan ditzaketen laneko kalteen gainean; kalte hori sortzen duen patologiaren izaera arrunta edo lanbide-izaera zehaztea; eta lanbide-gaixotasunetan medikuaren behaketa pean egoteko aldia luzatzea bidezkoa den ala ez zehaztea.
Osasuna zaintzeko, praktika klinikorako edo laneko kaltea baloratzeko jardueretan esku hartzeko protokoloak egitea geroz eta zabalduagoa dagoen praktika bat da. Izan ere, irizpide homogeneoak ematen ditu, oinarri zientifikoa abiapuntutzat hartuta, pazienteari arreta hobea eman dakion bai prebentzio-arloan, bai arlo klinikoan, bai eta langileen lan-balorazio klinikoan ere.
Protokolo hori erreferente bihurtu nahi da GSINeko mediku ikuskariek lan-ezintasuna baloratzeko eta kontingentzia zehazteko ematen dituzten txosten medikoak egitean beharrezkoa den dokumentazioa eduki dadin, amiantoaren eraginpean dauden langileen laneko kaltea era egokian kalifikatu ahal izateko.
HELBURUA.
Baloraziorako Gutxieneko Datuak zehaztea, hau da, amianto-zuntzen eraginpean egotearekin lotutako patologiaren lan-ezintasuna era egokian baloratzeko beharrezkoa den gutxieneko eta ezinbesteko informazioa.
AMIANTO-ZUNTZEN ERAGINAREKIN LOTUTAKO PATOLOGIA.
1.– Asbestosia.
2.– Bronkio-kartzinoma primitiboa.
3.– Birikiko kartzinoma.
4.– Pleurako mesotelioma.
5.– Peritoneoko mesotelioma.
6.– Beste toki batzuetako mesotelioma.
7.– Pleurako eta perikardioko afekzio fibrosanteak, arnasketan eta bihotzean mugak ezartzen dituztenak.
8.– Laringeko neoplasia.
XEDE-POPULAZIOA.
Lanean amianto-zuntzen eraginpean dauden edo egon diren eta eragin horrekin lotutako patologia-diagnostikoa jaso duten langileak.
BALORAZIORAKO GUTXIENEKO DATUAK (2. eranskina).
1.– Erreferentziazko Laneko Osasun Unitatearen datuak.
2.– Pazientearen datu orokorrak.
3.– Laneko historia.
4.– Historia klinikoa.
5.– Proba osagarriak.
PROTOKOLOAREN 1. ERANSKINA.
LANEAN AMIANTOAREN ERAGINPEAN EGOTEAREN ONDORIOZKO PATOLOGIA.
(1299/2006 ERREGE DEKRETUA, AZAROAREN 10EKOA)
PROTOKOLOAREN 2. ERANSKINA
AMIANTOAREN ERAGINPEAN DAUDEN LANGILEEN BALORAZIORAKO PROTOKOLOA.
1.– LANEKO OSASUN UNITATEAREN DATUAK.
– TEAM zenbakia (Amiantoaren Eraginpeko Langileen Erregistroa).
– Laneko Arriskuen Prebentzioko edo Neumologiako Zerbitzua.
– Mediku arduraduna.
– Elkargokide-zk.
– Txostena igorri den data.
2.– PAZIENTEAREN DATU OROKORRAK.
– Izena.
– Abizenak.
– Jaioteguna.
– NAN.
– Gizarte Segurantzaren zenbakia.
– Helbidea.
– Telefono-zenbakia.
– Sexua.
3.– LANEKO HISTORIA.
Egungo egoera: aktiboa.
Lanpostua: CON 11.
Ezintasun iraunkorra (maila/urtea/kausak).
Erretiratua (urtea).
Enpresa: Jarduera-mota (3. eranskina).
ESJN 2009.
4.– HISTORIA KLINIKOA.
AMIANTOAREN ERAGINAREKIN LOTUTAKO DIAGNOSTIKOAK.
DIAGNOSTIKO NAGUSIA.
– Lanbide-gaixotasunaren kodea (1. eranskina).
– CIE-10 (4. eranskina).
BIGARREN MAILAKO DIAGNOSTIKOAK.
BESTE DIAGNOSTIKO BATZUK.
AURREKARI PERTSONALAK.
1.– Tabakismoa.
– Aktiboa: eguneko zigarroak: eguneko puruak:
– Ez-aktiboa (6 hilabete baino gehiago).
– Erretzaile-urteak.
2.– Beste patologia batzuk.
– Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa [ ] - Loaldiko apnea-hipopnea sindromea [ ] - Pneumonia [ ].
– Tuberkulosia (urtea) [ ] - Pleurako isuria (urtea) [ ] - Pneumotoraxa (urtea) [ ].
ANAMNESIA.
– Disnea (5. eranskina): maila [ ].
– Eztula: bai [ ] ez [ ].
– Espektorazioa: bai [ ] ez [ ].
– Toraxeko mina: bai [ ] ez [ ].
MIAKETA KLINIKOA.
– Pisua Altuera GMI.
– Bihotz-maiztasuna (taupadak minutuko) Arnas-maiztasuna.
– Ikuskapena: zianosia [ ] akropakia [ ].
– Birika-auskultazioa.
– Roncus: bai [ ] ez [ ].
– Sibilantziak: bai [ ] ez [ ].
– Krepitanteak: bai [ ] ez [ ].
– Bestelakoak (zehaztu).
– Abdomena.
– Abdomen-masak [ ].
Kokapena:
– Aszitisa [ ].
PROBA OSAGARRIAK.
– EKG (halakorik badago).
– ARNASKETA-FUNTZIOAREN PROBAK.
○ ESPIROMETRIA (6. eranskina).
○ DLCO.
○ PLETISMOGRAFIA.
– IRUDI-PROBAK.
○ TORAXEKO ERRADIOGRAFIA: atzetik aurrera, ezkerreko aldea eta zeiharrak
○ OT/BAOT (7. eranskina)
– HALAKORIK BADAGO:
○ BRONKIOLO ETA ALBEOLOETAKO GARBIKETA:
○ ANATOMIA PATOLOGIKOA.
– Asbestoaren eraginarekin lotutako patologia abdominalaren kasuan:
○ ANATOMIA PATOLOGIKOA.
○ IRUDI-PROBAK.
PROTOKOLOAREN 3. ERANSKINA
AMIANTOAREN ERAGINAREKIN LOTUTAKO JARDUERAK
– Amianto-harkaitzak edo -mineralak atera, manipulatu eta tratatzeko lanak.
– Amiantozko ehunak, kartoiak eta paperak egitea.
– Amianto-zuntzak prestatzeko tratamendua (kardatzea, iruntzea, bilbatzea, eta abar).
– Amiantoa pistola bidez aplikatzea (tximiniak, automobilen barrualdeak eta bagoiak).
– Ontzi eta eraikinak egin eta botatzean isolamendu termikoa erabiltzea.
– Osagarriak fabrikatzea balazta eta enbrageetarako, zuntz-zementuzko produktuetan, suteen kontrako ekipoetan, amiantozko kartoi eta iragazkietan, amiantozko junturetan eta kautxuan.
– Amiantoa duten instalazioak desmuntatu eta botatzea.
– Amianto-zuntzak eduki ditzaketen salgaiak kargatu, deskargatu edo garraiatzea.
– Bero-metagailuak eta amiantozko osagaiak dituzten beste makina batzuk garbitu, mantendu eta konpontzea.
– Automobilak konpontzeko lanak.
– Zuntz-zementua zerratzea.
– Amiantodun materialak ezabatzea eragiten duten lanak.
PROTOKOLOAREN 4. ERANSKINA
AMIANTOAREN ERAGINAREKIN LOTUTAKO PATOLOGIA (CIE 10)
J61 ASBESTOAREN ETA BESTE ZUNTZ MINERAL BATZUEN ONDORIOZKO PNEUMOKONIOSIA.
J920 ASBESTOSIDUN PAKIPLEURITISA.
C450 PLEURAKO MESOTELIOMA.
C451 PERITONEOKO MESOTELIOMA.
C452 PERIKARDIOKO MESOTELIOMA.
C457 BESTE TOKI ZEHATZ BATZUETAKO MESOTELIOMA.
C459 ZEHAZTU GABEKO TOKIKO MESOTELIOMA.
C340 BRONKIO NAGUSIKO TUMORE GAIZTOA.
C341 BRONKIO EDO BIRIKAREN GOIKO GINGILEKO TUMORE GAIZTOA.
C342 BRONKIO EDO BIRIKAREN ERDIKO GINGILEKO TUMORE GAIZTOA.
C343 BRONKIO EDO BIRIKAREN BEHEKO GINGILEKO TUMORE GAIZTOA.
C348 BRONKIOEN ETA BIRIKAREN ONDOKO TOKIETAKO LESIOA.
C349 BRONKIOEN EDO BIRIKAREN TUMORE GAIZTOA, ZEHAZTU GABEKO ZATIAN.
J94 PLEURAREN BESTE AFEKZIO BATZUK (mugak sortzen dituzten afekzio fibrosanteak)
I31 PERIKARDIOAREN BESTE AFEKZIO BATZUK (mugak sortzen dituzten afekzio fibrosanteak)
JC32 LARINGEKO NEPLASIA GAIZTOAK.
PROTOKOLOAREN 5. ERANSKINA
DISNEAREN SAILKAPENA
Disnea:
0.– Disnearik ez, ariketa gogorrak egin ezean.
1.– Disnea azkar ibiltzean edo malda ez oso gogorrak igotzean.
2.– Adin bereko beste pertsona batzuen erritmoa jarraitzeko ezintasuna, bide lauan ibiltzean, arnasketa-zailtasunen ondorioz, edo norberaren erritmoan bide lauan ibiltzean atseden hartzeko beharra.
3.– Bide lauan 100 metro inguru edo minutu gutxi batzuk ibili ondoren atseden hartu beharra.
4.– Disnearen ondorioz ezin da etxetik irten, edo jantzi eta erantzi bezalako jardueretan agertzen da.
PROTOKOLOAREN 6. ERANSKINA.
ESPIROMETRIA EGITEKO IRIZPIDEAK.
Espirometria:
Espirometria egiteko ezaugarriak:
– Laguntza egokia.
– 3 eragiketa, horien artean % 5etik beherako aldagarritasuna izanik.
– Espirazio-trazadura jarraia.
– Espirazio-denbora >6 seg.
PROTOKOLOAREN 7. ERANSKINA.
OT/EAOT EGITEKO IRIZPIDEAK.
OT/EAOT:
Proba egin, baldin eta:
– Erradiografia sinplean biriko parenkimaren gaixotasuna sumatzen bada.
– Aldaketak badaude parenkiman, aurreko azterketaren aldean.
– Pleura-plaka edo pleura-loditzeen lodiera edo hedadura areagotu bada.
– Lehen sintomarik ez zuten pleura-plaketan pleurako mina agertzen bada.
– Arnasketa-funtzioaren probetan aldaketak agertzen badira.
– Arnasketa-funtzioaren probak ohikoa baino baxuagoak badira, aurreko azterketekin alderatuta.