EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2017239

AGINDUA, 2017ko abenduaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez ikertzaileak kontratatzeko diru-laguntzetarako deialdia egin eta diru-laguntza haiek arautzen baitira. Berrikertu 2017-2018 programa.

Xedapenaren data: 2017-12-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201706057
Maila: Agindua
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana –Euskadiko ZTBP 2020–, espezializazio adimendunean oinarritua, Eusko Jaurlaritzak hurrengo urteetan I+G+B politikak garatzeko duen programazio-tresna da.
Talentu ikertzaileari dagokionez, Plana lan-ildo hauek ditu, besteak beste:
– Ikertzaileak enpresa-egituran sartzea.
– Ezagutzaren transferentzia bultzatzea Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileen eta enpresen artean.
– Zientziaren eta teknologiaren eremuan generoen arteko desoreka murriztea, aukeren, eskubideen eta erantzukizunen berdintasuna sustatuz.
Planarekin bat, ZTBES egokitzeko, antolatzeko eta eguneratzeko prozesua gauzatu da, Sare horren osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan xedatutakoa betez.
Antolamendu hori hiru ardatzen inguruan egituratu da: posizionamendua balio-katean, espezializazio-maila Euskadin lehentasuna duten ikerketa-arloetan, eta ikerketaren bikaintasuna. Hiru ardatz horiek harreman-eredu baten barruan garatuko dira. Hark zehaztuko du zein harreman-mota dagoen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen eta inguru orokorraren artean.
Aipatutako ardatzak oinarritzat hartuta, 109/2015 Dekretuaren III. eranskinean, Adierazleen Aginte Taula definitzen da Sareko eragileen tipologietarako. Bestalde, tipologia bakoitzeko eragileek bete beharreko berariazko eskakizunak ezartzen ditu, bai eta 2020an bete beharko dituztenak ere.
Eskakizun horien artean agertzen da Zentro Teknologikoak, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak eta Enpresetako I+G Unitateak kategorietako eragileei dagokienez, haien langileen ehuneko jakin batek doktore-titulua izan behar duela.
Xede horiek lortzen laguntzeko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Berrikertu programa erabiltzen du I+G laguntzeko, giza kapital ikertzailea emanez euskal enpresei eta ZTBESko eragileei.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis-araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
2016ko abenduaren 28ko Agindua, giza kapital ikertzailea sartzeko diru-laguntzak arautzen zituena, Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duena) aldatzen duen azaroaren 21eko 250/2017 Dekretuaren bidez indargabetu ondoren, doktoreak kontratatzeko Agindu berri hau proposatzen da orain 2017an egindako doktoreen kontrataziorako. Dena den, indargabetutako programaren azken bi deialdietako diruz lagundutako kontratazioak berritzea eskatzeko aukera egongo da.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Diru Laguntzen Plan Estrategikoan ikertzaileak kontratatzeko laguntzak aurreikusten ditu. Berrikertu 2017-2018 programa.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Berrikertu Programa 2017-2018, ikertzaileak kontratatzeko diru-laguntzetarako deialdia egitea, eranskinean ezarritako baldintzetan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduari jarraikiz, ebazpen honetan bildutako laguntzak emateko, Autonomia Erkidegoaren 2018. ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan zehaztutako kreditua ebazpen honetan aurreikusitako zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldatu egingo da, benetan dagoen zenbatekora egokitzeko. Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da egoera hori.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 5a.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da diru-laguntzen araubidea arautzea, ikertzaileak kontratatzeko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresetan eta eragileetan, 2017ko ekitaldian hasi eta 2018an bukatzeko.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Lehenengo artikuluan ezarritako xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak 1.750.000 eurokoak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.
2.– Emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo laguntzak ebatzi baino lehen hura berritzetik ateratzen den zenbatekotik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriz. Horrelakorik gertatzen bada, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasunerako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Honako erakunde hauek izan ahalko dira onuradun:
a) Enpresak: enpresa txiki eta ertainak edo enpresa handiak, bai eta enpresa-elkarteak ere, honako hauek izan ezik: aipatutako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluak kanpoan uzten dituen jarduera-sektoreetan jarduten dutenak.
b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide diren eragileak, iker- kuntza kooperatiboko zentroen, teknologia-zentroen eta enpresetako I+G unitateen kategorietan, eskabidea egiteko unean egiaztatuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
4. artikulua.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.
1.– Erakunde onuradunek produkzio-zentro bat izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta zentro horretan egingo da diruz lagunduko den jarduera.
2.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
3.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, enpresa eskatzaileak ezin izango du eduki zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo diru-laguntzak eskuratzeko aukera galarazten dionik, eta, halaber, ezingo da horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekuren batean egon, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere ez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
4.– Pertsona edo erakunde interesdunak ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan, baldin eta: diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) 13 artikuluan aurreikusten duen egoeraren batean badaude; Europar Batasuneko Batzordeak, aurretiazko erabaki batean, laguntza bat legez kanpokoa dela edo merkatu erkidearekin bateraezina dela aitortu badu, eta, beraz, horren ondoriozko errekuperazio-agindu bat bete behar badute; eta enpresak krisian badaude, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko zuzentarauetan emandako definizioaren arabera (2014ko uztailaren 31ko Aldizkari Ofiziala, C249).
5.– Diru-laguntza hauen onuradun izateko baldintzak betetzeari eutsi egin beharko zaio, emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.
5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira:
a) Doktore titulua duten langile ikertzaileen kontratuak.
b) Azken bi ekitaldietan Berrikertu programa bidez diruz lagundutako langile ikertzaileen kontratuen berriztatzeak.
Ikertzaileen kontratazioak edota kontratuen berritzeak erakunde onuradunek EAEko ekoizpen-zentroetan garatuko dituzten I+G proiektuetan lan egiteko izango dira.
Agindu honen ondorioetarako, I+G proiektuak izango dira, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Estatuen Diru-laguntzei buruzko Esparru Komunitarioan (2014 / C 198/ 01) definitzen denaren arabera, ikerketa eta garapeneko kategoria bat edo batzuk (oinarrizko ikerketa, ikerketa industriala eta garapen esperimentala) hartzen dituzten jarduerak garatzeko proiektuak. Kategoria horiek ere Esparru Komunitarioan definituta daude.
2.– Erakunde onuradunek behar bezala justifikatu beharko dute, erakundearen memorian, langile ikertzaileak kontratatzeko beharra, egingo dituzten I+G jarduerak garatzeko.
3.– Kontratazioa indarrean dagoen lege-esparruaren arabera egin beharko da, eta 40.000 eurokoa izango da urteko gutxieneko soldata-kostua (ordainsari gordina gehi gizarte-segurantzako enpresa-kostua).
4.– Horrez gain, kontratazio berriek hau bete beharko dute:
a) Kontratatu beharreko ikertzaileak doktore-titulua izan beharko du.
b) Ikertzaileak erakunde onuradunarekin formalizatuko duten lehenengo kontratua deialdi honen ekitaldian egin beharko da, eta etenik gabeko 12 hilabeteko iraupen jarraitua izango du gutxienez.
c) Ezin izango dute diru-laguntzarik jaso enpresa bateko ikerketa-talde batetik datorren eta aurretiaz Berrikertu eta Ikertu programen bidez gehienez ere hiru alditan diruz lagunduta egon den kontratua izan duen ikertzailearekin eginiko kontratuek.
d) Erakunde onuradunek edo akzioen edo sozietateen bidez horiekiko lotura daukaten beste batzuek egiaztatu beharko dute kontratua formalizatu aurreko 12 hilabeteetan ez dutela lan-arloko kontratu-loturarik izan proposatutako ikertzailearekin.
e) Erakunde onuradunak kontratatutako ikertzaileak ezingo du partaidetzarik izan erakunde horren kapitalean, ez eta akzioen edo sozietateen bidez erakunde horrekiko lotura duen beste erakunde batean ere.
5.– Erakunde onuradunek 2 eskabide aurkeztu ahal izango dituzte gehienez. Halaber, hautagaien lehentasun-hurrenkera adierazi beharko dute eskabidean, eta saiatuko dira emakumeen eta gizonen arteko oreka bermatzen, guztiak ere gaitasun, konpetentzia eta presta kuntza egokiarekin.
6. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Diru-laguntza jaso dezakeen gastua izango da ikertzailearen kontratazioaren kostua, kontratazioaren/berritzearen hurrengo 12 hilabeteetan. Hau hartzen da kontratazioaren kostutzat: urteko soldata-ordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako urteko enpresa-kuota, hobaridun urteko kuotak kenduta, izango balitu.
7. artikulua.– Diru-laguntzen izaera eta diru-laguntza emateko prozedura.
1.– Eman beharreko diru-laguntzek diru-laguntza izaera izango dute, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.
2.– 12. artikuluan ezarritako lehentasunen arabera antolatuko dira Agindu honetan ezarritako betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideak. Ondoren, hurrenkera horri jarraituz esleituko dira diru-laguntzak, 8. artikuluan ezarritako zenbatekoa kontuan izanda, 2. artikuluko kontsignazio ekonomikoa agortu bitartean.
8. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak.
1.– Onetsitako eskabide bakoitzari eman beharreko diru-laguntza honela kalkulatuko da: artikulu honen 2. zenbakian aurrez ikusitako diru-laguntzaren gehieneko intentsitatea aplikatuko zaio finantza daitekeen gastuaren aurrekontuari.
2.– Kontratazio bakoitzagatik erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren ehunekoak hauek izango dira gehienez:
– Enpresak:
i) % 60 enpresa txiki eta ertainentzat.
Ii) % 50 gainerako enpresentzat: enpresa handiak eta enpresa-elkarteak.
– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileak: % 50.
3.– Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa, doktore bat kontratatzen den bakoitzeko, ezin izango da 30.000 eurotik gorakoa izan.
4.– Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak, esleitutako diru-zuzkidura onesten diren eskabideei erantzuteko erabiliko da, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzetan eta 12. artikuluan ezarritako hurrenkeran, aurrekontu-kreditua agortu arte.
5.– Kontratuak berritzen direnean, aurreko ekitaldian jaso zuten zenbateko bera izango dute gehienez.
6.– Erakunde edo enpresa onuradun bakoitzak gehienez 60.000 euroko diru-laguntzak jaso ahal izango ditu deialdi honetan.
9. artikulua.– Eskabideak eta gainerako agiriak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko urtarrilaren 2ko 09:00etan hasiko da eta 2018ko otsailaren 2ko 12:00etan amaituko da.
2.– Eskabideak aurkeztea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikulua betez.
3.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/
4.– Espedientera sartzeko eta gainerako izapideak egiteko, helbide hau erabili ahal izango da: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/contenidos/recurso_tecnico/acceso_teletramitacion/es_def/nb29WebProfesional.html?idioma=eu&seccion=AF&servicio=I
5.– Eskabidea osatzeko, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazio osagarria aurkeztu beharko da.
6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte diru-laguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, diru-laguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
7.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.
8.– Dirulaguntza-eskabide bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari, Teknologia eta Estrategiako zuzendaria, zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiri elektronikoak aurkeztu beharko ditu.
10. artikulua.– Eskabideen edukia.
Betetako eskabidean, erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, honako hauek ere jaso beharko dira:
1.– Erakunde kontratatzaileari buruzko dokumentazioa:
a) Erakundearen identifikazio-datuak, berariaz adierazita kapital soziala, akziodunak eta osaera.
b) Erakundearen memoria: Jardueraren deskribapen laburra, ekoizpen-sektorea, langileen egitura (kategoria teknikoak eta sexua zehaztuta), I+Gren arloko aurrekariak, arlo horretan azken urteetan eginiko jarduerak, lortutako emaitzak eta dituen baliabide fisikoak eta giza baliabideak, bai eta ikertzaileak kontratatzeko beharra ere.
c) Erakunde eskatzailea enpresa-elkarte bat denean, enpresa-elkarteen erregistroko inskripzioaren ziurtagiria aurkeztuko du.
d) Kontratatutako langileak lan egingo duen proiektuaren edo proiektuen memoria. Memoriaren edukiak honako hauek jaso behar ditu:
– Kontratatutako langileak parte hartuko duen I+G proiektuen helburuen laburpena eta erakundearen estrategiak, zeinak proiektu horien oinarri baitira.
– Kontratatutako langileak garatuko dituen jardueren plan xehatua, izango duen eginkizuna eta bere espezializazioak erakundearen estrategian duen kokapena zehaztuta.
– Ikerketa-proiektuaren emaitzen azterketa eta izan ditzakeen onura ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak, eta horiek zer nolako eragina daukaten enpresaren lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko.
– Faseak, proiektuaren iraupena eta aurrekontua.
e) Kontratatutako langilea txertatuko den ikerketa-taldearen osaera.
– I+G arloaren edo ikerketa-taldearen arduradunaren CV eguneratua.
– Kontratatutako langilea txertatuko den taldearen CV kolektiboa.
f) Lanpostuaren, azpiegitura-zuzkiduraren eta esleituriko zereginen definizio zehatza.
g) Diruz lagundu beharreko lan-kontratuaren kopia, kontratuaren xedea eta eginkizunak argi adierazita, bai eta alderdi ekonomikoak eta denborazkoak ere.
h) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:
– Enpresaren sailkapena, hauen arabera:
• ETEa bada, haren ezaugarriak bat datozela Europako Erkidegoko arauei jarraikiz jasotzen den ETEaren definizioarekin.
• Enpresa handia edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.
– Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako diru-laguntzak.
– Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako minimis diru-laguntzak, de minimis diru-laguntzei buruz Batzordeak emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuta daudenak, hain zuzen ere.
– Lana eta familia bateragarri egiteko planak edo berdintasunerako planak izatea, edo Emakundek aukera-berdintasuneko erakunde laguntzaile gisa aitortu izana.
– Enpresa handia izatekotan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan ezarritakoa betetzen duela.
– Proposatutako ikertzaileak kontratua formalizatu aurreko 12 hilabeteetan ez duela izan lan-arloko kontratu-loturarik horiekin edo akzioen edo sozietateen bidez horiekiko lotura daukaten beste batzuekin.
– Proposatutako ikertzaileak ez daukala partaidetzarik –zuzeneko edo zeharkako kontrola ahalbidetzen dion partaidetzarik– haien kapitalean edota akzioen edo sozietateen bidez haiekiko lotura duten beste batzuen kapitalean. Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 1.2.c) artikulua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarria.
– Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edo ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.
– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.
– Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
– Ordainduta dituela diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
– Ebazpen irmo baten bitartez ez duela galdurik diru-laguntzak jasotzeko aukera.
– Honako enpresa hauei ere eragiten dieten diru-laguntzak jasotzeko debekurik ez duela: Zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez.
– Enpresa-elkarteen kasuan, ez daudela nahastuta Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan.
– Enpresa-elkarteen kasuan, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura ez dela eten, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, zeinaren bidez inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
– Erakunde eskatzaileak adierazten du ulertzen duela «enpresa bakarraren» kontzeptua, zeina minimis diru-laguntzak aplikatzeari buruzko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita baitago.
i) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).
j) Enpresentzat eta enpresa-elkarteentzat: administrazio edo organismo eskudunetatik azken bost urteetan I+G proiektuetarako jaso dituzten laguntzak eta/edo diru-laguntzak egiaztatzeko agiriak (ebazpenak, txosten arrazoituak).
2.– Kontratatutako langileari buruzko agiriak.
a) NANaren, pasaportearen edo egoiliar-txartelaren kopia.
b) Unibertsitate-tituluaren kopia konpultsatua, noiz lortu den adierazita.
Titulua atzerrikoa izanez gero, homologazioa, baliozkotzea edo titulua egiazkoa dela egiaztatzen duen agiria ere aurkeztu beharko da.
c) Curriculum Vitaea, erakunde kontratugileak proposatutako lanpostuarekin lotutako merezimendu garrantzitsuenak azpimarratuta, lan-arloari nahiz arlo zientifikoari dagokionez; eskabidearen unean, eguneratuta egon beharko du. Ikerketa-esperientzia egiaztatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira.
d) Desgaitasun-ziurtagiria, hala badagokio.
e) Egokitzat jotzen den beste edozein informazio.
3.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
4.– Nolanahi ere, teknologiaren arloan eskuduna den organoak, Teknologia eta Estrategiako zuzendaria, beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkez tutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
11. artikulua.– Diru-laguntzak ebaluatzeko eta kudeatzeko organoa.
1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, baita diru-laguntzak emateko proposamenak egitea ere.
2.– Ebaluazio Organoa honako hauek osatuko dute: Josu Madariaga Garamendi jauna, Teknologia eta Estrategiako zuzendaria, lehendakari-lanetan arituko da; eta, bere ordezko, Aitor Urzelai Inza jauna, Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria. Kideak izango dira, bestetik, Natividad Niño Bartolomé andrea (ordezko, Adolfo Sedano Ortiz jauna), eta Joseba Beldarrain Agirre jauna, Ebaluazio Organoko idazkari-lanetan, (ordezko, Xabier Domínguez López De Lacalle jauna).
3.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko lanak gaiaren gaineko Zuzendaritza eskudunak izendatzen dituen langile teknikoek egingo dituzte.
4.– Ebaluazio-organoak, bere funtzioak betetzeko, aukera izango du Administrazioaren zerbitzu teknikoen laguntza erabiltzeko, eta berariazko arlo bakoitzean adituak diren pertsonen lankidetza ere izango du, beharrezkotzat jotzen badu.
5.– Aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu ebaluazio-organoak, eta agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen diren ikusiko du. Eskabidearen azterketaren emaitza zehaztuko duen txosten teknikoa egingo du (proiektuen I+G izaera egiaztatuta), eta hautatutako eta ukatutako eskabideak proposatuko ditu.
6.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
7.– Diru-laguntza hauen organo kudeatzailea Teknologia eta Estrategiako zuzendaria izango da.
12. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.
Agindu honen 10. artikuluan xede horretarako ezarritako ebaluazio-organoak hautagaiak sartzen diren proiektuen I+G izaera egiaztatu eta gero, eta eskabideek gainerako betekizunak betetzen badituzte, hautatutako eskabideak ordenatuko dira, irizpide hauen arabera:
1.– Kontratazio berriek lehentasuna izango dute berritzeen aurrean.
2.– Berritzeetarako zein kontratazio berrietarako, kontuan izango da, lehenik eta behin, espedientea noiz dagoen osatuta eta, behar izanez gero, zein den eskabidearen sarrera-hurrenkera egoitza elektronikoan.
3.– Doktoreen kontratuen berritzeek lehentasuna izango dute doktore ez direnen berritzeen aurrean.
4.– Erakunde onuradunei kontratazio berri bat baino gehiago lagundu ahal izango zaizkie diruz, aurrekontuaren arabera erabilgarri dagoen diru-kopuruak horretarako aukerarik ematen baldin badu, eta, betiere, onuradun diren erakundeei lehenengo kontrataziorako diru-laguntzak esleitu eta gero.
5.– Erakunde eskatzaile batek ikertzaile gizonezkoak eta ikertzaile emakumezkoak kontratatzeko eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, lehentasuna izango dute ikertzaile emakumezkoen hautagaitzek gizonezkoen aurrean, esparru zientifiko-teknologikoan generoen arteko desoreka txikitzeko.
6.– Erakunde batek Agindu honetako baldintza guztiak betetzen dituen eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, baina horietako bat aurrekontua agortu delako ezin bada diruz lagundu, eskabide hori ordezkoen zerrenda batean sartuko da.
Diru-laguntza jaso ostean kontratatutako ikertzaile batek borondatez uzten badu lanpostua, erakunde onuradunak programaren Zuzendaritza Kudeatzaileari aipatutako ordezkoagatik aldatzea eskatu ahalko dio, betiere ondokoak betetzen badira: kontratazio horren aukera justifikatzen badu, pertsona berri hau hasierako kontratazioari falta zaion denboraz mantenduko duela onartzen badu eta lanuztea hasierako kontratazioaren lehenengo hiruhilabetean gertatzen bada.
7.– Gutxienez bi lanpostu gordeko dira % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko.
13. artikulua.– Diru-laguntzak emateko ebazpena.
1.– Teknologia, berrikuntza eta lehiakortasunerako sailburuordeak ebatziko ditu hautatutako eskabideak, egintza bakarrean.
2.– Emateko edo ukatzeko ebazpenak, zeinak berariaz adieraziko baitu minimis laguntzak direla, honako hauek jasoko ditu gutxienez:
i) Diruz laguntzea proposatzen diren eskabideen zerrenda. Zerrenda horretan, eskabide bakoitzerako, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, eskatutako kontratazio-kostu finantzagarria, proposatutako diru-laguntzaren zenbateko globala, eta kontratatutako pertsonen nortasuna.
Ii) Ordezkotzat onartutako eskabideen zerrenda.
Iii) Diru-laguntza ukatzea proposatzen diren eskabideen zerrenda, ukatze horren arrazoiak zehaztuta.
Iv) Eranskina, justifikazio-fasea amaitu arte egin behar diren urratsak eta fase horretan aurkeztu behar den dokumentazioa adierazita.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, diru-laguntzen deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek organo eskudunaren aurrean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, jendeak oro har horren berri izan dezan.
6.– Orobat, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.
14. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, era honetan:
a) Lehenengo ordainketa ikertzaileak kontratazio- edo berritze-ekitaldian izango duen kontratazio-denborarekiko proportzionala izango da, eta gehienez ere emandako diru-laguntzaren % 50ekoa.
Betiere, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ostean egingo da ordainketa, jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epea igarota, uko adierazirik ez bada.
b) Bigarren ordainketa diru-laguntzen organo kudeatzailearen ebazpen baten bidez egingo da. Bigarren ordainketa honetan, diru-laguntzaren gainerako zatia ordainduko da, eta urteko programa amaitu ostean likidatuko da; aldez aurretik, bitarteko elektronikoak erabilita, diru-laguntza jaso duten jarduerak egin direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura digitalarekin aurkeztu beharko dira egiaztagiriak, kontratazioaren/berritzearen osteko 12 hilabeteak amaitu eta hurrengo hiruhilekoan. Honako hauek izango dira egiaztagiriak:
a) Ordaintzeko eskabidea.
b) Amaierako memoria. Memoriak honako hauek jaso beharko ditu:
i) Diru-laguntzaren aldian eginiko I+G jardueren eta horien emaitzen deskribapena.
Ii) Kontratatutako langileak egin dituen ikerketa-jarduerak. Diru-laguntza jaso duen proiektuari eta parte hartzen duen gainerako proiektuei eskainitako hileko orduak adieraziko dira. Horrez gain, proiektu bakoitzeko, beste edozein organismo publiko edo pribatutatik lortu dituen bestelako diru-laguntzak ere adieraziko dira. Dokumentu hau proiektuaren arduradunak eta kontratatutako langileak berak sinatu beharko dute.
Iii) Diru-laguntzaren erakunde onuradunean kontratatutako pertsonak etorkizunerako dituen aukerak.
Iv) Lanaren emaitzak argitaratu egin badira, argitalpen horiek aipatuko dira.
v) Halaber, lanaren ondoriozko patenteak ere aipatuko dira, egongo balira.
c) Lan-kontratuaren kopia, sinatuta eta eguneratuta, honako hauek adieraziz: zer lanbide-kategoriatan kontratatzen den pertsona; urteko soldata gordina; iraupena.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, hurrengo zehaztapen hauekin:
– Ikertzaileak jasotzen duen ordainsaria, kostu gordina eta enpresaren kargurako gizarte-aseguruak banakatuta, bai eta kuoten hobariak ere, izango balitu.
– Kontratu-loturaren konpromisoa enpresaren eta kontratatutako langilearen artean.
e) Kontratatutako langilearen azken 10T agiria, enpresaren ordezkariak sinatua.
f) Kontratatutako langilearen azken bi nomina eguneratuak eta horien ordainketa-ziurtagiriak.
g) Gizarte Segurantzako azken bi TC-2 agiriak eta horien ordainketa-ziurtagiriak.
3.– Erakunde onuradunak programa kudeatzeko Zuzendaritzaren esku jarriko du diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia, diru-laguntzaren bigarren ordainketa egin aurretik eta dokumentazio hori eskatu eta gero. Erakunde onuradunak Programa kudeatzen duen Zuzendaritzaren esku jarriko du, diru-laguntzaren bigarren ordainketa egin baino lehen, eta hura eskatzen denean, beharrezko den dokumentazio guztia, erakunde onuradunak aurkeztu dituen datuak egiazkoak direla eta diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzeko.
Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek baldintza hauek errespetatu beharko dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
2.– Diru-laguntza jarduera jakin batzuetarako eman da eta horietarako bakarrik erabili behar da.
3.– Hautatutako ikertzaileei lan-kontratua egitea, indarrean dagoen lan-legediaren arabera.
4.– Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari jakinaraztea agindu honetan araututa dauden diru-laguntzen kargura finantzatutako kontratuei buruzko uko egiteak, etenak eta gainerako gorabeherak.
5.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Teknologiaren eta Estrategia Zuzendaritzari horren berri ematea.
6.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jaso- tako diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Teknologiaren eta Estrategia Zuzendaritzari; «minimis araubidearen» pean eman direnen zenbatekoa ere adierazi beharko da.
7.– Jarduerari dagokion dokumentazioa gorde eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urteko epean.
8.– Diru-laguntza jaso duten kontratuen finantzaketa publikoari behar bezalako publizitatea ematea, erregelamenduz ezarrita dauden baldintzetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan jasotakoaren arabera.
9.– Diru-laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
10.– Bere egiten dituzte, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik diru-laguntzak jasotzen dituztenei 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
11.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein betebehar.
16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasunei eta laguntzak metatzeari buruzko araubidea.
1.– Diru-laguntza hauek bateragarriak izan daitezke erakunde publiko edo pribatuetatik datozen eta xede bera duten beste diru-laguntza edo diru-sarrera batzuekin, betiere Europar Batasunaren diru-laguntzei buruzko araudian aurrez ikusita dagoen mugaraino.
2.– Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa, banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntzekin batera, ezin da izan onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa edo diru-laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa.
3.– Aurrekoa eragotzi gabe, minimis diru-laguntzak metatzeari buruzko araubidea aplikatuko da, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) xedatutakoaren arabera, zeina honi buruzkoa baita: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzea minimis diru-laguntzei, sarreraren 3) puntuan eta 3. puntuan. Horren arabera, enpresa bakar batek jaso beharreko minimis diru-laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan (dagokion zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak). Agindu honetan adierazitako ondorioetarako, enpresa bakartzat hartuko da minimis diru-laguntzei buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan aurreikusitakoa.
4.– Halaber, minimis diru-laguntzei buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 5.1 artikulua dela bide, minimis diru-laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gainditu egingo balu diru-laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko diru-laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi batean edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
17. artikulua.– Diru-laguntzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, agindu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Eskabidea egitean aurkezturiko memorian jasota dauden jarduerak gauzatu behar dira. Nola- nahi ere, Teknologiaren, Berrikuntza eta Lehiakortasunerako sailburuordeak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatuz gero diru-laguntza kudeatzeko Zuzendaritzari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.
Kasu horien barruan jaso ahalko dira honako hauek: kontratatutako langileak uko egitea, ezin- besteko kasuak edota erakundeari egotzi ezinezko beste batzuk.
3.– Etenaldi horien ondorioz, diru-laguntzak ematearen baldintzak aldatu egin daitezke, beste ebazpen baten bidez. Etenaldian onuradunak sortuko dituen kontratazioaren ondoriozko gastuak (kostu gordina eta gizarte-segurantzako enpresa-kuota) ez dira diruz lagungarritzat hartuko. Kasu horien barruan jaso ahalko dira diru-laguntza hauen babespean eginiko kontratuen etenaldiak, gutxienez hiru hilabeteko aldi baterako ezintasun-egoerak gertatzeagatik (amatasuna, aitatasuna, edoskitzea, arriskuko haurdunaldia, adopzioa...).
4.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. eta hurrengo artikuluetakoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, órgano eskudunak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren tronkoa eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.