EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2017239

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko urriaren 26ko bilkuran hartua, Etxepare Euskal Institutuari buruzko txostena, 2016koa, behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-10-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201706055
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko urriaren 26an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Etxepare Euskal Institutuari buruzko txostena, 2016koa, behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 26a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA, 2016
Laburdurak
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
LDEAE: 1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko aurrekontu araubidearen gaietan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartu eta EAEren Fundazio eta Partzuergoei ezargarria zaien aurrekontuko araubidea arautzen duena.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
SPKLTB: Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (aurrerantzean Epaitegia) otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onartutako Lanerako Planean jasotakoari jarraikiz, Etxepare Euskal Institutuaren 2016ko Urteko Kontuak fiskalizatu ditu.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: Aurrekontu gaietan,ondasun eta zerbitzuen erosketan, langilerian eta ekonomia-finantzaren kudeaketan indarreko legeria bete dela egiaztatzea.
– Kontularitzakoak: Aurkeztutako dokumentazio finantzarioa ezargarri diren kontularitzako printzipioei meneratzen zaiela egiaztatzea.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi dela ere, azaleratutako hutsak «Barne kontrolerako sistemari eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
Fiskalizazio lana sektore publikoari ezargarriak zaizkion auditoriako printzipio eta arauen arabera gauzatu da eta kasu bakoitzean beharrezko iritzitako hautazko probak, prozeduren azterketa eta auditorian ohiko diren gainerako teknikak baliatu dira txostenean jasotako iritzia defendatzeko, baita kanpoko auditoreek egindako urteko kontuen auditoria euskarritzen duten lan paperen azterketa ere.
Etxepare Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da eta apirilaren 20ko 3/2007 Lege bidez sortu zen euskara eta euskal kultura EAEz kanpo sustatu, hedatu eta proiektatzeko, zeinahi hizkuntza ofizial, adierazpen, euskarri, baliabide eta adierazpidetan; egoitza Donostian du. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera atxikia dago.
Honako helburu hauek ditu:
– Euskararen irakaskuntza, ikaskuntza eta erabilera nazioartean sustatzea, partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz.
– Atzerrian euskal kultura ezagutarazi eta hedatzen lagundu bertako zeinahi hizkuntza ofizial, adierazpen, euskarri, baliabide eta adierazpidetan, euskaraz sortutako kultura eskaintza bereziki sustatu eta babestuz.
– Geure herriko errealitatea munduan euskal hiztun diren taldeetara gerturatzea eta euskal komunitateen izateak edo historia, kultura edo merkataritzako harremanek hala aholkatzen dutenean, horiek dauden herrietara.
– Euskal hizkuntzak nazioartean aitortza jasotzea bideratu eta indartzea.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Langileen gastuen kapitulurako finkatutako aurrekontuko diru-izendapenak izaera mugagarria du eta 50.966 euroan gainditu da (LDEAEren 54. artikulua).
Epaitegi honen ustetan, aurreko paragrafoan aipatutakoa alde batera, Etxepare Euskal Institutuak zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Etxepare Euskal Institutuaren 2016ko ekitaldiaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
– Euskal Hizkuntza eta Kulturako irakurleak hautatzeko deialdien oinarri-arauetan ez da jasotzen irakurletza baten gehienezko epea 4 urtekoa denik.
– Etxepare Euskal Institutuak hainbat erakunderekin 36 lankidetza-hitzarmen izenpetu ditu kultura sustatzeko jarduerak gauzatzeko, guztira 2016an 158.159 euroren gastua eragin dutenak. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8. artikuluari jarraikiz, izenpetutako hitzarmenen zerrenda argitaratu behar litzateke eta berariaz aipatu izenpetzen duten bi aldeak, xedea, iraupen epea, egindako aldaketak, prestazioak egiterakoan obligaziodunak eta, kasua balitz, hitzartutako obligazio ekonomikoak.
IV.– Urteko Kontuak.
Ondare Garbian aldaketen egoera.
Eskudiruzko fluxuen egoera.
INSTITUTO VASCO ETXEPARE-EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE-AREN 2016KO EKITALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEN INGURUKO ALEGAZIOAK
I.– Sarrera.
Etxepare Euskal Institutuaren 2016. urteko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko, erreferentziazko gaiaren inguruan Institutuak nahi izan dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkezten dira txosten honetan.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.
«Hizkuntza eta Euskal Kultura irakurletzetarako hautapen prozesuetan, 4 urte baino gehiago izan ez diren hautagaiak lehenetsi dira.»
Erakundea une honetan irakurle deialdien eta haien irizpideen berrikuspen fasean dagoela, haien formulazioa hobetzearren.
«Etxepare Euskal Institutuak kultura sustapenerako 26 lankidetza hitzarmen sinatu ditu 2016an, 158.159 euroko gastua ekarri dutenak. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8. artikuluaren baitan, sinatutako hitzarmenen zerrenda argitaratu beharko da honako hauek adierazita: sinatzaileak, aldaketak, prestazioak emateko obligazioa dutenak eta adostutako obligazio ekonomikoak –baldin badaude–.»
Gogoeta honen inguruan azaltzen da Etxepare Euskal Institutuak aipatutako betebeharrari 2017 ekitaldian ekingo diola, dagokion informazioa bere webgunean jasoz.